Edukira joan

Euskal haur eta gazte literatura

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Bideo honek Ikusgela proiektuko bideo bat barneratzen du
Wikipedia, Entziklopedia askea

Bideo hau Ikusgela proiektuaren parte da.
Bideo hau Ikusgela proiektuaren parte da. Bideoak dituzten artikulu guztiak ikus ditzakezu hemen klik eginez gero.
Mariasun Landa eta XX. mendeko haur eta gazte literatura
Xabiertxo pertsonaiaren irudikapena.
Mariasun Landa eta Jon Zabaletaren Txan fantasma.
Bernardo Atxagaren Xola txakurtxoa.

Euskal haur eta gazte literatura (EHGL) haurrek eta gazteek, helduon laguntzaz edota eurek bakarrik, irakur, uler edota goza dezaketen euskal literaturarieuskaraz idatzitako literaturari— esaten zaio. Helduentzat idatziak izan arren, gizarteak haur eta gazteentzako egokiak kontsideratu dituen testu literarioak ere sartzen dira haur eta gazte literaturan (esaterako, Gulliverren bidaiak, Altxorraren uhartea, Oihaneko liburua edota Platero eta biok). Eta ezohikoagoa den arren, haur eta gazteek idatzitako lanak ere HGL (haur eta gazte literatura) dira.

Euskal haur eta gazte literatura (EHGL) ezin uler daiteke ahozko literatura kontuan izan gabe. Helduei nahiz haurrei zuzenduta sortu diren ipuinek, kantek, olerkiek, bertsoek, esaera zaharrek, hitz-jolasek, aho-korapiloek edota asmakizunek, besteak beste, osatzen dute ahozko literatura. Eta horrek erakusten digu, hain zuzen, zein beharrezkoa izan den (eta den, oraindik ere) ahozko literatura Euskal Haur eta Gazte Literaturaren historian. Euskal Herrian, ahozko literatura oso aberatsa izan da betidanik eta horren ondorioz, jaso dugun ondarea balio handikoa da.

XIX. mendearen hasieran, 1803an hain zuzen, argitaratu zen haurrentzako euskarazko lehen liburua, Juan Bautista Aguirrek idatzitako katixima bat: Confesioco eta Comunioco Sacramentuen gañean Eracusaldiac, lenvicico Comunioraco prestatu bear diran Aurrentzat, eta bidez Cristau acientzat ere bai. Urtebete beranduago, 1804an, Bizenta Mogelek (1782-1854) Ipui onac alegi liburu ezaguna argitaratu zuen, ahozko literaturan oinarrituta. Eta ez zen haurrei zuzendutako beste argitalpenik egon euskaraz 1890. urtean A. Apaolazak Patxiko Txerren argitaratu zuen arte (86 urteko tartean, hain zuzen). Beraz, euskaraz idatzitako haur eta gazteentzako literaturak bi mendeko historia baino ez duenez, literatura nahiko berria dela esan dezakegu.

XX. mende hasieran, ordea, Euskal Herrian eskola elebidunak sortzeari ekin zitzaion eta euskarazko ikas-materialen beharrari erantzun nahian, haur eta gazteentzako lehen lanak argitaratzen hasi ziren. Hala, urrats nabarmenak eman ziren EHGLn:

  • Literatura Unibertsaleko lan garrantzitsuak euskarara itzultzen hasi ziren (Grimm anaien ipuinak (1929), Cristoph Schmid idazle alemaniarraren lanak (1929), Oscar Wilderen ipuinak (1927), Croceren lanak (1932) edota Tormesko itsumutila (1929), besteak beste).
  • Euskal tradizioko ipuin-bildumak osatzen hasi ziren (Supazter chokoan, Ixtorio-Mixterio, Amattoren uzta, etab.)
  • Haur nahiz gazteentzako lanak idazten hasi ziren bertako idazle euskaldunak; batzuk aipatzearren:

Garai honetakoa da, halaber, euskarazko lehen antzezlana: Nekane edo Neskuntzaren babesa (Tene Mujika, 1922).

Hala, euskararen egoerak hobera egin ahala, EHGLren ekoizpena ere handitzen, indartzen eta zabaltzen hasi zen. Baina ekoizpen edo produkzio hori eten egin zen 1936ko Espainiako Gerraren ondorioz (besteak beste). Hego Euskal Herrian euskararen erabilera debekatu egin zen eta haur eta gazteentzako oso lan gutxi argitaratu zen bai guda-garaian eta baita guda-ostean ere. Garai hartan argitaratutako obra esanguratsuenak hauek dira:[1]

  • Haur elhe (1944), Oxobi behe-nafarrak haurrentzat idatzitako lehen poesia-liburua
  • Orixeren Leoi-kumea (1948)
  • Haurrei zuzenduriko hiru erlijio liburu:
    • Iesu Aurraren Bizitza (1948)
    • Haurren Eliz-liburutxoa (1949)
    • Kristau-Ikasbidea Bertsotan (1950)
  • Jon Etxaidek gazteentzat idatzitako liburuak

1950eko hamarkada

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1950eko hamarkadaren hasieran, Euskaltzaindia euskaraz argitaratzeko debekuaren aurka borrokan hasi zen. Bestalde, Euskal Herriko giro politikoa, pixkanaka, aldatzen ari zen. Bi faktore horiei (eta gehiagori) esker, gero eta lan gehiago argitaratzen hasi ziren euskaraz, eta XX. mende erdialderako EHGLren susperraldia sumatzen hasi zen. Urte horietan argitaratu ziren, besteak beste:[1]

  • Kuliska sorta, estilo eta gai ugariko lan bilduma
  • Purra! Purra! bilduma (Jon Etxaide, 1953)
  • Amabost egun Urgain'en (Jose Antonio Loidi, 1955), euskaraz idatzitako lehen polizia eleberria
  • Abarrak. Ipuinak eta kondairak (Euskaltzaindia, 1956), XX. mende hasieran Kirikiñok idatzitako ipuinen bilduma
  • Pernando Plaentxitarra (Jon Etxaide, 1957)
  • Euskalerriko ipuiñak (1957)
  • Umentxoen ipuiak bilduma (1957)
  • Ipuin Barreka (Felix Bilbao, 1958)
  • Zirikadak (1958), Juan San Martinek idatzia eta Yulen Zabaletak ilustratua
  • Umeen Deia (Felipe de Murieta, 1959), haurrentzako lehen aldizkaria (66 ale argitaratu ziren, eta sortzailea hil zenean desagertu zen)

1960ko hamarkada

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1960. urtetik aurrera, bai nazioartean eta baita Euskal Herrian ere, HGLren egoerak hobera egin zuen, nabarmen. Esan ohi da, hain zuzen, 1960ko hamarkadaz geroztik hitz egin daitekeela Haur Literaturaz adiera hertsian.[1] Nazioartean, 1955. urtean, IBBY erakundea (International Board on Books for Young People / Haur eta Gazte Liburuaren Nazioarteko Erakundea) sortu zen. Gurean, berriz, ikastolak sortzen hasi ziren, eta euskarazko material didaktikoaren behar handia zegoen oraindik. Garai honetan, gainera, Marijane Minaberrik hiru liburu argitaratu zituen:[1]

  • Mari Gorri (1961)
  • Itchulingo anderea? (1963)
  • Xoria kantari poema-liburua (1965)

Errepikapen, onomatopeia, errima eta hitz-joko ugariz osaturiko lanak direnez eta autore honen helburuak literaturaz gozatzea eta goza araztea izan zirenez, esan ohi da Marijane Minaberrik abiarazi zuela haur eta gazteentzako euskal literatura.

Beraz, 60ko hamarkadatik aurrera, haur eta gazteentzako liburu eta aldizkarien argitalpenek gora egin zuten. Ordura arte hain ohikoak izan ziren gai erlijioso eta hezitzaileak alde batera utzi eta literaturaren balio estetikoari lehentasuna ematen hasi zitzaion, eta euskal idazleak beren lanetan gai berriak sartzen hasi ziren, gazteak literaturara hurbiltzeko helburuarekin.

1970eko hamarkada

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

70. hamarkadaren bueltan aldaketa berriak etorri ziren (sormenezko pedagogia edota Freineten ideiak, esaterako). 1975ean Franco diktadorea hil zenean, ikastoletan ikasle kopurua handitzen hasi zen. Gainera, euskararentzat mesedegarriak izan ziren beste gertaera batzuk ere egon ziren (Autonomia Estatutuaren onarpena, Elebitasuneko dekretua, Helduak Alfabetatzeko Koordinakundea), eta horrek guztiak eragin zuzena izan zuten Euskal Haur eta Gazte literaturan. Hamarkada honetan argitaratu ziren, besteak beste:

  • Antziñako ipuiñak (1968)
  • Abere alaiak bilduma (1969)
  • Perraulten hainbat ipuin
  • Ardo ta ogi Martxelin (Marcelino Pan y Vino, 1968)
  • Kimu bilduma
  • William Tellen itzulpena (1976)

Bestalde, 70eko hamarkadaren amaieran, hiru euskal argitaletxe garrantzitsu sortu ziren: Hordago, Elkar eta Erein. Lehena desagertu egin zen. Beste biek, berriz, 1980. urtean hasi eta gaur egun arte, haur eta gazteentzako euskal literatura sustatzeko lan handia egin dute. Horri, nahiz beste faktore sozial, politiko eta ekonomiko batzuei esker, aldaketa kuantitatibo eta kualitatibo handiak egon ziren EHGLren literaturaren ekoizpenari zegokionean: oso gutxi argitaratzetik, urtean 300 bat lan argitaratzera pasa zen.

1980ko hamarkada

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

80. hamarkadaren hasieran, hain zuzen, haur eta gazteentzako egungo euskal literaturaren abiapuntu izan ziren hiru lan argitaratu ziren:

Eta horien atzetik haur eta gazteei zuzendutako lan asko eta asko argitaratu dira euskaraz.

80. hamarkadaz geroztik, haur eta gazteentzako euskal literaturaren aro berria hasi zela esaten da, EHLG modernoa. Urte horietan aldaketa kuantitatibo handiak eman ziren, baina, batez ere, aldaketa kualitatibo garrantzitsuak ikusten hasi ginen: literatura gero eta zainduagoa eta erakargarriagoa bihurtzen hasi zen, kalitate handiko literatura (hizkuntza zainduagoa, elementu literario ugari, tonu eta estilo landuak, irudi ederragoak, etab.), eta bide horretan jarraitzen du.

Lanen produkzioa edo ekoizpena ere ikaragarri hazi zen. Argi dago 600.000 hiztun inguru dituen komunitate batean sortutako literaturak bere mugak dituela (merkatu murritza, kanpo merkatuan ezagutarazteko zailtasunak, irakaskuntzaren arloan dagoen mendetasun handia, etab.). Baina, hala ere, EHGL aurrera doa: 1803ko liburu hartatik 1980ra arte argitaratutako liburu guztiak baino liburu gehiago argitaratu dira azken urte hauetan, urtero. 321 liburu argitaratu ziren 1900. urtetik 1980.era bitartean; 1980.etik 2000.era, berriz, 4.436 liburu. Haur eta gazteentzako euskal literatura euskarazko argitalpenen %25a da.

1990eko hamarkada

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1990. urtean Galtzagorri Elkartea sortu zen, bi helburu nagusirekin:

  • haur eta gazteen irakurzaletasuna bultzatzea
  • Euskal Haur eta Gazte Literatura sustatzea eta ezagutaraztea

Elkartearen sorrera, oso hasieratik, mesedegarria izan da EHGLaren bilakaeran, arlo honetan egin duen lan handiari esker. Horri eta aurreko hamarkadan hartu zuen indarrari esker, esan ohi da 90. hamarkadarako euskal haur eta gazte literatura jada finkaturik zegoela.[2] Eta hala, hamarkada honetan, euskal autoreek argitaratutako liburuen zerrenda luzea da oso.

XXI. mende hasierako EHGL

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XXI. mendearen hasieran, oro har, EHGLren egoera egonkor mantentzen da, aldaketa eta berrikuntza gutxiagorekin, baina kualitatiboki nahiz kuantitatiboki maila polita mantenduz. Zerbait azpimarratzekotan, album edo liburu ilustratuen produkzioak gora egiten duela azpimarratu behar da.[3] Album ilustratu testua baino irudi gehiago duten liburuei esaten zaie. Euskal literaturaren kasuan, merkatua txikia denez eta liburu mota horiek garestixeagoak, ia ez dago bertako autoreek sortutako album ilustraturik, baina aurreko urteetan ez bezala, 2000. urtetik aurrera Kalandraka argitaletxea, batez ere, hasi zen horrelakoen aldeko apustua egiten (batzuk aipatzearren, liburu ilustratu hauek kaleratu zituen: Buruko hura nork egin zion jakin nahi zuen satortxoa, Hiru bidelapurrak, Piztiak bizi diren lekua, Osaba otso, Untxitxo txuria, Manez eta Piarres...). Bestalde, eta berrikuntza gisa, emakume idazleen presentzia ere asko hazi zen XXI. mende hasieran, betiko autore ezagunez gain (Mariasun Landa), izen ezagun batzuk finkatzen dira (Miren Agur Meabe, Uxue Alberdi, Leire Bilbao, Aitziber Alonso, Eider Eibar, Antxine Mendizabal) eta berri batzuk beren lekua egiten hasten dira (Iratxe Lopez de Munain, Txani Rodriguez, Esti Vivanco, Aitziber Akerreta, Noemi Gallego edota Begoña Durruty, besteak beste).[4]

Gaiak, estiloak eta generoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hasieran, gai erlijiosoak eta hezitzaileak edota moralistak jorratzen zituzten lanak bakarrik argitaratzen ziren. Marijane Minaberrik, 60.hamarkadan, EHGLari balio estetikoa eman nahi izan zion, eta hala, gozatzeko eta goza arazteko literatura plazaratzen hasi zen. Hortik aurrera, eta pixkanaka, euskal idazleak denetariko istorioak idazten hasi ziren: umorezkoak, abenturazkoak, intriga edo misterioz josiak, maitasunezkoak, fantasiazkoak… 80ko hamarkadaren bigarren erditik aurrera, jada, ordura arte egon ez zen gai-aukera zabala ikusten hasi ginen euskal haur eta gazteentzako literaturan; hemengo idazleak beraien lanetan gizarteko gai gehienak islatzen hasi ziren:

  • Militarizazioaren edo bortizkeriaren arazoa (Joxeme gerrara daramate, 1992; Marigorringoak hegan, 1994)
  • Ekologia (Desafioa, 1988; Hiru lagun, 1995; Joxepi dendaria, 1984)
  • Familia (Txitoen istorioa, 1984; Jaun agurgarria, 1993; Pirritx eta Porrotx arrantzan, 2004)
  • Pobrezia (Kittano, 1988)
  • Emigrazioa (Bi letter jaso nituen oso denbora gutxian, 1984; Lur zabaletan, 1994; Eztia eta ozpina, 1994,)
  • Immigrazioa (Eddy Merckxen gurpila, 1994; Semaforoko ipuina, 2004)
  • Langabezia (Harrika, 1989)
  • Amodioa (1948ko uda, 1994, Kixmi elurpean, 2005)
  • Sexua (Ezin da makilaz hitz egin?, 2011)
  • Askatasuna (Asto bat hypodromoan, 1984; Potx, 1992; Tristuraren teoria, 1993; Behi euskaldun baten memoriak, 1991)
  • Etab.

Estiloak ere askotarikoak izan dira, autore bakoitzak berea erakutsi duelarik. Generoari dagokionean, narrazioa izan da beti nagusi (guztizkoaren % 95a). Narrazioari dagokionean, XXI. mendeko EHGLn, askotariko generotan idatzitako liburuak argitaratzen dira jada:

  • Ipuin/nobela errealistak
  • Ipuin/nobela fantastikoak
  • Zientzia fikziozko ipuinak/nobelak
  • Misteriozko ipuinak/nobelak
  • Suspensezko ipuinak/nobelak
  • Terrorezko ipuinak/nobelak
  • Abenturazko ipuinak/nobelak
  • Ipuin/nobela historikoak
  • Ipuin/nobela kostunbristak
  • Umorezko ipuinak/nobelak
  • Mitologiari buruzko ipuinak/nobelak
  • Fabulak
  • Bidaia liburuak
  • Etab.

Antzerkiari dagokionean, haur eta gazteentzako euskarazko antzezlanek ez dute ekoizpenaren % 1a ere hartzen. Zertxobait gehiago poesiak, baina haur eta gazteei zuzenduriko poesia gutxi argitaratzen da. Eta euskarazko irudidun liburuak gutxi izan dira XXI. mende ingurura arte. Batetik, euskal literaturaren merkatua murritza delako; bestetik, bertako argitaletxeak txikiak direlako eta argitalpen hauek garestiak. Baina azken urteotan gero eta album ilustratu gehiago argitaratzen ari dira, argitaletxeak hauen alde egiten ari diren apustuari esker, besteak beste.

Asko dira, beraz, EHGL egiten duten autoreak eta EHGL osatzen duten lanak. Hain zuzen ere, horietako batzuen inguruko informazioa bildu nahi izan da wikiproiektu honetan.

EHGL Sari, beka eta lehiaketak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Helduentzat:
    • EHGLko Euskadi Literatura Sariak (Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak 1997tik urtero antolatua)
    • Xabier Lizardi Saria, Haur Ipuin Lehiaketa (Zarauzko Udala)[5]
    • Haurrendako albumak sortzeko Etxepare Literatur Saria/Beka (Nafarroako Udaletako Euskara Zerbitzuak)[6]
    • Peru Abarka Album Lehiaketa[7]
    • Dabilen Elea Saria
    • Baporea Saria (Santa Maria Fundazioa)
    • Antonio Maria Labaien Saria (Tolosako Udala)
    • Mikel Zarate Haur Literaturako Saria (Lezamako Udala eta Elkar argitaletxea)
    • Ignacio Aldecoa Ipuin Sariketa (Arabako Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Sailak antolatzen du lehiaketa)
    • Apirila Saria (Argitaletxe Elkartuak)
    • HGLrako Joseba Jaka Beka (Euskalgintza Elkarlanean Fundazioa)
    • Espainiako Haur eta Gazte Literaturaren Sari Nazioala (Espainiako Kultura Ministerioa)
    • Lazarillo Saria (OEPLI)
    • “Leer es Vivir” Saria (Everest taldea)
    • Marsh saria (Marsh HGLren alorrean aurreko bi urteetan ingelesez egindako itzulpen lanik onenaren saria).
  • Gazteentzat:
    • Liburu Gaztea Book Trailer Lehiaketa (lehengo Liburu Gaztea Saria Galtzagorri Elkarteak antolatua)
    • Salbatore Mitxelena literatur lehiaketa
    • Koldo Mitxelena Saria
    • Elkar ilustrazioa eta ipuin lehiaketa[8]
    • Lasarte-Oriako Haur eta Gazteen Literatur Lehiaketa[9]
    • Barañaingo Haur eta Gazteentzako Literatura Lehiaketa[10]
    • Madelon, Gazteentzako Literatur Lehiaketa (EHGAMek (Euskal Herriko Gay eta Lesbiana Mugimenduak) gazteei zuzendutako lehiaketa[11]
    • “Bizkaidatz Txikia” Haur eta Gazteentzako Literatura Saria[12]
  • Ilustratzaileentzat:
    • Euskadi Saria
    • Espainiako Ilustrazio Sari Nazionala

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • [1], Paperean hegan (Galtzagorri Elkartea eta Koldo Mitxelena Kulturunea, 2008), Euskal Haur eta Gazte Literaturaren panorama osoa biltzen duen DVDa
  • [2], 25 urte Haur eta Gazte Literaturari bide eginez
  • [3], "Auñamendi Eusko Entziklopedia"