Estrogeno

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Estriol, estrogeno mota bat.


Estrogenoak obarioek edo obulutegiek sortzen dituzten hormona sexualak dira. Emakumezkoen hormonak izan arren gizonezkoengan kopuru txikian daude, obarioez gain giltzurrungaineko guruinek ere ekoizten dituztelako.

Egitura kimikoari dagokionez estrogenoak hormona esteroideak dira, hots, talde pentano-perhidrofenantreno dute egitura nagusitzat (17+3C). Liposolugarriak dira eta gainontzeko esteroideen antzera (testosterona, kortisol, kortisona, aldosterona...) kolesteroletik abiatuta sintetizatzen dira.

Estrogeno garrantzitsuenak estradiol, estrona eta estriol dira.

Hormona hauek gaztaroan bigarren mailako karaktere sexualak agertarazten dituzte (bularren garapena eta koipeen pilaketa gorputzeko hainbat tokitan, besteak beste), sexu-sena edo libidoa piztu eta ugalketa-organoen garapena estimulatzen dituzte. Emakumeen hilekoan ere eragina nabarmena dute, hipofisiak jariaturiko FSH eta LH hormonekin batera.

Efektu horiek lortzeko estrogenoek zelula mintza zeharkatzen dute eta zelularen nukleora iristen dira, bertako geneei eraginez.

Estrogenoen kopurua urria da haurtzaroan, eta igo egiten da gaztaroan. Hilekoaren lehenengo astean kontzentrazio handian daude, baina obulazioa igarotakoan gutxitzen da haien kopurua. Haurdunaldian ere estrogenoen kopurua oso altua da.

Menopausiaren ostean, aldiz, estrogenoen maila asko jaisten da. Honek alboko-ondorio gaiztoak dakartza: beroaldiak, bular eta ugalketa-organoen tamainaren txikiagotzea, jokaera-aldaketak, e.a.; baita osteoporosi eta gaitz kardiobaskularrak ere, estrogenoek bi gaitz horien aurkako babesa ematen baitiete emakumeei.

Estrogeno sintetikoak botika moduan erabiltzen dira menopausiaren ondorio txarrei aurre egiteko, prostatako zenbait tumore tratatzeko eta pilula antisorgailuak ekoizteko.

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Estrogeno Aldatu lotura Wikidatan