Euskal Herriko Naziotasun Aitormena

Wikipedia, Entziklopedia askea

Euskal Herriko Naziotasun Aitormena (EHNA) Udalbiltzak jaulkitzen zuen agiria da, 2001ean sortua. Agiri horrek Euskal Herria bere horretan aintzat hartzen duen edonork egin zezakeen, eta Espainia zein Frantziako agirien ordezkoa izan nahi du Euskal Herrian.

Ekimenaren jatorria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1948ko Giza eskubideen aldarrikapen unibertsaleko 15. artikuluan oinarritzen da EHNA. Bertan pertsona orok du herritartasuna izateko eskubidea esaten da. Eta inori ezingo zaio arrazoirik gabe herritartasuna kendu, ezta herritartasuna aldatzeko eskubidea ukatu ere jarraitzen du. Euskal Herriko hainbat herritarrek Euskal Herrian eskubide hau urratu egiten dela ondorioztatu eta Bai Euskal Herriari ekimena sortu zuten, herri ekimen moduan. Ekimen honek 1999an eskubide hau bete zedin eskatzen zuten 125.000 sinadura jaso zituen. Sinadura guzti horiekin Udalbiltzari eskatu zioten agiri bat sortu zezan.

Norabide horretan Udalbiltzak eginiko II. Batzar Nagusian agiria egitea erabaki eta prozedura jarri zuen martxan.

2009ko ekainean egiteari utzi zitzaion 58.500 ale egin zirelarik.

Adierazpena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

EHNA ez da karnet bat, adierazpen bat baizik. EHNA egiten duen orok bat egiten du adierazpen horrekin eta horretarako ematen zaio agiria. Adierazpenak honakoa dio hitzez hitz:

Nik, euskal herritarra naizen honek, zera aldarrikatzen dut:

Euskal Herria Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako, Nafarroa Behereko eta Garaiko, Lapurdiko eta Zuberoako lurraldeez osaturiko herria da.

Euskal Herriaren hizkuntza euskara da, denon begirune osoa behar duena, eta euskal lurralde osoan estatus ofizial nahikoa izan behar du.

Euskal Herria bere buruaren jabe da, nazio beregain eta librea, eta demokratikoki erabakitzeko eskubidea du.

Adierazpenaren ondoren aitormen bat dator, honakoa dioena:

Ni euskal herritarra naiz eta euskal naziotasunaren jabe naiz. Oharmen, nahimen eta erabakimen osoz, Euskal Herriaren bizitzako partaide naiz, eta guztiz aintzakotzat hartzen dut Euskal Herriaren berezko izaera eta beregain bizitzeko borondatea, bai egungoa eta bai etorkizunekoa.

EHNA norberak sentitzen duen naziotasuna jendaurrean adierazteko agiriek osatzen dute (aitormenak eta sakelako euskarriak). Adierazpena eta aitormena jasotzeaz gain, herritarraren irudia eta datuak ere islatzen ditu. Udalbiltzari dagokio naziotasuna aitortzen duen herritarrak emaniko datuak egiazkoak direla bermatzea. Sakelako euskarrian jabearen irudia eta datuak azaltzen direnez gero, edozeinen aurrean fidagarritasun osoz identifikatzeko balio du, nahi izanez gero.

Udalbiltzak 2001ean sorturiko ekimena aurrera doa. EHNAren izapidea zabaldu egin da eta, egun, hainbat udalek eta udal hautetsik hartu du bere gain naziotasun aitormenaren agiriaren izapidea. Zerbitzu publiko honen bermea gauzatu da 2005ean Euskal Herriko zazpi lurraldeetan.

Izapidea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

EHNA tramitatzeko jarraitu beharreko pausoak honakoak ziren:

  • Errolda agiri bat lortu, norberaren bizilekukoa.
  • Hiru argazki.
  • 15 euro ordaindu.
  • Eskaera bete non aurreko adierazpenari baiezkoa ematen zitzaion.

Tramitatzeko hainbat bulego zuen Udalbiltzak Euskal Herri osoan. Berauen zerrenda hemen dago eskuragarri.

EHNAren inguruko polemika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

EHNAren aurkako ahotsak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

EHNA argitara atera eta berehala kezka handiak agertu ziren hainbat sektore politikotan (batez ere PP eta PSOErengan eta euren hurbil daudenengan). Adierazpen askotan EHNA erabiltzea ETAren estrategiarekin bat egitea zela esaten zen.

Berarekin identifikatu edo bozkatu nahi izan duten pertsonen aurka eta baita ere hau onartu duten hauteskunde mahaien aurkako ekimenak ireki dira, baita hauteskundeak inpugnatu ere. Horietako kasu bat EHUn eman zen, hainbat ikasle euren burua EHNArekin identifikatu zenean.

EHNAren aldeko dinamika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

EHNAren alde ezker abertzaleko hainbat erakunde agertu ziren. Segik intsumisio dinamikak egin eta berau erabiltzeko deia luzatu zuen, adibidez. Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak ere bere kideak Euskal Herrira itzultzeko EHNA erabiltzeko deia egin zuen.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]