Etruriar
| Etruriarrak edo etruskoak Rasna Rasenna | |||||
|---|---|---|---|---|---|
| K.a. 1200 – K.a. 550 | |||||
| Konfederazioa | |||||
| Geografia | |||||
| Hiriburua | Velzna- (Orvieto) | ||||
| Kultura | |||||
| Hizkuntza(k) | Etruriera | ||||
| Historia | |||||
| Villanovako kultura | K.a. 1200 | ||||
| Erromatar asimilazioa | K.a. 550 | ||||
| |||||
Etruriarrak[1][2] edo etruskoak[1][2] antzinako Italian, zehazki egungo Toskanan, bizi zen herria eta zibilizazioa ziren, erromatarrek etrusci edo tusci deituak.[3] Erromatarrek eman zieten izenetik dator egungo Toskana izena, nahiz eta haien aberria Etruria zen.
Antzinako grezieraz Τυρρήνιοι (Tyrrhēnioi) deitzen zieten eta hortik latinez Tyrrhēni (etruskoak), Tyrrhēnia (Etruria) eta Mare Tyrrhēnum (Tirreniar itsasoa) hitzak sortu zituzten.[3] Etruskoek bere buruari Rasenna, sinkopatuta Rasna edo Raśna esaten zioten.[4]
Bere hizkuntza propioa zuten: etruskoa hain zuzen ere.[5] Etruskoen zibilizazioa Erromaren sorrera baino lehenagoko historiaurrean hasi zen eta Erromatar Errepublikak etruskoen lurrak berenganatu zituen arte iraun zuen.[6] Bere une gorenean, Erromaren sorreraren eta Erromatar Monarkiaren garaietan, hiru hiri-konfederaziok osatzen zuten:
- Etruriakoa
- Po ibaiaren haranekoa, tartean ekialdeko Alpeak izanik.
- Latium eta Campaniakoa.
Erroma etruskoen lurraldeen barne zegoen eta bere historiaren hasieran etruskoen menpe izan ziren erromatarrak, K.a. 396an Veii konkistatu zuten arte.
Ekonomia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Etruskoen lurra emankorra zen nekazaritzarako, eta oso aberatsa baliabide mineraletan, batez ere burdin mineraletan. Meategi nagusiak Tolfako mendiak (Lazio), Muino Metaliferoak (Toscana) eta Elba uhartea (Toscanako kostaldearen aurrean) ziren. Aberastasun horrek oso antzinatik erakarri zituen Mediterraneotik urrun zeuden beste zibilizazio batzuk: feniziarrek eta greziarrek burdin etruskoa eskuratu zuten beren produktu landuen truke.
Harreman komertzial horiek ideia-trukaketa eta aurrerapen berriak ere ekarri zituzten, zibilizazio etruskoaren aireratzerako funtsezkoak izango zirenak, hala nola idazkera, ardoaren eta olioaren kontsumoa eta ekoizpena eta moneta. Greziar eragina eredu artistikoetan (eskultura, horma-pintura, zeramika), antolaketa militarrean (hopliten panoplia eta falangea) eta etruskoen erlijio eta mitologian ere antzeman daiteke.[7]
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Etruriar kultura K.a. 800 inguru garatu zen, lehen Burdin Aroko Villanovako kultura zegoen leku berean. K.a. VII. mendean greziar merkatariek eta Magna Grezian bizi ziren bere auzokoek eragin handia izan zuten kulturan. Gero erromatarrek ordeztu zuten etruriarren nagusigoa Italian.[8]
Historian zehar haien izena ia galdu egin zen. Beraien hizkuntza oraindik argitu gabe dago, hitz gutxi batzuk izan ezik, eta haien jatorriaz ere gauza gutxi esan daiteke ziurtasunez. Herodotok zioenez, etruriarrak Lidiatik etorriak ziren K.a. XIII. mendean, baina Etruria bertako jendeak ekialdetik etorritakoekin nahastean sortu zirelako ustea dago gaur. Toskanan zeuden meatzeek erakarri zituzketen itsasgizon horiek, eta K.a. VII. mendean Latium hartu eta Erroma sortu zuten; bertan errege etruriarrek agindu zuten K.a. 619tik 509ra. Ondoren Po ibaiaren ordokira jo zuten iparraldera, eta Campaniara hegoaldera.
K.a. VI. mendean iritsi ziren gailurrera, baina gerora gainbehera jasan zuten. K.a. 474an greziarrekin topo egin zuten Kuman, eta Erromatik bidaliak izan eta gero, Samnitek garaitu zituzten, eta azkenik, erromatarrek Veii hartu (K.a. 396) eta geroago guztiz menderatu zituzten (K.a. 350).
Kultura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Indarra galdu bazuten ere, izan zuten oraindik eraginik erromatarren artean, batez ere etxegintzan eta arte lanetan.
Etruriarren zibilizazioa hiritarra izan zen batik bat, hasieran erregea (Lucumon) zelarik buru; gero aristokraziak hartu zuen agintea. Hiri nagusiak Arretium (Arezzo), Kortona, Perusia (Perugia), Kamars (Chiusi), Volsinies, Tutere (Todi), Chisra (Cerveteri), Velsu (Orvieto), Veii, Tarkinia eta Velathri (Volterra) ziren. Gizarte horrek, hilobietan ikusten den arteak erakusten duenez, luxuzko, atseginezko irudia du. Eragin greko nabarmena badu ere, arte etruriarrak jatortasun bikaina erakusten du.
Etruriarrek harri handiak erabiltzen zituzten beren gotorlekuak, zubiak, ubideak eta estolderiak eraikitzeko. Etxeak adreilu eta zur margotuzkoak zituzten. Arkitektura etruriarrak utzi dituen aztarnen artean aipatzekoak dira Cerveteri eta Tarkiniako hilobiak, eta Volterrako Ate Arkuduna. Estatuetan buztin egosia erabili zuten: Veiiko Apolo eta Senar-emaztearen sarkofagoa. Freskorik bikainenak Cerveteri, Chiusi eta Tarkiniako hilobietan azaltzen dira.
Beren erlijioan, eta mitologian, greziar eragina ere oso nabaria da,, eta, aldi berean, etruriarren heriotza osteko biziari buruzko sinemenen arrastoa erromatarren erlijioan arakatu daiteke, baina, batez ere, iragarpenak egiteko errituetan eragina izan zuten.
Ikusi, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011-12-26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- 1 2 Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuak etrusko eta etruriar sinonimoak direla dio, baina lehenengoak hizkuntza ere izendatzen duenez, etruriar hartu dugu herritarrei buruzko artikuluaren izenburutzat.
- 1 2 Euskaltzaindia. (2015-01-30). 174. araua: Antzinateko herriak. Ekialdeko eta Europako herriak. , 9 or..
- 1 2 Félix Gaffiot Dictionnaire Illustré Latin Français
- ↑ Haynes, S.. (2000). Etruscan Civilization. Los Angeles: The J. Paul Getty Trust.
- ↑ Bonfante, G.; Bonfante, L.. (2002). The Etruscan Language. An Introduction. Manchester University Press.
- ↑ Bonfante, Larissa. (1990). Etruscan. University of California Press ISBN 0-520-07118-2..
- ↑ Molina, Maya; G. eta beste, Rafael. (2021). Etruscos el amanecer de Roma. Guía didáctica MARQ.. Museo Arqueológico de Alicante (MARQ) ISBN 9788409331635..
- ↑ Cary, M.; Scullard, H. H.. (1979). A History of Rome. , 28 or. ISBN 0312383959..
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- "Ciclo de conferencias Etruscos". Fundación Juan March Madrid.
- Nagore Irazustabarrena Uranga (2023ko abenduaren 21ean) «Etruriar emakumeak greziarren begietan». Argia.
- Philipp Ammon: Ruma Rasna – Die etruskischen Wurzeln Roms.