Etxe-aldaketa eguna

Wikipedia, Entziklopedia askea
1856ko etxe-aldaketa eguna New Yorken.

Etxe-aldaketa eguna (ingelesez: Moving Day) New Yorken kolonia garaietatik Bigarren Mundu Gerra arte etxe-aldaketa egiteko eguna izan zen.

Jatorria

Batzuen ustez, egun horretan kontratuak eten eta, beraz, etxez aldatzeko ohitura lehendik zetorren, eta arauak fenomenoa ofizialdu besterik ez zuen egin. Batzuek diote kolonizatzaile herbeheretarrak egun horretan iritsi zirela Manhattan uhartera eta horregatik aukeratu zela data; beste batzuek, Ingalaterran ospatzen zen May Dayak eragin zuela erabakia[1].

Historia

1820an, New Yorken, hiriko araudiak lege berri bat jaso zuen: beste datarik zehaztu ezean, etxebizitzen alokairuen kontratuak maiatzaren lehenera arte egongo ziren indarrean. “Etxe-aldaketak egun bakarrean egitea ohitura zaharra” zela, “hiria txikia zen, biztanleak urriak ziren eta gehienak etxe berean urte luzez bizi ziren garaikoa”, John Pitard New Yorkeko Elkarte Historikoaren sortzaileetako batek 1832an edo 1833an Eliza alabari gutun batean azaldu zionez[1].

Hiriaren oparotasun biziak biztanle berri samaldak erakartzen zituen. Hainbeste jendek bizitokia izan zezan, etxebizitzen eraikuntzak eta alokairuen merkatu espekulatiboak nabarmen egin zuten gora. Hala, alokatzaileek errenta neurriz kanpo igotzeko aprobetxatzen zuten maiatzaren leheneko legea, eta maizter askok urtero arrazoizko prezioan beste etxe bat bilatu behar zuten. Denek egun berean egiten zuten aldaira[1].

Goizeko 9etan hasten zen gurdien joan-etorri nahaspilatsua. Konderriko milaka orgazain biltzen ziren hirian, egun bakarreko pagotxaren bila. Altzariak batetik bestera garraiatzeko eskaera gero eta handiagoa zenez, haiek ere prezioak puztu zituzten. Hainbat astetako jornala ordu gutxi batzuetan irabazteko joan-etorri asko egin behar zituzten, gainera, eta presak kaosa areagotu zuen[1].

Lekukotzak

Frances Trollope idazle ingelesak honela deskribatu zuen anabasa: “Maiatzaren 1ean New Yorkeko populazio izurritik ihesi ebakuatzen ari direla dirudi”. Davy Crockett abenturazaleari moving dayak iritzi kontrajarriak eragin zizkion 1834an: “Broadwayera itzuli ginenean, hiri osoa kalamitate latz batetik ihesi zihoala iruditu zitzaidan (...) Jolasean daudela dirudi, dibertimendu hutsez aldatzen direla etxez”. George Templeton Strong abokatuaren arabera: “Hiria ez dut sekula ikusi halako egoera kaotikoan. Etxeek barrenak kalean husten dituztela dirudi. (...) Zibilizazioaren aro nomada eta migratzailetik ez dugu aurrera egin, Tartariako estepako behizainak bezalakoak gara[1].

Amaiera

XX. mendeko lehen urteetan, milioi bat inguru newyorktar aldatzen ziren etxez maiatzaren 1ean. Baina bi mundu gerren ondorengo estualdiek ohituraren gainbehera ekarri zuen. 1945ean New York Timesek legea indargabetu zutela jakinarazi zuen: “Etxebizitza eskasiak etxe-aldaketaren eguna ezabatu du”[1].

Erreferentziak

  1. a b c d e f Irazustabarrena, Nagore. (2016-05-01). «Maiatzak 1, etxe-aldaketen eguna» Argia CC-BY-SA lizentzia.