Euskal presoen sakabanaketa

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Euskal Presoak Euskal Herrira! kanpainako bandera bat, Zarauzko LABeko egoitzan

Euskal presoen sakabanaketa baita ere Euskal presoen urrunketa moduan ezagutua, Espainiak eta Frantziak ETAko eta euskal preso politiko guztiekin 1980ko hamarkadatik darabilten politika da, helburutzat presoen bakartzea duena, ETAk haiengan eragin txikiagoa izan dezan. 2008ko abenduan, Espainiako Barne Arazoetarako ministro Rubalcabak (eta beranduago PPko beste politikari batzuk) adierazi zuten espetxe politika ETAren aurka Espainiako Estatuak darabilen estrategia dela, eta presoak baliatzen dituztela ekinbide horretan. [1][2] 2009ko irailean, EAEko Barne sailburu Rodolfo Aresek berretsi zuen espetxe politika borroka antiterroristarako tresna bat dela.[3] Espetxe politika horren ondorioz EPPKko kide diren presoetako gehienak Euskal Herritik kanpo daude kartzelatuta. Sakabanatze politikaren aurka ekimen ugari egin dira, horietako bat Euskal Presoak Euskal Herrira dinamika.

Nahiz eta hasieran presoen sakabanaketa soilik etakideen aurka erabili, gaur egun Dena da ETAren preso guztien aurka erabiltzen den politika bat da. Adibidez Segi edo Haikako partaidea izateagatik kondenatuta izan direnak edo eta ETAren aldeko apologia egin dutenekin.

Etxerat presoen senideen elkartearen esanetan, 2007ko irailean guztira ziren ETAko eta Euskal Nazio Askapenerako Mugimenduko 608 presoetatik, Espainiako 51 kartzelatan zeuden 450; eta gainerako 153ak, Frantzian, 32 espetxetan. Euskal Herrian, 16 baino ez zeuden.

Etxerat presoen senideen elkartearen esanetan, 2017ko azaroan guztira ziren ETAko eta Euskal Nazio Askapenerako Mugimenduko 312 presoetatik, Espainiako kartzeletan sakabanatuta 238 zeuden; eta 64, Frantziako gartzeletan sakabanatuta, Portugalen, Alemanian eta Brasilen denetara 4 preso zeuden. Euskal Herrian, 6 baino ez zeuden.

2018ko abuztuan, Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroaren hitzen arabera, Espainiako gartzeletan zeuden presoen artean, 203 euskal preso lehen graduan zeuden, 28 bigarren graduan eta bi hirugarrenenean —Sanz eta Moreno—. Horietatik 205 gizonak ziren eta 28 emakumeak. Txosten horretan, ez zuen argitzen Dena da ETAko presoak, (Alfredo Remirez edo Altsasuko gazteak adibidez) datu hauen barnean zeuden hala ez [4].

2018, urrunketaren amaieraren hasiera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Frantzian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2018ko otsailean lehenengo aldiz Frantziak euskal presoak hurbiltzen hasi zen. 2017ko abenduan eman zuen horren berri eta Zigor Garro eta Julen Mendizabal izan ziren gerturatutako aurreneko bi presoak, otsail amaieran Sant Maurretik eta Osnytik Mont-de-Marsanera mugituta. Ondoren lekualdatu zituzten Josu Urbieta, Raul Aduna eta Jon Salaberria, martxoan; Urbieta eta Aduna Poitiers-Vivonnen zeuden, 550 kilometro ingurura, eta Salaberria Alençonen, 830 kilometrora. Jon Gurutze Maiza eta Alberto Ilundain izan ziren hurrengoak; martxoan eraman zituzten Saint Maurretik Lannemezanera.

Beranduago, Arkaitz Agirregabiria eta Iurgi Garitagoitia hurbildu zituzten: Garitagoitia Poissyn zegoen, eta Fresnesen Agirregabiria; biak, ia mila kilometrora[5].

Hasiera batean, hildakoak eragin ez zituzten Etakideak eta Dena da ETAren partaideak hurbildu zituen Gobernu frantsesak[6].

2018ko azarorako Frantziako gartzeletan zeuden ETAko presoen erdia baino gehiago Ipar Euskal Herrian edo Euskal Herriko presondegi hurbilenetan zeuden[7].[8]

2018ko abenduan, Frantziak falta ziren gainerako ETAko presoak gerturatuko ez zituela adierazi zuen. Preso hauek buruzagiak edo eta odol delituak zituztenak omen ziren. Gainera, Ipar Euskal Herrian emakumeen gartzelarik ez egotean, emakumeen hurbilketa ere arazo omen zen, betiere Frantziako gobernuaren arabera. Presoak urrun mantentzearen arrazoiak, Frantziako Gobernuaren arabera bi zirenː ETAren biktimen erakundeek jazan ahal zuten sumina eta Espainiako Gobernuak ez lukeela ondo ikusiko.

Ipar Euskal Herriko eta euskal presoen hurbilketaren aldeko erakundeen iritziz ordea, Frantziak ez zituen gainerako presoak hurbildu Espainiak PSOEko gobernu berria zuenetik, gobernu berriarekin egindako politika negoziazioaren ondorioz egindako hitzarmenen ondorioz.[9]

Espainian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2018ko abuztuan, Espainiako gobernuak euskal preso politikoak hurbiltzen hasi zen. Lehenengo biak, Bizkaia Komandoko laguntzaileak izan ziren. Lehenengo biak Olga Sanz Martin eta Xabier Moreno Ramajo, Villabonako espetxetik (Asturias, Espainia) Basaurira (Bizkaia) lekualdatu zituzten. Sanz eta Moreno Sopelakoak dira (Bizkaia), eta Bilbon atxilotu zituzten 1998an. Hortaz, hogei urte inguru eman zituzten espetxean. Hasieran ETAren Bizkaia komandoko kide izatea egotzi zieten: Morenori 74 urteko espetxe zigorra ezarri zioten, eta Sanzi, berriz, 71 urtekoa[10].

Azkenean Olga eta Xabier ETAren Bizkaia Komandoaren laguntzaileak izateagatik zigortu zituzten[11].

Hirugarrena gerturatzen Alfredo Remirez txiolari eta ekintzailea izan zen. Nahiz eta orduan bakarrik Berria[12] eta Gara[13] egunkarian agertu, Alfredo izan zen Dena da ETAren ondorioz, Zaragozako gartzelan zegoen eta hurbildu zuten hirugarren presoa.

Espainiak Frantziaren bidetik jarraituko zuela esan zuen eta hasieran behintzat odolezko deliturik ez zituztenak eta preso gaixoak bakarrik hurbiltzeko intentzioa zuela adierazi zuen Espainiako gobernuak[14].

Laugarrenak gerturatzen, 2018ko abuztuaren amaieran eman ziren. Hilabete horretan Altsasu auziko gazteak gerturatzen hasi ziren[15]. Dena da ETAren auzi esanguratsu honen Jon Ander Cob eta Julen Goikoetxea Altsasuko gazteak Soto del Realgo espetxetik (Madril) Euskal Herriko Zaballara hurbildu zituzten[16].

2018ko irailan bi preso hurbildu zituzten. Nahiz eta Hego Euskal Herriko gartzeletan lekua egon[17] hurbildutako presoak Logroño eta Zaragozara hurbildu zituzten[18].

Gauzak horrela, Espainiako Gobernuaren politika 2018. urtean, orokorrean, ez zen izan presoak Euskal Herrira hurbiltzea, baizik eta nahiko era mailakatu eta geldoan Euskal Herriko hurbileko probintzietara (Zaragoza, Kantabria...) gerturatzea. Gainiera hurbildutako presoak Grande Marlaskaren esanetan, "ondo pentsatutako erabaki puntualak izango dira, orokorrean odol deliturik ez dituztenak eta kondenako ia urte gehienak beteta dituztenean"[19].

Joseba Azkarraga Sare euskal preso, iheslari eta deportatuen eskubideen aldeko sare herritarraren bozeramailearen ustez, presoak Zuerako (Zaragoza) eta Logroñoko espetxeetara lekualdatzea ez zen dispertsio politikarekin amaitzea, Pedro Sanchezen Gobernuak agindu zuen bezala.

Sareren bozeramaileak Pedro Sanchezen Gobernuaren "konpromiso falta" salatu zuen, Espainiako presidente berriak kargua hartu zuenean "egungo espetxe politikarekin amaitzeko asmoa" zuela adierazi baitzuen. Azkarragaren hitzetan, Sanchezek "ez du bere hitza bete", eta horrek "frustrazio handia" sortzen zuen presoen eta senide eta lagunen artean.

Gaixotasun larriak zituzten ETAko presoak espetxeetatik etxera eramateko eskatu zuen berriro Azkarragak, eta ETAko gainerako presoak Euskal Herriko espetxeetara aldatzeko eskatu zuen, baina ez, Zuera bezala, "250 kilometrora daudenetara".

Hala ere, Azkarragaren ustez, senideentzat presoak Logroñon edo Zaragozan egotea Algecirasen edo Puerto de Santa Marian egotea baino "askoz ere garrantzitsuagoa" zen[20].

2018ko azaroan EPKK sei kide bakarrik gerturatu zituen, betiere Hego Euskal Herriko kanpoko gartzeletara. Teoria batzuen arabera Pedro Sanchezek zuen opozizioa izan zen aldaketa mugatu eta geldo hauen arrazoi nagusiena. Hau da, Espainiako orduko gobernuko hauteskundeak aurreratzearen mehatxua eta PP, Herritarron Alderdia eta ETAren aurkako biktimen taldeen presioek euskal presoen alorrean aldaketa askorik ez egotea eragin zutela ziurtatu zuten batzuek[21].

Urrunketa indarrean egoteko arrazoia, Espainiako Gobernuaren ordezkariaren iritzian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2018an Jesus Lozak Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkariak horrela arrazoitu zuen ETA desagertu eta sei hilabeteetara oraindik euskal presoen urrunketaren politika indarrean egotea[22]. Elkarrizketa honetan, bitxikeri moduan Alfredo Remirez txio batengatik preso dagoela esaten du eta baita ere Kepa Arronategiren gaisotasuna larria dela. Hala eta guztiz, "Espetxeetako Zuzendaritzaren osasun txostenak badio larri dagoela gaixo, baldintzapean aske", eta ez du gai honi buruz gehiago esaten.

- Kazetariaː Urrunketa kasik blokean eta oso denbora gutxian egin zuen Madrilek. Zergatik ez blokean eta azkar gerturatu edo Euskal Herriratu?

- Jesus LozaːKontuan hartu behar ditugulako sentsibilitate asko. Batez ere, ETAren biktimena. Baina Espainiako gizartearena ere. (...)

- Kazetariaː Orain arte urrats gutxi egin dira.

- J.L.ː Bi preso Basaurira ekarri ditugu, txio bategatik preso dagoen bat ere Euskadira ekarri dugu, Altsasuko auziko zazpiak Zaballan [Araba] eta Iruñeko espetxeetan daude dagoeneko, eta beste bi preso gerturatu egin ditugu.

- Kazetariaː Ez al zaizu iruditzen urrunketagatik trafiko istripuen arriskua handiagoa dela? Eta adineko askok ezin dituzte etxekoak bisitatu.

- J.L.ː Saiatuko gara pausoak ahal den azkarren ematen, baina sentsibilitate denak kontuan hartuta. Asko sufritu da azkeneko 50 urteotan.

- Kazetariaː Zergatik hitz egiten duzue gerturatzeaz eta ez Euskal Herriratzeaz? Espainiako legediak dio presoak etxetik gertueneko kartzelan egon behar duela.

- J.L.ː Gizarteratzea da helburua, eta prozesu bat egingo da. Presoak lehenik Zuerara [Aragoi] eta Villabonara [Asturias] eramatea aurreikusten dugu. Langraiz bidean berdintsu egin zen; laborategi moduan hartu zen, presoaren gogoeta sakontzeko, eta ondoren ekarri zituzten Euskadira. Ondo atera zen. Antzekoa egingo dugu.

- Kazetariaː Kepa Arronategi preso eria Almeriatik Zuerara gerturatu dute. Zergatik ez Euskal Herrira?

- J.L.ː Hark daukan gaixotasunari buruzko espetxe unitaterik onena Zaragozan [Aragoi] dagoelako.

- Kazetariaː Batetik, «bereziki arriskutsuak» izateagatik ezartzen diete presoei lehen gradua. ETA desagertu da. Bestetik, ustez erregimen arruntera (bigarren gradua) eta irekira (hirugarrena) egokitzen ez direlako ere ezartzen diete. Estatuan preso sozialen %2 daude lehen graduan. Euskal presoek haien aldean hain portaera desberdina al daukate espetxean?

- J.L.ː ETAk diziplina jakin bat ezartzen zien presoei: batere ez kontuan hartzea espetxeko legedia. Preso sozialek ez dute hori egiten. Baina gauzak aldatzen ari dira, ETA desagertu baita. Presoek nahikoa dute kartzelan jarrera ona izatea.

Ondorioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Trafiko istripuetan jendea hil edo zauritzea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakabanaketa dela eta, hainbat senide eta adiskide hil dira errepideetan, presoren bat bisitatzera zihoazela.[23]

Hildako pertsonez gain, 2010erarte senide eta hurkoen 268 trafiko istripu zenbatu ziren bi estatuetako errepideetan, eta ondorioz ehundik gora lagun zauritu ziren.[24]

Hona hemen hildako senide eta adiskideen zerrenda:

Kostu ekonomikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hain urrun egotea, kostu ekonomiko handiak ditu begibistakoa denez.

« Bidaiatzen dugun heldu guztien artean autobusa ordaintzen dugu. Pertsona bakoitzak 125 € ordaindu behar ditu. Horrez gain, bazkaria eta afaria ordaindu behar ditugu, hori gutxienez. »
Euskal preso baten senidea, 2017
« Kontu honetan nik… lana daukat eta moldatu egin naiz, baina egia da beste gauza batzuetarako ezer ere ez zaizula geratzen. Aukeratu behar da. Jendeak galdetzen dit: nola moldatzen zara? Eta bai, hemendik eta handik kendu behar duzu zer edo zer, baina nik argi izan ditut beti lehentasunak. Diru asko gastatzen duzu, eta noizean behin joaten den jendeak, tira, baina bikotekidea han badaukazu eta hilero joan behar baduzu… eta gainera Almeriara. »
Euskal preso baten senidea, 2017
« Gure kasuan (nire emaztearen eta bion kasuan) biok soldata bana daukagu eta ez daukagu gastu handirik egiteko. Baina hasten bazara horri kentzen bidaia bakoitzak kostatzen duena, normalean 220 € izaten dira gasolioarengatik eta autobidearengatik, joan eta etorri –autobidea bakarrik 90 euro dira. Hori da hasteko behar duzuna. Normalean, hasteko etxean ogitartekoa jaten dugu, eta bideari ekiten diogu. Gero, lo egiteko ere ordaindu behar da. Han, Bretainian, mota guztietako presoen senideei edo presoei beraiei, kartzelarik irteten direnean, zerbitzua ematen dioten sekularren zentro bat dago. Han lekua badago, ongi, merkea delako, baina lekurik egon ezean, hotela bilatu behar da eta orduan beste 50 edo 60 euro dira. Eta gero autoa, izan ere guk hemen autotxo bat geneukan gure ingurunean mugitzeko, baina noski, horrekin ezin gara Bretainiaraino joan. »
Euskal preso baten senidea, 2017
« Egun bat lehenago irtetea, eta ahal dela janaria eramatea, hotelarekin eta besterekin dezente ordaindu behar da-eta. Lehengo egunean, Roannera Iparraldeko lagunaren familiarekin joan ginenean, autobidetik joan beharrean, hau da Burdeos edo Limogetik, Angoulêmetik joan ginen, autobiatik, bidesariaren erdia ordainduta, eta hau dela eta bestea dela zeu bakarrik bazoaz, bidesariaren eta gasolinaren artean egizu 350€ izango direla, joan eta etorri Roannetik, 1.600 kilometro, kristoren dirutza. Hura bisitatzera jende gutxi badoa eta 15 egunez behin bazoaz kristoren dirutza da, gehi janaria eta hotela (…) euskal presoak hurbileko kartzeletan egongo balira, aguantatzeko eta antolatzeko erakutsi duten ahalmenarekin, ongi antolatutako bidaiak izango lirateke, gutxieneko kostu batekin eta ia-ia erabateko segurtasun-bermeekin. »
Euskal preso baten senidea, 2017
« Gure kasuan bilobek bi urte eta erdi eta lau urte eta erdi dauzkate. Bidaia oraingoz zerbait berria da eta eramaten dute, nik uste dut ez direla konturatzen horren guztiaren norainokoaz, horrek dakarren tamainaz eta kargaz. Hemendik bi edo hiru urtera nagusiena ziurrenik bueltak ematen hasiko zaio, ‘zergatik dago han?’, ziur galdetuko duela. Adin horrekin, bidaia horretan, haientzat saiatu behar duzu haiek ez nekatzea, ez aspertzea… nik gidatzen dut euren aita joan ezin denean, urrun lan egiten duelako, alaba, andrea, bi semeak eta bostok goaz. Alabak eta biok entretenitu egiten ditugu ipuinekin, kantuekin, gelditzen zara eta eurekin apur batean jolasten zara, bidaia oso luzea delako eta ahalik eta jasangarriena izan dadila saiatzen zara: hasi haize errotetatik edo Parisko dorretik, ez dakit noiz baina negu batean laser-izpia zeukan-eta… umeak oraindik adin horretan bizipen horiek azal-azalean dauzka, sakontasun handiagorik gabe. Hori bidaiari berari buruz; gero alde ekonomikoan benetako odoljarioa da; izan ere, noski; bidaiaren erdian bi gelako ostatua han, janari aldetik dakarren guztia, etxetik zerbait eramaten saiatzen zarelako baina han beti zerbait erosi behar, begiratu ea hartzen duzun ostatuak sukaldea edo mikrouhin-labea daukan, zerbait berotzeko, bestela… kristoren dirutza da, abenduan 1.000-1.500€ inguru utzi genituen. »
Euskal preso baten senidea, 2017

Lehenago agerian geratu denez, elkarrizketatuetako batzuek beharrizan bereziak dauzkaten senideekin bidaiatzen dute. Etengabeko zainketa behar duen semea duen laguntzaile horren kasuan, nahitaez espetxetik hurbilen dagoen hotel batean hartu behar dute ostatua, gaztearen ongizatea ziurtatzeko.


« Baldintza egokiak dauzkan hotel bat behar duzu, aulki gurpildunetarako gutxieneko egokitzapenak dauzkana… Normalean autoa hartzen dugu, eta bera non dagoen, hurbil dagoen hotel bat hartzen dugu. Orain hurbil dauden bi hotel edo dauzkagu eta ongi, eta han igarotzen dugu denbora, zure janari kontuak eramaten dituzu, mikrouhin labeari etekina ateratzen diozu eta aurrera egiten duzu (...)

Ekonomia aldetik sekulako dirutza da, ez soilik hotela, baizik eta autobideetako bidesariak, gasolina eta beste... diru asko da.

»
Euskal preso baten senidea, 2017

Joan-etorriek dakartzaten etengabeko gastuak are garestiagoak izan daitezke osasunarengatik, ikasketengatik edo bestelakoengatik ezinbestekoak diren beste gastu batzuk gehitzen baditugu, halakoek familientzat galera ekonomiko handi samarra ekarri ahal baitute.

« Orain hau eraman behar diogu (erakutsi egiten du), lupa batzuk dira betaurrekoetan jartzeko, ea ikusten duen, orain daukanarekin letra txikia ezin duelako irakurri. Ezin du irakurri. Begi bat galdua dauka dagoeneko, eta bestean ehuneko 40 pasatxo. Berak betaurrekoan lupa hau jartzen du eta horrekin ikasten du. Orain hau bezalako lupa bat dauka, 1,5ekoa, baina hau, 3,5ekoa, eramateko eskatu digu. Sartzen uzten badigute… Berak eskatu du. (…) Bion artean kobratzen dugunarekin ez gara 1.000 euroetara heltzen. Gastu finko batzuk dauzkagu lekualdatzeetarako, gasolinarako, hango egonaldirako, egiten ari den ikasketen liburuetarako, eta gainera, hau erosi behar izatea bezalako kontu zehatz bat sortzen bada… gauza asko kendu behar izaten ditugu.

—Gainera, hilero pekulioa sartu behar diogu.

»
Euskal preso baten senidea, 2017

Urruntze-politikaren eraginpeko presoren bat duten familien kasuan, senide bat zigor bat betetzen edukitzeak dakartzan gastu arruntei (gorago aipatutako pekulioaren kasua, adibidez), joan-etorrien, ostatuaren eta mantenuaren hileko aparteko gastuak gehitzen zaizkie, eta horiek aztertzen dira atal honetan. Horrek guztiak kopuru handi samarra ematen du, honako testigantza honetan ikus daitekeenez.

« Zuk dirua sartu behar duzu. Zuk dirua sartzen ez baduzu, presoak ezin dizu telefonoz deitu, deia txartelarekin egin behar duelako, telefonorako txartela Ekonomatuan erosi behar du. Deia denboragailu automatiko batek kontrolatzen du eta denboragailu horrek txistua jotzen du “Ama, hiru segundo”, eta eten egiten da, presoak ez du deia mozten, automatikoki mozten zaizu… baina dirua sartu behar diozu jan dezan, bestela gosea eduki dezake. Arropa ordaindu behar diozu, ikasketak ordaindu behar dizkiozu ikasten badago, irakurtzeko liburuak… benetako eromena da egoera hori, hainbesteraino non iaz Auzitegi Nazionalak Etxerateko kide batzuei dei egin zigun, galdeketa egiteko, ea dirua nork ematen zigun bidaiak ordaintzeko (…) Niri zehazki galdetu zidan ea nondik ateratzen nuen dirua bidaiak egiteko eta honetarako guztirako. Eta nik esan nion: hileroko nominatik. Baina kontua da adineko aita bati, Gipuzkoako agure bati galdetu ziola ea zeukan pentsioarekin nola moldatzen zen, ea nork ematen zion dirua, pentsio horrekin ez zuela hara jaisteko beste… Eta gizonak zera erantzun zion: “familia daukadalako eta lagunak dauzkadalako, bestela ezin izango nintzateke jaitsi semea ikustera, eta horixe bera gertatzen zaie askori’, ezin dituzulako gastuak ordaindu, ezinezkoa da. »
Euskal preso baten senidea, 2017

[28]

Nekearen ondorioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Senide presoak hain urrun egoteak eragin oso txarra dauka batez ere nagusienentzat.

« Alde batetik busean joaten den adineko jendea dago. Nik 71 urte dauzkat, oraingoz ongi moldatzen naiz, baina 80 urte baino gehiagoko pertsona batzuk daude, Algeciraseraino joaten direnak.

Beste pertsona batzuek etzanda bidaiatzeko arazoak dauzkate eta jesarrita egin ohi dute bidaia. Haientzat benetako infernua da. Normalean 4 edo 5 jesarleku uzten dira ohatze bihurtu gabe, jesarrita joan behar dutenentzat, eta bidaia guztietan baten batek okupatzen ditu. Hori jasatea ez da batere erraza, bidaian ematen ditugun ordu guztiak kontuan hartuta. Bizkarreko arazoak dauzkan jendea izan ohi da, edo goiko ohatzeetara igotzeko gauza ez den jendea, indarrik edo bizkortasunik ez dutelako… gauza horiek pasatzen zaizkigu. Kasu batzuetan bisitak egitera aitona-amonak joaten dira eta zailtasunak euren kasuetan agerian daude.

»
Senide bat, 2017ko azaroa

Haur motxiladunak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Haur motxiladun deitu zaien haurrak preso dagoen senide bat ikusteko urruneko kartzeletara joan behar izaten duen haurra da. Astero ehunka kilometrora bidaiatu behar dute beren senideak ikusteko eta honen ondorioz asteburuetan ume gehienek egiten dituzten gauzak ezin dituzte egin senideak bisitatzera joateko behar dituzten ordu luzeen ondorioz.

Sakabanatuta daudenen edo egon direnen adibide batzuk[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Esan bezala, ETA edo Espainiako legedian eta interpretazioan ETArekin harremana duten guztiak sistematikoki sakabanatu eta urrundu dituzte orain arte. Hona hemen etakideak izan ez arren, politika hau jaso duten (edo jasotzen ari diren) adibide batzuk:

Hau da, laburbilduz,

  • Dena da ETA politikaren ondorioz kondenatutako gizabanako guztiak.

Sakabanaketaren aurka eta alde[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakabanaketaren aurka[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakabanaketaren aurka euskal gizarte gehiena dago, euskal sindikatu guztiak (ELA, LAB, CC.OO., UGT, Steilas, ESK, EHNE, HIRU, Etxalde eta CGT)[33], Eusko Legebiltzarraren gehiengoa eta Nafarroako Legebiltzarraren gehiengoa.

Sakabanaketaren alde[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal Herrian Alderdi Popularra[34] eta UPN[35] dira sakabanaketaren alde dauden alderdi politiko bakarrak.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. «Rubalcabak onartu du presoak baliatzen dituztela ETAren aurka».
  2. https://elpais.com/elpais/2018/07/02/opinion/1530551319_048550.html
  3. «Ertzaintza Baionako polizia etxean egongo dela ziurtatu du Aresek», berria.info
  4. https://www.berria.eus/albisteak/156074/presoak_legediaren_eta_bakarkako_irizpideen_arabera_hurbiltzeko_asmoa_azaldu_du_marlaskak.htm
  5. https://www.berria.eus/paperekoa/1833/005/001/2018-04-13/mont_de_marsango_presondegira_hurbildu_dute_ekaitz_sirvent_presoa.htm
  6. http://www.europapress.es/nacional/noticia-gobierno-frances-transmite-covite-solo-acercara-presos-eta-delitos-sangre-20180123135439.html
  7. https://www.diariovasco.com/politica/gobierno-ralentiza-acercamientos-20181123012858-ntvo.html
  8. http://www.corsicainfurmazione.org/1311302/corse-prisonniers-politiques-basques-incarceres-en-france-au-18-octobre-2018/2018/
  9. https://www.elcorreo.com/politica/francia-descarta-aproximar-20181218221954-nt.html
  10. https://www.berria.eus/paperekoa/1890/006/001/2018-08-08/hirugarren_gradua_eman_diete_olga_sanz_eta_xabier_moreno_presoei.htm
  11. https://www.eitb.eus/eu/albisteak/politika/osoa/5778757/etako-presoen-hurbilketaz-loza-lekualdatze-gehiago-egon-litezke-2018ko-udan/
  12. https://www.berria.eus/paperekoa/1929/007/001/2018-08-11/alfredo_remirez_presoa_zaballara_gerturatu_dute.htm
  13. https://www.naiz.eus/eu/actualidad/noticia/20180811/sare-espera-que-el-traslado-de-alfredo-remirez-no-sea-un-hecho-aislado
  14. https://www.elcorreo.com/politica/espana-mira-espejo-20180813084317-nt.html#ns_campaign=mod-lo-mas&ns_mchannel=ver-top-50&ns_source=estandar&ns_linkname=estandar&ns_fee=3
  15. https://www.berria.eus/paperekoa/5001964/007/004/2018-08-18/altsasuko_gazteetako_bi_euskal_herrira_ekarriko_dituzte.htm
  16. http://www.deia.eus/2018/08/18/politica/euskadi/dos-jovenes-del-caso-altsasu-seran-trasladados-a-zaballa
  17. https://www.naiz.eus/eu/hemeroteca/gara/editions/2018-03-29/hemeroteca_articles/en-las-carceles-vascas-hay-sitio-de-sobra-para-todos-los-presos-vascos
  18. https://www.diariovasco.com/politica/interior-confirma-acercamiento-presoseta-20180913154518-nt.html
  19. https://www.lasprovincias.es/politica/marlaska-confirma-acercamiento-20180913124007-ntrc.html
  20. https://www.eitb.eus/eu/albisteak/politika/osoa/5852105/azkarraga-presoak-zuera-eta-logronora-eramate-ez-da-dispertsioarekin-bukatzea/
  21. https://www.diariovasco.com/politica/gobierno-ralentiza-acercamientos-20181123012858-ntvo.html
  22. https://www.berria.eus/paperekoa/2079/004/001/2018-09-28/giro_ona_dago_jada_eta_badira_baldintzak_gerturatzeak_egiteko.htm
  23. Sakabanaketaren datuak eta presoen egoera, 2007ko irailean
  24. Dispertsio politika txostena 2010 apirila etxerat
  25. Pili eta Fontsoren oroimenez ekitaldi ugari izan ziren atzo Laudion aiaraldeacom
  26. BIDEOA: Pili eta Fontsoren heriotzak 20 urte Sakabanaketa politika aiaraldeacom
  27. Antonia Hernandez etengabe
  28. http://www.euskadi.eus/contenidos/informacion/documentos_paz_convivencia/eu_def/adjuntos/8-Informe-alejamiento.pdf
  29. https://www.argia.eus/albistea/altsasuko-gurasoak-epaiketaren-ebazpenean-justizia-egitea-espero-dugu
  30. https://plaentxia.eus/soraluze/1456934195365-aske-gelditu-da-arnaldo-otegi
  31. https://www.berria.eus/albisteak/86222/teresa_toda_aske_geratu_da.htm
  32. https://www.berria.eus/albisteak/88477/arkaitz_bellon_elorrioko_presoa_hilik_aurkitu_dute_puerto_i_espetxeko_ziegan.htm
  33. https://www.eitb.eus/eu/albisteak/politika/osoa/5700867/presoen-sakabanaketa-amaitzea-eskatu-dute-hego-euskal-herriko-sindikatu-guztiek/
  34. https://www.eitb.eus/eu/albisteak/politika/osoa/5661888/eragindako-mina-aitortzea-eta-sakabanaketa-amaitzea-eskatu-du-legebiltzarrak/
  35. https://euskalerriairratia.eus/nafarroa/1516022686429-sakabanaketa-amai-dadin-espetxe-politika-aldatzeko-eskatu-dute-geroa-baik-eh-bilduk-eta-ahal-duguk

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]