Euskal baladak

Wikipedia, Entziklopedia askea

Euskal baladak, erromantzeak[1] edo kontapoesiak[2] istorio bat kontatzen duten poema tradizionalak dira. Poema neurtuek sentimenduak kontatzen dituzte, baina baladek gertakariak kontatzen dizkigute, ahoz aho transmititu diren gertakariak. Horregatik, kontapoesia[3] izenez ere ezagutzen dira. Literatura idatziak eragin gutxien izan duen lekuetan gorde dira baladak, Zuberoa, Bizkaia eta Nafarroa Garaian. Bizkaiko Bermeo, Lekeitio eta Ondarroan itsasoa gaitzat duten balada asko bildu izan da, baina azterketarik sakonenak Arratia haranean egin dira, Arratia baita balada bilduma-lekurik aberatsena.

Balada eta erromantzea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Artikulu honetan nahiago dugu «balada» hitza erabiltzea, garai batean, eta gaur egun ere, erabili izan ohi den «erromantzeak» esatea baino. Hautua ez da erromantze hitzaz bereizteko irizpideen ondorioa, baizik eta irizpide zientifiko hutsarena. Balada beste poesia generoetatik bereizten duen ezaugarria kontakizun-tonua da. Bestela esanda, istorioren bat kontatzen duten poemak dira.

Tradizionalki istorioa jatorrian epikoa zela uste bazen ere, XVI. eta XVII. mendeetan, baladak garatu ahala, bestelako gai narratiboak ere jorratu dira. Erromantzea baladaren azpimultzo bat da, mundu hispanikoan –Espainia, Portugal, Hego Amerika– eta, migrazio eta konkisten ondorioz, gaztelania zein portugesa mintzatzen diren beste alderdi batzuetan zehar hedatua, eta berezitasun partikularrak dituena, neurkera kasu. Balada Europa mailako poema narratiboa izendatzeko erabiltzen den termino ez-markatua da eta, erromantzeaz bestela, neurkera finkorik ez du. Hizkuntza, geografia eta neurkeraz gain, multzo orokorra eta espezifikoa bereizten duten beste osagai batzuk badira: baladak fantasiazko gaiak onartzen ditu, erromantzean gai horiek estatistikoki urriago jorratzen direlarik, hau da, erromantzean gai historikoak gailentzen dira, eta baladetan gai horien garrantzia txikiagoa da.

Euskal balada, neurkera eta gaiari begira, europar baladetatik gutxiago urrundu dela kontuan izanik, egokiagoa dirudi euskal genero horri balada esatea. Izan ere, euskaraz, guk dakigula, erromantze bakar bat gorde da: Beotibarko kanta (Jon Juaristi, 1986, 845856), Juaristiren arabera, beste zenbait adibide leudekeen arren. Edonola ere, 8/8 hemistikiodun 16 silabako bertso asonante errima bakarreko poema narratibo bakar bat heldu zaigu. Badirudi, gainera, hitz orokorrena balada dela, eta eremu hispanikoetan balada mota jakin bat garatu dela: erromantzea.

Testu-bilduma[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal baladak ez dira gai eta argumentu aldetik oso oparoak. Argumentu gehienak europar baladen aldaerak dira. Alabaina, baladen aberastasuna zalantzan jar daitekeen arren, ez dago alor horretan ikerketak uzteko arrazoirik. Hain zuzen, ahozko tradizioen ikerketen barruan alor nahikoa emankorra gertatu da.

Gaur egun burutzen ari diren ikerketak bilduma historikoetan eta ahozko bertsio modernoetan oinarriturik daude, generoak euskaraz eremu urria hartzen baitu.

Bilketaren lau aldiak. Joseba Lakarrak eta (1983, 107-150) euskal baladen bilketan lau aldi bereizi dituzte:

1. Lehen testigantzak XVI. eta XVII. mendekoak dira. Baladetan gertakari historikoen arrastoak gordetzen zirelarik, Garibai, Zaldibia eta Isastik beren obra historikoetan jaso zituzten.

Modu horretan iritsi zaizkigu, besteak beste, Beotibarko Kanta, Arrasateko Erreketaren Kanta, Juan de Lazkaoren Kanta eta Urrexolako Borrokaren Kanta. Alfonso Otazuk berriki Bretainiako kantorea estalgabetu du, eta Oihenartek Andre Emilia gorde zuen.

Kanten tonu epikoa bat dator bildumari historikoen asmoekin.

2. Bigarren aldiko testigantzak: Ikerlari erromantikoen asmoa bestelakoa zen, XIX. mendearen bigarren erdian. Haien xedea herri literaturan jasotako testigantza herrikoiak biltzea zen, herriaren arimaren oihartzun zirelakoan. Kontinente aldeko Euskal Herrian, Euskal tradizioaren mistifikazioa Agosti Xahok hasi zuen, eta horretarako baladaren adibideak baliatu zituen. Penintsula aldeko Euskal Herrian, berriz, Iztuetak bere Gipuzcoaco dantza gogoangarrien condaira edo historia gogoangarrian folklorearen bilketa egin zuen; lan horretan, ordea, ez zuen balada bakar bat jaso.

Haatik, mendearen amaieran, Francisque Michel, Sallaberri eta Mdme. Villéhélioren lanari esker, kontinente aldeko Euskal Herrian literatura folklorikoaren ezagutzak, bilketak eta ikerketak susperraldi nabarmena bizitu zuen.

Michelek ehun euskal kanta inguru argitaratu zituen bere Le Pays Basque... (1857) eskergan, eta horien artean dozena bat balada nabarmenduko ditugu: horietako batzuk historialariek argitaratutako kanta epikoen bilketa dira, baina beste batzuk, ordea, beste inon bildu gabekoak dira, Ahetzeko anderia kasu.

Mdme. Villéhéliok euskal kanta-bilduma txiki bat argitaratu zuen 1869an, eta kanta horietako bat Egun bereko alarguntsa zen. Urtebete beranduago, argitara eman zuen Sallaberrik Chants populaires du Pays Basque, kanta lirikoen bilduma garrantzitsu bat, balada gutxi batzuk bildurik: Egun bereko alarguntsa, Musde Sarri, Bereterretxen khantoria, Atharratzeko gazteluko kantua.

La tradition dans le Pays Basque argitaratu zen, 1898an, Donibane Lohitzunen burututako folkloristen biltzar batean egin ekarpenak jasotzen dituen liburukia. Txostenen artean nabarmentzen dira Charles Bordesen musikologiakoa eta Jean de Jaurgainen historikoa.

3. Hirugarren aldia. Bildumen zaletasuna 1900 eta 1936 bitartean penintsula aldeko Euskal Herrira heldu zen. Garai hartako bildumen artean nabarmentzen dira Resurreccion Maria Azkueren Cancionero Popular Vasco (1922) eta Aita Donostiarenak. Azken horren bildumagile eta hedatzaile lana berrogei urtez baino gehiagoz luzatu zen, baina bere lanik garrantzitsuena Euskel Eres Sorta (1921) bide da.

Bi bildumagile handi horien lanari aldizkari eta egunkarietako ahozko testuen argitalpenak jarraitu zitzaizkion, besteak beste, Gure Herria edo Eusko Folklore aldizkarietan argitaratutakoak edo Lauaxeta poetak Euzkadin egindakoa.

Monografia bat argitaratu zen, 1935ean, gai honi buruzko lehenengoetakoa: aita Manuel Lekuonaren Literatura Oral vasca, garai hartan ahozko literaturaz ezagutzen zena sistematikoki jaso zuen lana. Manuel Lekuonak ahozkotasunean aditu zen Parisko Jousseraren ikasbideak jarraitu zituen, eta, ikasbide horiek oinarri hartuta, ahozko literaturen testuaz kanpoko hainbat alderdiren garrantzia azpimarratu zuen, eta ahozko literatura bera interpretatu, bertsolaritzaren argitan.

4. Laugarren aldia. Salbatore Mitxelena bitarteko, 1936ko gerra zibilaren ondoren, literaturan ahozkotasunak zuen interesari eutsi egin zitzaion, baina bildumak egiteko grina ahuldu egin zen, kasik oraintsu arte. Izan ere, baladen bilketa berriki suspertu egin dute ostera bi erakundek, Maria Goiri Mintegiak Euskal Herriko Unibertsitatearen Filologiako Fakultatean, eta Mikel Zarate Ikerketa Mintegiak Bilboko Labayru Ikastegian.

Bilketa ahalegin horretan, Lakarra, Biguri eta Urgellek argitaratutako 28 balada eta 235 aldaeren corpus bat osatu dute.[4]

Euskal balada ezagunenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal baladari buruzko ikerlan historikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Metodo historikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jean de Jaurgainek, «Quelques légendes poétiques du Pays de Soule» artikuluan, XIX. mendearen amaieran, intuizio bat abiapuntutzat hartuta, baladetako datu historikoak eta pertsonaiak identifikatu ahal dira. Baladak eta dokumentu historikoak alderatu zituen, eta baladetan kontatutako zenbait gertakari benetan jazo zirela egiaztatu.

Horrela jakin zen Bereterretxen khantoria 1434 eta 1449 bitartean bizitako egoera historiko bat kontatzen dela, Atarratzeko anderia baladako gertaerak 1584an jazo zirela, eta 1633an Musde Irigarairen eta hildako baten amorantearen arteko ezteiak ospatu zirela. Jaurgainek ondorioztatu zuen data horiek balada jakin batzuen jaiotzarenak zirela.

Diego Catalánek adierazi bezala, metodo historiko horrek ez zuen kontuan hartzen baladak ez direla gertakari jakin baterako sortutako poemak, baizik eta gertakari jakin bati egokitzen zaizkion aldaerak. Hildako baten maitemindua, adibidez, Katalunian eta Gaztelan erromantzeak eta Zuberoan balada bat eman dituen balada egiturako poema bat da. Zuberoako balada, beraz, ez zen sortu 1633an, Musde Irigarairen ezkontzarekin. Gaia lehendik zetorren, gai horren egitura kontakizun moduan, eta Zuberoan –gertaera historiko bati lotua ziur asko eta haren kariaz– aldaera jakin bat hezurmamitu zen.

Hitz batez, metodo historikoak kontakizun eta literatur egituraketa nahiz baladen jokabide testuala bazter uzten ditu.

Metodo estilistikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

On Manuel Lekuonaren lanak, eta zehazki Literatura oral vasca, oinarri harturik garatu zen beste korronte kritiko bat, batik bat literatura folklorikoaren balio estetiko eta poetikoei erreparatzen ziena. Korronte horrek ez zuen bereizten, egia esan, kanta herrikoaren barruan baladaren generoa.

1982an Joan Mari Lekuonaren Ahozko euskal literatura argitaratzen denean, baladari –beste izen batez, bada ere– berezko generoaren izaera onartu zitzaion.

Joan Mari Lekuona eta Luis Mari Muxikaren lanek zein argitaratu ditugunek euskal baladaren balio poetikoak zehaztea zuten xede. Saialdi horien euskarri gisa jokatu zuen korronte teorikoa estilistika izan zen. Saialdi horiei alderdi lirikoaz narratiboaz baino gehiago arduratzea lepora dakieke (Biguri, 1990, 90). Gainera, testuak aldagaitzak eta genero idatziaren baitakoak balira bezala aztertu ziren, inkontzienteki bada ere.

Metodologia semiotikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jesus Antonio Cid Euskal Herriko Unibertsitatera heltzearekin eta Jon Juaristiren ekarpenekin, euskal baladaren ikerketan aldi berri bat ireki zen. Diego Catalánen jarraitzaile, honek erromantze hispanikoak jorratzeko baliatzen zituen eskema metodologiko zorrotzak euskal baladari ezarri zizkioten (Catalán, 1984).

Laburbilduz, Diego Catalánek eta honen lankideek ahozkotasuna lantzeko azterketa metodo nahikoa baliagarria moldatu dute, arin agertzen, batetik bestera ibiltzen eta desagertzen diren ahozko testuen kontzeptua jorratuz.

Metodoaren oinarria (Catalán, 1978) da, erromantzea –eta hedaduraz balada– egitura ireki gisa hartzea, non aldagaitz irauten duen makroegitura eta mikroegitura estilistiko aldakorra uztartzen baitira.

Hortik abiatuta, testua azterketa semiotiko batez azaltzen da, eta honako maila hauek bereizten ditu:

• Diskurtsoa-Intriga.

• Intriga-Alegia.

• Alegia Kontakizun eredua.

• Kontakizun eredua: Mitoa.

• Mitoa-Historia.

Metodo honen aldeko argudia izan daiteke xehea izateaz gain baladak aldatuz doazen testu moduan hartzen dituela eta, hala, hizkuntza bereko edo beste hizkuntzetako beste aldaera batzuekin erkatzean baladaren ulermena errazten duela. Bestela esanda, balada, azkenean, idatzizko testu itxitzat baino, ahozko diskurtso ireki baten zatitzat hartzen du.

Cid eta Juaristiren ikasle Joseba Lakarra, Koldo Biguri eta Blanca Urgell izan ziren 1983an Euskal baladak, antologia eta azterketa (2 ale) lanaren argitaratzaileak. Liburu horrek euskal esparruan baladari buruz ezaguna zen guztia jasotzeko ahalegina egin zuen eta landa-ikerketarekin ekarpen berriak egiten. Testuak beste ahozko euskal testu batzuen baitan kokatzen du balada, balada tradizional eta arrunten arteko bereizketa egiten du eta baladen lengoaia eta kontakizuna ikertzen ditu, eta, bestalde, baladaren historia, geografia eta bilakaera historikoa aztertzen. Euskal ahozko generoa ikertu nahi duenak nahitaez ezagutu beharreko testua da, beraz. Liburua euskal balada ezagun guztien aldaera testualen antologia batek osatzen du.

Ordutik, Erromantze bildumen gaineko nazioarteko mahai-inguruetan gero eta euskal ikertzaile gehiagok parte hartzen du, aipatu ikertzaileen eta Menéndez Pidal Mintegiaren arteko lankidetza gero eta estuagoari esker. Horren emaitza dira euskal baladei buruzko lan monografikoak.

Corpusaren urriak lan monografikoa errazten du. Lan horien artean aberasgarrienetako bat Jesus Antonio Cidek 1985ean argitaratutako «Estudios sobre la balada tradicional vasca, 1: Peru gurea (EKZ, 115), der Schwank von alten Hildebrand, y sus paralelos románicos (Aa.Th., 136OC)» dateke, lan zinez eredugarria, non Peru gurea Europako testuinguruaren baitan ikertzen baita. Lan horretan, XIX. mendearen hasieran Iparraldean juglaretza berri bat jaio zela proposatzen du Cidek, eta juglaretza horrek frantsesezko zenbait erromantze euskarara egokitu zituela. Modu horretara moldatutako erromantzeek aldaera gutxi dituzte, eta jatorrizko frantsesarenaren antzekoak dira oso (cfr. Juaristi, «La balada vasca de la muchacha ciervo», 1987, 919).

Jon Juaristik Beotibarko Kantaren erromantzea (1986, 845856) eta Orein neskatoaren balada (1987, 917 926) arretaz eta zehatz-mehatz aztertu ditu. Hirur kapitainaki buruzko lan bat ere iragarri da. Igone Etxebarriak Ana Juanixeri buruzko monografia bat (1988, 129177) argitaratu du. Jon Kortazarrek Prantzie kortekoari buruzko monografia bat (1980, 97128) argitaratu zuen. Jesus Antonio Cidek ere bere lanekin jarraituko omen zuen.

Aita Antonio Zavalak euskal baladaren corpus orokor bat argitaratu zuen XX. mendearen amaiera aldera, Erromantzeak / Romances vascos izenburupean.[12]

Baladen lengoaia eta narratibitatea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Baladak, erromantzeen antzera, «egituratutako diskurtso baten zatiak dira eta bizitza imitatzen dute, eta modu zatikatu eta soilean erreferentearen sistema sozial, ekonomiko eta ideologikoak irudikatu, eta, ondorioz, zeharka kritikoki aztertzeko [..,] narrazio tradizionalak dira, gizarte egitura ororen eta artearen adierazpide kolektibo ororen transmisioa eta bilakaera gobernatzen dituzten bi indar osagarrien jokoari lotuak: oinordetza eta berrikuntza» (Catalán, 1984, 19).

Baladetan bi moldaketa-maila nabari daitezke: batetik, lengoaia, baliatutako estilo poetikoa, eta bestetik, kontaketa, morfosintaxi narratiboa. Maila bakoitzak berezko adierazpideak ditu, banan-banan azalduko direnak.

Balada batean eguneratutako diskurtso batek berez mugagabea dirudien arren, praktikan ez da horrela, baladen errezitatzailea hizkuntzak aurretik zehaztutako eremu batean sartzen baita. Baladetako lengoaia diskurtso tradizional bat, lexiko batean eta gramatika batean oinarriturikoa erabiliz gauzatzen da (Catalán, 1984, 24), diskurtso tradizional hori irudi bidez osatzen delako, hau da, formulen hiztegi itxi bat moldatzen duten esaldi-sinboloez. Catálogo General del Romanceroren egileek adierazten duten moduan: “Erromantzeak lerroz lerro eta diskurtsoaren formula oro bilduz memorizatzen eta gogoratzen dira –sarritan musika lagun. Kantariek edo errezitatzaileek ez dituzte intriga eta hitzezko osagai esanguratsuenak baino ikasten –egitura laxoagoko beste kontakizun tradizional batzuetan gertatzen den moduan–, intriga garatzen duen diskurtsoa ere ikasten dute» (Catalán, 1984, 160).

Baladaren diskurtsoa, bada, formulistikoa da. Formula bat esaera zehatz bat da, adierazten duena baino zerbait gehiago» esatean tropo bihurtzen dena. Eskuarki metonimiak izan ohi dira, zeren eta, ikusi dugunez, ahozkotasunaren lengoaiak nahiago baitu zehatza abstraktua baino, egoeraren araberakoa edo, hobeto esanda, esperientziazkoa, abstraktua baino (Ong, 1987, 54). Baladek lexiko formulak baliatzen dituzte. Formularen hitzez hitzeko esanahia ezin bazter liteke, baladak adierazten duen argumentuari lotzen baitzaio, baina, aldi berean, metonimia joko bat agertzen du, irakurlea, ondorioz, berori interpretatzera behartuta dagoelarik.

Nolanahi ere, formulek balada berean aldakuntzak ager ditzakete, edo baladaz balada doazen formula bidaiari bilaka daitezke.

Adibidez, Marinel batek bahitutako neskatoa baladan, honek bere buruaz beste egiteko erabiltzen duen figura objektu zorrotz moduan deskriba daiteke. Aldaera bakoitzean, lexema hori egokitu egiten da, eta ezpata, aizto edo guraize moduan agertzen da. Formula egoki daiteke, baina esanahia, oinarri duen metonimia, ez da aldatzen, formula hitzezko artikulazioari ez dagokiolako, figuratiboari baizik (Catalán, 1984, 180).

Formulen egokitzapena. Formulak testuinguru historikora ere egokitzen dira, homeostasi legeari jarraiki (Ong, 1987, 52 eta hur.) egoera historikoa aldatzen denean eta testuinguru berrian formula ulertzen ez denean, egokitze aldera egiten baitu. Gorago aipatu adibidea ahozko poetikoaren faktu hori azaltzeko baliagarri gerta daiteke.

Formula gehienek unitate metriko bat osatzen dutenez, aldaketa errazagoa da, honek ez baitu neurkeraren erregulartasuna apurtzen.

Zenbait formula. Formulek baladen lengoaia ikertzeko oinarria eskaintzen dute. Ikerlana, ordea, ez da hor amaitzen. Formula batzuk beste batzuk baino ugariago agertzen dira. Lakarra, Biguri eta Urgellek, adibidez, hauek nabarmendu dituzte:

- Errepikapena.

- Paralelismoak.

- Kontrajartzeak.

- X/X/Y formula: «Itxasoko aldetik/itxasoko aldetik eta untzian kantaturik».

- Zenbakiekin egindako jolas sinbolikoak.

Egiaz, baliabide horiek ez dira baladetan baino ematen. Batzuk mnemoteknia-formulak dira, eta ahozko adierazpide orotan agertzen dira. Beste adierazpide batzuk beste zenbait genero lirikotan nahiz bertsolaritzan ikus daitezke, zenbakien esanahi sinbolikoekin moldatutako formulak barne.

Esamoldearen maila poetikoa. Esamoldearen maila poetikoan, baladek hizkera landua agertzen dute, “adierazpenaren soiltasuna eta naturaltasuna” mantendu arren (Catalán, 1984, 170), erromantzeetan eta ahozko sorkuntzetan derrigorrezkoak, elitearen literaturaz bestelakoak direlako eta horien estetikak arte nagusiaren berezko ezaugarriak jarraitzen ez dituelako.

Lehenago esan bezala, sorkuntza mota horretan troporik erabiliena metonimia da: zehatza abstraktuaren ordez erabiltzea. Baladen beste ezaugarri bat ekintzen irudikapena da –formulen ezin eskertuzko laguntza medio. Ekintzak dramatizatu behar direlarik eta entzulearen begi aurrean geratu behar dutelarik, elkarrizketaren erabilera ezinbestekoa da. Poema narratiboak izaki, ahozkotasunaren eragina agertzen da, baliabide narratibo modernoak barne: kronologiaren etena izan ezik, baladetan eten narratiboen bilduma oparoa ikus daiteke, horien artean leunenak espazio eta denbora arteko jauziak direlarik. Testuan, halaber, hainbat narratzaileren erabilera eta in medias res tankerako hasierak topa daitezke.

Egia da baladen lengoaia poetikoan oroimena akuilatzeko baliabideak ugari agertzen direla. Bada, ordea, aipatu beharreko bestelako baliabide estilistikorik: adibidez, lehenengo ahapaldiko kontrastea, irakurlearen jakin-mina pizteko baliabide gisa. Adjektibo gutxi erabiltzen da, baina epiteto homerikoa, baladetan amultsua izan ohi dena, formula bereizgarri moduan baliatzen da beti.

Baladetan ohiko baliabideak dira ekintzak irudikatu eta dramatizatzeko genero aldaketak, estilizazioa, anbiguotasunaren eta zehaztasunaren arteko kontrastea, epiteto homerikoa, motiboak espazioetan eta zenbakietan –zenbaki magikoak–, gorespenaren topikoa, estilo zuzena, entzuleei igorritako inplikazio eta madarikazioak, errepikapenak eta paralelismoak eta kontrasteak (Kortazar, «Euskal lirika...» 1980).

Motiboa eta sekuentzia. Motiboa funtsezko baliabidea da baladen kontaketan. Motibo bat tradiziotik datorren eta hainbat testuingurutan txerta daitekeen baladen oinarrizko kontakizun-unitatea da.

Azterketa semiotikoan motiboa eta sekuentzia antzeko kontzeptuak direnez, komeni da bien arteko ezberdintasunak azaltzea.

Sekuentzia. Edozein testu narratibo sekuentzien bidez osatzen da. Diego Catalánen hitzetan, kontakizun bateko gutxieneko unitatea da sekuentzia, non subjektu batek objektu baten gainean ekintza bat gauzatzen baitu, ekintza horrek narrazioaren ildoa aldatzen duelarik (Catalán, 1979). Motiboak, bestalde, eduki semantikodunak dira kontakizun-zatiak eta, horrexegatik, bertsio batetik bestera aldagarriak. Sekuentziak bertsio baten barruan ikertzen dira, eta motiboak ikerketa konparatuan aztergarriak dira.

Motiboa. Catálogo General del Romancero delakoaren egileek motiboa horrela definitzen dute: “Ahozko tradiziotik hartutako alegiak neurri handi batean intriga zati batzuk alegiaren planoan esanahi bertsua duten beste batzuez ordezkatuta berritzen dira. Ordezko zati horiek gehienetan kantari eta errezitatzaileek, erromantzearen kontakizun-lengoaiaren jakitun, eskura dituzten kontakizun-unitateen ondarea osatzen dute, motibo tradizionalak dira” (Catalán, 1984, 128).

Motiboak, tradizionalak izaki, erraz deskriba daitezke. Hain zuzen ere, motiboen aurkibide bat bada, non, hiztegi batean bezala, ahozkotasunean agertzen diren terminoak jasotzen baitira. Mundu osoko folklorearen motiboak biltzen dituen A. Thompsonen Motifs Index lanaz ari gara.

Motiboak bereizteko irizpide bat litzateke funtzio adierazgarria duten ala ez aztertzea, baladaren intrigaren mailan dirauten edo, aitzitik, maila semantikora aldatzen diren ikustea. Motibo adierazgarriek entzuleari informazio sinbolikoa eskaintzen diote.

Figura sinboliko horiek izenak nahiz ekintzak medio sor daitezke. Jakina da, adibidez, jateko edo musika-tresnak jotzeko erreferentziek esanahi sexualak gordetzen dituztela.

Motiboak ildo bikoitz bati jarraituz agertzen dira diskurtsoan: narratiboliterala, eta sinbolikoa. Balada bat interpretatzea motiboen balio sinbolikoa interpretatzea da.

Narratibitatearen zenbait bereizgarri. Motiboak aldakorrak eta ibiltariak direlarik, baladaren narratibitatean aztertu beharreko beste zenbait bereizgarri agertzen dira. Elezahar batean lehen agertzen ez zen motibo bat agertzeak ekarritako aldaketen ondoriozko bereizgarriak dira.

Ezaugarri ugariena kutsua da: balada batek beste balada bateko motibo bat jasotzen du. Batzuetan, jasotako mailegua baladaren alegiarentzat aproposa da. Beste batzuetan, ordea, motibo berriak mailegua jaso duen baladan interpretazio berri bat eskaintzen du eta ezohiko irakurketak eta berrikuntzak dakartza, baladak ustekabeko intriga zatiak garatzen dituelarik.

Baladaren moldaketan eta narratibitatean eragiten duten beste bereizgarri batzuk aitzinsolasak dira, eta horiek paranarratiboak nahiz prenarratiboak izan daitezke. Paranarratiboetan baladaren alegia narratiboaren eta aitzinsolasaren artean nolabaiteko loturaren bat dago, eta paranarratiboetan, aldiz, loturarik ez dago –Berreterretxeren incipit atalean agertzen dena kasu.

Baladen moldaeraren arabera, tradizionalak eta arruntak izan daitezke. Balada tradizionalek –tradizioa modernoa izanda ere– moldaera narratibo bakarra dute, eta arruntek, berriz, hiru zatitan egituratutako egitura bat dute:

- Lehenengo zatian egileak bere izena, gertakariaren nondik norakoak, narrazioaren motiboa edo poemaren data ematen ditu;

- bigarren atalean narrazioa bera garatzen da,

- eta azkeneko zatian egileak ikasbide bat eskaintzen du edo topikoen bidez bere egoera azaltzen du. Balada arrunten egiturak maiz erabiliko dira XIX. mendeko bertso berri direlakoetan, egilea anonimoa izan edo ez. Istorioa kantuz kontatzen dute baladek, izan ere, memoriaren lagungarria da doinua. Baina, horrez gain, badira memoriaren prozesuari laguntzen dioten bestelako formula edo baliabideak. Hona horietako batzuk:

Errepika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Baliabide erabiliena da. Ideia, hitz edo hitz multzoak errepikatzean datza.

Guzurre diño mediku onek
nik eztot amore miñik.
Amore miñak badodaz bere
ez entrañetan sarturik.
Izar ederrak
Egun batian ni banenguan
kostela kostel gaiñian.
Ni banenguan kostel saltzian
ezpabe gari saltzian.
Ana Juanixe

Paralelismoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Egitura sintaktiko bat errepikatzean datza.

Zazpi zaldi deukadaz zer (kopurua) izeraz jantzita zerez
zotzigarrentxoa barriz perlaz estalita.
Zazpi izera dodaz zer (kopurua) odolez mantxaurik zerez
zortzigarrentxu onek naroia ni mundutik.
Frantziako andrea

Errima[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bi bertso-lerroren edo gehiagoren amaierako hots berdintasuna da errima.

Haltzak ez dü bihotzik
ez gaztanberak hezürrik.
Enian uste erraiten ziela
aitunen semek gezürrik.
Bereterretxen khantoria

Elkarrizketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Garrantzi handia du baladetan. Gehienetan ez da esaten nor den hitz egiten duena, baina normalean esaten duenetik eta tonutik igartzen da nor den.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Antonio Zavala Euskal erromantzeak / Romancero vasco Auspoa. Sendoa ISBN: 84-89080-68-2
  2. Euskaltzaindia. Literatura terminoen hiztegia. Balada
  3. Juan Mari Lekuona, "Kontapoesiaren modulu metrikoak hegoaldeko usarioan"
  4. Koldo Biguri, Joseba Lakarra & Blanca Urgell. ([1983]). Euskal baladaren azterketa eta antologia (I eta II). Hordago ISBN 84-85795-27-X. PMC 12262075. (Noiz kontsultatua: 2023-03-28).
  5. Ahetzeko anderia
  6. Aldaztorrea. R.M. Azkuek jasoa
  7. Alostorrea
  8. Bereterretxen khantoria
  9. Jon Kortazar. "Neska ontziratua baladaren inguruan"
  10. (Gaztelaniaz) Koldo Biguri, «El tema del cambio de sexo en la literatura vasca de tradición oral», Memoriae L. Mitxelena magistri sacrum, (I) ASJU 14 (1991).
  11. Txomin Peillen "Altzürükü Urrütiako leinuaren eresiak. XV.mendeko".
  12. Zavala, Antonio. (1998). Euskal erromantzeak / Romancero vasco. Sendoa, 201-232 or. ISBN 84-89080-68-2..

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Billelabeitia, Miren M.; Kortazar, Jon, Euskal baladak eta kantu herrikoiak, Palas Atenea, Madrid, 2011.
  • Cid, Jesús Antonio, "Tradición apócrifa y tradición hipercrítica en la balada tradicional vasca: I. Las falsificaciones de cantos populares en Europa, ensayo de tipología", Anuario del Seminario de Filología Vasca Julio de Urquijo. XXVIII-2, 1994.
  • Goyri, Maria, "Aplicación del modelo romancero de análisis a la balada vasca: bereterretxen khantoria".
  • Kalzakorta, Jabier, Euskal baladak: azterketa eta edizio kritikoa (I-II), Labayru Fundazioa-Bilbao Bizkaia Kutxa Fundazioa, 2017.
  • Urkizu, Patri, "Viejas baladas vascas del cancionero de Chaho", Revista de lenguas y literaturas catalana, gallega y vasca, 11, 2005, 29-110.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]