Etiopiako historia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu

Etiopiako historia ipar-ekialdeko Afrikan dagoen Etiopiako Errepublikaren lurraldean izan diren gertaera gogoangarrien kontakizuna da.

K. a. I. mendean Aksumgo Erresuma eratu zen, IV. mendean kristautu zena. Arabiarrek Meka hiria 570ean hartu zutenean, Aksumen gainbehera hasi zen. Hala ere, XV-XVI. mendeetan lurraldearen zati handiena birkonkistatu zuten. 1855. urtean, Teodoro II.a buruzagi indartsuak herrialdea bateratu eta enperadore izendatu zuen bere burua. Baina, XIX. mende amaieran, Italia hasi zen Etiopian barneratzen eta nagusitzen; izen berria ere ipini zion: Abisinia. 1952an NBEk Etiopia eta Eritrearen bateratzea onartu zuen, azken hau probintzia bihurtuz. 1974ean, militarrek Haile Selassie enperadorea eraitsi zuten.

Izena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Αἰθιοπία (Aethiopia, “Aurpegi errea”) hitza beltzen zenbait lurralde izendatzeko erabiltzen zuten greziarrek .

Antzinatea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaurko Etiopia antzina lurralde oso indartsua izan zen, eta K. a. VII. mendean Egipto hartu eta bertan agindu ere egin zuen (XXV. dinastia). Tradizioaren arabera, Sabako erreginak (etiopiarren ustetan, Makeda zuen izena), Israelgo Salomon erregearekin seme bat izan zuen Menelik izenekoa, eta hark Jerusalemdik Aksumera, garai hartako Etiopiako hiriburura, eraman zuen Itun-kutxa.

Bibliak Etiopia izendatzeko Kux deitura erabiltzen du. Hango biztanleak Hego-Arabiako etorkinak izan ziren, bake-bakean kuxdarrak bizi ziren lurretara etorri eta Aksumgo Erresuma sortu zutenak, leinuen artean hitzarmenak eginez. Erregeari negus (euskaraz: “erregeen errege”) izena ematez zitzaion. Aksumgo Erresumaren menpeko lurraldea Nilo Urdineraino iritsi zen[1]. Aksumgo erregeak Erromaren eta Persiaren arteko guduetan nahastu ziren. Tradizioak dioenez, San Frumenziok eraman zuen kristautasuna bertara; baina historiak dioenez, Itsaso Gorrian bizitzen jarri ziren merkatari greko-erromatarren ekarria izan zen.

Erdi Aroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

522. urtean, Bizantzioko Justinianok eskaturik, Kaleb Aksumgo erregeak Yemeni eraso zion, Najrango kristauak babesteko. Baina Mekako arabiarrek garaitu zituzten 570ean, eta ohildu zituzten Arabiatik. Erresuma gainbehera etorri zen eta, mende bat geroago, musulmanek hartu zituzten behe-lurrak eta erregeek hegoaldera jo behar izan zuten.

Zagwe dinastiak hiriburua Aksumdik Rohara aldatu zuen, eta bertan Gebre Meskel Lalibela erregeak zenbait eliza eraiki zituen XIII. mendearen hasieran. 1270ean, Salomondarren eskura joan zen agintea. Etiopiako kristauen eta musulman berrien arteko borroka, 1445ean Zara Jakob erregeak Ifateko sultana garaitu zuen arte luzatu zen. Errege horrek Eliza eraberritu zuen, fraideen eragin politikoa moztuz eta heresiak zapalduz. XV. mendean, Etiopiaren eta Jerusalemen arteko harremanek Mendebaldeko Elizarako bidea ireki zuten (Florentziako Kontzilioa).

Aro Modernoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XVI. mendean, Ahmad ibn Ibrahimen musulmanak lurralde zati bat menderatu zuen. 1541ean, Portugalgo armada bat Massawan lehorreratu zen, Islamak Itsaso Gorriko bidea kontrola ez zezan. Portugaldarrez eta etiopiarrez osaturiko armada batek Harareko sultana eraso zuen eta Ahmad hil 1542an, baina haren ondorengoak Galaudeos negusa garaitu eta hil zuen 1559an. Beren etsaiak ahuldurik ikusirik, hego Somaliako eta ipar Kenyako oromo leinuek lurralde zati bat menderatu zuten. XVII. mendearen hasieran, Etiopiako kristauak Erromara hurbildu ziren Pedro Paez misiolari espainiarraren eraginez.

XIX. mendea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Teodoro II.a, Etiopiako enperadorea 1855-1868 bitartean

Aldi batez gainbehera joan ondoren, Kassa Hailu negusak (Teodoro II.a) jauntxo feudalak azpiratu zituen. Haile Melikot Xoako errege garaituaren Menelik semea bere zerbitzura hartu zuen Teodoro II.ak. Baina bere politika zapaltzailea gero eta gogorragoa egin zen. 1863an, Erresuma Batuaren eta Teodoro II.aren arteko harremanak guztiz zaildu ziren eta, azkenik, ordezkari britainiarrak preso sartu zituen Teodorok. Horiek askatzeko gudaroste bat igorri zuten britainiarrek, eta Robert Napier buruzagiak Magdala gotorlekua hartu zuen 1868an; Teodoro II.ak bere buruaz beste egin zuen.

1872an, Tigrayko Kassay Mercharen eskuetara igaro zen agintea, Joan IV.a izenaz. Haren garaian oste kolonialek (Erresuma Batua, Frantzia, Italia) lurraldea inguratu zuten. Egiptok iparraldean egin zuen eraso, Sudango Mahdiak mendebaldean. Joan IV.ak egiptoarrak garaitu zituen Guran 1876an. 1884an, lurraldea utzi zuten ingelesekin hitzarmen bat izenpetu zuen, Eritreako Massawa portuko merkatu librea ziurtatzeko. 1885ean, italiarrak hasi ziren Etiopian barneratzen. Joan IV.a negusa sudandarren kontrako Gallabateko Guduan hil zuten, 1889ko martxoaren 9an, Menelik II.aren kontrako gerra hasteko zorian zegoenean.

1889an, Menelik II.ak agintea eskuratu, eta Salomondarren dinastia berriro ezarri zuen. 1889ko maiatzaren 2an hitzarmen bat egin zuen Italiarekin. Baina dokumentua ulertzeko orduan istiluak sortu ziren etiopiarren eta italiarren artean, hauen iritziz Etiopia beren babesgoko baitzen, eta militar talde bat bidali zuen Italiak lurraldera. Oreste Baratieri italiar jenerala Aduwan garaitua izan zen, 1896an. 1887an, Menelikek hegoaldeko oromoak garaitu eta, europarren interesez baliatuz, zenbait lurralde bereganatu zituen, horien artean Harar, eta bertako emirra gatibu hartu zuen. Addis Abeban sinaturiko beste hitzarmen baten bidez, Erresuma Batua, Frantzia eta Italia bilakatu ziren Etiopiako burujabetzaren babesle.

XX. mendea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ekialdeko Afrika Italiarra 1930eko hamarkadan, Italiak Etiopia beretu ostean

Meneliken ondoren, haren biloba Lij Ijasuk hartu zuen agintea; baina hura erregetzatik kendu eta Waizeru Zauditu, Meneliken alaba, izendatu zuten enperadore, haren lehengusu Ras Tafari Makonnen erregeorde zelarik. 1923an, Etiopia Nazioen Ligako kide bihurtu zen. 1930ean, Zewditu hiltzean, Ras Tafari enperadore bihurtu zen, Haile Selassie izenaz.

1934ko hitzarmenari esker, etiopiarren eta italiarren arteko arazoak baretu egin ziren itxuraz. Baina, urte bereko abenduan, Somaliako mugako Walwalen izandako borrokan, etiopiarrek 100 somaliar eta Italiako Armadako 30 lagun hil zituzten. Italiak ordainak eskatu zituen, eta Etiopiak Nazioen Ligara jo zuen; baina erakunde horrek ez zuen konponbide egokirik aurkitu. Gertakari hura aitzakiatzat hartuz, eta egindako hitzarmena ahaztuz, Italia faxistak Etiopia inbaditu zuen 1935eko urriaren 2an, Pietro Badoglio jenerala buru zela. Negusak Djibutira egin zuen ihes, eta geroago Ingalaterrara. 1935eko azaroaren 18an, Nazioen Ligak Italia erasotzaile deklaratu zuen eta zigorrak ezarri zizkion. Italiarrek Etiopia Eritrearekin eta Somaliarekin bateratu zuten, Ekialdeko Afrika Italiarra eratuz. Viktor Emanuel III.a Italiakoak Etiopiako enperadore titulua hartu zuen 1936an, eta Graziani jenerala erregeordeko izendatu.

Haile Selassie, Etiopiako enperadorea 1930-1974 bitartean

Bigarren Mundu Gerran, Italiak Somalilandia Britainiarra eta Kenyako zati bat zapaldu ondoren (1940), italiarrak lurralde haietatik ateratzeko erabakia hartu zuten britainiarrek. 1941eko apirilaren 6an sartu ziren Addis Abeban. Haile Selassie, Ingalaterra utzi eta Khartumera heldu zen, eta maiatzaren 5ean sartu zen hiriburuan. 1942ko urtarrilaren 31n, Etiopiak gerra deklaratu zien Italia, Alemania eta Japoniari. Bi urte geroago, Ingalaterrarekin egin zuen hitzarmen bati esker, askatasun osoa eskuratu zuen Etiopiak, eta urte beraren bukaeran soldadu ingelesek lurraldea utzi zuten.

1952an, Nazio Batuek onartu zuten Eritrea lurralde autonomo gisa, Etiopiari elkartzeko. 1960an, ordea, enperadoreak autonomiaren eskubidea bertan behera utzi zuen eta horrek matxinada piztu zuen Eritrean. Urte berean, Somaliak Ogaden eskatu zuen, bertan somaliarrak bizi zirela-eta. Ogadenen Addis Abebako gobernuaren kontrako gerrilla eratu zen, bai eta autodeterminazio eskubidea eskatu ere.

1974ko matxinada militarraren ondoren, Haile Selassie enperadorea aginpidetik kendu zuten, behin betiko; aurretik gorabehera handiak izan ziren gizartean, Eritrearekin gerran aritu baitzen Etiopia eta gosete handiei aurre egin behar izan baitzieten etiopiarrek. Estatu kolpearen ondoren, gobernua militarren esku gelditu zen. Behin-behineko Administraritza Kontseilu Militar edo Derg eratu zen, Aman Andom buru zela; azaroan hura hil ondoren, Tafari Bentik hartu zuen agintea; hura ere hil zuten, 1977ko otsailaren 3an, eta, haren ordez, Mengistu Haile Mariam etorri zen. Industria eta lurrak nazionalizatu ziren, eta eritrearren, oromoen eta eta somaliarren gerrillei esetsi zieten. 1977an Eritrearekin gerran sartu zen eta baita Somaliarekin ere, Ogaden anexionatu nahi zuela-eta. Etiopiak Kubaren eta Sobietar Batasunaren laguntza jaso zuen, eta Somaliak Mendebaldeko herrialdeen laguntza. Etiopiaren baliabide apurrak gerrak eta istiluak gainditzeko erabili izan ziren.

Azken urteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1987an, Etiopiako Herri Errepublika Demokratikoa ezarri zen, eta zibilez osaturiko gobernu komunista osatu zen; Mengistu Haile Mariam presidenteak modernizazio politika jarri zuen abian, baina huts egin zuen. 1980ko hamarkadako lehorteetan, milioi erdi nekazari baino gehiago hil ziren. 1988. urteko apirilaren 3an, Etiopiak eta Somaliak bakea izenpetu zuten eta, horri esker, Somalian zeuden 3.500 preso Etiopiara itzuli ahal izan ziren. Hala eta guztiz ere, ez ziren baretu Eritrearen eta Etiopiaren arteko iskanbilak. Urte bete geroago, gatazkan zeuden bi alderdien arteko negoziazioei ekin zieten Estatu Batuetako Atlantan, baina negoziazioek ez zuten onik izan. 1990. urteko martxoaren 5ean, Mariamen gobernuak sozialismoa baztertu eta ekonomia mistoaren aldeko apostua egin zuen. 1991. urtean, bere nazio guztiaz jabetu zen Eritreako Armada.

Etiopiako bandera

Eritrearren kontrako gerraren ondorioak eta Sobietar Batasuna desagertzean gobernuak laguntza galtzeak, gerrillaren estatu kolpea eragin zuten 1991n, eta Mengistu Hailek Zimbawera ihes egin behar izan zuen. Estatu kolpearen ondoren, Meles Zenawi buru zuen behin-behineko gobernua antolatu zen, eta erreforma demokratikoak finkatzeko ahaleginak egin ziren. Hauteskundeak egin ziren 1994an, 1995eko abuztuan, Meles Zenawi izendatu zuten lehen ministro, eta Negasso Gidada presidente, eta konstituzio berria idatzi zen. Hala ere, zailtasun handiak izen ziren, behin-behineko gobernuaren eta oposizioaren arteko tirabirak zirela-eta. Oposizioa bera ere oso zatiturik zegoen, batzuek (amharek) estatu federal, bateratu eta zentralizatua nahi zuten arren, beste etnia batzuek (oromoek) beren lurraldearen autonomia ez ezik, independentzia ere eskatzen zutelako. 2000ko hauteskundeetan, FDRPE alderdia izan zen irabazlea.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Etiopia, Harluxet Hiztegi Entziklopedikoa, euskadi.net
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Etiopiako historia Aldatu lotura Wikidatan