Euskara hezkuntza sistemetan

Wikipedia, Entziklopedia askea
Euskararen zonifikazioa irakaskuntza publikoan, (Nafarroko egoera 1986-2017an urteetan ikus daiteke. Beheragoko irudian, Nafarroan 2017an egin ziren aldaketak).
██ Euskarazko irakaskuntza ofizialik ez ██ G eta A ereduak ██ G, A eta D ereduak ██ Ereduen politikarik ez, ikus testua ██ X, A, B eta D ereduak
Euskararen ofizialtasuna Euskal Herrian, eremuka. (Irudian ez da ikusten Trebiñu eta Villaverde Turtzioz lurraldeetan, administratiboki Gaztela eta Leonen eta Kantabrian, euskara ez dela ofiziala).

Euskal Herri osoan ikastolak dira euskaraz irakasteko zentroak, nahiz eta Nafarroako Eskualde Euskaldunean eta Eskualde Mistoan, hala nola Euskal Autonomia Erkidegoan irakaskuntza publikoan ere euskara ikas daitekeen D ereduan. Euskara Euskal Herriko hezkuntza sistematik kanpo geratu zen garai luze batean baina XX. mendean hasi ziren Euskal Herriko hezkuntza sistemetan txertatzen, Espainia eta Frantziako estatuen hezkuntza sistemetan.

Gaur egun, EAEn, Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian euskarak daukan presentzia hizkuntzaren ofizialtasunari lotuta dago hein handi batean. Euskararen erabilera hezkuntza sistemetan Espainia eta Frantzia estatuetako legeek agintzen dutenari lotuta daude. Espainiako estatuak euskarari ofizialtasun estatusa ematen dio zenbait lurraldetan eta hezkuntzako eskuduntza batzuk erkidego autonomoei transferituta daude. Frantziako estatuan, ordea, frantsesa da hizkuntza ofizial bakarra estatu osoan eta hezkuntza sistema frantsesak ez du hezkuntza eskuduntzarik banatzen Ipar Euskal Herriko erakundeekin.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Historikoki euskara hezkuntza sistemetatik nahiko baztertuta egon da. Euskal Herrian ia ez zen unibertsitaterik egon, salbuespenak salbuespen. Eta bai Oñatiko Unibertsitatean bai unibertsitatetik kanpoko ikastetxeetan euskararen presentzia hutsaren hurrengoa izan zen. Latinak Euskal Herriko erromantzeei utzi zien lekua eta euskara XX. mendera arte hezkuntza sistema arautuetatik erabat kanpo egon zen.

XX. mendea aintzin[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XVIII. mendean ezagunak dira Etxeberri Sarakoaren idatziak, euskaldunak euren hizkuntza ikastera animatuz eta euskara dela medio latina ikasteko lehen aukerak eskainiz. Garai haietan, Larramendik euskararen aldeko iritziak plazaratu zituen eta hiztegi hirueledun bat eta lehen euskararen gramatika argitaratu zituen. Larramendik batez ere Jesusen Lagundian jarraitzaile batzuk izan bazituen ere, ez zuten lortu euskara mundu akademikoetan txertatzea.


XIX. mendean Bizkaiko Foru Aldundiak euskara katedra sortu zuen Bilbon: lehena 1888an. Resurrección María Azkuek lortu zuen, Sabin Arana eta Miguel Unamuno lehiakide izan zituela.

XIX. mendean ezarri ziren Frantzian (Guizot, 1833; Falloux, 1850; Ferry, 1879-82, legeak) eta Espainian (Moyano legea, 1857) eskolagintza berriaren oinarriak, ordu arte euskaldun elebakarra zen Euskal Herriko eremu zabala elebiduntzeko, eremu jadanik elebidun edo erdaldunak areago erdalduntzeko eta euskara diglosiara eramateko tresna ahaltsua izan zen eskola. Artean hasi zen eskola euskaldun edo, gutxienez, elebidunaren eskea (estatu karlistaren ahaleginak, 1873-1875 bitartean, dira horren lekuko).

XX. eta XXI. mendeak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XX. mendean, Espainiako Gerra Zibila baino lehenago, euskara eskoletan erabiltzen hasteko ahalegin batzuk egon ziren: Eusko Ikaskuntzak (Eduardo Landetaren lanak) eskola berri eta euskaldunaren oinarriak landu zituen. Arturo Kanpionek eskola publikoa kritikatu zuen hizkuntzarekiko jokabideagatik, baita Azkuek ere; horrek 1896an bere Ikastetxea ireki zuen.

Hegoaldean[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bizkaiko Foru Aldundia Espainiak betetzen ez zituen beharrizanak betetzen ahalegindu zen eta 125 auzo-eskola sortu zituen 1920-1932 bitartean, euskara aintzakotzat hartzen zutenak.

Garaiko mugimendu politiko eta intelektualaren fruitua ikastolaren jaiotza izan zen: 1914an ernatu zen, Migel Muñoak, Donostian Koruko Andre Mariaren Ikastetxea sortu zuenean, lehen ikastola izan zena. Bertan, haurtzaindegiko zein lehen mailako irakaskuntza euskaraz ematen ziren. Muñoaren espirituari jarraituz, euskal eskola gehiago zabaldu ziren: Tolosa (1922), Errenteria (1928), Soraluze (1932), Bergara (1932), Iruñea (1932), Lizarra (1932)... 1932an Bilbon Eusko Ikastola Batza sortu zen, euskal eskolen garapena sustatzea helburu zuena.

Espainiako Gerra Zibilaren ostean, batez ere hirurogeigarren hamarkadan, hainbat herri ekimen egon ziren euskara eskoletan erabiltzeko asmoz. Ikastola berri asko sortu ziren, sistema ofizialetik kanpo baina. Franco hil eta gero, Espainiako erregimen politikoan egon ziren aldaketekin, 1980ko hamarkadan, euskarak mundu akademiko arautu eta ofizialean sartzeko aukera izan zuen Nafarroako iparraldean eta EAEan.

Iparraldean[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1951ko Deixonne legea aintzin euskara irakastea debekatua zen Frantzian[1]. Hainbat eragile eta herritarren lanaren ondorioz, euskararen irakaskuntzak gero eta onarpen handiagoa lortu du, eskola publikoetan ere eredu elebiduna sartzea lortzeraino[2]. Hala ere, euskarak ofizialtasunik ez duenez, euskara irakasteko zailtasunak egon dira eta oraino daude[3].

Hizkuntza irakaskuntza formalean sartu zuen lehen saila eskola pribatu giristinoa izan zen, 1964an[1]. Murgiltze ereduaren aldeko apustua egin nahi zutenek Seaska elkartea sortu zuten 1969an, eta Iparraldeko lehen ikastola 1970an ireki zen, Arrangoitzen[1]. XX. mendeko azken hamarkadetatik aurrera, ikasleak euskaraz hezteko ahaleginetan Seaska nabari da. Hiru mila eta zazpiehun bat ikasle eskolatzen ditu 36 ikastetxetan.

2013an aurrerapauso bat eman zen, Frantziak Loi pour la refondation de l’école de la République ("Errepublikaren eskolaren birsorrerarako legea") izeneko lege testuan, historian lehendabizikoz, eskola publikoan eredu elebiduna (Hegoaldeko B ereduaren parekoa) ezartzea onartu baitzuen[4]. 2008tik goiti Lehen Hezkuntzako hainbat eskolatan ikasgai guztiak euskaraz egiteko saiakerek aintzina egin badute ere[5], Bordeleko Akademia Errektoretzak eta Frantziako Hezkuntza Ministeritzak berak oztopo handiak ezartzen ditu[3].

Lehen eta Bigarren Hezkuntzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

EAE[aldatu | aldatu iturburu kodea]

138/1983 Dekretuak euskararen erabilera hezkuntza sisteman arautzen zuen, aurreko hamarkadetan euskara hezkuntza sistema ofizialetik bazterturik egon eta gero. Dekretuak, Gernikako Estatutuari jarraiki, hizkuntza ofizial biak (gaztelania eta euskara) ikasi behar zirela arautzen zuen. Bi hizkuntzak ikasteko, guraso edo familien esku geratzen zen seme-alabak zein hizkuntza eredutan hezi. Hiru hizkuntza eredu proposatu ziren derrigorrezko hezkuntzan, hau da Lehen Hezkuntzan eta DBHn:

  • A eredua: gaztelania komunikazio-hizkuntza da eredu honetan. Irakasgai guztiak gaztelaniaz ematen dira, Euskara eta literatura izeneko irakasgaia eta atzerriko hizkuntza salbu.
  • B eredua: gaztelania eta euskara, biak dira eskola sistemako komunikazio-hizkuntza. Euskara eta literatura izeneko irakasgaian euskara ikasten da eta Lengua castellana y literatura izenekoan, gaztelania. Beste irakasgaiak bi hizkuntzen artean banatuta daude, (atzerriko hizkuntzari eskainiko zaion irakasgaia salbu).
  • D eredua: euskara komunikazio-hizkuntza da. Irakasgai guztiak euskaraz ematen dira, Lengua castellana y literatura izeneko irakasgaia eta atzerriko hizkuntza salbu.
  • X eredua: gaztelania komunikazio-hizkuntza da eredu honetan. Irakasgai guztiak gaztelaniaz ematen dira, Euskara eta literatura izeneko irakasgaia eta atzerriko hizkuntza salbu. Eredu horretan, ikasleak Euskara eta literatura irakasgaian ebaluaziotik salbuetsita daude. Euskal Herrian bolada laburrak igarotzera etorritako ikasleengan pentsatuz eskaintzen da.

Batxilergoan eta lanbide heziketan A/X eredua eta D eredua eskaintzen dira. Ez da B eredua eskainiko.

EAEko hizkuntza ereduen bilakaera[6].
EAEn euskararen ezagutza maila proiekzioa[6].
2016/2017 ikasturtea[7]
A eredua B eredua D eredua X eredua
Haur hezkuntza % 3,1 % 17,9 % 78,6 % 0,5
Lehen hezkuntza % 4,3 % 22,1 % 72,9 % 0,7
DBH % 8,6 % 24,9 % 65,9 % 0,6
Batxilergoa % 33,4 % 3,8 % 62,1 % 0,7
Guztira % 17,3 % 18,1 % 64,1 % 0,5


2016/2017 ikasturtea[7]
A eredua B eredua D eredua X eredua
Araba % 23,1 % 28,8 % 48,1 -
Bizkaia % 19,5 % 20,7 % 58,7 % 1,1
Gipuzkoa % 11,3 % 9,3 % 79,4 -
EAE % 17,3 % 18,1 % 64,1 % 0,5

Lanbide heziketan 2016-2017 ikasturtean A eredua zen nagusi EAEn[7], ikasleriaren % 68 A ereduan eta %23 D ereduan.

« Seitik bat, % 17, etxean euskaldundua da. Badago beste multzo bat, % 9, etxean bi hizkuntzak jaso dituena eta eskolan ikasia. Etxean euskararik jaso ez dutenei begiratuta, hara: herenek, % 32k, euskara eskuratu dute eskolan, baina gehiago dira (% 42) euskara jakin gabe atereak. 2001eko inkesta soziolinguistikotik aurrerako datuak erabili dituzte, ereduak hasi zirenean eskolatutakoek 24 urte beteak zituztelako. Etxean euskaldundutakoak kenduta, beraz, erdiak daude euskaldundu gabe. »
Garikoitz Goikoetxea. Berria.eus. 2018-02-07

Nafarroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Foru Legearen araberako hizkuntz eremuak, 2017ko aldaketekin. Urte hartan, eremu mistoan udalerri gehiago (laranjaz) sartu ziren.

1986an Nafarroako Legebiltzarrak Euskararen Foru Legea onartu zuen lehen aldiz. (Geroztik legeak aldaketak izan zituen). Euskarari ofizialtasuna eta hezkuntza sisteman txertatzeko bidea irekitzen zion lege honek baina ez Nafarroa Garaia osoan. Lurraldea eskualdeka banatu eta hiru eremu berezi ziren. Iparraldean eremu euskalduna, non euskara, EAEn bezala, ofizialtasun estatusa zuen. Hegoaldean aldiz, euskara ez zen ofiziala izango. Erdialdeko lurralde batzuei "eremu mistoa" deitu zioten honelako testuarekin:

« Euskara irakaskuntzan sartuko da pixkana-pixkanaka, progresiboki eta behar adina, ikastetxeetan euskarazko irakaskuntza duten lerroak sortuz, hala eskatzen dutenendako.

Hezkuntza maila ez-unibertsitarioetan euskara ikasketak emanen zaizkie hala nahi duten ikasleei, oinarrizko eskolatzearen bukaeran euskararen jakintza nahikoa izan dezaten.[8]

»
  • Hezkuntza sisteman eremu euskaldunean EAEko hiru ereduen parekoak ezarri ziren, A, B eta D ereduak.
  • Hegoaldean, eremu ez-euskaldunean euskara hezkuntza sistema publikotik nahiko kanpo geratu zen. A ereduarekin batera, —euskara atzerriko hizkuntzaren pare—, G eredua ere ezarri zen: hor, euskara curriculumetik erabat bazterturik zegoen.
  • Erdialdeko eremu mistoan guraso edo familien esku geratzen zen A edo G eredua hautatzea edo D eredua.



Nafarroako euskararen egoera, orain arte, EAEkoarekin konparatuz, apalagoa izan da[9]:

2016/2017 ikasturtea[7]
1986 1991 1996 2001
Euskaldunak % 9,97 % 10,01 % 10,74 % 11,85
Ia euskaldunak % 5,12 % 6 % 7,28 % 9,09
Erdaldunak % 84,9 % 83,99 % 81,96 % 79,06
Guztira % 100 % 100 % 100 % 100

Euskaldun kopuruaren eta hezkuntza sisteman hizkuntza-ereduen artean, nolabaiteko korrelazioa ikus daiteke. Horra lehen hezkuntzako datu batzuk[9]:

2016/2017 ikasturtea[7]
1996/1997 2000/2001 2004/2005
A eredua % 15,2 % 24,7 % 27,6
B eredua % 0,5 % 0,3 % 0,2
D eredua % 19,9 % 23,1 % 24,8
G eredua % 64,4 % 51,9 % 47,4
Guztira % 100 % 100 % 100


Ipar Euskal Herria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bernat Etxepare Lizeoa. Baiona. Hirurehun bat ikaslek[10] dute aukera Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoa euskaraz ikasteko. Emaitza onak lortu izan dituzte azken urteotan Baxoan[11][12].

Ipar Euskal Herriko hezkuntza sistema Frantziako estatuko politikek gidatzen dute[13] Frantziako Hezkuntza Ministeriotik.

Euskara ez da Frantzian hizkuntza ofiziala baina badaude euskara hezkuntza sisteman txertatzeko hainbat ahalegin. Hiru eredu mota daude gaur egun:

  • Eredu elebakarra. Ikasgai guztiak frantsesez dira eta euskara ikasgai gisa ere ez da irakatsia. Eskola publikoko eskaintza nagusia da eta nagusiki eskola publikoek dute eskaintzen[14].
  • Eredu elebiduna. Euskarari hainbat oren esleitzen zaizkio. Gehienik frantsesaren parekide (orenen % 50) eta gutxienik ikasgai gisa. Eredu publikoan eta batez ere pribatuan (eskola giristinoetan) emana da. Eskola publikoan eredu elebidunaren eta murgiltze ereduaren aldeko elkarteak Ikas-bi eta Biga bai dira.
  • Murgiltze eredua. Ikasgai guztiak euskaraz dira, erdal hizkuntzen ikasgaiak ezik. Luzaz Seaska ikastolen federazioak soilik bermatu du, Haur Hezkuntzatik lizeora arte eta egun ere hori eskaintzen duen sare nagusia Seaska da[15]. Azken urteetan murgiltze eredua beste sareetako Haur eta Lehen hezkuntzan sartzeko saiakera batzuk izan dira[16], baina kopuru biziki apaletan.

2004tik 2019ra murgiltze ereduan eta eredu elebidunean kopuruak izugarri emendatu badira ere, egun Ipar Euskal Herriko ikaslee gehienek frantses eredu elebakarrean ikasten dute[2].

Eskaintzen bilakaera Iparraldeko Lehen Hezkuntzan, 2004-2020[2]
04-05 05-06 06-07 07-08 08-09 09-10 10-11 11-12 12-13 13-14 14-15 15-16 16-17 17-18 18-19 19-20
Eskola elebakarrak % 57,6 % 56,1 % 53,1 % 49,2 % 48,6 % 45,5 % 42,9 % 41,5 % 40,9 % 40,5 % 40,5 % 38,3 % 35,3 % 33,8 % 33 % 32,2
Eskola elebidunak eta ikastolak % 42,4 % 43,9 % 46,9 % 50,8 % 51,4 % 54,5 % 57,1 % 58,5 % 59,1 % 59,5 % 59,5 % 61,7 % 64,7 % 66,2 % 67 % 67,8
Ikasle kopuruen bilakaera Iparraldeko Lehen Hezkuntzan, 2004- 2020[2]
04-05 05-06 06-07 07-08 08-09 09-10 10-11 11-12 12-13 13-14 14-15 15-16 16-17 17-18 18-19 19-20
Elebakarreko ikasleak % 75,5 % 74,4 % 72,4 % 70,7 % 69,1 % 67,6 % 66,1 % 65 % 64,1 % 63,4 % 62,7 % 61,8 % 61,4 % 60,6 % 59,9 % 59,1
Elebiduneko eta Seaskako ikasleak % 24,5 % 25,6 % 27,6 % 29,3 % 30,9 % 32,4 % 33,9 % 35 % 35,9 % 36,6 % 37,3 % 38,2 % 38,6 % 39,4 % 40,1 % 40,9

Frantziako Auzitegi Gorenaren erabakiz, murgiltze eredua frantse konstituzioaren kontrakoa ebatzi zen 2021eko udan, euskal hezkuntzan eta kulturan ezinegona piztu zuena, euskara hutsezko hezkuntza debeka dezaketelakoan. Seaskako arduradunek kezka agertu zuten Bernabe ikuskari frantsesaren txosten batek ondorioztatu zuenean murgiltze eredua konstituzioaren kontrakoa dela, Britainiako Diwan sareari buruz egin azterketan; Seaskako arduradun horiek galdetu zuten Euskal Herriko hezkuntzaz ere era horretako txostenik ba ote zen.[17]

Unibertsitateak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oñatiko Unibertsitatea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Oñatiko Unibertsitatea»

Euskal Herrian sortu zen lehen unibertsitatean (1542-1901) ez zitzaion euskarari arretarik eskaini. Teologia, medikuntza, zuzenbidea ikasi eta irakasteko latina eta gaztelania erabili ziren. Hala eta guztiz ere, Unibertsitate honetatik igarotako pertsona batek edo bestek, Esteban Garibai kasu, zerbait idatzi zuten euskaraz.

Deustuko Unibertsitatea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Deustuko Unibertsitatea»

Apaizgaitegiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

UPV/EHU[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Euskal Herriko Unibertsitatea»

UEU[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Udako Euskal Unibertsitatea»

Mondragon Unibertsitatea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Mondragon Unibertsitatea»

UPNA/NUP[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Nafarroako Unibertsitate Publikoa»

Nafarroako Unibertsitatea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Nafarroako Unibertsitatea»

Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitatea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitatea»

UNED[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «UNED»

Nevadako Unibertsitatea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Nevadako Unibertsitatea»

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c (Frantsesez) Hainbat egile. (2005). Le mouvement culturel basque 1951-2001: Filières bilingues Seaska, AEK. ELKAR, 31 or. ISBN 2-913156-67-3..
  2. a b c d Euskararen Erakunde Publikoa. «2019ko eskola sartzearen bilana eta bilakaerak» (PDF) mintzaira.fr (Noiz kontsultatua: 2019-12-25).
  3. a b «Frantziak ez du eskola publikoetan murgiltze eredurik ezarriko» Euskal Irrati Telebista (Noiz kontsultatua: 2019-12-25).
  4. «Erakaskuntza publiko elebidunaren defentza» Ikas-bi 2015-09-01 (Noiz kontsultatua: 2019-12-25).[Betiko hautsitako esteka]
  5. Koskarat, Oihana Teyseyre. «Beste bi eskola publikotan murgiltze esperimentazioa jartzea onartu dute» Berria (Noiz kontsultatua: 2019-12-25).
  6. a b Goikoetxea, Garikoitz. (2018-02-07). «(EAEn) Ikasleen erdiak, euskaldundu gabe» Berria.eus (Noiz kontsultatua: 2018-09-10).
  7. a b c d e (html) Unibertsitatetik kanpoko araubide orokorreko irakaskuntzetan matrikulatutako ikasleak, Euskal AEn, lurralde eta irakaskuntza-mailaren arabera, zentroaren titulartasunari eta hizkuntza ereduari jarraiki. Datu-aurrerapena, 2017-18. .
  8. «Zer dio legeak?», Berria, 2014-10-02
  9. a b Euskarak Nafarroan izan duen bilakaeraren adierazle soziolinguistiko batzuk. .
  10. Beñat Etxepare lizeoa. Aurkezpena.. (Noiz kontsultatua: 2018-09-10).
  11. Bidegain, Iurre. (2015-07-07). «Etxepare lizeoko ikasle guziek Baxoa lortu dute» kazeta.naiz.info (Noiz kontsultatua: 2018-09-10).
  12. «Seaskako Etxepare lizeoa, Estatuko hoberena baxoaren emaitzetan» Sustatu.eus (iturria Naiz.info). 2016-04-02 (Noiz kontsultatua: 2018-09-10).
  13. «Zazpi mila lagun, Baionan, hezkuntza sistema propio baten alde» ikastola.eus 2018 (Noiz kontsultatua: 2018-09-10).
  14. Teyseyre, Ekhi Erremundegi Beloki-Oihana. «ESKOLA ZAKUAN EUSKARA GUTXI» Berria (Noiz kontsultatua: 2019-12-25).
  15. Seaska.eus. (Noiz kontsultatua: 2018-9-10).
  16. Lapurdiko eskola publikoetan hedatzen ari da murgiltze eredua |. (Noiz kontsultatua: 2019-12-25).
  17. Beloki, Ekhi Erremundegi. «Ikastolei buruzko 'Bernabe txostenik' ba ote den galdetu du Seaskak» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-09-12).

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]