Edukira joan

Etruskoen erlijioa

Wikipedia, Entziklopedia askea
Tifon jainko greziarraren horma-irudi etruskoa.

Etruskoen erlijioa antzinako Italia erdialdean bizi eta garatu zen etruriarren mitoen eta erlijiozko sinismenen, errituen, objektuen eta santutegien multzoa da. Hasierako erromatarrekin erlazio estua izan zuten eta beren sinesmenek eragin sakona izan zuten erromatarren erlijioan. Aldi berean, greziarrengandik eragina jaso zuten. Erromatarrek bere inperioa zabaldu zutenean, kolonizatu eta bereganatu zituzten, beste herri askorekin egin bezala. Ez da ondo ezagutzen haien erlijiozko sinismenak, eta beraz, ez da guztiz ziurra zer osagai edo ezaugarri hartu zituzten erromatarrek haiengandik.

Oso testu etrusko gutxik iraun dute bizirik: bi labur eta osatugabe eta grabatutako inskripzio kopuru apal bat besterik ez, hizkuntza etruskoa bere horretan oraindik ez da ongi ulertua. Erlijio etruskoari buruzko idazle latindar zaharren lanek hutsuneak beteko zituzten, haietako batzuek bizirik iraun izan balute. Jakina da Klaudio enperadoreak etruskoa hitz egiten zuela eta etruskoen historia idatzi zuela, baina idazlan hura galdu egin zen.[1]

Vulciko ispiluaren atzealdean grabatutako irudian, hamahiru jainko eta jainkosa agertzen dira bakoitzak bere izenarekin: Turan, Hercle, Epiur, Tinia, Thalna, Aivas, Mean, Elcsntre, Elinai, Menle, Achmemrun, Lasa Thimrae eta Lasa Racuneta

Mitologia etruskoaren azterketarako lehen mailako iturri garrantzitsuenetakoak dira, adibidez, Praeneste hiriko hil kutxatxoetako irudiak eta idazkiak eta brontzezko ispiluetan etruskoek grabatu zituztenak. Objektu horietako eta besteetako idazkiak argitalpen handi batean biltzen dira: Corpus Speculorum Etruscorum, dagoeneko bi dozena faszikulu inguru dituen konpilazio lana. Garrantzitsua da ere bai, iturri lietario moduan, “Liber Linteus Zagrabiensis”, lihoan idatzitako etruriar testurik luzeena, antza, apaiz ibiltari batek idatzia, eta gorde ahal izan dena momia bat biltzeko erabili zelako.[2] Kultu eta mitologia etruskoko irudiak Lexicon Iconographicum Mythologiae Classicae-n agertzen dira. Inskripzio etruskoek Helmut Rix hizkuntzalari alemaniarrak, Etruskische Texte lanean jaso eta aztertu ditu.

Erromatarrek egin bezala, jainko-jainkosen hirukote nagusi bat garatu zuten: Tinia, Uni eta Menrva.

Etruskoen erlijio zaletasuna

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Etruskoek, antzinateko idazleen artean, oso herri erlijiosoa izatearen ospea izan zuten. Historialari latino handiak, Augustoren garaikideak, Tito Liviok, argi eta garbi dio Lurreko herri guztien artean etruskoak zirela erlijio-praktikei gehien emanak, eta Arnobiok, Antzinaro Zaharreko kristau idazleak, sineskeria guztien ama deitu zion Etruriari.[3]

Aruspizeak apaiz igarleak ziren eta etruriar erlijioan eginkizun nagusietako bat izan zuten, haien jarduerei esker gizakiak jainkoen nahia ezagutu zezakeen eta horren arabera jokatu. Etruriaren garatu zituzten aruspize erritualak gero erromatarrei helarazi zieten, eta etruriar aruspizeek zuten ospea dela eta, Inperioko agintariek "hirurogei etruriar aruspizeen kolegioa (apaiz taldea)" sortu zuten, erabakiak hartu aurretik kontsultatzen zutena eta bere egoitza Tarkinia hirian zuena, Erromatik 45 kilometro iparraldera.

Etruskoen mitologiaren arabera, aruspize aritzeko ezagutzak irakatsi zituen jainkoa Tages izan zen (Tagete edo Tarchies), Tarkinia hiritik hurbil jaio zen haur profeta, eta Tarconteri irakatsi zion, etruriar herriaren buruzagiari. Iragarpenak egiteko prozedura sakrifikatu berria zen animalia baten erraiak aztertzean zetzan, hortik Jainkoaren nahimenak lurreko alderdiei buruz emandako argibideak ondorioztatu ahal ziren. Erabiltzen ziren animaliak hegaztiak, ahuntzak, txerriak, ardiak, behiak, idiak, etab. ziren. Zenbat eta animalia handiagoa eta itxura hobeagokoa izan, orduan eta zehatzagoa zen ikusten zena.[4] XIX. mendean, Picenza hiriko, brontzezko gibel bat aurkitu zen, 40 idazkun dituena, eta uste da aruzpideentzako gida moduko bat izan zela.[5]

Boccanera plakak. Cervetarin aurkituak

Panteoi etruskoa ezagutzeko, bi dokumentu bikain eman dute informazio ugaria: batetik, aipatutako Piacenzako brontzezko gibela, konpartimentutan banatua, jainkoen izenekin; bestetik, etruskoek beren biztanle jainkotiarrekin egindako zeru-banaketa, I. mendeko Plinio naturalista latinoaren eta V. mendeko Martziano Capellaren testigantzen arabera. BI dokumentu horien artean zati batzuetan antzekotasunak daude. Espazio sakratua kontzeptu latinoaren arabera azpibanatuta zegoen, eta kontzeptu hori "tenplu" terminoarekin adierazten zen. Kontzeptu hori zeruari, hiri bati, nekropoli bati edo santutegi bati ere aplika dakieke, espazio sakratu baten orientazio- eta banaketa-baldintzek irauten baitzuten, zeruko ereduaren arabera.

Etruriar izpilu baten atzealdean grabatutako du eszena mitologiko bat. Izpilu hauek hilobietan aukritu zian dira. K.a V. mendeko lehen laurdena. Civitella S. Paolon (garai hartako Vulci hiria) 1828an egindako indusketan aurkitua. Vatikanoko Museoak, Museo Gregoriano Etrusco.

Lau puntu kardinalek zehazten zuten orientazioa, eta lerro batzuek lotzen zituzten, zeinak, erromatarren lur-neurketaren hirigintza imitatuz, Iparralde-Hegoaldea, kardua, eta Ekialde-Mendebaldea, decumanus esaten baitzieten. Hainbat lerro egiten ziren eta zeruko ganga hamasei zatitan banatzen zen horrela, hots, jainko ezberdinen egoitzetan. Martziano Capella V. mendeko erromatar idazleak aipatua zituen zeruko hamasei eremuetako jainko horiek,e ta zerrenda horren eta Piacenzako brontzezko gibelean agertzen direnen artean antzekotasunak daude. Zerrenda ez da erabat errepikatzen, ziur asko Behe Inperioko idazleak erabili zituen iturriak beste batzuk izan zirelako eta ordurako aldatuak egongo ziren.

Hala ere, erlijio etruskoaren arabera, jainkoen kokapen kosmikoaren gutxi gorabeherako koadro bat lor daiteke. Horrela, ipar-ekialdeko zeru-sektorean goi-jainko handiak daude, ezagunak diren jainkoak (erromatar izenaz), hala nola Jupiter, Consentiak, Lareak, Jano, Juno, Marte eta Minerva. Lurraren eta naturaren jainkoak, hala nola Silvano, Bako, Eguzkia eta Vulckano, eguerdi aldera kokatzen dira. Infernuko eta patuaren jainko handiak, hala nola Fortuna, Manak eta Saturno jainkoak, mendebaleko lurraldean bizi ziren.

Goiko etruriar izpiluko grabatuaren marrazkia. Eszena hobeto ikusten da eta jainko-jiankoak bereizten dira: Menrva, Thesan, Tinia eta Thetis (edo, batzuentzat: Zeus, Eos, Thetis eta Atenea)

Panteoi etruskoaren bi dokumentu horiek, etruskoek asko praktikatzen zuten iragarpenen arabera sortuak dira. Zeruko seinaleen kokapenak (mirari zerutiarrak, hegaztien hegaldia eta tximistak) adierazten du zein jainkok bidaltzen zien mezua gizakiei eta hau ona ala txarra zen.

Hiru jaiko-jainkosa multzo handi

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

José María Bláque espainiar adituak hiru kategoritatan banatzen ditu panteoiko jainko-jiankosak. Lehenengoa etruriar izenak zituztenek osatzen dute. Zeruko jainko gorenak Tinia zuen izena, eta greziarren Zeusen parekoa zen. Turan, "Anderea" esan nahi duen hitza, Afrodita edo Venus zen. Fufnus Liber zen. Turms erromatarren Merkurioaren parekoa zen, eta jainko grekoaren ezaugarriekin, petasos izeneko kapelarekin, oinetako hegodunekin eta iraungitzearekin ere irudikatzen zen. Sethlaus Vulkano grekoaren jite berekoa zen, eta jainko hori Populonia (Piombino udalerrian) bezalako industriaguneetan gurtzen zuten. Zeruko jainkoek, Eguzkiak eta Ilargiak, Cautha eta Tiv izenak jasotzen zituzten, hurrenez hurren.

Etruskoek gurtzen zituzten beste jainko batzuek ez zuten parekorik greko-erromatar panteoiaren izenekin. Horietako batzuk, Piacenzako gibelean aipatuak, hala nola Cilen (baita Cilens)[6] jainkosa, hegalez irudikatua eta aberaski apaindua, Palestrinan aurkitutako Minervaren jaiotzaren eszena duen ispilu batean ikus dezakegu ere. Talde honetakoak dira Leta, gudari eta heriotzaren jainkoa, eta Larum, jainko gerlaria, Capuako teiletan aipatzen dena. Turan jainkosaren zikloko talde garrantzitsua osatzen zuten izaera apalagoko izaki jainkotiar batzukere baziren. Neska ederrak bezala irudikatzen zituzten, erabat edo partzialki biluziak eta hegoak zituztenak. Lasa-k izena zuten. Haien ondoan gizonezko jeinuak zeuden, hala nola Aminth, Eros itxurakoa.

Jainko etruskoen beste izen batzuk mito heleniko desberdinetako eszenetan agertzen dira. Ispilu batean, Parisko Epaiketa irudikatzen duen grabatua duena, hiru jainkosa etruskok greziarren lekua hartzen dute: Euturpe Minervaren ordez, Thalna Junoren ordez eta Altria Venusen ordez. Izaki jainkotiar, jeinu edo antzeko horietako gehienak ispiluetan dituzten irudien bidez ezagutzen dira. Maiz agertzen da izena haien ondoan idatzita. Kasu askotan, ordea, ezinezkoa da identifikatzea.

Hirugarren jainko multzoa da jainko greko edo latinoaren berdina (edo hortxe-hortxe) duten jainkoek osatzen dute, hala nola Minerva, Menrva etruskoan. Tximistaren jainkosa bat da, hegoduna, eta urrats handiak emanez ibiltzen irudikatzen duten ispilu batean. Athenarekin identifikatzen da jainkosa grekoak parte hartzen duen mito guztietan, Zeusen buruaren sorreran, adibidez. Uni erromatarren Juno edo greziarren Herarekin berdindu zen. Tinia eta aurreko jainkosekin batera, etruriar jainkoen hirukote handia osatzen zuen. Beraz, erromatar triada kalsikoan Jupiter, Minerva eta Juno zirenak, etruskoenean, Tinia, Mnerva eta Uni ziren. Uno jainkoaren gurtza, batez ere, hegoaldeko Etrurian hedatu zen, Veii hiriko eta faliskoen babeslea izan baitzen. Veyesen, K.a. VI. mendea bezain goiz, hiriko akropoliaren gainean zegoen tenplu bat bere gurtzarako sagaratu zen. Haren irudia, egurrezkoa, Erromara eraman zuten urte batzuk geroago, handitasun handiz, eta tenplu berri batean jarri zuten, Aventino mendian eraikia, bere gurtzarako. Falerii hirian ere izan zuen santutegi ospetsu bat, jakintsuak erromes zihoazena. Bláquezentzat, Maris Marte zen, batzuetan, ume bat bezala eta hegoekin irudikatzen zena. Marte etruskoa ez zen Junoren (Uniren) eta Zeusen (Tiniaren) semea. Gustav Hermansenek ere uste du Maris eta Mars berdiank direla, baina aditu guztiak ez daude ados, Maris adibidez, ez da Marteren guztiz berdina, baina erromatar gerraren jainkoarengan eragina izan zuen. Batzuentzat, ordea, hori ere ez da egia. Izan ere, Maris emankortasunarekin lotutako jainkoa baita.[1][7]

Veiiko Apoloren tenpluko terrakotazko eskulturak

Etrurian gurtza jaso zuten beste jainko heleniko batzuk Latva (Leto/Latona), Aplu (Apolo) eta Artume (Artemisa) izan ziren. Apolok mitoen irudikapen askotan parte hartzen du, hala nola Veiiko Vulca eskultoreak (antza) egin zuen Veiiko Apoloren estatuan, Etruriako estatua gailenean, non Heraklesekin lehian aritzen baita oreinaren jabetza lortzeko. Etruriar merkataritzako itsasoak beti garrantzi handia izan zuen, eta hori islatzen du Nethuns (Neptuno) jainkoaren gurtza. Ispilu etruskoen atzealdeko grabatuetan Poseidonen atributuekin irudikatzen da. Bestalde, Pliniok adierazten du Etrurian Saturnoren gurtza zegoela.

Jainko horiek guztiek eta zerrenda honetara gehi litezkeen beste askok erlijiotasun etruskoaren ikuspegia ematen dute, haren kontzepzioari eta jatorrizko formari dagokienez. Greziako kulturak eragin handia izan zuen Etrurian, eta arrasto sakona utzi zuen erlijioan, mitologian batez ere. Eragin hori oso nabaria da jainkozkoak ulertzeko irudikatzeko moduan eta bere ikusizko errepresentazioan. Etruriar erlijioaren ezaugarria da naturaz gaindiko izakien existentzian sinestea, baina sinesmen hori nolabaiteko zehaztugabetasunak menderatzen du, kopuruari, sexuari, itxurari eta ezaugarriei dagokienez. Zehazgabetasun horretatik ondorioztatu du Massimo Pallottino italiarrek, kultura etruskoaren ezagutzailerik hoberenetakoak, garai zaharrenetan jainkozko entitate batean sinestea egon zela, mundua noizbehinkako agerpen anitzen bidez menderatzen zuena, jainkoengan, jainko taldeetan edo izpirituengan gauzatzen zena.[3]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. 1 2 (Ingelesez) Huntsman, Theresa. (2013-06-01). «Etruscan Language and Inscriptions - The Metropolitan Museum of Art» www-metmuseum-org.translate.goog (kontsulta data: 2026-03-25).
  2. Liber Linteus Zagrabiensis”, Le Religioni dell'Etruria antica. Pratiche sacre, scritture, politeismi.
  3. 1 2 (Gaztelaniaz) Blázquez, José María. (1979). «Etruscos. Dioses y hombres» Historia 16 (bertsio digitala: Gabinete de Antigüedades de la Real Academia de la Historia) 40: 74-78. (kontsulta data: 2026-03-25).
  4. Losardo, Ricardo J. et alii. (2016). «La anatomía y las prácticas adivinatorias en las antiguas civilizaciones» Revista de la Asociación Médica Argentina, 129 (2): 13-22..
  5. (Italieraz) «Fegato etrusco» Visit Piacenza (kontsulta data: 2026-03-25).
  6. (Italieraz) van der Meer, L. Bouke. (https://www.studietruschi.org/wp-content/uploads/2023/08/ATTI2INT1_89_VAN_DER_MEER.pdf). «Cilens» Atti del II Congresso Internazionale Etrusco, Firenze III. lib.: 1199-1205..
  7. Hermansen, Gustav. (1986). «Mares, Maris, Mars, and the Archaic Gods» Studi Etruschi LII.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]