Euskara Bigarren Mundu Gerran

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search

Euskara Bigarren Mundu Gerran segurtasuna lortzeko erabilitako sistemetako bat izan zen[1], nahiz eta gertakari hau zalantzen jar daitekeen, mitoaren esparruan zein gertakari isolatuaren esparrun jarrita[2]. Bigarren Mundu Gerran, mezuen transmisioa eraginkorra izatea beharrezkoa zen, etsaien transmisioak etenaz edo eragotziz garaipen garrantzitsuak lor zitezkeelako. Horrela, mezu kodetuak deszifratzea gatazkan murgilduta zeuden armada guztien helburu bihurtu zen. Ildo horretan, Amerikako Estatu Batuetako armadak erabili zituen ezkutuko transmisioen eraginkortasuna areagotzeko aurkariarentzat ezezagunak ziren hizkuntzak, code talkers deitzen dena sortuz.. Daniel Arasa historialariak aditzera eman duenez, Ozeano Bareko gatazka-lekuan, euskara komunikazioetarako hizkuntza izan zen, Estatu Batuetako itsasontzien artean japoniarrek mezuak deszifra ez zitzaten[1]. Teoria hau mitoaren esparruan jartzen duen lana argitaratu zuten 2017an Pedro J. Oiarzabal eta Guillermo Tabernilla ikerlariek, euskararen erabilera zein aipatzen diren pertsonaien inguruko datuak ezeztatuz[2]

Code Talkers[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Code talkers izenarekin ezagutzen dira Bigarren Mundu Gerran komunikazio sekretuak egiteko hizkuntza nahiko ezezagunak erabiltzen zituzten militar unitate bereziei. Terminoa batez ere Lehen eta Bigarren Mundu Gerran zehar Ameriketako Estatu Batuetak hizkuntza amerindiarak kodeak transmititzeko erabiltzen zuten soldaduei buruz hitz egiteko erabiltzen da. Ameriketako Estatu Batuetako Marineen Gorputzan 400-500 amerindiar natibo inguru zeuden mezu taktiko sekretuak transmititzeko lanetan. Euren mezuak telefono militar edo irrati bidez transmititzen zituzten, euren hizkuntza natiboa erabiliz edo hizkuntza natibo horretan ezarritako kodeketa eginez. Euren zerbitzuari esker Bigarren Mundu Gerrako fronte ezberdinetan zifratze zerbitzuak azkartu eta hobetu ziren.

Euren kopuru handia zela eta, navajo hizkuntza hitz egiten zuten marine elebidunei buruz hitz egiteko bereziki erabiltzen den izen bat da[3]. Ozeano Barean egin ziren ekintza ezberdinetan parte hartu zuten. Hala ere, lehen code talkerrak txeroki eta choctaw indiarrak izan ziren, Lehen Mundu Gerran[4].

Bigarren Mundu Gerran lakota, meskwaki[5] eta komantxe[6] soldaduak ere hartu ziren. Tradizioaren arabera, euskararen ezagutza txikia zela eta, Ipar Amerikako euskal diasporako hainbat kidek ere parte hartu zuten code talker gisa[7][8]. Hizkuntzen garrantziaz jakitun, Adolf Hitlerrek hainbat antropologo bidali zituen Bigarren Mundu Gerraren aurretik Ameriketako Estatu Batuetara bertako jatorrizko hizkuntzak ikas zitzaten[9].

Frank D. Carranza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskarazko code talkerrak hartzeko erabakia Frank D. Carranza izeneko kapitain batek hartu zuela aipatu da behin eta berriz, lehen aldiz bere historia Euzko Deyan argitaratu zenetik 1952an[10]. Euzko Deyan idatzi zuen Ramon Arrietaren arabera Carranza Mexikon jaioa zen, baina gurasoak bizkaitarrak zituen. Carranza kapitaina San Frantziskoko Transmisio Zentroan zegoela, 1942ko maiatzean milaka soldadugai heldu ziren Nevada, Kalifornia, Idaho, Oregon eta Mendebaldeko beste estatu batzuetatik. Haien artean, euskaldun jatorriko 60 gizon zeudela ohartu zen eta, gainera, euskaraz eta ingelesez ondo zekitela[7][10].

« Kuartel horretatik pasa ziren 60 gazten inguru, ameriketako Estatu horietako euskaldunen semeak. Ia gehienek hitz egiten zuten gaztelera txarra, hala-moduzko ingelesa eta euskara ona. Batzuetan, hiru hizkuntzen artean eurena erabiltzen zuten elkar ulertzeko. Kuartel horretan, hala ere, euskara zen euren adierazpen hizkuntza arrunta. »

[oh 1]


Euzko Deyaren arabera, Carranzak euskararen abantailak aurkeztu ondoren, operadore euskaldunak prestatzen hasi ziren, lehenbailehen, euskarazko transmisioekin has zitezen. Ozeano Bareko ontziteriko almirante Nimitzek berak ere kode sistema hori erabiltzeko hiru ofizial euskaldun jarri zituen bere mendean: Nemesio Agirre kapitaina, eta Fernandez Bakaikoa eta Juanna izen edo abizeneko tenienteak. Hortaz, euskarazko jargoi kodetua sortu zen tropei aginduak emateko, adibidez, “Aurreratu hondartzak”, hondartzak gainditzea ezinbestekoa zela adierazteko; “Arreta zuhaitzari”, etsaiak zuhaitzen adaburuetan zeudela ohartarazteko; “Lur epaira, indar epaira indartsuak”, etsaiak lubaki eta gotorleku indartsuak zituztela jakinarazteko…[10][11]

Carranza kapitainari dagokionez, historia lausoa da. Comète Sareko kide baten testigantzaren arabera[2] Guadalcanalgo kanpainatik bizirik atera zen (1943ko otsailean bukatu zen) eta geroago Europako kanpainan parte hartu zuen. 1944ko abuztuan, soldadu talde bat berarekin zeramala, Normandiako Lehorreratzearen ondoren eta Frantziako lurralde gehienak askatzear zeudela, Ipar Euskal Herrira heldu zen, Irun-Hendaia nazioarteko zubira, hain zuzen ere, eta bertan Frantziako eta Estatu Batuetako banderak jarri zituzten. Oiarzabal eta Tabernillaren arabera, baliteke Carranzak berak Comète sareko kideari kontakizun guzti hau egitea, bere konfiantza irabazi eta inteligentzia lanak egin ahal izateko Ameriketako Estatu Batuentzat[2]. Izan ere, 1945tik aurrera AEBk Unibertsitate bat irekiko zuen Biarritzen, eta bertako pertsonekin lnaketak egingo zuten sare bat osatzeko.

Carranzaren bigarren agerraldi publikoa 1952an izan zen, eta hori da Euzko Deyak jasotzen duen albistea. Guadalcanaleko gudako heroia, Hendaiaraino iritsi zen Frantzia askatzeko. Madrilgo egunkari frankistatan gerra heroi izaera aipatzen bazen ere, erbestean egindako egunkari abertzaleetan bere euskal jatorria goraipatzen zen[2].

Deia egunkariak berriro aipatuko zuen Carranza, oraingoan Ernesto Carranza izenarekin, bere heriotzaren berri emateko. 1979ko apirilaren 22an New Yorken hil zela argitaratu zuten, kotxe batek harrapatuta. Bere bizitzaren inguruko zein euskararen erabileraren inguruko albistea handiagoa izan zen kasu honetan, aipatuz 1942ko abuztuaren 7an Tulagi uhartea hartu zuen militarren konpainian euskal artzainen 110 seme-alaba zeudela eta Andaluziako beste 90 soldadu. Uhartea hartzeko agindua euskaraz eman zela aipatzen zuen, eta "iberiarrez" osatutako indar armatu bat eratzea Francis Fletcherren ideia izan zela ere aipatzen zuen, uhartearen lehen kolonizatzaileen artean ere euskaldunak eta, oro har, iberiarrak baitzeuden[2]. Oiarzabal eta Tabernilla ikerlariek ez dute aurkitu Frank edo Ernesto Carranza izeneko pertsonarik egun horretan hil zirenen artean[2].

Euskararen ezagutza Bigarren Mundu Gerrako parte-hartzaileen artean[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskara ez zen hizkuntza ezezaguna edo itzultzen ezinezkoa Ardatzeko potentzientzat. Pedro Arrupe josulagunak 35 euskal kide zituen Hiroshiman. Txina eta Filipinetan jai-alai jokalariak zeuden, eta Falangeak babesleak zituen Asian zehar. Alemanian ere hizkuntza ezaguna zen euskara, eta XIX. mendetik aurrera hainbat ikerlarik euskara ikasi eta ezagutzera eman zuten bai Alemanian zein Herbehereetan[oh 2] Alemanek ere bazituzten euskara itzultzaileak, adibidez Gerhard Bähr, Legazpin 1900ean jaioa, Berlinen izan zen itzultzaile eta Errusian interprete izan zen Dibisio Urdineko kideentzat. Bertan euskaldun askorekin topo egin zuela idatzio zion Julio Urkixori. [12].

Werner Best SSetako Frantziako gerra kudeaketaren arduraduna eta Karl Bouda hizkuntzalariak bidaia egin zuten 1940an Lapurdira. Bertan elkartu ziren Eusko Alderdi Jeltzaleko kidea zen Eugéne Goyhenecherekin, Gerra osteko Europaren zatiketa plan etniko bat adostu asmoz[2]. Goyhenecheren arabera, bere kontaktuak frankismotik ihes egin nahi zuten abertzaleak laguntzeko ziren, eta ez Alemaniaren planak babesteko[13]. Edonola ere, nazien arteko goi-karguek harreman arrunta zuten euskaldunekin.

Alemaniak Espainiako iparralderako bere Abwehrraren egoitza Bilbon kokatu zuen. Bertan zeuden Kondor Legioko Otto Messmer kapitaina eta George Helmut Lang (Emilio Martincho). Bizkaia osoan zehar hirurogei pertsonaz osatutako sarea zuten. Euren bulegoetan irratiz komunikatzen ziren eta ez zen zaila izango, beraz, euskara itzultzea. Javier Rodríguez Gonzálezen arabera 220 diplomatiko eta 1.000 agente inguru zituzten Espainia osoan zehar[14]. Bilbotik antolatu zuen Alemaniak bere agenteen bidaiak Hego Amerika zein Ipar Amerikara, adibidez bidaia hori egiten zuen Anboto itsasontziaren kapitainarekin adostu zuten alemaniarrek polizoi gisa bidaiatzea zeukatela.[14] [15]

Orixeren bertsioa Ibarnegarairi

Etsaigoa behar ba dut ahantzi
Othoi, Jauna, enetzat induljentzi!
Ez beita sobera gogor jaun horrentzat
nik gorde dudan sententzi.
Jana egin eta naizela jantzi
"Ibarneri Ibarneri goraintzi".

Vichyko gobernuarekin ere euskaldunak izan ziren. Jean Ibarnegarai horren adibide bat da. Jean Haritxelharrek horrela aipatzen du bere izaera faxista eta eta abertzaleen aurkakoa:

« Espainiako Gerra Zibila bukatzera zihoalarik, Eskualduna astekariaren 1939ko otsailaren 24ko zenbakian agertu da Ibarnegarai diputatuaren artikulua, frantsesez dudarik gabe. Titulua: «Arriba España». Hain zuzen espainol hizkuntzan idatziak direnak dira: «Arriba España! España libre! España grande!» »

Jean Haritxelhar[16]


Euskalduna zen, eta Espainiako Gerra Zibilaren aurretik EAJrengandik gertu izan zen. Ondoren Gurseko kontzentrazio-esparruan euskaldunak sartzen zituena izatea leporatu izan diote[17].

Euskara, beraz, hizkuntza ezaguna zen eta erraz itzultzeko moduan zeuden bi potentziak. Ez dago inongo dokumentaziorik aipatzen duenik, lehen esan den Euzko Deyaren artikuluaz gain, euskara kodeak bidaltzeko hizkuntza izan zenik.[2]

Gudalcanalgo kanpaina[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Guadalcanalgo kanpaina»

Estatubatuarrentzat funtsezkoa izan zen Guadalcanalgo kanpaina (Ozeano Bareko Salomon uharteetatik handiena den Guadalcanal uhartean egin zena) hartzea. Euskararen erabileraren inguruko kondaira horren arabera, euskaraz eman zen lehen agindua[18]. 1942ko abuztuaren 1ean, “Egon arretaz x egunari” mezuaren bitartez, guduaren hasiera egunaren berri eman zen, eta abuztuaren 7an, “Sagarra eragintza Zazpi” esaldiaren bidez, japoniarren ezustekorako, erasoari ekin zioten.

Guadalcanalen euskara entzun zela bi egunkari ezberdinetan jaso zen, biak 1952an eta biak Frank D. Carranzaren Donostiara bisita aipatzen dutenak. Modu ezberdinetan jasotzen da medioaren ideologiaren arabera. Frankismoak horrela aipatu zuen[19]:

« Orain hamar urte Hegoaldeko itsaso erraldoian gerrak bisitatu zituen uharteetako baso eta hondartzetan ahotsen oihartzunak errari geratuko balira, euskal hizkuntzan emandako agindu hauek, hizkuntza berdinean askoz lehenago, han, esandako best esaldi batzuekin nahastuko lirateke berriki. Askoz lehenago hau Espainiako Erregeeen naoen gainean eman zen, bere flotatan, Ozeano Baretik nabigatu zuten lehen alditik, euskal marinelak asko baitziern [ ... ] Antzinatik mantendu den hizkuntza horrek bide luzeak egin zituen Espainiako bandera inperialen itzalpean. Ez zen berrikuntza Ozeano Barearentzat hizkuntza berriro ere entzun izana Guadalcanaleko operazioetan. »

[oh 3]


Euzko Deyak hizkuntzari horrela egiten dio aipua[10]:

« amerikar aginteak proba asko egin zituen, uste zutelako Perun bizi izan ziren japoniarrek euskara ezagutu zezaketela. Baina ez zen horrela izan. Momentu horretatik aurrera, euskal mendietako hizkuntza Ozeano Bareko gerrako esfortzuan laguntzaile indartsu bat izan zen. »

[oh 4]


Mitoaren jatorria eta hedapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oiarzabal eta Tabernilla ikerlariek argitaratutako "El enigma del mito y la historia. "Basque code talkers" en la Segunda Guerra Mundial" ikerlanan 1952an sortutako mito bat dela aipatzen dute. Ondoren egunkariz egunkari eta blog ezberdinetan zehar hedatu da, beste ikerketarik egin gabe[2]. Euren ustez Carranza OSSko espia baten ezizena da, abertzaleen artean harremanak eratzeko sortua:

« [Carranzak] euskal komunitateari begira identitate erakargarri bat landu du, (paradoxikoki) gazteleraz hitz einez, eta saiatzen da instrumentalizatzen onarpena bilatzeko garaian, euskal diasporan sustraiak dituen jatorri bat aipatuz eta Kalifornia, Nevada, Oregon edo Idahon dauden euskaldunei erreferentziei muzin egin gabe. Carranzak euskal jatorriko heroi militar gisa aurkezten du bere burua, goi mailako kontakizun epiko batekin, Aliatuen aldeko propaganda abertzalean erraz lotuko zena, gerran izandako paper beharrezko horretan euskararen sinbolismoa goratzen zuelako, Francoren Espainiaren ordez, Ardatzaren indarrekin berez aliatua. »

[oh 5]


"Carranza pertsonaia"ren hedapena gaurdaino iritsi da. Komunikabide askok gaiaren inguruk erreportaiak egin dituzte, adibidez Diario Vascok 1952an jaso zuen[20]; ABCk[21], El Paisek[7], 20Minutosek[22] eta beste hainbatek ere argitaratu dute historia. Liburuetan ere agertzen da, Iñaki Egañaren "Mil noticias insólitas del País de los Vascos"[23] edo Mikel Rodriguezen "Memoria de los Vascos en la Segunda Guerra Mundial. De la Brigada Vasca al Batallón Gernika" kasu[24]. Arlo politikoan ere erabili da. Adibidez, Juan Jose Ibarretxek aipatu zuen euskararen inguruko pasadizo hau bere hitzartze batean[25]:

« Euskaldunok laguntza aktiboa eman genioen amerikar Herriari II. Mundu Gerran. Bitxikire gisa esango dizuet euskara erabilia izan zela euskal-amerikar jeneral baten aldetik, Frank D. Carranza, japoniar kontraespioitza engainatzeko, eta Guadalcanaleko lehorreratze agindua euskarazko esaldi sekretu batekin abiatu zela. »

[oh 6]


Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oharrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. A dicho cuartel pasaron cerca de 60 jóvenes, hijos de vascos de estos Estados americanos. Casi todos hablaban un mal castellano, un regular inglés y un buen euskera. A veces, de los tres idio­mas hacían el suyo para entenderse. En el cuartel, no obstante, el euskera era su lengua de expresión normal.
  2. Oiarzabal eta Tabernillak aipatzen dituzten adibideak jarraituz: Karl Wilhelm von Humboldt (1767 – 1835), Louis Lucien Bonaparte (1813 – 1891), Willen Jan Van Eys (1825 – 1914), Hugo Schuchardt (1842 1927), Julien Vinson (1843 – 1916), Edward Spencer Dogson (1857 – 1922), eta Christianus Cornelius Uhlenbeck (1866 – 1950) ditugu honen adibide garrantzitsu.
  3. Si en los bosques y en las playas de las islas visitadas hace diez años por la guerra en la inmensa mar del Sur quedasen vagando los ecos de las voces, éstas órdenes dadas en lengua vasca, recientemente habrían mezclado sus resonancias con las de otras frases pronunciadas mucho antes por allí en el mismo idioma. Ese mucho antes se dio a bordo de las naos de los Reyes de España, en cuyas flotas, desde la primera vez que éstas navegaron por el Pacífico, eran abundantes los marineros vascos [ … ] Ese idioma de secular permanencia anduvo muy largos caminos a la sombra de las banderas imperiales de España. No constituyó novedad para el Pacífico que sonara en las operaciones de Guadalcanal.
  4. el mando americano hizo muchas pruebas, pues se sospechaba que japoneses que habían vivido en el Perú podían conocer el vascuence. Pero no fue así. A partir de aquel momento, el idioma de las montañas vascas servía de poderoso auxiliar al esfuerzo de guerra en el Pacífico
  5. ha desarrollado una identidad atractiva de cara a la comunidad vasca, expresándose en castellano (paradójicamente), a la que parece querer instrumentalizar al buscar su aceptación aduciendo un origen que hunde sus raíces en la diáspora vasca con un elaborado discurso en el que no faltan referencias a los vascos de California, Nevada, Oregón e Idaho. Carranza se presenta como un héroe militar americano de origen vasco, con un alto componente de relato épico que engarzaría muy fácilmente con la propaganda nacionalista vasca en pro de los Aliados, de su contribución decisiva a la guerra y del ensalzamiento del simbolismo del euskera, en detrimento de la España de Franco, tácitamente aliada a las fuerzas del Eje
  6. Los vascos colaboramos activamente con el Pueblo americano en la II Guerra Mundial. Como curiosidad les diré que el euskera fue utilizado por un general vasco–americano, Frank D. Carranza, para engañar el contraespionaje japonés, y una frase en euskera sirvió para dar en clave la orden del desembarco de Guadalcanal.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b 1944-, Arasa, Daniel, ([2001?]) Los españoles en la Guerra del Pacífico : entre Pearl Harbor y la masacre de Manila : Franco-Hirohito, de semialiados a enemigos de conveniencia Laia Libros ISBN 9788493211417.
  2. a b c d e f g h i j (Ingelesez) Oiarzabal, Pedro J. «El enigma del mito y la historia: ‘Basque code talkers’ en la Segunda Guerra Mundial. La OSS y el Servicio Vasco de Información—la Organización Airedale» Saibigain . Noiz kontsultatua: 2017-06-15.
  3. Rich Scott (2012-05-06) Saved By Our Language - The Story of The Navajo Code Talkers of World War II . Noiz kontsultatua: 2017-06-15.
  4. Hawes, Joseph M. (1997-12-01) «Getting the Message Through: A Branch History of the U.S. Army Signal Corps. Rebecca Robbins Raines» Isis (4): 719–720 doi:10.1086/383882 ISSN 0021-1753 . Noiz kontsultatua: 2017-06-15.
  5. USATODAY.com - Last Meskwaki code talker remembers . Noiz kontsultatua: 2017-06-15.
  6. Virtual Library 2012-02-17 . Noiz kontsultatua: 2017-06-15.
  7. a b c G. Argüello, Xabier (2004-08-01) «"Egon arretaz egunari"» EL PAÍS . Noiz kontsultatua: 2017-06-15.
  8. (Gaztelaniaz) Mikel, RODRÍGUEZ, Los vascos y la II Guerra Mundial . Noiz kontsultatua: 2017-06-15.
  9. (Ingelesez) New Native American Code Talker Exhibt at NCM . Noiz kontsultatua: 2017-06-15.
  10. a b c d de Arrieta, Ramón (1952ko azaroaa) «En euzkera se dio la orden del desembarco en Guadalcanal» Euzko Deya (149).
  11. (Ingelesez) «A Tale of Basque-Americans in World War II» Basque Books and More Blog 2015-11-11 . Noiz kontsultatua: 2017-06-15.
  12. Lasa, Elixabete Garmendia (2000) Gerhard Bähr: (1900-1945) . Noiz kontsultatua: 2017-06-15.
  13. (Gaztelaniaz) Eugène Goyheneche: un compromiso ilustrado por la historia Eusko Ikaskuntza . Noiz kontsultatua: 2017-06-15.
  14. a b (Gaztelaniaz) González, Javier Rodríguez (2016-01-12) «Los servicios secretos en el Norte de España durante la II Guerra Mundial: el Abwehr alemán y el SOE inglés» Revista Universitaria de Historia Militar (8) ISSN 2254-6111 . Noiz kontsultatua: 2017-06-15.
  15. OSS - BASQUE SOURCE ON GERMAN INTELLIGENCE OPERATIONS/CORRESPONDENCE WITH THE FBI/INSTRUCTIONS ON WRITING ENCODED MESSAGES/BASQUE PRESIDENT AGUIRRE/HISTORY AND ORGANIZATION OF THE BASQUE INTELLIGENCE SERVICE/1942 | CIA FOIA (foia.cia.gov) . Noiz kontsultatua: 2017-06-15.
  16. Jean Haritxelhar: «Gerla Zibila: Iparraldeko ikuspegia», Euskera, 2009, 54.
  17. 1948, Gurs - Preso egon denaren gogoa . Noiz kontsultatua: 2017-06-15.
  18. Hernani, Juan (1952-12-26) «La orden de desembarco en Guadalcanal se dió en vascuence para que no lo descubrieran los nipones» El Diario Vasco.
  19. ARIAS, LUIS; UGEDO ABRIL, JOAQUÍN Y. OTROS GARCÍA (1992) REVISTA GENERAL DE MARINA. SEPTIEMBRE 1952 Madrid 1952 . Noiz kontsultatua: 2017-06-15.
  20. La orden de desembarco en Guadalcanal se dió en vascuence para que no lo descubrieran los nipones. :: Euskal Kultura prentsan 1900-1975 :: Euskomedia . Noiz kontsultatua: 2017-06-15.
  21. (Gaztelaniaz) «Euskera: el lenguaje secreto utilizado por EE.UU. en la IIGM durante el desembarco de Guadalcanal» abc 2016-07-27 . Noiz kontsultatua: 2017-06-15.
  22. 20Minutos «Los marines usaron el euskera en el espionaje en la II guerra mundial - 20minutos.es» 20minutos.es - Últimas Noticias . Noiz kontsultatua: 2017-06-15.
  23. 1958-, Egaña, Iñaki, (2001) Mil noticias insólitas del país de los vascos Txalaparta ISBN 9788481362008.
  24. 1967-, Rodríguez, Mikel, (2002) Memoria de los vascos en la Segunda Guerra Mundial : de la Brigada Vasca al Batallón Gernika Pamiela ISBN 8476813627.
  25. (Gaztelaniaz) Conferencia del Lehendakari Universidad de Stanford. 2008ko otsailaren 14a.

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]