Eufrasia Eluvathingal
| Eufrasia Eluvathingal | |
|---|---|
| Bizitza | |
| Jaiotza | Kattoor, Thrissur (en) |
| Herrialdea | |
| Heriotza | Ollur (en) |
| Jarduerak | |
| Jarduerak | moja |
| Santutegia | |
| Abuztuaren 29a | |
| Ideologia eta sinesmenak | |
| Erlijioa | Erromatar Eliza Katolikoa |
Santa Eufrasia Eluvathingal (jaiotzez Rosa Eluvathingal; malabareraz: എവുപ്രാസ്യാമ്മ; Kattoor, Irinjalakuda, Thrissur barrutia, Kerala, 1877ko urriaren 17a – Ollur, Thrissur, Kerala, 1952ko abuztuaren 29a) indiar moja karmeldarra izan zen.
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Rosa Eluvathingal 1877ko urriaren 17an jaio zen Keralako Kattoor herrian, familia siro-malabar katoliko batean.[1] Eluvathingal Cherpukaran Anthony eta Kunjethyren bost seme-alabetatik zaharrena zen. Urriaren 25ean bataiatu zuten Edathuruthyko elizan eta Rosa izena jarri zioten, aitaren aldeko amonaren omenez.[2]
1888ko urriaren 24an, Koonammavuko nesken barnetegira joan zen, karmeldar ahizpek zuzentzen zuten eskolara.[2]
1897ko maiatzaren 10ean, karmeldarren San Jose komentuan sartu zen, Eufrasia Jesusen Bihotz Guztiz Santuarena erlijio-izena hartuz[1][2], eta 1898ko urtarrilaren 10ean karmeldarren abitua jantzi zuen.[1]
1904tik 1913ra San Jose komentuko nobizioen zuzendari gisa aritu zen, eta 1913tik 1916ra Ollurreko Santa Maria komentuko Ama Nagusia izan zen. Otoitz etengabeko bizitza eramaten saiatzen zen, eta jende askok «Otoitz egiten duen Ama» bezala ezagutzen zuen.[1][2][3] Familia Santuaren ikuspen bat izan zuela esaten da, eta orduan amaitu zela aspalditik sentitzen zuen gaixotasuna.[2]
1952ko abuztuaren 29an hil zen, 74 urte zituela. 1990ean bere hilobia ireki zuten, eta gorpua komentuko kaperara eraman zuten.[1]
Kanonizazioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2006ko abenduaren 3an dohatsu izendatu zuten Ollurreko San Antonio elizan, Varkey Vithayathil artzapezpiku nagusiak Benedikto XVI.a aita santuaren izenean egindako adierazpenaren bidez.[1][4]
2014ko azaroaren 23an San Petri plazan egindako meza berezi batean, Frantzisko aita santuak Eufrasia kanonizatu zuen.[4][5] Abuztuaren 29an San Joanes Bataiatzailearen burua moztea ospatzen denez, Santa Eufrasia eguna abuztuaren 30era aldatu da.[6]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- 1 2 3 4 5 6 (Ingelesez) «Bl. Euphrasia of the Sacred Heart of Jesus (1877-1952)» The Holy See (kontsulta data: 2025-11-04).
- 1 2 3 4 5 (Ingelesez) «Saint Euphrasia Eluvathingal» Kerala Catholic Bishops' Council (KCBC) (kontsulta data: 2025-11-04).
- ↑ (Ingelesez) «Cured Cancer Patient Recalls Miraculous Intercession Of ´Praying Nun´» UCA News 2006-12-04 (kontsulta data: 2025-11-04).
- 1 2 (Ingelesez) «Sister Euphrasia Eluvathingal, the "mother who prays," is Saint» AsiaNews 2014-12-06 (kontsulta data: 2025-11-04).
- ↑ (Ingelesez) «St Chavara and St Euphrasia mark a special sabbath for Kerala» The Times of India 2014-11-24 (kontsulta data: 2025-11-04).
- ↑ (Ingelesez) «Memorial of St Euphrasia Eluvathingal» PottyPadre 2022-08-24 (kontsulta data: 2025-11-04).