Euskal Herriko gatzagak
Euskal Herriko gatzagak gatza ur gazitik (zehatzago gatzunetik, ez baita ezagutzen kostaldeko gatzagarik euskal itsasertzean) ateratzeko egitura historikoak dira. Bi motatakoak egon dira Euskal Herrian, klimak eta eguzkiaren indarrak ezarritako baldintzengatik: uren banalerrotik iparraldera suan oinarrituak, eta hegoaldera eguzkiaren indarra lurruntze naturala darabilten gatzagak.
Eguzki lurrunketakoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hegoaldeko isurialdeko bi gatzaga ezagun dira 21. mendean ustiapena dutenak, Añanako Gatz Harana Gesaltzan (Araba), eta Jaizko gatzagak Nafarroa Garaian; eta Aguilar Kodeskoen artean gune batekoak ere erabiltzen dira (zeuden lauetatik).[1] Añanakoetan Gesaltza herrian interes turistiko eta antropologikoz gorde dira zenbait koadro ustiapenerako, eta ingurua bera, ikusgarria izanik, babesteko plangintza batekin kudeatzen da.[2]
Jaizko gatzagetan halaber, ustiapen ekonomiko pribatua egiten da baita ere 21. mendean.
Buradongo gatzagak, Arabako Errioxan, 19. mendean utzi zituzten ustiapen tradizionak gisa, baina gatzunak aprobetxamendu komertziala izan zuen gero ere.[3] 20. mendean desagertu ziren beste gatzaga batzuk: Aguilarren zeuden beste gatzagak, Obanoskoak,[4] Leringoak, Artetakoak (Ollaran), Galarkoak (Getze Galar), Tirapukoak[5] eta Ibargoitikoak (Getze Ibargoiti) Nafarroa Garaian.[6] Artetan lurrunketako koadro original batzuk geratzen dira, Gatzaga Buradonen eta Getze Ibargoitin erakustaldietarako koadro berri batzuk egin dituzte; eta Getze Galarren parke bat dago gatzagen tokian, tokiaren izena gogoratzen duena bakarrik.
Desagertutako beste ustiapen posible askoren arrastoa geratu da halaber Nafarroako toponimian, salera termino erromantzearen bidez.[7]
Beroketa artifizialekoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Suarekin gatzuna irakinez eta lurrunketaren ondoren gatza geratzen zeneko dorlak erabili izan dira Euskal Herrian Dorletako Gatzagetan (Leintz Gatzaga) eta Ugarreko gatzagetan (Ezterenzubi, baina Aintzilako herriari lotuak historikoki). Gipuzkoakoetan zortzi dorla egon ohi ziren,[8] eta Nafarroa Beherekoetan 29, kontzesio gisa kudeatuak.[9]
Ugarrekoak desagertuta daude, basoan putzu zaharra besterik ez da geratzen. Leintz Gatzagan Gatz Museoa egin dute eta dorla modernoak ere erabiltzen dituzte erakustaldietan eta ikerketan.
Baionako gatza eta Lapurdiko gatzagak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lapurdin 19. mendean ur gaziko iturri zenbaitetik gatz ekoizpena industrialki landu zen, eta 20. mendera arte iraun zuten ustiapen horiek. Gatzaga horietan inportanteenak Beskoitzekoak izan ziren, Urgazietan zeudelarik putzu gehienak. Biarritzeko bainuetxeen zerbitzurako eta Baionako xingarraren gazitzeko inportanteak izan ziren gatzaga horiek.[10]
Beste ustiapen batzuk egon ziren Urketa, Mugerre, Brindos (Basusarri), Milafranga eta Lehuntzen. Jatorri horietako gatza Sel de Bayonne markarekin merkaturatu zen urteetan.[11]
Iruditegia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]-
Añanako Gatz Harana.
-
Jaizko gatzagak.
-
Artetako gatzagak.
-
Ibargoitiko gatzagen tokian, erakustaldierako putzua.
-
Getze Galarko gatzagak 1932 inguruan, herriaren hegoaldean, 20. mendean zehar desagertuak.
-
Buradongo gatzagen aztarna testimonialak, porlanezko koadroak.
-
Leintz Gatzagako gatzagetarako 21. mendean egindako dorlak.
-
Urgazietako kontzesioak, Beskoitzeko gatzagetan.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ (Gaztelaniaz) «LAS SALINAS DE AGUILAR DE CODÉS» Azuelo (Noiz kontsultatua: 2024-09-21).
- ↑ (Gaztelaniaz) 4 Salinas de Euskadi y Navarra - Ondare Lagunak. 2023-01-19 (Noiz kontsultatua: 2024-09-21).
- ↑ Torre, Gontxa. (2024-09-16). Gatzagak XX. mendean?. Mastodon.eus (Noiz kontsultatua: 2024-09-18).
- ↑ «Salinas de Obanos» www.itzalos.org (Noiz kontsultatua: 2024-09-21).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Tirapu» EscapadaRural.com (Noiz kontsultatua: 2024-10-17).
- ↑ Gran Enciclopedia de Navarra | HALITA. (Noiz kontsultatua: 2024-09-21).
- ↑ «EODA - Búsqueda - EODA» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2024-10-17).
- ↑ «Leintz-Gatzagako gatzaga - Aintzinako lanbideak - Gipuzkoako Foru Aldundia» ORAIN Gipuzkoa (Noiz kontsultatua: 2024-09-21).
- ↑ (Frantsesez) Pays Basque D'antan, Euskal Herria Lehen. (2017-04-15). «EUSKAL HERRIA LEHEN - PAYS BASQUE D'ANTAN: LE PUITS SALÉ UGARRE À ESTÉRENÇUBY EN BASSE-NAVARRE AU PAYS BASQUE AUTREFOIS» EUSKAL HERRIA LEHEN - PAYS BASQUE D'ANTAN (Noiz kontsultatua: 2024-09-14).
- ↑ Duhau, Henri. (2017). Les Sources Salées de Briscous / Beskoitzeko Ur Gaziak. (Noiz kontsultatua: 2024-09-20).
- ↑ D'antan, Euskal Herria Lehen / Pays Basque. (vendredi 18 juin 2021). «EUSKAL HERRIA LEHEN - PAYS BASQUE D'ANTAN: LES SALINES AUTOUR DE BAYONNE EN LABOURD AU PAYS BASQUE EN NOVEMBRE 1933» EUSKAL HERRIA LEHEN - PAYS BASQUE D'ANTAN (Noiz kontsultatua: 2024-09-20).