Euskal Haziak

Wikipedia, Entziklopedia askea
Angeluko Stella Maris ikastetxea, Euskal Hazietako kidea

Euskal Haziak Iparraldeko ikastetxe katolikoetan euskarazko irakaskuntza bultzatzeko asmoz 1983an sortutako elkartea da. Hizkuntza-eredu elebiduna erabiltzen du, aldeak alde Hegoaldeko B eredutik hurbil dagoena.

Ipar Euskal Herrian euskarazko hezkuntza eskaintzen duten beste bi sareen gisa, urtero handituz doa. 2009-2010 ikasturtean, esaterako, 3 eskola sartu dira elkartean (San Mixel Donazaharren, Bihotz Sakratua Milafrangan, Largenté Baionan) eta Jondoni Bixintxo kolegioa Hendaian; horretaz gain Baigorrin ikastetxe berri bat eraikitzen ari dira.

2010-2011 ikasturterako eskola elebidun bakarra zabaldu du, Irisarrin.[1]

2016tik elkarteko presidentea Aña-Mari Irungaray da.

Garapena eta kideak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2008-2009 ikasturtean elkarteak 1786 ikasle zituen eskoletan, 497 kolegioetan eta 64 lizeoetan. 2001-2002an[2] kopuruak hauexek ziren: 1114, 243 eta 28 hurrenez hurren; 2004-2005ean, aldiz 1442, 331 eta 55; urtero, beraz, emendatzea izaten ari da, emeki bada ere: kontuan izan behar da frantses hezkuntza-administrazioak askotan ez dituela onartzen euskarazko sareetatik eskatzen diren giza-baliabideen, irakasleen, handitzeak.

2010-2011 ikasturtean eskola giristino pribatuetan 4203 ikasle daude eta horietatik 1918 (%45) adar elebidunetan ari dira. Bigarren Hezkuntzan ehunekoak beheraka doaz: kolegioetan %26 eta lizeoetan %7.

2015etik, elkartea bost sareetan zatitua da : BAB (Baionako eskualdea), Errobi (Uztaritzeko eskualdea), Hazparneko lurraldea (Hazparneko eskualdea), Xiberoa eta Baxenabarre (Mauleko eskualdea) eta Urdazuri (Hendaiako eskualdea).

Ikastetxeak non[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Elkarlana[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ipar Euskal Herrian euskarazko irakaskuntzak ikasturte orotan frantses administrazioaren aldetik pairatzen dituen arazoei aurre egiteko, arlo horretan lan egiten duten beste bi elkarterekin (Biga Bai hezkuntza publikoko adar elebidunetako gurasoen elkarteetako bat eta Seaska ikastoletakoa) Hiru Sareta deritzon bilgunea sortu du. Beste aldetik, EKEren (Euskal Kultur Erakundea) nahiz Kontseiluaren kidea da.

Hego Euskal Herriko Kristau Eskola sarearekin topaketak izaten ditu eta Euskal Curriculuma[3] deitu dena sinatu zuen 2008an. Uda Leku elkarteak antolatzen dituen negu eta udako ateraldi eta barnetegietan ere parte hartzen du.

Bretainiako irakaskuntza katolikoan bretoierazko adarrak bultzatzen dituen Dihun elkartearekin sarritan elkarlana garatzen du.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]