Eugène Ionesco

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Eugène Ionesco
Eugène Ionesco
Datu pertsonalak
Jatorrizko izena Eugen Ionescu
Jaio 1909ko azaroak 26
Slatina (Errumania)
Hil 1994ko martxoak 28
Paris (Frantzia)

Eugène Ionesco (Slatina, 1909ko azaroak 26[1] - Paris, 1994ko martxoak 28) errumaniar jatorriko frantses idazlea izan zen. Zentzugabekeria oinarri hartuta antzerkia egiten duten idazleen artean aipagarriena izan zen. Bere lanetan agertzen zen umoreak ez zuen harrera onik izan hasieran, baina bere lanetan agertzen zuen munduaren ikusmoldea gizarte maila guztiek onartu zuten. Gizarteak errealitaterik ez du Ionescorentzat eta haren azpian dagoen ezereza nabarmen uzten du antzerki lanetan.

Biografia eta lanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aita errumaniarra zuen, eta ama frantsesa. 1938an, Parisa joan zen doktoregoa prestatzera, eta han gelditu zen bizitzen. Parisen egin zuen debuta, La Cantatrice chauve (1950, «Abeslari burusoila») antzezlanarekin. Ekitaldi bakarreko komedia da. Egileak berak antikomedia gisa definitu zuen. Surrealismoaren ezaugarriak ditu, hizkerari dagokionez, batez ere. Oso obra komikoa da; komikotasun hori, esanahian baino areago, absurduan oinarritzen da, eta horixe da, hain zuzen, Ionescoren obra osoaren ezaugarrietako bat. Egilearen arabera, ingelesa ikasteko metodo batetik atera omen zuen antzezlanaren ideia —Assimil metodotik, errepikatu beharreko galderak eta erantzunak dituen metodotik—: hainbeste esapide usadiozko, klixe eta topiko metatzen dira obran, non guztiz barregarria gertatzen baita. Barregarritasuna larria da, ordea: hizkuntzaren erabilerak irrigarri utziz, apurtuz, gure erreferentzia-sistema ere osorik hausten baita. Hala ere, ia berrogei urte egin ditu obra horrek Parisko Huchette antzokian, marka guztiak gaindituz. Frantziatik kanpo ere, oso maiz taularatzen den obra da.

Hurrengo antzerki-lanetan eduki metafisikoa da nagusi, bai ekitaldi bakarreko antzezlanetan —La Leçon (1951, «Ikasgaia»), Les Chaises (1952, «Aulkiak»), Victimes du devoir (1953 «Eginbeharraren biktimak»)-, bai hiru ekitaldikoetan -Amédée ou Comment s'en débarrasser (1954, «Amedeo edo nola libratu»), Jacques ou la sumision (1955, «Jacques edo men egitea»)—. Obra horietan guztietan, errealitaterik gabekotzat agertzen du Ionescok gizartea, eta sakoneko hustasun hori ikusarazteko asmo bakarraz, ez bestela, irudikatzen ditu gizartearen ageriko alderdiak. Aulkiak lanean, adibidez, komunikaziorik ezaren, bakardadearen eta erabateko hutsunearen larritasuna agertzen dira: bikote zahar bat, uharte bakarti bateko itsasargi batean bizi dena, bilera jendetsu bat asmatzen ari da eta, azkenean, aulkiz bete-betea eta inor gabe geratzen da agertokia.

1957koa da Tueur sans gages («Alogera gabeko hiltzailea»), eta 1959koa Rhinoceros («Errinozeroak»), agian arrakastarik handiena izan duen Ionescoren komedia. Antzezlan batean zein bestean, esplizitua da egilearen mezua. Izan ere, obra horiekin, aurreko bidea utzi, eta sinbolismoaren aldera egin zuen Ionescoren antzerkiak. Errinozeroa gizatasuna galtzearen eta taldekeriaren alegoria da. Hiri oso batez jabetzen dira zenbait gaitz, eta errinozero sentikortasunik gabeak bihurtzen dituzte herritarrak.

Lan horren arrakastak eman zion segurtasunarekin, obsesio barnekoenak hasi zen Ionesco taularatzen, heriotzaren ikara, batez ere. Le roi se meurt (1962, «Erregea hilzorian») du, beharbada, komedia ezagunena, baina pisu filosofiko gehiegizkoa hartzen du Ionescoren antzerkiak, eta hasierako freskotasuna eta erakargarritasuna galtzen ditu.

Obra autobiografikoak ere idatzi zituen eleberri moduan: Le solitaire (1973, «Bakartia») eta Voyage chez les morts (1980, «Hilen herrian gaindiko bidaia»).

Euskarara itzuli dira La Cantatrice chauve («Abeslari burusoila»[2]), La Jeune Fille à marier («Neskatilla ezkongai»[3]) eta Le Salon de l'automobile («Auto erakusketa»[4]).

Absurduaren antzerkia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1950etik aurrera, bizilekua, eta hizkuntza, Frantzian hartua zuten bi atzerritarrek, Eugène Ionesco errumaniarrak eta Samuel Beckett irlandarrak hankaz gora jarri zuten frantses antzerkigintza. Ideia, mezu eta eztabaiden antzerki existentzialistaren ondoren, Ionescoren eta Becketten absurduaren antzerkia etorri zen, bizitasun harrigarriaz. Geroxeago, beste bi atzerritarrek, Arthur Adamov armeniarrak eta Fernando Arrabal espainiarrak, osatuko zuen bidea urratu zuten.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Eugene Ionesco's life Ionesco.org
  2. Eugène IONESCO: Abeslari burusoila Euskaratzailea: Jon Muñoz, Ibaizabal, 2001. Armiarma.eus
  3. Eugène IONESCO: Neskatilla ezkongai Euskaratzailea: Antonio M. Labayen, Egan, 1/6-1964. Teatro-testuak.com
  4. Eugène IONESCO: Auto erakusketa Euskaratzailea: Arantxa Hirigoien, SUSA literatur aldizkariaren 32. zenbakia. Andima.armiarma.eus

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Eugène Ionesco