Euskal idazle

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Euskal idazlea euskaraz idazten duen idazlea da. Horrenbestez, Euskal Herrikoa den baina erdaraz idazten duen egilerik ezin da euskal idazletzat hartu. Honela idatzi zuen izan dugun euskalari gorenak:[1]

« Esanaren arabera, euskaldun zahar nahiz berriek idatzirikako zernahi, literaturaren barrunbean sartzen baldin bada, euskal literatura da. Aitzitik Euskadiko jendeak —eta jakinaren gainean darabilt izen hau, Euskal Herriaren lehen zatiaren bitartez nahastea sor ez dadin—, erdaraz, edozein erdaratan, idazten duten neurrian ezin daitezke izan euskal idazle; euskaltzale sutsu agertzen baldin badira ere, erdal idazle dira. Horrela, euskal idazle genuen Silvain Pouvreau; erdal idazle, haatik, Pio Baroja eta Jean de Sponde. Eskubide osoa dute, beraz, Zeruko Argiak eta Anaitasunak iragarkietan oihukatzen dutenean: «Geu gara euskal prentsa». Eta gainerakoak euskal prentsa dira euskarari sarrera uzten dioten heinean eta ez gehiagotan. Obras son amores, y no buenas razones, esan ohi da aski ezaguna dugun beste hizkuntza batean, eta ez dabiltza oker, nik uste, hori diotenak.  »
Koldo Mitxelena[2]

Kolektiboa koordinatzeko sortu zuten Euskal Idazleen Elkartea.

Euskal idazle klasikoen artean, nabarmentzekoak dira "Axular" (Geroren egilea), Bernart Etxepare (Linguae vasconum primitiae), Joan Perez de Lazarraga (Lazarragaren eskuizkribua), Txomin Agirre (Kresala, Garoa), "Lauaxeta" eta "Lizardi".

Mundu osoan oihartzun handiena izan duen egungo euskal idazlea Bernardo Atxaga da; Obabakoak du libururik ezagunena, eta haren lanak hainbat hizkuntzatara itzuli dituzte. Gaur egungo beste idazle aipagarri batzuk: Unai Elorriaga, Koldo Izagirre, Mariasun Landa, Anjel Lertxundi, Ramon Saizarbitoria, Joseba Sarrionandia, Itxaro Borda eta Arantxa Urretabizkaia.

Arabako idazleak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Arabako idazleak»

Historiaren ikuspegitik, eta gaztelaniazko idazleak alde batera utzita, Joan Perez de Lazarraga (1548?-1605) dugu arabar idazlerik garrantzitsuena, harena baita Hego Euskal Herriko testurik zaharrena.

Gaur egungo idazleen artean, aipatzekoak dira Fito Rodriguez (1955-) (2006tik Euskal Idazleen Elkarteko presidentea), Xabier Montoia (1955-) emankorra eta Josemari Velez de Mendizabal (1949-).

Nabarmentzekoa da, orobat, bi hizkuntza komunitateen artean zubi lanak egiten dituen Toti Martinez de Lezea (1949-).

Bizkaiko idazleak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Bizkaiko idazleak»

Klasikoen artean, Juan Antonio Mogel (1745-1804), Txomin Agirre (1864-1920), Kirikiño (1866-1929), "Lauaxeta" (1905-1937) eta Eusebio Erkiaga (1912-1993).

Gaur egungoen artean, Edorta Jiménez (1953-), Joseba Sarrionandia (1958-), Miren Agur Meabe (1962-) eta Kirmen Uribe (1970-).

Bilboko idazleen artean (Bilbo Handikoak ere barne), Gabriel Aresti (1933-1975), Andolin Eguzkitza (1953-2004), Laura Mintegi (1955-), Lutxo Egia (1969-), Unai Elorriaga (1973-), Julen Gabiria (1973-) eta Urtzi Urrutikoetxea (1977-).

Gipuzkoako idazleak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Gipuzkoako idazleak»

Idazle klasiko aipagarrien artean, Juan Antonio Mogel (1745-1804), "Orixe" (1888-1961), "Lizardi" (1896-1933) eta Yon Etxaide (1920-1998).

Egile garaikiderik ezagunena, aldiz, Bernardo Atxaga (1951-) da (Obabakoak), eta beste garrantzitsu batzuk Joxe Azurmendi (1941-), Ramon Saizarbitoria (1944-), Arantxa Urretabizkaia (1947-), Anjel Lertxundi (1948-), Mariasun Landa (1949-), Koldo Izagirre (1953-) eta Harkaitz Cano (1975-).

Lapurdiko idazleak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Lapurdiko idazleak»

Lapurdiko idazle klasikoen artean, Joanes Leizarraga (1506-?), Axular bera (1556-1644) eta Joan Piarres Duvoisin (1810-1891) ditugu.

Garaikideen artean, Piarres Lafitte (1901-1983), Piarres Lartzabal (1915-1988) antzerkigilea, Itxaro Borda (1959-) eta Eneko Bidegain (1975-) ditugu.

Nafarroa Behereko idazleak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Nafarroa Behereko idazleak»

Nafarroa Behereko idazle garaikideak dira, besteak beste, Xalbador (1920-1976), Xipri Arbelbide (1934-), Itxaro Borda (1959-) eta Antton Luku (1959-).

Nafarroa Garaiko idazleak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Nafarroa Garaiko idazleak»

Nafarroa Garaiko egile klasikoen artean ditugu Axular (1556-1644), Arturo Kanpion (1854-1937) eta "Larreko" (1869-1949).

Gaur egungoen artean, aldiz, Jose Angel Irigarai (1942-), Jon Alonso (1958-), Patziku Perurena (1959-), Aingeru Epaltza (1960-), Jokin Muñoz (1963-), Juanjo Olasagarre (1963-), Alberto Barandiaran (1964-) eta Castillo Suarez (1976-).

Zuberoako idazleak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Zuberoako idazleak»

Zuberotar idazle klasikoen artean dira Arnaud Oihenart (1592-1667), Pierre Topet (1786-1862) eta Agosti Xaho (1811-1858).

Egile garaikide garrantzitsuak dira, besteak beste, Pierre Bordazarre (1908-1979) pastoralgilea eta Jean Louis Davant (1935-).

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. «Euskararen ikerkuntzari dagokionez, euskal linguistika eta filologiaren oraingo oinarriak berak ezarri zituen. Batere gehiegikeriarik gabe esan daiteke Mitxelena izan dela euskalari gorena. Euskararen iker-alor guztiak ukitzen zituen, gainera, hots, linguistika eta filologia, literatur kritika, etab.»
    Henrike Knörr, Jean Haritschelhar eta Mikel Ugalde (1987): Koldo Mitxelena, Bidegileak bilduma, 1. zenbakia, 1994.
  2. Koldo Mitxelena: Koldo Mitxelena gure artean. Editoreak: Anjel Lertxundi eta Inazio Mujika. Irun, Alberdania, 2001.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Joan Mari Torrealdai: Euskal idazleak, gaur. Jakin, 1977.


Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Euskal idazleak