Artikulu hau "Kalitatezko 1.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da

Euskal dantzak

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search

Ezpatadantza Donostian
Dantzaria
Makil dantza Eibarren
Argiak eginiko erreportajea

Euskal dantzak Euskal Herriko bertako dantzak dira, Euskal kulturaren eta folklorearen osagai garrantzitsuak. Herri, eskualde edo lurralde batetik bestera dantzak aldatu egiten dira, baita esanahia eta dantza egiteko modua ere (jantziak, partaideak...). Dantza batzuk oso zaharrak dira, Euskal Herrian duela mende asko sustraituak, baina badira antzinako dantzen bertsio eraberrituak ere.

Euskal dantzak hain fenomeno aberatsak eta ugariak direnez, zaila da sailkapenen bat egitea. Ikertzaile bakoitzak bere eredua dauka; horrela, Juan Antonio Urbeltzek aldagai morfologiko eta koreografikoak aintzat hartuta sailkatu ditu; Jose Antonio Quijerak formaren araberako sailkapena egin zuen eta Julio Caro Barojak denboran zehar izandako bilakaeraren araberakoa.

Dantza tipologiei dagokienez, hiru eratakoak daudela esan genezake;

  • Erromeria edo plazetako dantzak. Herrietako jai eta erromerietan egiten dira, eta nahi duen guztiak parte hartzen du. Gaur egun dantza taldeek egiten dute gehienbat, baina zenbait tokitan (landa guneetan bereziki) dantza irekiak izaten jarraitzen dute.
  • Ezpata dantzak. Europako antzerako beste dantzen ezaugarri bertsuak dituzte. Ohorezko dantzak izan ohi dira, egun bereziak gogoratzeko egiten dira gehienetan.
  • Festa amaierako dantzak. Ziklo baten amaiera eta ondorengo baten hasiera antzezten dute. Adibidez, inauterietan jaia eta parranda girotik garizumako garaira pasatzea gogorarazten dute.

Dantzak lurraldez lurralde[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bizkaiko dantzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Probintzia honetan egiten diren dantzen artean, aipatu beharrekoak ditugu jatorriz Durangoko Merinaldekoak direnak, Dantzari Dantza deritzenak. Bederatzi dantzatako zikloa osatzen du Dantzari dantza. Makilaz eta ezpatazko dantzak eta dantzariak bakarrik, binaka, launaka eta zortzinaka aritzen diren dantzak tartekatzen dira. Guztiek oinarrizko melodia eta urrats berak dituzte, koreografiak aldatzen direlarik. Ezaugarri nagusienak beren erritmo arina, beren indarra eta dantzatzen dituzten trebetasun fisikoa dira. Urte askoan gure folkloreko dantzarik adierazgarrienak izan dira, folkloreari ugarik aipatu izan dituztelarik eta aurreko mendeetako bidaiariek beren kroniketan berorien aipamena egin izan dutelarik.

Probintzia honetako beste dantza Kaxarranka deritzona da, Lekeitio herriko dantza tradizionala hain zuzen. Itsas herri honek urtero bere kofrade nagusia hautatzen duenean, orduantxe egiten da dantza hau. Ezaugarririk nabarmenena zera da, dantzari batek lau edo sei gizonek eutsiriko kutxa baten gainean igota egiten duela dantza.

Gipuzkoako dantzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gipuzkoak, geografikoki Euskal Herriaren erdialde samarrean kokaturiko probintzia izanik, bere euskal senideekiko dantza-tankera desberdina mantentzen du. Estilo eratsua, dotorea eta ezin hobeki osatua, trebaketa tekniko eta fisiko handia eskatzen du.

Hango dantzen artean, ezpata luze eta txikienak, makilenak, jorraienak, uztaienak eta abarrenak ditugu. Gizarte dantzak, diosalazkoak, gorteiuzkoak, etab. Dantza hauek, gehientsuenak, Joan Ignazio Iztuetak bildumatu zituen 1818-1824 urteetan, nahiz eta askozaz antzinagokoak izan, XV. eta XVI. mendeetan hauen aipamena egiten baita.

Nafarroa Behereko dantzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Segur aski, Euskal Herriko folklorerik antzinakoena kontserbatzen duen probintzia dateke Nafarroa Behera. Euskal Jauziak deritzen generoan oinarritzen da bertako dantza, Herri honetako forma, estilo eta musikarik tradizionalekin. Ihauterietako zikloaren barruan egiten da batik-bat, eta pertsonaia anitzetako konpartsa hauetan Bolantzak deritzenak nabarmentzen dira, hauek baitira nagusiki dantzak egiten dituztenak. Dantza-eskema beraren arabera egiten dira, Euskal Jauzietan oinarrituta alegia, baina zenbatezinezko forma eta musikekin, guzti hori beren jantzi koloretsu ikusgarrien pean eta doinu alai eta bizien artean.

Nafarroa Garaiko dantzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal Herriko handiena den probintzia Euskal Herriko folklorerik ugarienekoa da. Halaber, kanpotikako eraginengana ageriena egon dena izanik, dantza-tankera eta ohitura asko bereganatu eta moldatu ditu. Dantza hauen artean karakteristiko bezala aipatzekoak dira hegoaldeko (Erribera) makila-dantzak, katean elkarturiko bikoteen gizarte-dantzak (hauei Ingurutxo deritze), Larraindantza, sokadantza, etab. Bestalde, Euskal Jauzien kideko dantzak ditugu, hona nola Baztango Mutil Dantza eta Otsagabiko makila-dantzak. Azken herri hau Pirinioetako aran batean kokatua dago eta bere baitan kontserbatzen dituen dantzetan, gaur egun erlijio kutsua badute ere, antzinagoko iragan mitologikoa soma dezakegu. Ituren, Zubieta, Lantz, Erribera eta abarreko Ihauterietan berriz mitologia, erlijiosotasuna eta tradizioak topatuko ditugu.

Zuberoako dantzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal Herriko probintzia txikiena den honek oso dantzatzeko modu berezia eta jakintsua kontserbatzen du, antzinako Euskal Jauzietan oinarritua. Gaur egun ballet herritar baterantz bilakatu dira eta folklorelarien goraipamenik bikainenak jaso izan ditu. Ihauterien zikloaren barnean egiten da eta pertsonaia anitzetako konpartsa batek osatzen du. Pertsonaia hauek bi taldetan banatzen dira: gorria edo onak eta beltzak edo gaiztoak. Hauek, herriak bisitatzerakoan hainbat erritual egiten dute. Oso dantza bereziak ditu bost pertsonaiarentzat, hain zuzen ere guk dantzatzen ditugunak gorrien taldearen barruan.

Dantza ospetsu batzuk[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arku-dantza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arkuekin egiten den dantza.

Auritzeko dantzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Dantza hauen musika Aita Donostiak jaso zuen Auritzen. Dantzak erabat galduta baziren ere, Galdakaoko Andra Mari taldeak berrosatu ditu.

Lehenengo laurak ingurutxoen multzokoak dira. Ondoren, fandangoa eta porrusalda (arin-arin abestua [1] ) dantzatzeko ohitura dago, Euskal Herriko hainbat lekutan egin ohi den bezala.

Hurrengo bi zatiak joko-dantzak dira. Lehenbizikoa Orbaitzetako Goikoa baserrian jasoa, Almirantearena jaunari (1977an, 76 urte zituelarik). Bigarrena ere Aita Donostiak jasotakoa da eta Europako beste hainbat joko-dantzaren estilokoa da. Azken honetan, hain zuzen ere, badakigu buruzagia edo kapitainak zartailu bat zeramala eta berak egiten zituen mugimenduak errepikatzen ez zituen dantzaria zigortzen zuela.

Aurreskua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Artikulu nagusia: «Aurresku»
Aurreskulari bat agurrean salto egiten.

Aurreskua da Euskal Herriko dantzarik ospetsuena. Mutil-dantza edo soka-dantza izenak ere jaso izan ditu. Dantzari batek egiten du dantza txistulari batek doinua jotzen duen bitartean.

Axeri dantza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Artikulu nagusia: «Axeri dantza»

Hernanin dantzatu ohi da.[2] 14 edo 16 gazteren arteko jolasean datza. Guztiak soka bati lotuta daude, aurrean gidari bat dutelarik. Eskuan puxikak edo maskuriak eramaten dituzte; ondorioz dantza honek ere beste izen batez ezaguna da Maskuri Dantza. Kaletarrei ezustekoak eta "jipoiak" emateko asmotan, soka tarteka atarietan eta izkinetan gordetzen da.

Adunan (abuztuaren 15ean) eta Andoainen (ekainaren 24an) ere dantzatu ohi da, nahiz eta ezberdin dantzatzen den.[3] Axeri-dantza Adunako ohitura eta tradiziorik zaharrenetako bat da, herriko festetan dantzatzen dena, abuztuaren 15ean. Urte batzuez galdua izan zen arren, gaur egun dantzatzen da, Andoaingo antzera.

Axuri beltza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Artikulu nagusia: «Axuri beltza»

Nafarroa Garaiko Jaurrieta herritik dator, Aezkoa eta Zaraitzu artean. Kantatuz egiten den dantza bakarrenetakoa. Eskusoinuarekin jotzen da musika.

Dantzari dantza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Durangaldeko dantza da jatorriz, txistu eta danbolinaren doinuak jarraituz egiten da. Zortzi atal ditu: Zortzinangoa, Banangoa, Binangoa, Launangoa, Ezpata jokoa (txikia eta handia), makil jokoa, ikurrin dantza eta txotxongiloa.

Eltziegoko dantzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Azken 50 urtean, bost dantza finkatu dira Eltziegoko dantza gisa:[4]

  • Karrika-dantza: Plazako Ama Birjinari parrokiaraino joan-etorrian laguntzeko erabiltzen da. Gainerako dantzen sarrera eta amaiera gisa ere erabiltzen da.
  • Dantza: V itxurako koreografia batekin hasten da; gero, zortzi itxurako mugimenduak egin ondoren, besoak luzatuta, lurrarekin paralelo; azkenik, batzuek besteen aurrean jarrita bukatzen dute.
  • Lau kaleen dantza: makil dantzaren egitura du, eta lau aldiz errepikatzen da, gurutzatze eta desgurutzatze saio etengabean.
  • Zuhaitza: dantza ikusgarria eta bakarra Euskal Herri osoan. Zinta dantzaren erakoa da, baina honetan ez dira zintak lotzen, baizik eta zuhaitzetik zintzilik uzten dira. Dantzariak belaunikatzen joaten dira, eta zuhaitza besarkatzen dute; azkeneko zintak zintzilik utzitakoan, hasierako tokietara itzultzen dira.
  • Jota: aurrekoek ez bezalako egitura du, eta oso dantza herrikoia da.

Erriberako dantzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Cortes herriko jaietan dantzatzen dira "paloteado" famatuak. Ikuskizuna lau dantzak osatzen dute: Paloteado, Vals, Trenzado eta Jota.

Erronkariko ttun-ttuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ingurutxoen multzoan sar genezake dantza hau ere. Erronkarin garrantzi handia ematen zioten janzkerari. Horrela, ezkonduak eta ezkongaiak, gizon ala emakume, desberdin janzten ziren.

Ezpata-dantza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jai handietako dantza da. Dantzari askok parte hartzen dute normalean. Dantzariak batzuek ezpata luzeak daramatzatek eta beste batzuek ezpata txikiak (azkendariak). Euskal Herrian hainbat lekutan egiten dira ezpata-dantzak, Europako beste hainbat tokitan bezalatsu.

Iribasko ingurutxoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

"Ingurutxo" izenarekin hainbat dantza eta doinu badira Nafarroan. Ezaugarrietako bat kriskitinak erabiltzea da.

Larrain dantza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Larrain-dantza gizon-emakumeen dantza da, plazan dantzatzekoa. Gaztelaniaz baile de la era izenaz da ezaguna. Itxuraz, Lizarran du jatorria, baina garai batean galduta egon zen.

Garai batean udalaren mende zegoen Larrain dantza-taldeak errekuperatu zuen. Gaur egun dantza-talde horrek Larraitza du izena, eta ez da udal taldea.

Kaxarranka[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Artikulu nagusia: «Kaxarranka»
Bederatzi taldek kaxarranka batera egiten.

Lekeition San Pedro egunean (ekainaren 29an) egiten da dantza hau. Arrantzaleen kofradiako morroiak beste arrantzale batzuek lepo gainean hartzen duten kaxa baten gainean egiten du dantza. Alkandora eta praka zuriak, faja gorria, lepoko gorria janzten ditu eta eskuan txistera beltz bat eta San Pedroren giltzak bordatuta dituen bandera eramaten ditu. Dantzak lau zati ditu: Herriari agurra, fandangoa, arin-arina eta azken agurra.

Lapurdiko kaskarotak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Emakumezkoen dantza. Dantzariek otarre zapal bat daramate, arraina eramatekoa.

Sorgin dantza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Inauteriko dantza da. Gipuzkoako Orian gorde da; XX. mendean, industrializazioarekin, han ere galtzeko zorian izan zen, baina industrian lan egitera etorritako bergararren ekimenari esker, eta Santutxuko Gaztedi dantza taldeari esker iraun du.[5][6]

Lapurdiko inauteria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lapurdiko Inauterian dantzariak (piltzarrak edo zirtzilak) maskara eramaten dute. Amaieran Zanpantzar pertsonaia epaitzen dute, eta sutan erre. Pertsonaia hauek hartzen dute parte:

  • Bandedaria
  • Kaskarotak
  • Besta gorriak
  • Ponpierak
  • Kotillun gorriak
  • Jaun - Anderiak

Herri batetik beste batera joaten dira eta hasieran maska-dantza egiten dute. Gero Xinple izeneko dantza (Zuberoko godalet-dantzaren doinuaz). Gero, diru eske dabiltzan bitartean, fandangoa, arin-arina edo makil dantzak dantzatzen dira.

Luzaideko inauteria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Inauteri hau Nafarroako Luzaidetik heldu zaigu. Hainbat pertsonaia biltzen ditu:

  • Banderariak
  • Bolantak
  • Joaldunak
  • Makilaria
  • Zapurrak
  • Zigantiak

Pertsonaia horien dantzak bukatu ondoren, neskalagunekin elkartzen dira eta soka-dantza egiten dute.

Otsagiko dantzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nafarroako Otsagabian dute jatorria. Boboa izeneko pertsonaiak gidatzen du. Zati hauek ditu:

  • Paseoa.
  • Enperadorea.
  • Katxutxa-dantza.
  • Modorro.
  • Painolo-dantza.
  • Jota.

Sagar dantza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arizkunen (Nafarroa Garaia) gorde da. Dantzariek sagar bana eramaten dute eskuan eta amaieran jaurti egiten dute.

Jatorriz gizonezkoen dantza bazen ere, gaur egun emakumezkoek dantzatzen dute.

Xemeingo ezpata dantza eta mahai gainekoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Markina-Xemeingo (Bizkaia) Arretxinaga auzoan, irailaren 29an (Done Mikel eguna), dantza berezi hauek egiten dira. Eguerdiko mezaren ostean, ezpata dantza egiten da; tradizioaren arabera ongiaren eta gaizkiaren arteko borroka adierazten du. Izan ere, San Migel goiaingeruak Satanasen aurka eduki zuen borroka islatzen du.

Gauerdian, mahai gaineko dantza egiten da. Dantza hau Mendexan ere egiten da, abuztuaren 1ean. Mahai baten gainean dantza egiten dute dantzariek, Horra hor goiko abesten den bitartean.

Txulalai[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arabako Páganos herrian Sam Blas egunean dantzatzen den dantza herrikoia.

Zahagi dantza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Artikulu nagusia: «Zahagi dantza»

Zahagi dantza Goizuetan (Nafarroa Garaia) dantzatu ohi da.

Zinta-dantza Legazpin.

Zinta-dantza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Artikulu nagusia: «Zinta-dantza»

Antzina gizonezkoek dantzatzen bazuten ere, gaur egun emakumezkoen dantza da. Makil batetik zintzilik dauden zintei heldu eta dantzaren bitartez txirikordatu egiten dute, gero askatzen joateko.

Zubietako Inauteria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Dantzaria.

Zanpantzarrak edo joaldunak Zubieta eta Ituren herrien artean ibiltzen dira. Inauteri hau urtarrilaren azken astearte eta asteazkenean ospatu ohi da. Zanpantzarre ibilaldiaz gain soka-dantza eta dantza soltea ere dantzatzen dira.

Zuberoako maskarada[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Maskaradako dantzariak.
Artikulu nagusia: «Zuberoako maskarada»

Zuberoan inauteriak hartzen duen molde berezia maskaradak dira. Pertsonaia nagusiak hauek dira:

  • Txerrero
  • Gatüzain edo Gatero
  • Kantiniersa
  • Zamalzain
  • Marixalak
  • Kestüak
  • Entseñaria
  • Jauna eta Anderia
  • Laboraria eta Laborarisa
  • Txorrotxak
  • Bühamiak
  • Kaüterak

Maskaradak hiru zati ditu: Barrikada, Branlia (Kontrapas, Braletik jauzia, Karakoiltzia) eta Ofiziorenak.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]