Euskaldunako bataila

Wikipedia, Entziklopedia askea
Euskaldunako bataila
MotaLan-gatazka
Denbora-tarte1984 - 
KokalekuEuskalduna ontziola

Euskaldunako bataila 1984an Bilboko Euskalduna ontziolako langileek egindako erresistentzia-borroka izan zen, Espainiako Gobernuak lantegia ixteko asmoa adierazi eta gero. Langileek Gobernuaren erabakiari aurre egin zieten euren lanpostuei eusteko asmoz. Protesta ugari egin zituzten eta Espainiako Polizia Nazionalarekin liskarrak ugaritu ziren. Istilurik larrienak 1984ko azaroaren 23koak izan ziren Polizia Nazionala lantegira metrailetekin tiroka sartu zenean.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aurrekariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1900. urtean Eduardo Aznar Berrizko markesak eta bere lehengusu Ramón de la Sotak Euskalduna ontziola sortu zuten Bilboko itsasadarraren ezkerraldean. 1969ko abenduaren 1ean Astilleros Españoles, S.A. (AESA) eratu zen Euskalduna eta Sociedad Española de Construcción Naval (Sestaoko La Naval) ontziola pribatuek eta Cadizko ontziolak bat egin ondoren. Ondorioz, AESA Espainiako ontzigintza enpresarik handiena ez ezik, Europako handienetako bat ere bihurtu zen.

Nazioarteko merkatuan lehia handituz joan zen, batez ere Japoniako eta Hego Koreako ontzigileekin, Europako ontziolen kalterako. Izan ere geroz eta eskari gutxiago jasotzen zituzten. Horrek ontziolen kapital pribatuaren ihesa ekarri zuen, negozioa estatuaren esku geratuz. Espainia Europako Ekonomia Erkidegoan sartzeak, sektorea erkidegoaren araudira egokitzera, laguntza publikoak murriztera eta espainiar merkatua europar konkurrentziara irekitzera behartu zuen.

Protestak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1984an Felipe González presidente zuen Espainiako gobernuak Euskalduna lantegia ixtea erabaki zuen. Hori dela eta, langileek, euren lanpostuei eusteko asmoz, ontziolaren ixtearen aurkako erresistentzia-prozesu luzea abiarazi zuten. Egunero ontziolaren aldeko manifestazioak egiten ziren erakundeen egoitzen aurrean eta herritarren babes zabalarekin.[1]

Azaroaren 23ko poliziaren erasoaldia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1984ko azaroaren 23an Espainiako Polizia Nazionala ontziolako langileei metrailetekin tiroka oldartu zitzaien eta lantegian sartu zen.[2] Euskaldunako langileak, tiroketatik ihesi, babesleku bila joan eta eraikitzen ari ziren itsasontzian gorde ziren. Pablo González Larrazabal langileak ez zuen gordelekura iristerik izan, lurrera zerraldo erori eta bihotzekoak jota hil baitzen.[1][3] Erasoan poliziak zenbait langile ere zauritu zituen: Vicente Carril Alfaro balaz, beste langile batzuk kolpez eta Juan Hernández Casado langilea larri eraman zuten ospitalera erredurekin gorputzeko %22an.[2]

Erreakzioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arratsaldean egindako bilera batean euskal alderdi politikoek, Espainiako Langile Alderdi Sozialistak eta Coalición Popularrek izan ezik, eta sindikatuek, UGT izan ezik, gobernadore zibilaren dimisioa eskatzea adostu zuten. Gainera, Euskaldunako mila bat langile manifestatu ziren Bilboko erdigunean.[2]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b Udalaitz, Daniel. (2004ko martxoaren 28a). «Langile baten heriotzaren lekuko» Argia (Noiz kontsultatua: 2018ko maiatzaren 31).
  2. a b c (Gaztelaniaz) Etxarri, Tonia; Unzueta, Patxo. (1984ko azaroaren 24a). «La policía utilizó fuego real de metralleta en el astillero Euskalduna» El País (Noiz kontsultatua: 2018ko maiatzaren 31).
  3. Sarasola, Ainhoa. (2016ko martxoaren 11). «Borroka txiki eta handien mosaiko bat» Berria (Noiz kontsultatua: 2018ko maiatzaren 31).[Betiko hautsitako esteka]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]


Historia
Bizkaia
Artikulu hau Bizkaiko historiari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.