Edukira joan

Estoniako presidente

Wikipedia, Entziklopedia askea
Estoniako presidente
Datuak
Izen ofiziala
Vabariigi President
Motakargu publikoa
HerrialdeaEstonia
Karguaren titularraAlar Karis
Historia
Sorrera1938ko apirilaren 24a
webgune ofiziala

Estoniako Errepublikako presidentea (estonieraz: Eesti Vabariigi President) Estoniako Errepublikako estatuburua da. Gaur egungo presidentea Alar Karis da, Estoniako Legebiltzarrak 2021eko abuztuaren 31n aukeratua, Kersti Kaljulaiden ordez.[1][2]

Estonia da botere exekutibo nominalik gabeko presidentea duen errepublika parlamentario bakanetako bat. Lehendakaria behartuta dago edozein alderdi politikotako kide izateari uztera, karguan dagoen bitartean. Kargua hartzean, presidenteak aurretik beste posturen batean zuen agintea eta betebeharrak automatikoki amaitzen dira. Presidentearen agintaldia bost urtekoa da eta legegintzaldi bat baino gehiagotan hautatua izan daiteke, baina gehienez bi aldiz jarraian.

Estoniako Legebiltzarrak aukeratzen du presidentea; hautagai batek bi hereneko supergehiengoa lortu behar du hautatua izateko. Hiru bozketa-txandaren ondoren presidentegaiak parlamentuaren bi hereneko babesa lortzen ez badu, hautes-organo bat eratzen da Riigikoguko legebiltzarkide guztiekin eta udalerri guztietako hautetsiekin (udalerri bakoitzeko biztanle-kopuruaren arabera, gutxienez ordezkari bat udalerri bakoitzeko, baina gehienez hamar ordezkari). Organo horrek boto gehien duten bi hautagaien artean aukeratzen du.

Estoniako lehen konstituzioaren egileak, Errusiako enperadoreen botere-gehiegikeriak oroituz, saiatu ziren botere gehiegi ez metatzen pertsona bakar batengan. Horrek, sistema ultraparlamentario baten sorrera ekarri zuen. Parlamentuaren boterea ia mugagabea zen. 1934ra arte, estatuburu izendatuari Estatuko Zaharra (estonieraz: riigivanem) zeritzon, de jure kabineteko presidente gisa ere aritzen zena. Hala ere, Parlamentuaren eta Gobernuaren artean gatazkarik izanez gero, ezin zuen artekari lanik egin. Estatuko Zaharra eta Gobernua Parlamentuaren mende zeuden erabat, eta edozein unetan kendu zitzakeen kargutik.

Estoniako konstituzioa 1933an aldatu zen eta sistema presidentzialista sendoa ezarri zen. Konstituzio berriaren arabera, estatuburuari ere Estatuko Zaharra zeritzon, baina lehen baino botere betearazle handiagoak eman zitzaizkion. Hala ere, ez zen inoiz indarrean jarri Konstantin Pätsek 1934an egindako autokolpearen ondorioz. 1938an, beste konstituzio bat jarri zen indarrean, eta estatuburuaren titulua "Errepublikako presidente" bihurtu zen. Presidenteari botere exekutibo handia eman zioten, nahiz eta 1934ko konstituzioko Estatuko Zaharrak baino zertxobait botere gutxiago izan. Konstantin Päts izan zen titulu hau izan zuen lehen pertsona. Haren agintaldiak sei urte iraun behar zuen.

1940ko ekainean, Estoniaren sobietarren okupazio militarraren ondorengo egunetan, Pätsek komunistak nagusi ziren gobernu txotxongilo bat izendatu behar izan zuen, Johannes Vares buru zuena, manifestariak Presidentearen jauregira iritsi ondoren Armada Gorriko tropekin eta ibilgailu blindatuekin lagunduta. Berez, Andrei Zhdanov sobietar funtzionarioak aurkeratu zuen Varesen gobernua. Uztaileko hauteskundeen ondoren, Päts presidentea kargutik kendu zuten. Geroago, uztailean, Päts Ufara deportatu zuten bere semea, erraina eta bi bilobekin batera.

1938ko konstituzioaren arabera, presidentea inoiz ezgaitua izango balitz, edo bestela bere eginkizunak betetzeko gai izango ez balitz, bere betebeharrak Estoniako lehen ministroak hartu beharko lituzke "Lehen ministroa presidentearen eginkizunetan" atalak dioenez. Xedapen horren ondorioz, Varesek presidentearen funtzioak hartu zituen aste batzuetan zehar, sobietar okupazioak iraun zuen bitartean, 1940ko abuztuan Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunak Estonia anexionatu zuen arte. Hala ere, gerra garaian edo sei hilabete baino gehiago irauten duten ezgaitzeen kasuan, konstituzioak aurreikusten zuen Hauteskunde Kontseiluak jarduneko presidente bat hautatzea. 1944ko apirilaren 20ko bilera sekretu batean, Hauteskunde Kontseiluak esan zuen 1940an Vares lehen ministro izendatzea legez kanpokoa izan zela 1938ko konstituzioaren arabera. Kontseiluak Jüri Uluots hautatu zuen jarduneko presidente, apirilaren 21ean. Uluotsek Otto Tief izendatu zuen lehen ministro. Ondoren, Estonia berriro okupatu zuten sobietar indarrek Tief atxilotu zuten 1944ko irailean.

1944ko irailean, Uluotsek eta Tiefen gobernutik bizirik atera ziren kideek Suediara ihes egin zuten. Uluots hil aurreko egunean, 1945eko urtarrilean, ondorengo bat izendatu zuten, August Rei, jarduneko presidente kargua hartzeko. 1963an Rei hil ondoren, Aleksander Warma izendatu zuten bere ondorengo, gero Tõnis Kint 1971n, eta azkenik, Heinrich Mark 1990ean. 1992ko urrian, Markek bere kredentzialak eman zizkion errepublika berrezarri berriko presidente hautatu berriari, Lennart Meriri.

Estoniak independentzia berreskuratu ondoren, 1992an konstituzio berria onartu zen, 1920 eta 1938koak oinarri zituena. Konstituzio berriaren idazketa-prozesuan, hasiera batean estatuburuari Estatuko Zaharra izen tradizionala ematea pentsatu zen. Hala ere, azkenean, "presidente" termino modernoagoa aukeratu zen galdeketa publikoak egin ondoren. 1992ko konstituzioa onartu zenetik, presidentetzarako zazpi hauteskunde izan dira (1992an, 1996an, 2001ean, 2006an, 2011n, 2016an, 2021ean). Lennart Meri 1992an hautatu zuten eta 1996an berriz hautatu zuten, bietan Arnold Rüüteli nagusituz. Rüütel bera izan zen hurrengo presidentea 2001ean. 2006an, Toomas Hendrik Ilvesek irabazi zituen hauteskundeak hauteskunde batzarrean, eta 2011n berriro hautatu zuen parlamentuak. 2016an, Kersti Kaljulaid presidente izendatu zuten hautaketa prozesu luze baten ondoren, herrialdearen historiako lehen emakume estatuburua.[3] Izan ere, bai parlamentua, bai hautes batzarra, ez ziren ados jarri presidentea aukeratzeko, eta hautaketa berriro itzuli zen parlamentura. 2021ean parlamentuak Alar Karis izendatu zuen presidente.

Presidenteen zerrenda

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Zk. Irudia Izena Agintaldiaren hasiera Agintaldiaren amaiera Alderdi politikoa Jaiotza eta heriotza
1 Konstantin Päts 1938ko apirilaren 24a 1940ko uztailaren 23a j. 1874ko otsailaren 23a, Tahkurannad
h. 1956ko urtarrilaren 18a, Buraxevo, Kalinin Oblasta, SESB
1938 – I. txanda – Hauteskunde Batzarrak hautatua (parlamentariak eta udal hautetsiak) 238 bototik 219 lortuta (botoen % 92,0).
2 Lennart Meri 1992ko urriaren 6a 2001eko urriaren 8a Aberriaren Aldeko Koalizio Nazionala j. 1929ko martxoaren 29a, Tallinn

h. 2006ko martxoaren 14a, Tallinn
1992 – II. itzulian – Parlamentuak hautatua 101 bototik 59 lortuta (botoen % 58,4).

1996 – V. itzulian – Hauteskunde Batzarrak hautatua (parlamentua eta udal hautetsiak) 372 bototik 196 lortuta (botoen % 52,7).

3 Arnold Rüütel 2001eko urriaren 8a 2006ko urriaren 9a Estoniako Herri Batasuna j. 1928ko maiatzaren 10a, Laimjala landa-udalerria, Saareko konderria

h. 2024ko abenduaren 31
2001 – V. itzulian – Hauteskunde Batzarrak hautatua (parlamentariak eta udal hautetsiak) 366 bototik 186rekin (botoen % 50,8).
4 Toomas Hendrik Ilves 2006ko urriaren 9a 2016ko urriaren 10a Alderdi Sozialdemokrata j. 1953ko abenduaren 26a - Stockholm, Suedia
2006 – IV. itzulian – Hauteskunde Batzarrak (parlamentariak eta udal hautetsiak) 345 bototik 174rekin hautatua (botoen % 50,4).

2011 – I. itzulian – Parlamentuak hautatua 101 bototik 73rekin (botoen % 72,3).


5 Kersti Kaljulaid 2016ko urriaren 10a[3] 2021eko urriaren 11 Independenteak j. 1969ko abenduaren 30a, Tartu
2016 – VI. itzulian – parlamentariek hautatua 101 bototik 81 lortuta (botoen % 80,2).
6 Alar Karis 2021eko urriaren 11 Karguan Independenteak j. 1958ko martxoaren 26a, Tartu
2021 – II itzulian – parlamentariek aukeratua 101 bototik 72rekin (botoen % 71,3).

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. «Institution of the president» Estonica.org (kontsulta data: 2026-04-19).
  2. (Ingelesez) Estoniako presidentetza. Biography of the President. (kontsulta data: 2026-04-19).
  3. 1 2 «Estonian lehen aldiz emakume bat dute estatuburu» Berria 2016-10-04 (kontsulta data: 2026-04-27).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]