Edukira joan

Estrasburgoko Uharte Handia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Estrasburgo, Uharte Handia eta Neustadt1
UNESCOren gizateriaren ondarea

Petite France auzoa.

Mota Kulturala
Irizpideak i, ii, iv
Erreferentzia 495
Kokalekua Estrasburgo, Frantzia
Eskualdea2 Europa eta Ipar Amerika
Izen ematea 1988 (XII. bilkura)
Luzapen urtea 2017
1 UNESCOk jarritako izen ofiziala (euskaratua)
2 UNESCOren sailkapena

Estrasburgoko Uharte Handia (frantsesez: Grande Île de Strasbourg) hiriaren alde historikoa kokatzen den uhartea da, Ill ibaiak mugatzen duena. UNESCOk Gizateriaren ondare izendatu zuen 1988an "Erdi Aroko hiri bateko auzoaren eredu" hartu zuelako. Estatus hori adierazteko latoizko 22 plaka ezarri ziren uhartera sartzeko zubietan. 2017an ibaiaren beste aldean XIX. mendean eraiki zen Neustadt auzora hedatu zen izendapena.

Erromatarrek Germania Garaia probintzia eratu zutenean postu militar bat ezarri zuten Rhin ingurua kontrolatuko zuena. Ill ibaiaren ertzean eraiki zuten herrixka galiar baten alboan, eta Argentoratum izena eman zioten. 366. urtean alamanek eskuratu zuten.

XII. menderako Estrasburgo hiri garrantzitsua zen eta katedral erraldoi bat eraikitzen hasi ziren. 1439an amaitu zutenean munduko eraikin garaiena zen. 1874 artean munduko eraikin altuena izaten jarraitu zuen[1]. Babes egitura bereziak ere eraiki ziren uhartearen mendebaldeko muturrean, zubi estaliak eta dorre altuak.

Mugan zegoen hiria izanik aduana bat ezarri zen ibaiaren ertzean. Honek aberastasun handiak ekarri zizkien estrasburgotarrei eta katedralaren inguruan merkatari aberatsen etxeak eraiki ziren. Adibide nabarmenena Kammerzell etxea da. 1681. urtean Frantziak hiria anexionatu zuen eta Rohan jauregia eraiki zuen haren boterearen egoitza izateko. Babes sistema ere indartu zuen Barrage Vauban egitura ezarriz. Honen bidez Ill ibaiaren emaria kontrolatzeko gaitasuna zuen. Ordurako uhartearen mendebaldeko muturrean larru ontzaileak, errotak eta arrantzaleak ezarri ziren eta auzo marginala bihurtu zen. Sifilia ugari zegoen, alemanez "frantsesen gaitza" (Franzosenkrankheit) esaten zitzaion, eta auzo Petite France izenaz ezagutzen hasi zen.

Bigarren Mundu Gerran alemaniarrek Alsazia anexionatu zuten[2]. 1944ko abuztuan alde zaharreko eraikin garrantzitsuek kalte handiak jasan zituzten, katedralak, Rohan jauregiak eta aduana zaharrak batez ere. 1944ko azaroaren 23an Leclerc jeneralakren tropek hartu zuen Estrasburgo[3].

Estrasburgoko katedrala.

Zubi estalien inguruan Ill ibaia zatitu egiten da lau ubide sortuz. Iparraldeko adarra Faux-Rempart ubidea dago eta gainerako hiruek bat egiten dute hegoaldeko adarra osatuz. Uhartearen ekialdeko muturrean adar biak elkartzen dira. Uhartearen erdiko puntuan Estrasburgoko eraikin ezagunena dago, Estrasburgoko katedrala. Haren inguruan kokatzen dira XV eta XVI mendeetako etxeak, renaniar pizkundeko estiloan eraikiak eta baita Rohan jauregia ere. Elizak ere ugari dira, San Tomas eliza, San Petri zaharra eta San Petri gaztea (protestantea). Ibaiaren ertzean aduana zaharra dago.

Estrasburgoko kale nagusia Grand Rue da, uhartea horizontalean zeharkatuz katedralera iristen dena. Ipar-hego norabidean Rue de la Division Leclerc eta Rue des Grandes Arcades gurutzatzen dira. Alde zaharreko kale estuek gremioen izenak dituzte (Rue Mercière, Rue des Dentelles, Rue du Bain aux Plantes, Rue des Juifs, Rue des Frères, Rue des Tonneliers, Rue du Maroquin, Rue des Charpentiers, Rue des Serruriers, Grand' Rue, Quai des Bateliers...) eta hamairu plaza ere badira kaleen arteko gurutzaketetan, eguberrietan merkatua jarri eta oparo apaintzen direnak, esate baterako "txerrikumeen merkatuaren plaza" (Place du Marché aux Cochons de Lait), "Gayot merkatuaren plaza" (Place du Marché Gayot) eta noski, "Katedralaren enparantza" (Place de la Cathédrale). Uharte Handiko enparantza handiena Kléber enparantza da.

Petite France auzoa oso turistikoa da gaur egu. XVI eta XVII. mendeetan bilbaduraz eraikitako etxeak daude ubide artean[4]. Larru ontzaileen auzoa izanik etxe gehienek malda handiko teilatuak dituzte. Barnealdea hutsik dago eta bertan ezartzen diren animalia zatiak eta larruak haizeatzeko eta lehortzeko. Etxeen arteko kaleak estuak eta bihurriak dira[5].

Ondasun nabarmenak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Zubi estaliak (Ponts Couverts).
Grand Rue kalea.

Eraikin zibilak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Auzoak, enparantzak eta kaleak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. (Frantsesez) Architecture et sculpture gothiques : cathédrale de Strasbourg (1) – L'Histoire des Arts en Hypokhâgne. (Noiz kontsultatua: 2022-04-24).
  2. Rosebrock, Tessa Friederike. (2020-05-05). «II. Les nazis en Alsace» Kurt Martin et le musée des Beaux-Arts de Strasbourg : Politique des musées et des expositions sous le IIIe Reich et dans l’immédiat après-guerre (Éditions de la Maison des sciences de l’homme): 25–38. ISBN 978-2-7351-2688-0. (Noiz kontsultatua: 2022-04-25).
  3. «Musée de la résistance en ligne» museedelaresistanceenligne.org (Noiz kontsultatua: 2022-04-25).
  4. «La Petite France - Strasbourg | Visit Alsace» www.visit.alsace (Noiz kontsultatua: 2022-05-08).
  5. (Frantsesez) «La petite France» www.strasbourg.eu (Noiz kontsultatua: 2022-05-08).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]