Euskara Nafarroako Erriberan

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Euskarak Nafarroa Garaian historiako zenbait uneetan izan duen hedadura azaltzen duen mapa.
     Euskara nagusi     Gune mistoa     Erdara nagusi

Nafarroako Erriberako berezko hizkuntzetako bat euskara da.[1][2] Euskal hizkuntza Nafarroako Erriberako hizkuntza nagusia izan zen mende ugaritan zehar, Goi Erdi Aroan poliki-poliki atzera egiten hasi zen arte, azkenean Aro Modernoaren hasieran lurralde osoan presentzia nabarmen galdu zuen arte. Euskarak mende horietan guzti zehar, beste hizkuntzekin partekatu zuen tokia sarritan eta ez zen idatzia izan, ahozkotasunera mugatutako hizkuntza bat baizik.[1] Euskararen eragina nabaria da ingurunean aurki daitekeen toponimian edota testu zaharretan aipatzen diren izenetan.[3][4][5][2] Euskarak lur horietan izan zuen presentzia eztabaidaezina bada ere, espainiar nazionalismoak eta hari lotutako beste pentsamendu politikoek ukatu egin dute Erriberako euskararen izatea azken hamarkadetan.[6]

Erriberako eskualdea Tuterako merindadeak, Erriberriko merindadearen zati batek eta Lizarraldeko Erriberak osatzen dute, Nafarroako hegoaldean lehena eta bigarrena hego-mendebaldean. Herri handiena Tutera da eta gaur egun, hizkuntza mintzatuena eta nagusia gaztelania da. Euskararen Foru Legeak Erribera osoa zonalde erdaldunean kokatzen ditu eta beraz, bertan euskara ez da ofiziala eta ez du diru laguntzarik jasotzen. Alabaina, ikastolei esker, Erriberako zenbait haurrek euskara ikas dezakete.[7][8]

Antzinaroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Baskoien hedapena eta inguruko tribuak antzinaroan.

Antzinaroan, erromatarren aurretik, bi tribu nagusi ezarri ziren gaur egungo Nafarroako Erriberan: Baskoiak eta Beroiak. Baskoiak gaur egungo Nafarroa osoan, Gipuzkoaren eta Errioxaren zati batean eta Zaragozaren mendebaldean bizi izan ziren; haien hizkuntza aitzineuskara zen eta egungo euskaldunon arbasotzat jotzen dira. Beroiek aldiz, presentzia txikiagoa izan zuten Nafarroako Erriberan, soilik mendebaldeko guneetan bizi izan zirelako, baskoiekin batera. Klaudio Ptolomeok hiru hiri baskoi kokatu zituen gaur egungo Nafarroako Erriberan: Cascantum (Cascante), Grakouris eta Calagorina.[9]

Historian zehar gai honen inguruan historialariek sortu dituzten hipotesiak ez dira gutxi, izan ere, antzinaroko euskararen arrasto esanguratsuena edo gutxienez, ezagunena, hilarrietako idatziak eta beste euskarri epigrafikoak dira. XVII. mendean, Allande Oihenart zuberotar historialariak aipatutako lorratzak aztertu zituen eta akitaniar idatziak ezagunak ez zituenez, baskoiak euskal jatorriko leinu bakarra zirela ondorioztatu zuen, gerora beste leinuen lurrak konkistatuko zituena. XX. mendeko beste historialari batzuk, Adolf Schulten adibidez, tesi horren alde egin eta zabaltzen saiatu ziren. Tesi horrek baina arazo sakon bat dauka, izan ere, baskoi haiek ondoko herriak menperatu eta gainera, haien kultura gainjartzeko indar nahikoa zutela pentsatzea zaila da, are gehiago arrastorik ez bada aurkitu.[10]

Euskararen hedapena 0. urte inguruan.

Aipatzekoa da baskoien herri izen gehienak ezin direla euskararen bidez interpretatu: horrek Francisco Villarren hipotesira garamatza, oso eztabaidatua bada ere. Villarren arabera, jatorrizko herri euskalduna akitaniarra izan zen eta aurrrago, gaur egungo Hego Euskal Herrian konkistatu eta beren hizkuntza eta kultura ezarri zituzten. Ustezko konkista kultural hori K. o. I. mendetik VII. mendera bitartean gertatu zen, Villarren arabera: tesi hori zuzena izango balitz, Antzinaroan, ziur asko, ez zen euskara mintzatu Nafarroako Erriberan. Haatik, hipotesi horrek aurrekoaren ahuleiza bera izateaz gain (ez da ustezko konkista azaltzeko gai), ez dago balizko froga enpirikoetan oinarrituta, usteetan eta zalantzazko argudioetan baizik.[11]

Euskarak 0. urte inguruan zituen mugei dagokienean, Nafarroako Erribera haien barnean kokatzen da, izan ere, Tarazona, Kalagorri eta Ejearaino iritsi baitzen. Hiru herri horik Nafarroako Erriberatik haratago ditugu, lehena hegoalderago, bigarrena mendebalderago eta hirugarrena ekialderago.[12] Funtsean, euskara Nafarroako Erribera guztian hitz egiteaz gain, haratago ere hitz egin zen, historiako garai hartaraino behintzat. Arras aipagarria da, Soriako probintzian aurkitu diren euskal idatzi zaharrak idatzi zeltak edo bestelako hizkuntzetakoak baino zaharragoak direla eta hortaz, euskara lehenago iritsi zen Soriara beste hizkuntza horiek baino.[13] Hori hala izanik, ez litzateke arraroa izango Erriberako jatorrizko hizkuntza ere euskara izatea.

Erdi Aroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nafarroako Erriberako Behe Erdi Aroko euskararen egoera linguistikoa konplexua izan zen, izan ere, lurralde hauek sarritan konkistatuak izan ziren eta beste kulturen eragin nabarmena izan zuten, bereziki musulmanena. Behe Erdi Aroan Erriberan hizkuntza ugari mintzatu ziren, arabiera, nafar erromantzea, okzitaniera eta aragoiera adibidez, merkataritzak indar handia zuen gunea izateaz gain, Nafarroako Erresumako nobleziak hizkuntza ugaritan mintzatu zelako garai haietan zehar. Euskarazko idatzirik ez da aurkitu gaur arte eremu horretan, horrek zenbait historialari gune horretan euskara mintzatu ez zela pentsatzera eraman izan ditu, herriaren gehiengoak idazten eta irakurtzen ez jakiteaz gain, herritarren eta herrialdearen hizkuntza desberdina izan zitekeela kontuan hartu gabe.

Argi esan beharra dago, tradizionalki, Erdi Aroko Nafarroako Erriberaren lurralde osoa erabat erdalduntzat hartu dela adituen aldetik. Bertan, musulmanek indar handia izan zuten eta zer esanik ez erromantzeak, gune hauetan sortu baitzen nafar erromantzea. Beraz, esan daiteke euskarak bertako lur guztiak beste erdarekin partekatu behar izan dituela, gutxienez, erromatarrak iritsi zirenetik. Erdi Aroko garai jakin batzuetan zehar, Nafarroa iparraldeko talde euskaldun handiek Erribera aldera lur emankorragoen bila migratu zuten; hori dela eta, bereziki Behe Erdi Aroaren amaieran, baliteke lurralde honetan mintzatzen zen hizkuntza, hein handi batean, atzerritarrek ekarritakoa izatea.

Alabaina, Tuterako Erriberan Erdi Aroko toponimo euskaldunak, onomastika euskalduna eta beste hainbat euskal aztarna aurkitu dira, jarraian azalduko den moduan.[14][1][15] Horrek galdera saihestezin batera garamatza: Erriberako jatorrizko euskarak Erdi Aroaren amaieraraino iraun al zuen? Kontuan hartu behar da XI. mendetik aurrera Nafarroa iparraldeko lur euskaldunetatik biztanle ugari bertaratu zela Erriberara, lur emankorragoen bila; beraz, baliteke haien euskara izatea bertan mintzatu zena urte horietan zehar. Hau da, iparraldeko euskal komunitateek mintzatuko zuten euskara X. mendetik aurrera Erriberan. Hala ere, Sainzen iritziz, euskararen erabilera altua izango zen, gutxienez, % 20koa.[14] Monteanoren ikerketek, besteak beste, ez dute tesi hori babesten.[1]

Tutera inguruko toponimia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nafarroan hegoalderen kokaturiko merindadea Tuterakoa da, Ebro ibaiak zeharkatzen duen merindadea. Historialari eta hizkuntzalarien artean, tradizionalki gune hau erromantzeak indar gehien lortu zuen gunea bezala ezagutu da. Hori gutxi balitz bezala, Tutera inguruko lurrak izan dira Nafarroa osoan kanpoko kulturen eragin handiena jaso dutenak, Antzinaroan hasita (lurralde hau berehala eta era bortitz batean erromanizatu zela pentsatzen da) eta garai modernoetara iritsi arte.

Javier Velaza historialariak eginiko ikerketaren arabera, Tuterako eta haren inguruko herrietako toponimia hein handi batean erdaretakoa da. Toponimia handiari dagokionean, R. Ciérvidek lehenago esan bezala, hegoaldeko Erriberako herrien izen gehienak erromatarren garaikoak dira, hala nola, Tutela (Tutera) edo Caurella (Corella). Badira ordea erromatarrek latinizatutako herri-izenak ere, adibidez, Arguedas, Ablitas edo Cascante. Hori hala izanik, argi dago toponimia nagusia ez dela inola ere euskalduna. Haatik, toponimia txikiari begiratuz gero, Velazak kontrako ondorioa ateratzen du, euskal jatorria izan dezaketen edo duten izenak aurkitu zituelako: Pisquerra (Bardeatako toponimoa, ziurrenik euskarazko "bizkar" hitzetik eratorria), Andarriaga (Bardeatako toponimoa, euskal jatorrikoa, "andi" eta "arri" izenez osatua eta "aga" atzizki hilak lagundua), Chirimendia (Bardeatakoa; hasierako zatia "zuri" edo "ziri"-tik etor daiteke eta bigarrena, argi, "mendia" izena da), Basaon (Tuterako barruti judizial zaharrean kokatua, gaur egun hutsa; "on" izenondoak eta "basa" izenak osatua, izen honek lohia edo amildegia esan dezake), Veraiz (Tutera inguruko xukadera baten izena; "-iz" atzizkiaren esanahia eztabaidatua bada ere, euskal jatorrikoa da eta gainera, euskal leku-izenik hegoaldetarrena da), etab. Velazaren hitzetan, toponimia txikiak garaiko egoera linguistikoaren berri eman dezake, batzuetan toponimia handiak baino zehatzago, azken hori erakundeek eta eragile politikoek eraldatu izan dituztelako. Hala, Velazaren ustez, euskal toponimiaren mugak berrikusi behar dira, Tutera aldean toponimia euskalduna aurkitzeak hegoalderago eraman baitezake muga. Azkenik, historialariak ekialdeko Erriberak eragin euskaldun handiagoa izan zuela uste du, bertakoak baitira atzeman dituen leku-izenetako asko.[15]

Murillo el Frutoko zergen liburua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Murillo el Fruto herriko enparantza nagusia.

Peio Monteano historialariaren arabera, euskarak ahozkotasunean biziraun zuen Nafarroako Erriberan, ez baita idatzi adierazgarririk aurkitu euskaraz lurralde horietan, baina toponimoen azterketa xehe bat eginez gero, Erdi Aroaren amaieran nafar erromantzez idatzi ziren testuetan euskal toponimoen grafia zehatza da, hau da, euskal fonetikarekin bat dator, garaiko jendeak euskal hizkuntza ulertzen zuelako seinale.

Peio Monteanok, bere tesia defendatzeko Murillo el Futoko zergen liburua baliatzen du. Liburua XV. mendean idatzi zen, herriko nekazari eta lur jabe guztiak bildu zirenean, haien lur eta jabetzak eskribauaren aurrean aitortzeko asmoarekin. Liburukiak ia bi mila lurren berri ematen digu eta bakoitzaren jabegoa zeini zegokion esan; lur guztiak batuta, laurogei hektarea inguru edukiko genituzke. Historialariak Murillo el Fruto herrian euskaraz hitz egin zela frogatzeaz arduratzen da, horretarako onomastikara eta toponimiara jotzen du, liburu hartan xehe idatzita dauden izenetara, alegia.

Onomastikari dagokionez, Monteanok garai hartako jendeak elkarri deitzeko erabiltzen zituen ezizenak aurkitu zituen: adibidez (ezizenak letra etzanez daude), Semeno Gorria, Pascual Gariza, María Gariçu, Semeno Lasterr, García Çalduna, María Landatu eta Johan Biperr. Liburuan euskal atzizkiak ageri direla ere jakinarazi zuen Monteanok, adibidez, "-iz" atzizkia (norbaiten semea dela adierazteko), hots, Iñiguiz eta Périz, Iñigoren semean, eta Pedrorena, hurrenez hurren. Hipokoristikoei dagokienez, zergen liburuan ageri diren pertsona batzuek badituztela dio historialariak, bereziki emakumeek: haien izenei atzizki bat gehitu zaie, izena hurbilagoa izan dadin: adibidez, Gracico, Grachico eta Grachi ageri dira Garciaren izen eratorri gisa eta Lorencha, Marico, Chancha, Miguelcha eta Catelin ere ageri dira, besteak beste. Lorratz horiek euskara bizi eta sendo batenak direla babesten du Monteanok.

Toponimiari dagokionez, gaur egun Murillo el Frutoko leku-izen gehienak gaztelaniazkoa dira, nahiz eta euskarazko bakar batzuk egon (La Chorrota kasu), itxuragabetuta eta erdal kutsuarekin izanik ere. Behe Erdi Aroan, ordea, kontrakoa izan zen: euskarazko leku-izenak gehienak ziren eta herriko zergen liburua horren lekuko da. Monteanok aztertutako liburuan ondorengo toponimoak daude: Legazpea, Trankazarra, Baratzezarreta, Txorrota, Eutzea, Uharteko odia, Baratzebideta, Garipenzuko zaldua, etab. (denak ere egungo grafian idatzita daude). Liburuan euskarazko fonetika errespetatuz ageri dira; hortaz, garaiko biztanleriak euskara ulertu eta erabiltzen zuen.

Ondorio gisa, Monteanok, duela gutxi arte uste zenaren kontrara, euskarak Murillo el Fruton XV. mendera arte indar handiz iraun zuela aldarrikatzen du, betiere biztanleen zati handi bat elebiduna zela baieztatuta. Gainera, hurrengo mendeetan zehar, euskara Erriberan, hizkuntza oso gutxitu gisa, mintzatzen segitu zela dio. Aragoiko Hernandok XVI. mendean idatzi zuen lekukotasunaren arabera, Euskal Herrian mintzatzen ziren hizkuntzei tartetxo bat eskaini zien eta bertan, euskara zazpi probintzietan hitz egiten zela baieztatu zuen eta Nafarroan zein muga zuen ere esan zuen: Aragoi ibaia. Monteanok, hala ere, argi esaten du hori guztia ez dela nahikoa mende horretan zehar ibai hartaraino euskaraz egiten zela ziurtatzeko. Bestalde, historialariek XV. mendetik aurrera aztertutako herrian euskal toponimia desitxuratzen hasi zela dio, ziur asko, euskararen galeraren edo jaitsiera nabarmenaren seinale.

Mintzameneko euskal lexikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jabier Sainz Pezonaga corellar ikerlari eta idazleak Nafarroako Erriberako mintzamenean ageri den euskal lexikoa aztertu zuen eta zenbait ondorio esanguratsu atera. Nafarroako Erriberako herri-hizkeran geratu diren euskal arrastoak aztertu zituen, nahiz eta gaur egun, hizkuntzen homogeneizazioa, eskolaren presentzia nabarmena eta bizimodu modernoa berezitasun horien etsai porrokatu izan. Ikerketa egiteko antzinako dokumentuak eta idatziak baliatu zituen, horietatik asko Erdi Aroan idatziak. Herri-hizkera kontuan hartzen duten idatzi gutxi daudela adierazi zuen ikerlariak eta horrek, euskararen inguruko ikerketa askorekin bezala, zaildu egiten du ondorio argi batera iristea.

Erdi Aroko antroponimia aztertzen zegoela, ikerlariak euskal arrastoak topatu zituen, adibidez, Zatiquero (Ablitas, 1208), Caparra (Tuterako izengoiti judua, 1300), Ama uxore (Tutera, 1148), Ama Semena (Fitero), Pero Ossaba (Allo, 1269), etab. Mitxelenak eta Ciérvidek gai beraren inguruan eginiko ikerketak oinarritzat hartuz, Sainzen ustez Erdi Aroko euskal antroponimia badago.

Jabier Sainzek mintzameneko euskal lexikoa aztertzean, besteak beste, Erdi Aroan idatzitako dokumentuak eta literatura ohiturazalea begiratzean, ondorengo izenak aurkitu zituen, beste hainbaten artean:[16]

  • Landa mundukoak: caparra (akaina edo kaparra, XIV. mendekoa), anderete (hegadun inurria, "andere" hitzetik eratorria), gardama (erremolatxakoarra, "gardamu"-tik eratorria), zarandilla, sarandilla, sangandilla, sorgandilla (sugandila), zarrapo ("zarrapo" hitzetik), chirikome (txori kume), txintxingorri, txintxin, txintxinico (txantxangorri), arrapa-pájaros (hitz hibridoa, "harrapatu" euskalduna eta "pájaros", txoriak, gaztelaniazkoa: "txorimaloa"), aberío, abrío ("abere" hitzetik: "zalditeria"), lacha ("latza", ardi mota bat).
  • Artzain mundukoak: abarcas, abarqueras (herri-kopletan ageri da, ziur aski "abarka" hitz euskaldunetik dator, baina baliteke "alpargata" arabiarretik etorria izatea), zamarro (segalariaren amantala), zamarra (gaur egun ere erabilia), cazcarrias, cascarrias, zascarrias (ziur asko ardien oihalak hartutako zikinkeria), cachurrina, baurrina (artaldearen berezko usaina, ezatsegina).
  • Landareak: arto, artos blancos, artos negros ("arte" hitzarekin lotua, M. Alvarren iritziz, art- erroak arantzadun landareak izendatzeko balio zuen), barda, bardal (saia, sastrakadia), abarras (erre behar diren artearen adarrak), chaparro (arte txikia), txapar, ontina (estepetako berezko landaredia, aitzineuskarako *onto-tik eratorria, gaur egungo *ondo-tik alegia), yena (euskaraz "ena", arantzadun landarea).
  • Tresnak: laya (hatxe tankerako tresna, nekazaritzan baliatua), ondalar (lan handi bat egitea, "ondo" eta "lan" hitzen elkarketa), artolas ("arto eta "ola" hitzen elkarketa, lanabesak esan nahi du), cartolas (euskarazko "kartolak", gurdiaren atzeko oholak), samanta ("zama" hitzaren txikigarria), kako, zacuto ("zaku" hitzaren txikigarria), auzalán (auzolana).
  • Haurrekin erabiltzeko hitzak: aurzaya, orzaya ("haurtzaina"), pa ("musua"), pupu ("mina"), kuku (kukuaren imitazioa), tas-tás ("jo"), aloló ("lotara"), mañas ("mainak"), maiñontzi ("mainontzi"), pocholo ("potolo").
  • Pertsonen gaitasunak izendatzeko hitzak: arguillado ("argala"), baldarra, caparra (pertsona jasanezina, beti ondoan ibiltzen dena), malachandra (neska bihurria, "etxandra"-tik eratorria), txuxmuxka ("txuxu-mutxuka"), ciquiña, ciquiñoso ("zikina"), churrupiau ("zurupatu"-tik), zaborro (gizon ganoragabea edo zabarra), zirripi-zarrapa (lan bat era baldarrean egin), zarrias (petsona narrasa), zarrias, zarrios ("trapu zaharrak").

"Nafar" jentilizioaren esanahia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaur egun, "nafar" jentilizioak esanahi garbia du: Nafarroako herritarra edo Nafarroari dagokiona.[17] Haatik, beste batzuen artean, Jabier Sainz ikerlariak jentilizioak beti esanahi hori izan duen galdegiten du. XIII. mendeko Nafarroako Foru Orokorrean garai horietan idatzi ziren euskarazko hitz apurretako batzuk aurki ditzakegu, ondorengo testuinguruan kokatuta: ...et por tal ferme dize el navarro gayces berme (...) don dize el navarro ones berme. Bertan, "nafar" jentilizioa baliatzen du nafar erromantzeak, euskaraz mintzatzen dakien norbaiti erreferentzia eginez. Jimeno Jurío eta beste hainbat adituren esanetan, testuinguru horretan agertzen den jentilizioak egungo "euskaldun" hitzaren baliokidetasuna bide du.[18][19] Kontuan hartu behar da Lizarrako merindadean eta Nafarroa erdialdean era horretan erabili ohi zela. Sainzen ikerketan, "nafar" jentilizioa Tuterako pertsona judu batzuekin erabili zen, adibidez, Jento Navarro eta Salomon Nafarro tuterarrei. Libro del Monedage de Tudela liburuan (XIV. mendea), euskal jatorriko antroponimia aurki daiteke, ez maiz, baina bai kopuru esanguratsuan. Gainera, liburu hartan, zenbait mairuri "nafar" jentilizioa ipini zitzaien eta, Sainzen ustez, baliteke hori euskaraz bazekitelako arrastoa izatea.[20]

Euskara Erriberako lurralde mugakideetan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erdi Aroan, euskarak nagusitasun osoa izan zuen gaur egungo Euskal Herriko zazpi herrialdeetan, baina haietatik at ere nagusi mantendu zen zenbait lurraldetan, hala nola, Burgoseko ipar ekialdean eta Errioxako iparraldean. Nafarroako Erriberarekin muga egiten duen Errioxako zenbait haranetan, Ojacastrokoan, adibidez, euskara gutxienez XIII. menderaino mintzatu zela badakigu, izan ere, Fernando III. Gaztelako erregeak bertako biztanleei auzitegien aurrean euskaraz hitz egiteko eskubidea eman zien. Horrez gain, Donemiliagako glosak Errioxan X. mendean idatzi ziren, euskarazko lehen oharrekin batera.[21]

Erriberak ipar mendebaldean Lizarrako merindadea du eta bertan, ez dago zalantzarik euskara izan zela jatorrizko hizkuntza, Lizarrako Foruak lurraldearen jatorrizko izena aipatzen baitu, Nafarroa iparraldetik iritsitako migratzaileak bertaratu aurretik baliatzen zena, Lizarrara alegia. Horretaz gain, Lizarra inguruko lurretako jatorrizko euskararen arrasto gehiago ditugu, adibidez, Arqueta edo Archeta toponimo zaharra, ziurrenik Los Arcos herriari dagokiona. Codex Calixtinus liburuak ere Erdi Aroan Lizarra inguruan mintzatzen zen euskararen berri ematen digu, ondorengoa baitio: "(5. kap.) Rio Saladoren inguruan bizi diren nafarrek jargoi bat dute, entzungo bazenitu, zakur baten zaunka gogoratuko lizukeena". Euskarari erreferentzia garbia egiten dio, hortaz.[22] Lizarrako merindadean euskarak XVII. eta XVIII. mendeen artean nagusitasuna galtzeaz gain, galtzekotan geratu zen, XIX. mendean erabat galdu arte.[22]

Euskararen galera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Teoria tradizionalen arabera, Nafarroako Erriberaren mendebaldean euskara Antzinaroaren amaieran galdu zen, erromanizazio bortitzaren eraginez eta, aurrerago, Erdi Aroan iritsi ziren bisigodo eta musulmanen zapalkuntzaren ondorioz. Tutera merkataritza gune garrantzitsua zenez, musulmanen presentziarekin batera galdu bide zen erabat euskara, inguruko (bereziki mendebaldeko) lurrek egin zuten moduan. Haatik, teoria tradizional horiek Erribera ekialdean euskara VI. mendean galdu zela diote, hau da, Erdi Aroaren hasieran. XI. mendean musulmanek Nafarroako Erribera utzi behar izan zutenez, iparraldeko euskaldunek gunea birpopulatu zuten eta hortaz, berriz ere euskaldundu, denboraldi labur batean izan bazen ere, ikerketa tradizionalen arabera.[23][24]

Alabaina, azken ikerketek ez dute tesi tradizionala babesten. Aurretik aipatutako argudio guztiengatik, Peio Monteanok dio gutxienez Nafarroako Erriberaren ekialdeko euskarak XIV. menderaino iraun zuela; Murillo el Frutoko zergen liburuari egin zion azterketan oinarritzen da adierazpen hori egiterako orduan.[1] Horretaz gain, euskal talde txikiek Murillo el Fruton XVI. menderaino iraun zutela ere dio.[1] Jabier Sainzek, aldiz, Tuteran euskal komunitate txikiak XIII. mendean aurki zitezkeela dio; gainera, komunitate horiek handiak izatea posibletzat jotzen du, izan ere, musulman eta judu batzuek euskaraz zekitela pentsarazten diguten aztarnak topatu ditu.[3] Bestalde, Sainzek eta Velazak Tuteran zein haren merindadean aurkitutako toponimia txiki euskaldunaren aberastasunak zein mintzameneko euskal lexikoak ondorio berera garamatza, hau da, euskarak Erriberan uste baino gehiago iraun zuela pentsatzera.[3][15]

Euskararen bilakaera trantsizioaren ondoren[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1982an onartu zen Nafarroako Foru Erkidegoko estatutua, lurraldeari autonomia eman ziona. Nafarroan indar eskuindar eta foruzale esanguratsua egon da, erreketeek Espainiako Gerra Zibilean kolpistei lagundu zietenean ikusi zen bezala. Trantsizio garaia igaro ondoen, lehen lurralde hauteskundeak egin zirenean, 1984an, Gabriel Urralburuk (PSOE) irabazi zituen eta agintean mantendu zen 1991 arte. Hortik aurrera, 2015 arte, Nafarroako Unión del Pueblo Navarro alderdi foruzale eskuindarra (euskara eta euskal kultura begi onez ikusten ez dituena) ia legegintzaldi guztietan agintean jardun zen. Erribera, tradizioz, UPN alderdiaren alde agertu izan da hauteskundeetan eta euskal abertzaletasunak, salbuespenak salbu, ez du presentzia handirik lortu eskualde hartakoko herrietan.

Euskararen Foru Legea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nafarroako Foru Legearen araberako eremu euskalduna (berdea), mistoa (laranja) eta erdalduna (ubela), 2017ko aldaketak kontuan hartuta.

Horrek guztiak bistako eragina izan du, bai Erriberako, eta baita Nafarroa osoko hizkuntza politikan, izan ere, indarrean dagoen hizkuntza-legea Nafarroako Euskararen Foru Legea da, euskararen ofizialtasuna herrialdeko zati bati soilik aitortzen diona. Lege horrek Nafarroa hiru gunetan banatzen du: euskalduna, mistoa eta erdalduna. Banaketa justifikatzeko, legeak onartu zen garaiko egoera linguistikoari egiten dio erreferentzia, hala, 1980ko hamarkadaren hasieran euskararen presentzia altua zuten herriak zonalde euskaldunaren barnean sartu ziren; presentzia eskasagoa zutenak, mistoan; eta gainerakoak, zonalde erdaldunean.[25] Zonalde euskaldunaren barneko herrietan euskara ofiziala dela baiesten du legeak; zonalde mistoan eta erdaldunean aldiz, ez da ofiziala. Zonalde mistoko udalerrietako biztanleei euskararen inguruko eskubide bereziak aitortzen dizkie legeak; hortaz, esan daiteke euskara erdi-ofiziala dela zonalde mistoan. Zonalde euskaldunean sartu ziren Nafarroa iparraldeko herri ugari, Baztan, Leitza, Irurtzun eta Sakanakoak adibidez; mistoan, hiriburua sartu zen, Lizarra, Otsagabia eta Erronkarirekin, besteak beste.

2017an, Euskararen Foru Legea eguneratu egin zen eta hainbat udalerri eremu erdaldunetik mistora edo mistotik euskaldunera igaro ziren. Mistora Tafalla eta Zangoza merindade-hiriburuak igaro ziren, beste askoren artean; zonalde euskaldunera, aldiz, Atetz baino ez zen igaro. Hala ere, gaur egun, 2019an, Erriberako udalerri guztiak egun ere eremu erdaldunean daude —euskara ez da bertan ofiziala—, nahiz eta Erriberri bezalako herri mugakideak eremu mistoan egon.

Erriberako ikastolak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erriberan euskara ofiziala ez denez, bertako gazte eta haurrek ez dute eskola publikoan euskaraz ikasteko eskubidea. Hori dela eta, Erriberako ikasle gehienek gaztelaniazko ikasketak jasotzen dituzte. Haatik, Erriberako ikasle batzuek euskaraz ikasteko aukera dute, baldin eta bertako ikastoletan ikasten badute; gaur egun, bi ikastola daude Erriberan: Ibaialde (Lodosa) eta Argia (Fontellas).[26]

Argia ikastolak Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta Bigarren Hezkuntza eskaintzen ditu eta eskola hitzarmendua denez, Nafarroako Gobernuak diru laguntzak ematen dizkie. Ikastolaren historia arras aipagarria da: 1984ko azaroaren 5ean sortu zen, bost ikasleko talde bati euskarazko hezkuntza emateko. Hasiera batean, etxe bateko solairu batean ematen ziren eskolak, baina berehala lekuz aldatu behar izan zuten, 1989an jada berrogei ikasle zituztelako. Ikasle kopuru horri aurre egiteko, modulu prefabrikatuak erosi zituzten eta laster ehun ikasle izan zituzten. Eskolako iturrien arabera, 1995. urteak berebiziko garrantzia izan zuen Argia ikastolan, urte horretan ospatu zen Nafarroa Oinez ekitaldiak bildu zuen dirua eman zitzaiolako, behar zituen instalazio eta egiturak sor zitzan. 2002 eta 2013ko Nafarroa Oinez ekitaldiak ere ikastola horrek antolatu zituen, bere hazkuntza geldiezinari erantzuteko. 2016an, berrehun ikasletik gora zituen, Tutera, Cintruenigo eta inguruko herrietakoak iritsiak.[27]

Ibaialde ikastolak Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntza eskaintzen dizkie Lodosa eta inguruko herrietako ikasleei. Haur Hezkuntzako 55 ikasle har ditzake eta Lehen Hezkuntzako beste 75.[28] Ikastolak zailtasun handiak izan ditu bere gastuak ordaintzeko, UPNren gobernuak, bere garaian, diru laguntzarik ez zielako eman, Erriberako gainerako ikastola guztiei bezala. Hori dela eta, EAEan zenbait ekimen egin izan dira haren alde eta Nafarroa Oinez ekitaldiak oso garrantzitsuak izan dira haren mantenu eta garapenerako.[29][30]

Erriberako ikastolek diru laguntza oso eskasak jasotzen dituztela salatu dute behin baino gehiagotan; gainera, hori gutxi balitz bezala, UPNk zonalde erdalduneko ikastolei diru laguntza guztiak kendu nahi dizkie, Euskararen Foru Legeari muzin eginez.[31] Hori dela eta, ikastola horiek iraungo badute, euskararen aldeko elkarteek antolatzen dituzten jai edo egitasmoetara bakarrik jo dezakete. Ikastolak laguntzeko, urtero-urtero Nafarroa Oinez antolatzen da Nafarroako edozein herritan, nahiz eta Erriberan sarritan ospatu. Nafarroa Oinez Ikastolen Elkarteak paratutako jaialdia da, ikastolentzako diru-funtsak lortzeko xedea duena.[32][33] Bestalde, Errigora bezalako ekimenek ere asko lagundu diete Erriberako ikastolei, azken horrek Erriberako ekoizleen produktuak saltzen ditu eta ondoren, irabaziak euskara sustatzeaz arduratzen diren elkarteei ematen die: Sortzen-i, AEKri eta ikastolei.[34]

Hizkuntzaren egoera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erriberako euskararen ulermena azaltzen duen mapa linguistikoa.

Gaur egun, zaila da euskara Nafarroako Erriberako herrietan zehar entzutea, euskaldunen kopurua oso eskasa izateaz gain, euskarak nekez aurki ditzakeelako arnasguneak. 2016ko ikerketa soziolinguistikoaren arabera, Tuteraldean (Erriberaren hegoaldea hartzen duen merindadea) euskaldunak % 1,5 baino ez ziren eta ia euskaldunak, hau da, euskara ulertzeko gai direnak baina nekez hitz egin dezaketenak, % 4,4. Erribera garaian, aldiz, antzeko datuak bildu zituzten ikerlariek: % 1,9 zen euskalduna eta % 6,8, ia euskalduna. Irakaskuntzari zegokionez, 2016an, Tuteraldeko ikasleen % 1,5ek D eredua aukeratu zuten eta % 4,9k, B eredua; Erribera garaiko datuak baino hobeak dira; izan ere, D ereduko ikasleen kopurua ez zen bertan % 1era ere iritsi.[35][36]

Ondoko mapan ikusten den moduan, Erriberako biztanleriaren zati txiki batek baino ez daki euskaraz. Euskaldun kouru handienak dituzten herriak Sartaguda (% 6,2), Fitero (% 6), Ablitas (% 4,7), Zarrakaztelu (% 4,3) eta Cortes (% 4,2) dira. Herri gehienetan, biztanleen % 3k baino gutxiagok ulertzen du euskara. Erabilerari dagokionez, Erriberako kaleetan ia ez da entzuten, % 0,2 baino baxuagoa baita.[35]

Euskararen aldeko jarrerei dagokienez, zonalde erdalduneko herri gehienetan gertatzen den bezala, Erriberako biztanleriaren zati handi batek ez du euskararen aldeko jarrera aktiborik erakusten, kontrakoa baizik. Zonalde erdaldun osoko datuei begiratuta, 2016ko inkestak bertako biztanleriaren % 59k euskararen aurkako jarrera duela erakusten du (igoera handia da aurreko inkestari parekatuz gero, % 46 baitzen).[37] Horrek asko zailtzen du Euskararen Foru Legeak dioena betetzea, hau da, euskara ikasi nahi dutenei beharrezko guneak ematea; UPNren gobernuek sarritan itoarazi nahi izan dituzte halako lekuak, euskararen aldeko ekimenen hitzetan.[31]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d e f (Gaztelaniaz)Monteano, Peio (2019) La lengua invisible. El euskera en la corte y en la Ribera de Navarra en el siglo XV Mintzoa ISBN 9788496513266.
  2. a b Sainz Pezonaga, Jabier, 1958- (2002) El euskera en la Ribera de Navarra Pamiela ISBN 8476813562 PMC 434455547 . Noiz kontsultatua: 2019-08-17.
  3. a b c Pezonaga, Jabier Sainz (2003) «Antroponimia medieval euskérica en la Ribera Tudelana» Fontes linguae vasconum: Studia et documenta (93): 337–342 ISSN 0046-435X . Noiz kontsultatua: 2019-08-17.
  4. «Xamar: “Erdi Aroan euskara zen nagusi gure lurraldean, inguruan hainbat hizkuntza izan arren”» sustatu.eus . Noiz kontsultatua: 2019-08-17.
  5. (Gaztelaniaz) Pascual de Eraso, Diego (PDF), Toponimia vasca en Corella, . Noiz kontsultatua: 2019-08-17.
  6. España, Publicado por Navarra por En la Ribera de Navarra NUNCA se habló euskera (2ª parte) . Noiz kontsultatua: 2019-08-17.
  7. «Nafarroako Erriberako ikastolak | Ikastolen Elkartea» www.ikastola.eus . Noiz kontsultatua: 2019-08-18.
  8. Labaka, Saioa (2013-10-13) «Argia Ikastola,Erriberako euskara eragile nagusia» Argia . Noiz kontsultatua: 2019-08-18.
  9. Ptolomeo, Klaudio: Geografia. 2. liburukia, 6.66.
  10. «Euskararen muga historikoak [Sareko Euskal Gramatika»] www.ehu.eus . Noiz kontsultatua: 2019-08-18.
  11. (Gaztelaniaz)Altuna, Aitzol (2016) Desmontando la hipótesis de la vasconización tardia ISBN 9781541245129.
  12. Gorrochategui, Joaquin (1996) «The Basque Language and its neighbors in antiquity» Towards a History of the Basque Language (John Benjamins Publishing Company): 31 ISBN 9789027236340 . Noiz kontsultatua: 2019-08-18.
  13. Alfaro Peña, Eduardo (2018) "Oppida" y etnicidad en los confines septentrionales de la Celtiberia . Noiz kontsultatua: 2019-08-18.
  14. a b (Gaztelaniaz)Sainz, Jabier (2019) «Arqueología, Lenguas y discursos sobre el euskera» erribera.blogspot.com . Noiz kontsultatua: 2019-08-19.
  15. a b c (Gaztelaniaz) Velaza, Javier, «De Toponimia del Valle del Ebro navarro» (PDF), Dialnet, . Noiz kontsultatua: 2019-08-18.
  16. (Gaztelaniaz) Sainz Pezonaga, Jabier, «Léxico euskerico en el habla de la Ribera de Navarra» (PDF), Nabarralde.eus, . Noiz kontsultatua: 2019-08-19.
  17. «Euskaltzaindiaren Hiztegia» www.euskaltzaindia.eus . Noiz kontsultatua: 2019-08-19.
  18. (Gaztelaniaz)Jimeno Jurío, Jose María (1997) Navarra. Historia del euskera Txalaparta 47-55 or. ISBN 9788481360622.
  19. (Gaztelaniaz)Ciérvide, R. (1998) El euskera en la Navarra medieval en su contexto románico 508 or..
  20. (Gaztelaniaz) Sainz Pezonaga, Jabier, «Antroponimia medieval euskérica en la Ribera Tudelana» (PDF), culturanavarra.es, . Noiz kontsultatua: 2019-08-19.
  21. La fazaña de don Moriel. Donostiari buruzko ikerketa historikoen boletina. 16/17.85-103. Andrés Mañaricua
  22. a b (Gaztelaniaz) Satrustegi, J.M., «El euskera en Tierra Estella» (PDF), Euskaltzaindia, . Noiz kontsultatua: 2019-08-19.
  23. (Gaztelaniaz) Gros i Lládos, Miquel, «Recuperación del euskera en Navarra» (PDF), Euskaltzaindia, . Noiz kontsultatua: 2019-08-20.
  24. Espainiako historia Santillana Zubia 55 or..
  25. «18/1986 Foru Legea, abenduaren 15ekoa, Euskarari Buruzkoa», navarra.es, . Noiz kontsultatua: 2019-08-20.
  26. «Ikastolak | Ikastolen Elkartea» www.ikastola.eus . Noiz kontsultatua: 2019-08-20.
  27. «Historia», Argia ikastola, . Noiz kontsultatua: 2019-08-20.
  28. «Ibaialde Ikastola :: Lodosa » EDUCATECA» www.educateca.com . Noiz kontsultatua: 2019-08-20.
  29. «Orioko Herri Ikastolak eta Udalak diruz lagunduko dute Lodosa-Sartagudako Ibaialde Ikastola - Orio» Karkara.eus . Noiz kontsultatua: 2019-08-20.
  30. Berria «UPN, PSN eta PP ere Lodosako ikastolako bisitan izan dira» Berria . Noiz kontsultatua: 2019-08-20.
  31. a b «Nafarroako Gobernuan UPN eta CDN ez datoz bat ikastolen laguntzei buruz: Eremu erdalduneko ikastolei diru laguntzak kentzea nahi du UPNk; CDNk negoziatzen segitzea (Berria-n)» Euskal kultura . Noiz kontsultatua: 2019-08-20.
  32. «IZAN ARGI! :: Nafarroa Oinez 2019 :: Argia ikastola - Tutera - Urriak 20» www.nafarroaoinez.eus . Noiz kontsultatua: 2019-08-20.
  33. «IZAN ARGI! :: Nafarroa Oinez 2019 :: Argia ikastola - Tutera - Urriak 20» www.nafarroaoinez.eus . Noiz kontsultatua: 2019-08-20.
  34. Tubia, Iker «Puztu da puska» Berria . Noiz kontsultatua: 2019-08-20.
  35. a b «UEMA Atlasa», UEMA, . Noiz kontsultatua: 2019-08-21.
  36. «Euskararen bilakaera soziolinguistikoa» (PDF), Soziolinguistika klusterra, . Noiz kontsultatua: 2019-08-21.
  37. Orzaiz, Garikoitz Goikoetxea-Ion «Gorakada datuetan, atzerapena jarreretan» Berria . Noiz kontsultatua: 2019-08-21.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Euskara Nafarroako Erriberan