Edukira joan

Etxe Zuriko iturginak

Wikipedia, Entziklopedia askea
Etxe Zuriko iturginak
Datuak
Motapertsona taldea
Osatuta

Etxe Zuriko iturginak (the White House Plumbers) AEBetako Jaurlaritzaren ikerketa berezien ezkutuko unitate bat izan zen, 1971ean sortu zena Richard Nixonen lehendakaritzan gertatzen ziharduen informazio sailkatuen filtrazioari aurre egiteko.[1]

E. Howard Hunt

Askotan "Iturginak" soilik deitua, beste izenez unitate hau "Room 16 Project", "ODESSA" edo, modu ofizialagoan, "the White House Special Investigations Unit" bezala ezagutu zen. 1971eko egun baten, unitate honetako kide David Young etxera iritsi zen, eta amonak galdetu zion: "Zein da zure lana Etxe Zurian?". Young, modu errazean azaldu nahian, horrela erantzun zion amonari: "lehendakariari filtrazioak geldiarazten laguntzen ari naiz", informazio-ihesa ur-ihesarekin parekatuz. Amonak orduan erantzun zion: "Beraz, iturgina zara!". Orduan, Youngek, E. Howard Huntek eta G. Gordon Liddyk "Iturginak" zioen kartela ezarri zuten bulegoko atean. Denbora gutxira kendu zuten, haien lana sekretuan mantendu behar zenez; baina halere, izen hori erabiltzen jarraitu zuten.[2]

Unitate honen funtzioa Nixonen jaurlaritzaren irregulartasunak agerian uzten zituzten informazio sailkatuak ("Pentagonoko paperak" izenarekin ezagutu zirenak) komunikabideetara ez iristea, eta filtrazioak ekiditea zen. Informalki, Nixonen "arazo-konpontzaileak" zirela esaten zen.[3]

Nixon eta John Erlichman

Iturginen inguruan Watergate eskandaluan nahasitako hainbat pertsona mugitu ziren, hala nola Frank Sturgis, Charles Colson eta Egil Krogh. Liddyk taldea "Organization Directed to Eliminate Subversion of the Secrets of the Administration" izenez bataiatu zuen, SS naziko kide ohien ODESSA elkartearen siglekin jolastuz; izen hori iturginen paper ofizialetan ere erabili zen.

CIAko ofizial John Paisleyk iturginekin lan egin zuen CIAren Segurtasun Bulegoaren bitartez. Bulego honen kide James McCord ere izan zen, Nixonen kanpainako segurtasun koordinatzaile ohia eta Watergate eskandaluko lapurretako bat. Howard Osborn ere bildu zen Young eta Paisleyekin. John Erlichmanek iturginen eta Nixonen arteko lotura paperak egin zituen.[4]

Bestalde, iturginen artean erbesteratutako zenbait kubatar ere baziren, hala nola Virgilio Gonzalez, Bernard Barker eta Eugenio Martinez. Frank Sturgis ere Kubarekin lotura handia zuen.[5]

Watergateko lapurretan erabilitako mikrofonoak, ezpainetako krema-tutuetan ezkutuak.

Iturginen lehen zeregina Lewis J. Fielding psikiatraren kontsultan lapurreta egitea izan zen, haren paziente Daniel Ellsberg filtratzailearen izena zikintzeko informazio bila. Informazio hori han zegoen arren, ez zuten aurkitu. Azkenean, Ellsbergen aurkako auziak ez zuen aurrera egin, jaurlaritzaren jokabide okerragatik.[6]

Fieldingen lapurreta saiakeraz gain, iturginen operazio gutxi ezagutzen dira. Hunt Ted Kennedy-Chappaquiddick intzidentean nahasia izan zen; eta Liddyk Kennedy administrazioak Ngo Dinh Diem Hego Vietnamgo lehendakariaren hilketan izandako parte hartzeari buruz informatu zuen.

Kaliforniako gertakarien ostean, Liddy-k hauteskunde-kanpainako intelijentzia-politika operazioetan lan egin zuen. Liddyk Hunt Watergateko lapurreta ekarriko zuen operazioan inplikatu zuen.[7]

Herri kulturan

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nixonen iturginak askotan gogoratu izan dira boteretik eginiko maniobra zikinen ikur bezala. Euskal Herrian, esate baterako, ohikoa bihurtu da boteretik hurbil irregulartasunak egiten dituzten pertsonak iturgin izendatzea.[8][9]

2023 urtean, White House Plumbers telesailak talde honen nondik norakoak erretratatu zituen, kode umoretsuan.[10]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. «The Plumbers» The New York Times July 22, 1973.
  2. Dean, John W. The Nixon Defense, p. 663n. Penguin Group, 2014. ISBN 978-0-670-02536-7.
  3. Garment, Suzanne. (April 13, 2018). «Cohen Makes Nixon's Fixers Look Like Amateurs» Real Clear Politics.
  4. Abuse Of Power, by Stanley Kutler, (Free Press 1997) Simon and Schuster 1999, page 28.
  5. (Gaztelaniaz) «Watergate: quiénes fueron los "plomeros" cubanos implicados en la caída del presidente estadounidense Richard Nixon» BBC News Mundo (kontsulta data: 2025-05-12).
  6. (Ingelesez) Network, The Learning. (2012-05-11). «May 11, 1973 | Charges Dropped Against Pentagon Papers Leakers» The Learning Network.
  7. Dean, John W. (2014). The Nixon Defense, p. 13. Penguin Group. ISBN 978-0-670-02536-7.
  8. (Gaztelaniaz) Aristín, Txefe Martinez. (2014-01-28). «Jóvenes Burukides Bizkainos. Clientelismo y «fontanería» en el PNV. | Revista Hincapie» www.revistahincapie.com (kontsulta data: 2025-05-12).
  9. (Gaztelaniaz) Andueza, Iker Rioja. (2019-12-17). «Koldo Ochandiano y Tellería, dos 'fontaneros' del PNV de Álava asociados a De Miguel» ElDiario.es (kontsulta data: 2025-05-12).
  10. (Gaztelaniaz) «'Los fontaneros de la Casa Blanca': la parte cómica del caso Watergate» La Vanguardia 2023-05-04 (kontsulta data: 2025-05-12).