Euskaraldia

Euskaraldia Euskal Herrian euskara gehiago erabiltzeko kanpaina da; herritar euskaltzaleak aktibatu nahi ditu, euskaraz pertsona gehiagorekin eta toki gehiagotan ari daitezen.[1]

Lehenengo Euskaraldian 2018an izan zen, eta guztira 225.000 lagunek eman zuten izena.[2] Gero bi urtean behin egiten da: bigarren euskaraldia 2020an izan zen, hirugarrena 2022an[3] eta laugarrena 2025ean.[4]
Proposamena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Euskal Herriko hainbat euskaltzale-elkartek urteetan zehar landu duten Euskarak 365 egun lan ildoaren mugarritzat jo daiteke. Euskaraldiaren lehen edizioa 2018an egin zen, «11 egun euskaraz» goiburuarekin, azaroaren 23tik abenduaren 3ra arte; azken eguna Euskararen Nazioarteko Egunarekin batera egin zen.[1]

Helburua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Euskaldunen hizkuntza ohituretan eragitea eta beren harreman sareetan euskara gehiago erabiltzea izan zen Euskaraldiaren lehenengo helburua. Hizkuntzaren normalizazioaren ardura pertsonen eta entitateen artean partekatua denez, bestetik, 2019an, mota guztietako entitateek euskararen erabilera babesteko eta bultzatzeko neurriak hartzeko beste helburua izan zuen. Aktibatu aditzak «praktikan jartzea» esan nahi du. Hizkuntzaren erabilerari lotutako kontzeptua da, euskaraz hitz egiten dakitenek edota euskara ulertzeko gaitasuna daukatenek euskara erabil dezaten lortu nahi delako.[1]
Hamaika egun horietan, 16 urtetik gorako herritarrei proposamena egin zitzaien, ahobizi eta belarriprest rolak hartzeko. Ahobizi ulertzen duten guztiei euskaraz hitz egiten dieten euskaldunak dira (baita ezezagunei lehen hitza, gutxienez, euskaraz egiten dietenak ere). Belarriprest, berriz, gutxienez euskara ulertzen duten kideak dira, euskaraz aritzeko gai direnei hizkuntza horretan jarduteko gonbidapena egiten dietenak. Antolaketan, auzo, herri zein eskualde bakoitzeko euskaltzale taldeak ari dira, bai eta bestelako elkarte, enpresa zein erakundeetakoak ere.[1]
-
Ahobizi edo belarriprest?
-
Belarriprest
Aurrekariak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lutxo Egiaren Transitoak performantzea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
2015eko ekainaren 11n hasita, Bi-lingual: Transitoak[5][6] performancea Bilbon egin zuen, hilabetez. 31 egun eman zituen Bizkaiko hiriburuan hizkuntza hegemonikoa, gaztelania, galdu izan balu bezala. Esperientziaren berri jaso zuen izen bereko blogean. Oihartzun handiko lana izan zen, euskal komunikabide eta euskara taldeetan batik bat. Egiaren lana erreferentzia hartuta, taldekako antzeko esperientzia abiatu zen Donostiako Egia auzoan, 2016 hasieran, zortzi astez.[7] Transitoak performanceak identitateak zituen abiapuntu.
Donostiako Egia auzoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2016ko urtarrilaren 8tik martxoaren 4ra, Egian Euskaraz bizi nahi dugulako egitasmoa gauzatu zuten auzo horretan, Lutxo Egia artistaren performancea eredu hartuta. Zazpi aste iraun zuen egitasmoak. Parte hartzaileek Euskaraz bizi nahi dugulako leloa zuten txapak eraman zituzten, identifikazio gisa. Taldeka banatu ziren, eta pertsona bakoitza astebetez aritu zen euskaraz, edonon eta edonorekin: izan etxe azpiko dendariarekin, tabernariarekin, lagun eta senideekin, euskaraz egiten zuenarekin edo ulertzeko gai zenarekin.[8]
Aurretik, TELP ikastaroak prestatu zituzten: euskaraz egin ahal izateko oztopoak sortzen direnean, zein jarrera hartu eta nola jokatu ikasteko. Euren bizipenak eta hausnarketak idazteko koaderno batzuk erabili zituzten parte hartzaileek, eta antolatzaileek ondorioak jaso zituzten gero. Haietako askok azpimarratu zuten jabetze edo ahalduntzearen kontua.[9]
Egiako egitasmoa ez zen bere horretan amaitu. «Esperimentu» horrek jarraipena izan zuen: Donostiako Piratak, Añorgako auzokideak... Beste herri batzuetara ere zabaldu zen.[1]
Lasarte-Oria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Lasarte-Orian lau urtean behin egiten zuten Euskararen Maratoia: 40 orduz euskaraz aritzeko xedea zuten.[10] Euskararekin lotura duten hainbat talde eta erakunderen urteurrena zela aprobetxatuz, beste helburu bat jartzea erabaki zuten: Baietz 40 egun euskaraz.
Ahobizi eta belarriprest rolak eratu zituzten, izen horiekin —Euskaraldian erabiliko direnak, hain justu—, eta identifikazio txapak sortu zituzten, Egian bezala.[11] 16 urtetik gorako 2.000 pertsonak eman zuten izena. Egitasmoarekin batera, ikerketa bat garatu zuten Pello Jauregi EHUko irakaslearekin.[12]
Agurain
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Agurainen 15 ordu euskaraz jaia ospatzen zen, abenduaren 3an egiten zen irratsaio baten inguruan, Euskararen Egunean. Ekimen horrek egunetik harago emaitza erangikorrik ez zuela pentsatuta, herritar batzuk bildu eta «hizkuntz pedagogian oinarritutako egitasmo berri bat» proposatu zuten: 75 orduz euskaraz.[13]
Azaroaren 8tik 11ra egin zuten, baina urte osoan aritu ziren prestaketa lanetan, herriko eragileekin eta elkarteekin, ostalariekin, enpresekin... 17 urtetik gorako 3.600 biztanle ditu Agurainek, eta 200 bat pertsonak eman zuten izena; horiek jende gehiago parte hartzera bultzatu zuten.[14]
Arrigorriaga
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
12.000 biztanle ditu Arrigorriagak (Bizkaia): 4.000 euskaldun eta 3.500 euskaldun hartzaile, baina erabilera ez da % 10era iristen. Arrigorriagan egin zuten dinamikaren oinarrian dago herriko elkarte batek antolatutako TELP ikastaro bat, Gemma Sanginesena. Anitz jatorritako pertsonak elkartu ziren, eta helburu komun bat ezarri zuten: herrian euskararen erabilera sustatzea.[15]
Hortik jaio zen Baietz 365! egitasmoa. Nik bai eta Nirekin bai rolak sortu zituzten, eta identifikazio txapak. Azaroaren 10ean hasi zuten eta abenduaren 3an bukatu, nahiz eta gero ere jendeak ikur horiek erabiltzen segitu zuen.[9]
BAM
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2017ko azaroan, hiztun multzo batek BAM dinamika abiatu zuen Baiona-Angelu-Miarritze hiri eremuan. Euskaldunen % 10 mobilizatzea lortu zuten: 806 ahobizi eta belarriprestek euskaraz bizitzeko ariketa egin zuten zazpi egunez.[9]
Gauzatzea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Herri eta entitateek 2018ko lehen hiruhilekoan izan zuten izena emateko aukera. Azaroaren azkenaldean ekimena gauzatzen hasterako, guztira 196.000 lagunek emana zuten izena Euskaraldian: Araban 17.500ek, Bizkaian 68.500ek, Gipuzkoan 84.000k, Ipar Euskal Herrian 5.000k eta Nafarroa Garaian 20.500ek. Emakumeak % 63 dira. Parte hartzaileen % 74k eman dute izena ahobizi rolean jarduteko, eta % 26k, belarriprest rolean.[2]
Ahobizi digital
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Euskaraldiaren testuinguruan Interneten ere euskaldun jokatzeko gonbita batzuk egon ziren hainbat blog[16][17] eta gizarte saretan.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b c d e «Euskaraldia aurkeztu da | Euskaraldia» euskaraldia.eus (kontsulta data: 2018-11-23).
- ↑ a b «Araban 17.500 lagunek eman dute izena bihar hasiko den Euskaraldirako» Arabako Alea 2018-11-22 (kontsulta data: 2018-11-22).
- ↑ «Euskaraldiaren bigarren edizioa aurkeztu dute gaur Baionan | Euskaraldia» euskaraldia.eus (kontsulta data: 2020-09-25).
- ↑ «2025eko Euskaraldia mugimenduan!» euskerabizirik.eus 2025-01-07.
- ↑ Larrañaga, Julene. (2015-06-28). «Lutxo Egia: “Atzerritartzat hartu naute nire hirian”» Deia (kontsulta data: 2017-11-03).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Bi-lingual: Un mes sin hablar castellano» (irrati-elkarrizketa) Radio Euskadi - Boulevard 2015-06-15 (kontsulta data: 2017-11-03).
- ↑ Azurmendi, Nerea. (). «Posible al da zortzi astez euskaraz bizitzea?» El Diario Vasco.
- ↑ «egian euskaraz bizi nahi dugulako» egian euskaraz bizi nahi dugulako (kontsulta data: 2018-11-23).
- ↑ a b c Berria.eus. «Bidea marraztu zuten» Berria (kontsulta data: 2018-11-23).
- ↑ «Euskararen Maratoia: Zer da ?» euskararenmaratoia.eus (kontsulta data: 2018-11-23).
- ↑ «Euskararen Maratoia: Baietz 40 egun euskaraz» euskararenmaratoia.eus (kontsulta data: 2018-11-23).
- ↑ «Baietz 40 egun euskaraz! ikerketa ekintzako emaitzak» Argia (kontsulta data: 2018-11-23).
- ↑ «Agurainen, egunerokoan euskaraz bizi nahi dugulako, 75 ordu euskaraz.» AGURAINEN, EGUNEROKOAN EUSKARAZ BIZI NAHI DUGULAKO, 75 ORDU EUSKARAZ. (kontsulta data: 2018-11-23).
- ↑ «'GUK75, Agurainen 75 ordu euskaraz' kanpaina martxan azaroaren 11ra arte» Argia (kontsulta data: 2018-11-23).
- ↑ «Arrigorriagan baietz 365!» Argia (kontsulta data: 2018-11-23).
- ↑ (Ingelesez) «AHOBIZI digitala - Sarean .eus» Sarean .eus 2018-11-12 (kontsulta data: 2018-12-02).
- ↑ «Izan ahobizi digital» Librezale.eus 2018-12-01 (kontsulta data: 2018-12-02).