Europar Batasuneko Kontseilua

Wikipedia, Entziklopedia askea
Europar Batasunaren Kontseilua» orritik birbideratua)

Ez nahasi Europar Kontseiluarekin edota Europako Kontseiluarekin.

Europar Batasuneko Kontseilua
Datuak
MotaEuropar Batasuneko Erakundeak, botere betearazlea, botere legegilea eta Goi ganbera
HerrialdeaEuropar Batasuna
Jarduera
KidetzaLiburutegien Elkarte eta Erakundeen Nazioarteko Federazioa
Aulki-kopurua27
Erabilitako hizkuntzafrantses eta ingeles
Agintea
Egoitza nagusi
Osatuta
JabeaEuropar Batasuna
Zeren jabe
Historia
Sorrera1957
Ordezkatzen duSpecial Council of Ministers (en) Itzuli
webgune ofiziala
Facebook: eucouncil Twitter: eucouncil Instagram: eucouncil LinkedIn: eucouncil Youtube: UCLPG_xkgSWeWnOhBsi-jxCA Edit the value on Wikidata

“EB-aren Kontseilua” ,“Kontseilua” edo “Ministroen Kontseilua” izenez ezagutzen den eskumen politiko eta araugileak dituen eta borondatea propioa duen Europar Batasuneko jatorrizko instituzioa da[1]. Kontseiluan Estatu kideen ministroak parte hartzen dute eta bere Estatuen interes nazionalak ordezkatzen dituzte, hau da, estatuen borondatea adierazten dute[2].

Kontseiluak bere gain hartzen ditu bai legegintza eta aurrekontugintza, bai eta politikak definitzea eta Batasuneko koordinazioa ere. Halaber, eginkizun garrantzitsu eta anitz hartzen ditu bere gain. Kontseilua Europar Batasuneko Tratatuaren (EBT) 16. artikuluan eta Europar Batasuneko Fuzntzionamenduaren Tratuaren (EBFT) 237. artikulutik 243.era[3] bitartekoetan arautzen da.

Europar Batasunaren Kontseiluaren inguruan hitz egiterakoan, ezin ditugu Kontseilua, Kontseilu Europarra eta Europako Kontseilua nahastu[4]. Esan bezala, Kontseilua ministroek parte hartzen duten instituzio bat da, legegintzaz eta aurrekontugintzaz arduratzen dena[5]. Kontseilu Europarrean, aldiz, Estatu kideen gobernuburuek eta estatuburuek parte hartzen duten Batasuneko beste instituzio bat da, Europar Batasunaren norabide orokorrak zehaztuz orientazio orkorrak ematen dituena[6].  Azkenik, Europako Kontseilua ez du Europar Batasunarekin zerikusirik, nazioarteko erakunde bat baita.

Osaera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Europar Batasuneko Tratatuaren 16.2. artikuluaren arabera, Estatu kideetako bakoitzak ordezkari bat izango du, ministro mailakoa. Ordezkari horiek bere estatuko gobernua konprometitzeko adinako ahalmena izango dute, baita botoa emateko eskubidea ere[7].

Artikulu horretatik, lehenik eta behin Estatu bakoitzeko barne zuzenbideari erreparatu behar diogula ondorioztatzen da, izan ere, Estatu bakoitzaren barne zuzenbideak zehaztuko du nor den gobernu horren partaide zehatza. Bestetik, ministro mailako partaidetza malgutasunez ulertu behar da, barne mailako Erregioen ordezkariek ere parte har dezaketelako, betiere Estatuko gobernuak horrela baimentzen badu. Gainera, aipatutako artikulu horretatik ondorioztatzen da Gobernu kideren bat bertaratu ezin bada, beste Estatu batek ordezkatu ahal duela. Ordezkatze honen helburua Estatu kideen erdiak bozkaketan parte hartzea bermatzea da.  Azkenik, ondorioztatu behar da Kontseiluaren osaera aldakorra dela gaien arabera. Hori dela eta, Ministro bat baino gehiagok parte har dezakete kontseiluaren formazio berean, hori bai, hitz egiteko txanda eta boto batekin.

Kontseiluaren osaerari dagokionez, Gaur egun 10 osaera daude.  Europar Batasuneko Tratatuaren 16.6. artikuluak aurreikusten du kontseiluak formazio (talde) ezberdinetan biltzen dela. Artikulu horrek Kontseilu Europarrari Kontseiluaren osaerak sortzeko eskumena esleitzen dio, eta, aldi berean, gutxienez bi aitortzen ditu, lehendik bazeudenak eta de facto bananduak daudenak, hala nola, Gai Orokorrak eta kanpo Gaiak.

Osaera garrantzitsuena Kanpo Gaikoa da (gehien biltzen den osaera) eta osaera horretara Kanpo Gaiko ministroak joaten dira, eta Batasuneko atzerri eta segurtasun politikako Goi-Ordezkaria du buru, egun Josep Borrell.

Gai Orokorren Kontseilua Europar Batasunaren antolamenduaz eta funtzionamenduaz arduratzen da. Gobernu bakoitzaren arabera, prestakuntza horretara Europako Gai-ministroak edo atzerri ministroak joaten dira. Horrez gain, EBTren 16.6 artikuluak beste osaeren lanen koherentzia zaintzeko eta Kontseilu Europarraren bilerak konpontzeko agindua ematen dio, baita ere Kontseilu Europarreko lehendakariarekin eta Batzordearekin batera lanean jarraituko duela ere bermatzeko.

Aipatu beharreko beste osaera bat Finantza eta Ekonomia Gaiak da, “EcoFin” izenekoa, hau da, estatu kideen ekonomia eta aurrekontu-politikari jarraitzeaz arduratzen dena da, Ekonomia eta Diru Batasunaren orientabideekin bat etortzeko.

Kontseiluaren osaera aldakor horrek koordinazioa, homogeneotasuna eta jarraipena eskatzen du, horretarako bi organo laguntzaile daudelarik: alde batetik Ordezkari Iraunkorren Komitea (COREPER). Horrek, Kontseiluaren lanak prestatzen ditu, etengabe lanean dagoelarik. Bestetik, Kontseiluaren Idazkaritza Orokorra dago, 3.000 funtzionarioen administrazioa dena.

Presidentetza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Presidentetzari eginkizun politikoa ematen zaio, eta Erkidegoko presidentzia duten estatu kideek sei hilabeteko txandetan hartuko dute bere gain. Sistema horrek desberdinen arteko txandakatzea bermatu nahi du[8]. Lisboako erreforma indarrean jartzearekin batera beste aldaketa batzuk ere egin dira: sistema duala egongo da, kontseiluko osaera guztietan eta barne organoetan txandakako presidentetzak izango dituena, eta, aitzitik, Atzerri Arazoetako Kontseiluko presidentetza iraunkorra Batasuneko Goi-Ordezkariaren kargura egongo da, kanpo-ekintzaren arloan ikusgarritasun, koherentzia eta eraginkortasun handiagoa lortzeko. Txandakatze-sistema orokorraren bigarren salbuespena Eurotaldea da[9][10].

Kontseiluaren presidentetza funtzio politikoa da (eta ez ohorezko maila hutsa), eta Estatuari lanak koordinatzeko eta zuzentzeko ahalmena ematen dio, bai eta interes nazionalak eta ordezkaritza-interesak bultzatzeko eta bateratzeko ahalmena ere[11]. Izan ere, bere funtzioak bi eremu orokorretan banatu ditzazkegu. Alde batetik, lan antolaketa, koordinazioa eta zuzendaritza eta bestetik, sustapen eta kontziliazio jarduerak gauzatzea inpartzialtasuna mantenduz. Hau da, orain arte presidentetza izan da “EBren motor politikoa”, eta bere gain hartu du lanak bultzatzeko eta programatzeko eginkizuna, aldi berean guztion interesak bateratzen saiatuz[12].

Ordezkari Iraunkorren Komitea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Justus Lipsius eraikina, Kontseiluaren egoitza

Idazkaritza Nagusiak Kontseiluari ematen dion laguntza tekniko eta juridikoari kalterik egin gabe, Tratatuek Ordezkari Iraunkorren Komitearen esku utzi dute «Kontseiluaren lanak prestatzea eta hark esleitzen dizkion zereginak betetzea» (16.7 EBT eta 240 EBFT).

Europako Erkidegoak sortu zirenetik, Kontseiluko kideek ulertu zuten aldiro egiten diren bilera batzuetan ezin izango zutela, beren kabuz, konplexutasunak, teknizismoak, aniztasunak eta ugaritasunak markatutako erabakiak hartu.

COREPER izenekoa, estatu kideetako ordezkariek osatzen dute, eta, zehazki, Europar Batasunean egiaztatutako estatu kide bakoitzeko ordezkaritza iraunkorreko enbaxadore modukoak. Ordezkari iraunkorren eginkizunen berezitasunetako bat betetzen dituzten zereginen dualtasuna da.

Alde batetik, Europar Batasuneko instituzioen aurrean Administrazioaren jarduerak koordinatzeko erantzukizunak hartzen dituzte beren gain, eta, beraz, beren estatuei lotuta daude, eragile nazionalak diren aldetik, beren gobernuaren agindupean jarduten baitute eta interes nazionalak ordezkatzen eta defendatzen baitituzte.

Baina, bestetik, izaera komuneko organo bateko kide gisa, hau da, COREPEReko kide gisa, konponbideak bilatzen dituzte beste Ordezkari Iraunkorrekin batera, Batasunaren interesa lehenetsi behar dute.

COREPER-rek bi zatitan banatzen du bere bilkuretako gai-zerrendaren edukia; juridikoki, COREPER bakarra dago, baina barne-antolakuntzari dagokionez, bi osaera desberdin banatzen du gai-zerrenda, eta modu autonomoan tratatzen du:

  • COREPER I (edo lehen zatia), Ordezkari Iraunkor ondokoek osatua.
  • COREPER II (edo bigarren zatia), Ordezkaritza Iraunkorretako buruek osatua.

COREPER-rek ehunka lantalde sortu ditu (iraunkorrak edo ad hoc). Talde horiek eztabaidatzeaz eta erabakiak teknikoki prestatzeaz arduratzen dira; Ordezkaritza Iraunkorretako kideek eta, behar izanez gero, xede horretarako lekualdatutako administrazio nazionaleko funtzionarioek osatzen dituzte. Presidentetza estatu kideko enbaxadoreak izango du, baldin eta Kontseiluan duen ordezkariak presidentetza bere gain hartzen badu, lantaldeetan txandaketa berari jarraituz. Horrenbestez, Kontseiluaren, COREPER-ren eta lantaldeen presidentetzak nazionalitate bereko pertsonek gauzatzen dituzte, kide diren Ordezkaritza Iraunkorrean taldean lan egitera ohituta daudenak, eta horrek koherentzia eta lanen jarraitutasuna ahalbidetzen ditu.

Batzordea ere gonbidatuta dago bere bilkuretan parte hartzera. Halaber, Europako Banku Zentralari parte hartzeko gonbita egiten zaio bere ekimeneko proposamenak eztabaidatzen direnean.

Eskumenak[13][aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kontseiluaren eskumenak zeintzuk diren zehazteko, EBTratatuaren 16.1 artikuluari erreparatu behar zaio. Horren arabera, Kontseiluak legegintza eta aurrekontugintza beteko ditu Europako Parlamentuarekin batera, eta politikak zehazteko eta koordinazio-lana egiteko eginkizunak beteko ditu.

Legegintza funtzioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kontseiluaren legegintza eskumena, Batzordearen ekimenarekin eta Europako parlamentuarekin batera ulertu behar da: Alde batetik Kontseiluak eta Parlamentuak prozedura arruntaren bidez onartutako lege-egintzak, eta bestetik, Kontseiluak bakarrik onartutako lege-egintzak prozedura berezi baten bidez. Beraz, bi prozedura aurreikusten dira Kontseiluren legegintza ahalmenari dagokioenez, Prozedura baten edo bestearen erabilera aurrez kasuz-kasuz zehaztuta dago Tratatuetan; beraz, erakundeek ez dute aukeratzeko askatasunik.

Legegintza Prozedura Arrunta (LPA)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

EBFTaren 289.1. artikuluan zehaztuta dago LPA. Batzordeak proposamena bidaltzen die Parlamentu eta Kontseiluari. Bakoitzak, bere aldetik proposamena landuko du eta bi instituzioek batu eta biok batera onartuko dute erregelamendu, zuzentarau edo erabakia, erabaki hori lege-egintza izango delarik

Legegintza Prozedura Berezia (LPB)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kontseiluaren edo Europako Parlamentuaren nagusitasunagatik bereizten da. Legegintza prozedura horretan, Batzordeak proposamena egiten du eta Kontseiluak edo Parlamentuak onartuko dute Erregelamendua, Zuzentaraua edo Erabakia. Kasu gehieneta,n Legegintza prozedura berezian Kontseilua da nagusi eta  Parlamentu Europarrak aurretiazko kontsulta edo onespena emango du, baina azken horrek ezingo du ezer aldatu. Parlamentuak hartuko balu erabakia aldiz, Kontseiluak onespena emango du, baina ezingo du ezer aldatu. Berriro ere, prozedurako emaitza lege-egintzak izango dira.

Horrez gain, EBFTratatuaren 290.1 artikuluaren arabera, Kontseiluak eta Europako Parlamentuak botere legegilea Batzordeari eskuordetu ahal diote, baina egintza horiek ez dira lege-egintzak izango, baizik eta legez besteko egintzak edo lege egintzak ez diren beste egintzak, legegintza prozedura baten bidez onartu ez direlako.

Exekuzio funtzioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nahiz eta exekuzio lanak Estatu kideen esku egon, Kontseiluak edo Batzordeak subsidiarioki (betearazteko baldintza uniformeak behar direnean) exekuzioa lanak burutu dezakete, EBFTratatuaren 291. artikuluaren arabera.

Politiken definizio eta koordinazio funtzioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kontseiluak orientazio orokorrak zehazten ditu, politikak oso modu zabalean definitzeko eta koordinatzeko ahalmena izanik. Horrela, koordinazio eskumenak ditu hainbat kasutan, hala nola estatu kide bakoitzaren eta Batasunaren bilakaera ekonomikoa gainbegiratzea, bai eta politika ekonomikoen eta orientabide orokorren arteko koherentzia gainbegiratzea, enplegurako estrategiak koordinatzea, eta abar. Eskumen hori egikaritzeko lege-egintzak ez diren egintzak onartzeko gaitasuna du.

Kanpo ekintzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kontseiluak erantzunkizuna du kanpo ekintzetan. Batasunak aurrera eramandako ekintzen batasuna, koherentzia eta eraginkortasuna zaindu behar ditu. Horregatik, Kontseiluari dagokio, funtsean, kanpo-ekintzaren erantzukizuna betetzea, baita kanpoko harreman ekonomikoetan eta atzerri eta segurtasun-politika erkidean ere.

Bestalde, Kontseiluari dagokio Europar Batasunaren nazioarteko tratatuen negoziazioak hastea, erabakitzea eta onartzea. Oro har, lehenik eta behin Parlamentuaren aldez aurretiko onespenarekin, EBFTren 218. artikuluaren arabera.

Bozka prozedurak[13][aldatu | aldatu iturburu kodea]

EBko Kontseiluaren bilkura gela.

Tratatuek hainbat sistema aurreikusten dituzte Kontseiluak erabakiak hartzeko, hain zuzen gehiengo simplea, gehiengo kualifikatua eta ahobetekotasuna.

Gehiengo simplea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gutxitan erabiltzen da, hala nola Kontseiluaren barne erregelamenduaren onarpenetan, Prozedurazko gaietan edo Europar Batasuneko Justizia Auzitegian helegiteak aurkezteko. Gehiengo sinpleak esan nahi du estatu bakoitzak boto berdina duela, eta, kasu honetan, Kontseilua osatzen duten kideen gehiengoaren aldeko botoa ematen dutenean lortzen da.

Gehiengo kualifikatua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kontseiluak erabakiak hartzeko gehiengo kualifikatua erabiltzen da gehienetan, izan ere, gehiengo kualifikatuz bozkatzen da beti, Tratatuak bestela xedatu ezean. 2014ko azaroaren 1etik aurrera, Batzordeak proposatutako egintza bat gehiengo kualifikatuz onartzeko, beharrezkoa izango da Estatu kideen %55a, hau da 27 Estatu kidetik, 15, eta aldi berean populazioaren %65a. Kontseiluak Batzordeak proposaturik gabeko egintza bat gehiengo kualifikatuz onartzeko, aldiz, beharrezkoa izango da Estatu kideen %72a , hau da, 27 Estatu kidetik, 20, eta  populazioaren %65a lortzea.

Ahobetekotasuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Garrantzi bereziko erabakietarako aurreikusten da, hala nola kanpo-politika, defentsa, gizarte-segurantza, eta abar. Estatu bakoitzak erabakiak ezeztatzeko gaitasuna du, eta abstentzio eraikitzailearen figura sartzen da hemen. Hau da, abstentzioek ez dute eragozten erabakiak hartzea ahobatezkotasuna eskatzen denean ( EBFT 238.4. artikulua).

EBTren 48.7. artikuluan ikus daitekeenez, ahobetekotasuna progresiboki abandonatzeko edo desagertzeko joera dago; izan ere, Kontseilu Europarrak erabaki dezake Kontseiluak ahobetekotasuna beharrezkoa duen prozedura zehatz batean, instituzio horrek gehiengo kualifikatua erabili behar izango duela.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. López Castillo, A. (2020). Instituciones y Derecho de la Unión Europea Volumen I. Instituciones de la Unión Europea 3a Edición 2020 (A. López Castillo,  3rd ed.). Editorial Tirant lo Blanch. (424-426. orr)
  2. Navas Castillo, A., & Navas Castillo, F. (2005). Derecho constitucional. Estado constitucional. Editorial Dykinson, S.L.(196-198. orr)
  3. Versión consolidada del Tratado de Funcionamiento de la Unión Europea. BOE.es. (107-109. orr)
  4. Gutiérrez Espada, C., Piernas López, J. J., & Cervell Hortal, M. J. (2019). La Unión Europea y su derecho. Editorial Trotta.(125. orr)
  5. Escobar Hernández, C. (2020). Instituciones de la Unión Europea 3a Edición 2020 (3rd ed.). Editorial Tirant lo Blanch.(122. orr)
  6. Camisón Yagüe, J. Á. (2011). Lecciones básicas de derecho e instituciones de la Unión Europea. Universidad de Extremadura. (73. orr)
  7. Mangas Martín, A., & Liñán Nogueras, D. J. (2017). Instituciones y Derecho de la Unión Europea (9th ed.). Tecnos. (337-339.orr)
  8. Escobar Hernández, C. (2020). Instituciones de la Unión Europea 3a Edición 2020 (3rd ed.). Editorial Tirant lo Blanch.(125. orr)
  9. Camisón Yagüe, J. Á. (2011). Lecciones básicas de derecho e instituciones de la Unión Europea. Universidad de Extremadura. (80. orr)
  10. Consejo de la Unión Europea: funciones | Unión Europea. European Union.
  11. Mangas Martín, A., & Liñán Nogueras, D. J. (2017). Instituciones y Derecho de la Unión Europea (9th ed.). Tecnos. (340-341.orr)
  12. López Castillo, A. (2020). Instituciones y Derecho de la Unión Europea Volumen I. Instituciones de la Unión Europea 3a Edición 2020 (A. López Castillo,  3rd ed.). Editorial Tirant lo Blanch. (432-448. orr)
  13. a b Mangas Martin, Araceli eta Diego J. Liñan Nogueras (2020), Instituciones y Derecho de la Unión Europea, 10. ediz, Tecnos, Madril. 352-355. orrialdeak

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Europako Batasuneko Kontseiluaren webgune ofiziala (Bulgarieraz) (Txekieraz) (Danieraz) (Alemanez) (Estonieraz) (Grezieraz) (Ingelesez) (Gaztelaniaz) (Frantsesez) (Gaeleraz) (Italieraz) (Letonieraz) (Lituanieraz) (Hungarieraz) (Malteraz) (Nederlanderaz) (Polonieraz) (Portugesez) (Errumanieraz) (Eslovakieraz) (Eslovenieraz) (Finlandieraz) (Suedieraz)