Euskal Herriko alpinismoaren historia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search

Euskal Herriko alpinismoaren historia Himalaian euskal alpinistek egindako ibilbideak nagusiki markatzen du neurri handi batean, han egonda munduko mendirik altuenak. Lehenengo igoerei dagokienez, 1980ko hamarkada izan zen garairik emankorrena, eta ondoren 1990eko hamarkada. Maiatza eta abuztua artean lortu zuten lehenengo tontor haiek 1988 arte, eta hortik aurrera irailean eta urrian ere erdietsi zuten gelditzen ziren mendiak.

1997ko azaroaren 30 arte, Gipuzkoa zen zortzimilako nagusien igoera gehien lortu zuen lurraldea, 39rekin. Ondoren Nafarroa 29rekin, Araba 28rekin eta Bizkaia 14rekin zeuden. Bertzela, Zuberoako mendizale bat ordezko gailur batera iritsi zen 1995ean.

EMF[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1924ko maiatzaren 18an Euskal Mendizale Federazioa (EMF) sortu zuten Elgetan, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako mendi-elkarteek sustatuta, "Federación Vasco-Navarra de Alpinismo" izenarekin. 1980ko hamarkadan, lurraldeka banatu zen elkartea.

1974an "Tximist"[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1974ko Tximist Espedizioa izan zen lehenengo saiakera Himalaia konkistatzeko. Taldea 16 kidek osatu zuten: Felipe Uriarte, Alfonso Alonso, Juan Ignacio Lorente, Luis Maria Saenz de Olazagutia, Francisco Lusarreta, Angel Vallejo Rosen, Juan Carlos Fernández, Luis Ignacio Domingo Uriarte, Julio Villar, Angel Landa, Luis Abalde, Ricardo Gallardo, Juan Kortazar, Angel Lerma, Rodolfo Kirch eta Fernando Larruquert-ek. Tximist baterien enpresa gasteiztarra izan zen diru-laguntzailea, Juan Zelaia oñatiarra babesle nagusia izan zelarik.

Maiatzaren 12an Felipe Uriarte eta Angel Vallejo Rosen espediziokideak gailurra lortzetik 320 metrora baizik ez ziren gelditu.

1979an lehenengoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

5 urte geroago, Nafarroako espedizio bat abiatu zen Iruñetik Dhaulagirira (8.167 m) igotzeko asmoz. Gregorio Ariz izan zen espedizio-burua, 8 urte lehenago lehenengo saiakera egin zutelarik. "Mendi zuri"ko tontorrera heldu ziren Iñaki Aldaya, Xabier Garaioa, Gerardo Plaza, Jordi Pons kataluniarra eta Ang Rita xerpa 1979ko maiatzaren 12an, mugarri historiko handia ezarriz.

Beste taldekideak Mari Abrego, Pitxi Egillor, Agustin Setuain, Trini Cornellana, Javier Garreta, Jose Ignacio Ariz, Angel Irigoien, Angel Martinez, Pilar Ganuza, Javier Sorozabal, Ramon Bramona, Joan Massons eta Jordi Colomer zeuden, azken hiru hauek kataluniarrak direla.

1980an Everest[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1980ko Everest Euskal Espedizioa ere arrakastatsua izan zen, eta lehenengo aldiz munduko sabaian euskal herritar bat ipintzea lortu zuten 1980ko maiatzaren 14an, Martin Zabaleta hain zuzen ere, Pasang Temba xerparekin batera iritsi zena.

Espedizioan, 5 gipuzkoar (Juan Ramon Arrue, Ricardo Gallardo, Joxe Urbieta "Takolo", Felipe Uriarte eta Martin Zabaleta), 3 arabar (Juan Ignacio Lorente espedizio-burua eta medikua, Ángel Vallejo Rosen eta Luis María Saenz de Olazagoitia "Petxu"), bizkaitar 2 (Kike De Pablo eta Emilio Hernando) eta 2 nafar (Xabier Erro eta Javier Garaioa) joan ziren.

Zortzimilakoen lehenengoen igoeren kronologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. 1979ko maiatzaren 12an: Dhaulagiri (8.167 m). Iñaki Aldaya, Xabier Garaioa eta Gerardo Plaza.
  2. 1980ko maiatzaren 14an: Everest (8.850 m). Martin Zabaleta.
  3. 1983ko abuztuaren 5ean: Nanga Parbat (8.126 m). Jose Luis Zuloaga "Zulu" eta Kike de Pablo.
  4. 1984ko maiatzaren 16an: Makalu (8.462 m). Mari Abrego eta Kike de Pablo.
  5. 1985eko maiatzaren 15ean: Cho Oyu (8.201 m). Juanjo Amezgarai, Juanito Oiarzabal, Iñaki Querejeta, Mikel Ruiz de Apodaka, Atxo Apellaniz eta Xabier Garaioa. Maiatzaren 17an Felipe Uriarte iritsi zen.
  6. 1986ko ekainaren 23an: K2 (8.611 m). Mari Abrego eta Joseba Casimiro.
  7. 1987ko abuztuaren 16an: Gasherbrum II (8.035 m). Juanito Oiarzabal eta Atxo Apellaniz.
  8. 1988ko maiatzaren 5ean: Kangchenjunga (8.586 m). Martin Zabaleta.
  9. 1988ko urriaren 3an: Annapurna (8.091 m). Pablo Aldai eta Juanfer Azkona.
  10. 1994ko uztailaren 23an: Broad Peak (8.047 m). Patxi Ibarbia.
  11. 1995eko uztailaren 16an: Gasherbrum I (8.068 m). Txetxu Lete eta Jose Ramon Lasa "Koke".
  12. 1995eko irailaren 27an: Lhotse (8.545 m). Alberto eta Felix Iñurrategi.
  13. 1996ko urriaren 11an: Shisha Pangma (8.027 m). Alberto eta Felix Iñurrategi eta Josu Bereziartua
  14. 1997ko urriaren 8an: Manaslu (8.163 m). Juanito Oiarzabal, Iñaki Querejeta, Natxo Fernandez eta Jose Ramon Lasa "Koke".

Lehenengo emakumeak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Amaia Aranzabal gipuzkoarra eta Pilar Ganuza nafarra izan ziren lehendabiziko emakumeak inoiz zortzimilako bat zapaltzea lortu zutenak. 1992ko irailean izan zen hain zuzen ere, mendi berean, Cho Oyun, bien artean egun gutxi batzuk igar zirelarik. Yolanda Martin nafarra hirugarrena izan zen, tontor berera hurrengo urtean igo zelarik.

14ak lortzen lehenengoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Juanito Oiarzabal arabarrak lortu zuen 14 zortzimilakoak burutzea 1999an, 1985ean lehenengoa igo zuelarik. Modu horretan, lehendabiziko euskal alpinista bilakatu zen balentria hori erdiesten.

Bere ondoren, Alberto Iñurrategi gipuzkoarra izan zen bigarrena marka hori lortzen 2002an, ibilbideari ekin ziolarik 1991an. Azkenik, Edurne Pasaban gipuzkoarra 2010ean lehenengo euskal emakume ez ezik mundu osoko lehendabizikoa izan zen ibilbide osoa lortu zuena, 2001ean hasi zelarik.

Hildako euskal alpinista batzuk[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • "Euskal Herria munduaren goiko mugetan" (Antxon Iturriza, 1998. "Pyrenaica" & "Egunkaria").
  • "Mendiminez" (Ramon Olasagasti, 2007. "Elkar").

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]