Euskararen historia
Euskararen historia euskal hizkuntzaren hiztun, erabiltzaile eta sustatzaileek mendeetan zehar egindakoa da, baina baita aktiboki hiztun ez zirenek, zentsoreek eta aurkariek eragindakoa ere. Bi aro nagusitan banatu dezakegu, 1545. urtea mugarritzat hartuta, orduan argitaratu baitzen Linguae Vasconum Primitiae, euskarazko lehen liburua.
Eduki-taula
- 1 Idatzi aurreko garaiak: Aitzineuskara
- 2 Euskara idatziaren aroa
- 3 Erreferentziak
- 4 Ikus, gainera
- 5 Bibliografia
- 6 Kanpo loturak
Idatzi aurreko garaiak: Aitzineuskara[aldatu | aldatu iturburu kodea]
- Mendebaleko Europan sustrairik luzeenak dituen hizkuntza bide da euskara. Badirudi gaur egungo euskararen aurrekariak duela 8.000 urtetik mintzatu izan direla Pirinioen inguruan. Oraingoz hori da oinarri sendoena duen hipotesi zientifikoa —edo, behinik behin, kontrako arrazoi gutxien dituena—, plazaratu diren hipotesi ugarien —eta askotan oinarrigabeen— artean. Beste hizkuntzen artean ahaiderik aurkitu ez zaionez, uharte hizkuntza dugu euskara. Gainera, ez dago XVI. mendea baino lehenago euskarazko testu idatzirik (hitz edo esaldi solteren bat besterik ez), eta horrek ikerkuntzak zaildu ditu, nahiz eta mende gutxi batzuk lehenagoko euskararen lekukotasuna jasotzen duten atsotitz bildumak badiren.
- I. mendea: euskararen lurraldea oraingoa baino zabalagoa zen. Iparraldean Baionatik gora, ipar-ekialdean Paue alderaino, ekialdean Ilerdaraino (gaur egungo Lleida), hegoaldean Nafarroako erribera eta Errioxako iparralderaino eta mendebaldean Kantabriako ekialde eta Burgosko iparralderaino. Gaur egun, euskal jatorriko toponimo ugari daude Aragoiko eta Kataluniako iparraldean. Euskarazko lehenengo hitz idatziak garai hartakoak dira, Akitaniako hilarrietan agertuak.
- X. mendea: euskarazko lehen esaldi idatziak: «Izioqui dugu» eta «Guec ajutu ez dugu» glosak (bazter testuak) dira, Susoko monasterioan gordeta daudenak, Donemiliaga Kukulan, Errioxan.
- 1140an - Aymeric Picauden Liber Sancti Jacobi liburuan, euskarazko hitzak agertzen dira, Donejakue bidea egiten zuten erromesentzako hiztegitxo gisa: «andrea, Andre Maria, aragui, araign, ardum, belaterra, echea, elicera, gari, iaiona, iaona domne iacue, orgui, Urcia».

Euskara idatziaren aroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]
XVI. mendea: Lehenengo testu klasikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
1545. urtean, Bernart Etxepare baxenafarrak "Linguae vasconum primitiae" liburua argitaratu zuen Bordelen, euskararen historiako lehenengoa, 15 poemek osatzen dutena eta gai gehienak erlijiozkoak ez direlarik. Haren hitzetan: "Berze jendek uste zuten ezin eskriba zaiteien, orai dute phorogatu enganatu zirela" eta "Lehen inprimazalia heuskararen hura da".
1562an, Nicolao Landuchio italiarrak Gasteizen idatzi zuen euskarazko lehen hiztegi handia, "Dictionarium linguae cantabricae" ("Bocabularioa ezqueraz jaquiteco eta ezqueraz verba eguiteco"") izenburukoa, 6.000 termino inguru bilduz. Denborarekin Arabako euskalkia ikertzeko tresna erabilgarria bihurtu da, terminologiari dagokionez, behinik behin. 1567tik 1602ra bitartean, bestela, Joan Perez de Lazarraga arabarrak bere eskuizkribua idatzi zuen, Hego Euskal Herriko testurik zaharrena dena eta Arabako euskararen lekukotza berriz ere ematen duena.
Erlijioaren gaietara itzulita 1571an Joanes Leizarraga baxenafarrak karrikaratutako Jesus Krist Gure Jaunaren Testamentu Berria oso nabarmentzekoa da, Bibliaren euskarazko lehendabiziko bertsioa dena, zehazki Itun Berriarena. Hizkuntzaren aldetik, eredu batuaren aldeko apostua nabarmentzekoa da, Ipar Euskal Herriko hizkerak kontuan hartu zituena beti ere.
Bestela, 1596an atsotitz edo esaera zaharren lehenengo bilduma argitaratu zuten Iruñean, "Refranes y sentencias comunes en Bascuence, declaradas en Romance con numeros sobre cada palabra, para que se entiendan las dos lenguas" izenburuarekin. Ahozko herri kulturaren lehendabiziko lagina da eta bizkaieraz idatzita dago, kurioski.
Azkenik, aipatzekoa da "Perucho" izeneko pertsonaia euskaldunaren agerpena espainiar literaturan XVI. mendean zehar, euskal erdaldun traketsetaz trufatzeko erabilitakoa hala nola "Tinelaria" (Torres Naharro, 1517), "Celestina" (Gaspar Gómez, 1536), "Rosabella" (Martín de Santander, 1550) eta "El vizcaino fingido" (Miguel de Cervantes). Historian aurrera horrelako ariketak errepikatuko dira, hizkuntzaren desprestigiatzea dakartenak, baina hizkuntzaren beraren lekukoak dira.
XVII. mendea: Axular eta Sarako eskola[aldatu | aldatu iturburu kodea]
1643an Pedro Agerre "Axular" apaiz nafar-lapurtarrak argitara eman zuen euskarazko literaturaren historian gakoa izan den lana, "Gero" alegia, hizkuntza jasoaren eredu klasikoa dena eta morala irakasteko idatzitakoa. Sarako Eskola delakoaren inguruan bestela Joanes Haraneder, Pierre Argaiñaratz, Joanes Etxeberri eta Joanes Haranburu bildu ziren besteak beste Axularrekin batera katolizismoaren alde, nafar-lapurtera aberatsaren lekukoa utziz. Aipatzekoak dira, orobat, Esteve Materra eta Silvain Pouvreau apaiz euskaldunduak, eskualde eta garai hartan bertan ibiliak, kanpotik etorriak.
« | Orai badirudi euskarak ahalke dela, arrotz dela, eztela iendartean ausart, entregu, bithore eta ez trebe. Zeren are bere herrikoen artean ere, ezpaitakite batzuek, nola eskiriba, eta ez nola irakur.
Baldin egin baliz euskaraz hanbat liburu, nola egin baita latinez, franzeses, edo bertze erdaraz eta hitzkuntzaz, hek bezain aberats eta konplitu izanen zen euskara ere, eta baldin hala ezpada, euskaldunek berèk dute falta eta ez euskarak. 11 Eztut liburutto haur letratu handientzat egiten. Eta ez xoil, deus eztakitenentzat ere. Axular (1643) |
» |
—[2]. Testu osoa irakurtzeko Wikisourcen duzu eskuragarri |
1650ean bestela Arnaut Oihenart idazle zuberotarrak "Les Proverbes Basques" izeneko lana karrikaratu zuen, hainbat atsotitz eta errefrau jasotzen dituena, tartean Bertrand Zalgizek bildutakoak. Zuberoan ere Joan Tartas apaizak 1666an "Onsa hilceco bidia" idatzi zuen.
Itsasoaren munduaz bestela Piarres Etxeberri lapurtarrak "Ixasoco nabigacionecoa" izenburukoa idatzi zuen, frantsesetik itzulita 1677an. Albaitaritzaren tratatua 1692an Monjongo Dassanzak kaleratu zuen Ipar Euskal Herrian halaber.
Azkenik, 1664an John Ray eta Francis Willughby naturalista ingelesek 391 sarrera dituen latina-okzitaniera-gaztelania-arabiera-mendebaleko euskara ("Latine", "Provencel", "Hispanice", "African" eta "Biscay") hiztegia idazti zuten, Europan barna bidaian ibili ondoren.
XVIII. mendea: Ilustrazioa eta Frantziako Iraultza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Argien mendea edo Ilustrazioaren garaiko une argitsuen artean lehenik eta behin aipatzekoak dira 1712 eta 1715 inguruan Pierre Urte fraide protestante lapurtarrak "Grammaire Cantabrique basque" eta "Dictionarium Latino-Cantabricum" idatzitako lanak, bai eta "Biblia Saindua. Testament Çaharra eta Berria" ere, data ezezagunean egindakoa.
Halaber, 1729an Aita Larramendi gipuzkoarrak "El imposible vencido" argitaratu zuen, euskarazko lehenengo gramatika izan zena, eta 1745ean Larramendik berak hiztegi elehirudun erraldoia argitaratu zuen, gaztelania, euskara eta latina konbinatuz.
Eta 1764an Xabier Munibe kondeak eta "Azkoitiako zalduntxoek" "Euskalerriaren Adiskideen Elkartea " ("Sociedad Bascongada de Amigos del País" sortu zuten Bergaran, agian garai hartako argiunerik handiena. Izan ere, Koldo Mitxelenaren arabera hauxe izan zen "euskal kulturaren historiako gertaerarik garrantzitsuena".
Une ilunen artean, ordea, 1730an erregistratu zen lehen testimonio idatzia "eraztuna"ri buruzkoa, Beasaingo eskolan. Tortura txikien praktika hau erabili izan dute historian zehar eskoletan euskararen erabilera murrizten saiatzeko, batzuetan zoritxarrez emaitza onekin. Beste hizkuntza gutxitu batzuen kasuetan ere erabili izan dute.
Halaber, 1766ko azaroaren 1ean Agustin Kardaberaz idazle eta teologoak idatzitako San Inaziori buruzko lanak argitaratzea debekatu zuten gaztelaniaz idatzita ez zegoelako. Karlos III.a Espainiakoaren garaiak ziren, eta bestelako debekuak ere bata besteraen atzetik etorri ziren: eskolan euskara irakastekoa eta kontabilitate liburuetan erabiltzekoa besteak beste.
Azkenik, mendearen amaieran Frantziako Iraultzak (1789-99) markatu zuen beste mugarri historiko negatibo bat, hasieran errespetu giroa garatuta baina laister errepresio handia erabili zuena frantsesa ez zen beste hizkuntzen aurka (patois, dialectes vulgaires) , hau da Frantziako estatuaren hizkuntza gutxituen aurka: euskara, bretainiera, okzitaniera, kataluniera eta abar. Orduko testuetan agertzen den bezala: "L’ignorance de la langue nationale, c’est trahir la patrie" edo "Jargons barbares et ces idiomes grossiers qui ne peuvent plus servir que les fanatiques et les contre-révolutionnaires". Argien zabalkuntzaren oztopoa omen zen euskara.
XIX. mendea: Euskal Pizkundea[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Mendearen hasiera iluna izan zen, hain zuzen ere 1801eko martxoaren 11an antzerkian gaztelania ez zen beste hizkuntza batean aritzea debekatu zuten Espainian. Karlos IV.a Espainiakoaren garaia zen, bere aurrekoari segida eman ziona hizkuntzaren inguruko debekuen zereginetan XIX. mendeko hasiera hartan.
Hala ere eta zorionez, gizaldi honen bigarren erdialdea positiboki markatu zuena Euskal Pizkundea delakoaren sorrera eta garapena izan ziren. Kronologikoki ordenaturik, 1848an argitaratu zuten lehenengo egunkaria euskaraz, "Uscal Herrico Gaseta", Agosti Xaho zuberotarraren ekimenaren bidez. Gaur egun bi zenbaki baino ez dugu ezagutzen. 1853an Anton Abbadiak abiatu zituen Urruñan (Lapurdi) "Euskal Lore Jokoak", Europako beste antzeko ekitaldi batzuei jarraituz. Hego Euskal Herrian bitartean 1881ean Juan Antonio Mogel eibartarrak "Peru Abarka" liburu ezaguna argitaratu zuen eta 1884an Arturo Campion iruindarrak "Gramática de los cuatro dialectos literarios de la lengua euskara".
Azkenik, 1885an "Escualdun gazeta" astekariaren 3 ale kaleratu zituzten Los Angelesen (AEB), 1887an "Eskualduna" astekaria hasi zen argitaratzen, Louis Etxeberriren ekimenez Ipar Euskal Herrian, 1944 arte kaleratuko zena, eta 1896an Sabin Arana politikari bizkaitarrak "Lecciones de ortografía del euskera bizkaino" idatzi zuen.
XX. mendea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pizkundearen bigarren erdialdea[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Miguel Unamuno idazle eta filosofo bilbotar famatuak, bere hastapenetan euskara sustatzearen alde aritu bazen ere, urteek aurrera egin ahala guztiz kontrako jarrera hartu zuen. 1901ean, esate baterako, Euskal Lore Jokoak kultura ekitaldiaren barruan, hitzaldi ezaguna egin zuen Bilbon, non tartean euskararen hileta duinaren alde mintzatu baitzen: «El vascuence no puede acomodarse a la vida moderna (...) Bilbao hablando vascuence es un contrasentido (...) El vascuence se extingue (...) Enterrémosle santamente». Urte berean, La lucha de clases Bilboko aldizkari sozialistan antzeko iragarpenak egiten zituzten: «El vascuence es un enfermo tuberculoso en su último grado que irremisiblemente perece».
Garai hartan hasi zen Euskal Pizkundearen bigarren erdialdea; 1936 arte iraungo zuen. 1901eko uztailaren 16an ortografia batuari buruzko biltzarra egin zuten Hendaian, eta hurrengo urtean Euskaltzaleen Biltzarra egin zuten Hondarribian.
1905ean Resurreccion Maria Azkue hizkuntzalariak Diccionario Vasco-Español-Francés lan mardularen lehenengo liburukia plazaratu zuen, eta hurrengo urtean bigarrena. 1918an Euskaltzaindia sortu zuten, hizkuntzaren akademia, tartean Azkue bera eta Arturo Kanpion zebiltzala.
Musika arloan, 1911ko maiatzaren 21ean Jose Maria Usanditzagak Bilboko Campos Eliseos Antzokian arrakastaz estreinatu zuen Mendi-Mendiyan, euskaraz idatzitako lehen opera.
1923an "Galeusca" sortu zuten Bartzelonan Galizia, Euskal Herria eta Kataluniako idazle eta kulturagile batzuk, Casanovaren omenez, doi-doi Primo de Riveraren diktadura ezarri baino lehentxeago. Halaber, 1927an "Euskaltzaleak" euskal poeten elkartea fundatu zuten eta urte horietan Lauaxetak "Bide barrijak" eta Lizardik "Biotz-begietan" liburuak argiratu zituzten.
1935ean, lehen aldiz jokatu zen Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia; Inazio Eizmendi "Basarri" bertsolariak irabazi zuen. 1936an, Eusko Jaurlaritzak euskara —gaztelaniarekin batera— hizkuntza ofizial izendatu zuen, Estatutuaren bidez.
Gerratea eta Frankismoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]
- 1936ko uztailaren 18an Espainiako Gerra Zibila piztu zen. **Urte hartan bertan, "Txirrita" bertsolariak irabazi zuen Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia.
- 1937ko urtarrilaren 1ean "Eguna" kazetaren lehenenengo zenbakia kaleratu zuten, Hego Euskal Herriko lehendabiziko euskarazko egunkaria izan zena. Ekainaren 19an Bilbo bereganatu zuten tropa frankistek, gerratea Hego Euskal Herrian ofizialki amaituz eta orduko Eusko Jaurlaritzaren hainbat kultura ekintza bertan behera utziz (argitalpenak, ikastolak eta abar).
- 1939ko apirilaren 1ean espainiar gerratea amaitu zen lurralde osoan eta Francisco Francoren diktadura hasi zen, euskal kultura (kataluniarra, galiziarra eta beste txikiago batzuekin batera) erreprimituta izan zen aro beltza.
- 1943an Federiko Krutwig idazle, hizkuntzalari eta politikari getxoztarra Euskaltzaindian sartu zen.
- 1955ean "Hamabost egun Urgainen" argitaratu zuen Jose Antonio Loidi idazle errenteriarrak, lehenengo polizia-eleberritzat jotzen dutena.
- 1957an "Leturiaren egunkari ezkutua" liburua kaleratu zuen Txillardegik, aurreko narratibaren tradizioarekin apurtu zuen lana.
- 1960an "Basarri" bertsolariak irabazi zuen bigarren aldiz Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa.
- 1962an Manuel Olaizola "Uztapide" bertsolariak irabazi zuen lehen aldiz Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia.
- 1964an Gabriel Aresti "poeta hiritarrak" Zarautzen argitaratu zuen "Harri eta Herri", euskal poesiaren historian liburu iraultzailea izan dena.
- 1965eko azaroaren 1ean Durangoko Azokaren lehenengo aldiz antolatu zuen Gerediaga Elkarteak, urte hartan berean sortu zutena. Halaber, "Uztapide" bertsolariak irabazi zuen bigarren aldiz Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa, eta urte hartan ere "Paz de Ziganda ikastola" sortu zuten Atarrabian tartean Jorge Cortes Izalen ekimenez, frankismo betean Nafarroan ikastolen mugimenduaren sorrerari ekinez.
- 1966an "Ez Dok Amairu" taldea sortu zuten, euskal kulturan gaur egun hain ezagunak diren Benito Lertxundi, Mikel Laboa eta Xabier Letek, besteak beste, osatutakoa.
- 1967an "Uztapide" bertsolariak irabazi zuen hirugarren aldiz Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa.
- 1968an Arantzazuko Batzarrean hasi zen Euskara batua sortzeko prozesua, batik bat Koldo Mitxelenaren tesiak onartuz.
- 1972an Oskorri euskal musika talde ezaguna jaio zen.
Trantsizioa eta demokrazia[aldatu | aldatu iturburu kodea]
- 1975eko azaroaren 20an Franco hil zen. Urte hartan bertan "Ehun metro" liburua kaleratu zuen Ramon Saizarbitoria idazleak, literarioki lan garrantzitsua izan zena eta urteekin zinemara eramango zutena.
- 1977an euskal izenak legal bihurtu zituzten, diktadorea hil eta bi urte geroago. Hortik aurrera euskal kultur adierazpenak hasiko zituzten legeztatzen.
- 1978an Euskal Zine eta Bideo Bilera (EZBB) hasi ziren antolatzen Lekeition, euskarazko ikus-entzunezko arloan bakarra den jaialdia.
- 1980an Xabier Amuriza bertsolariak irabazi zuen lehen aldiz Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia.
- 1982 Euskararen Normalizazioaren Legea (EAEn). EiTBk urte hartan ere emisioak hasi zituen. Ikastolak berriro abian ipini zituzten. Urte hartan bertan, Xabier Amuriza bertsolariak irabazi zuen bigarren aldiz Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa.
- 1985ean Ehun metro liburuaren bertsioa egin zuen zinemarako Alfonso Ungria zuzendariak.
- 1986an Nafarroako Parlamentuak Euskararen Foru Legea onartu zuen, PSNren lehen agintaldian, ofizialtasuna probintziaren iparraldean soilik aitortuz, erdialdean erdizka eta hegoaldean ukatuz. Bitartean, Sebastian Lizaso bertsolariak irabazi zuen Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia.
- 1988an Bernardo Atxagak “Obabakoak” argitaratu zuen. Urte bat geroago, Espainiako Narratiba Sari Nazionala lortu zuen, euskal idazle batek erdiesten zuen lehenengo aldia izanda.
- 1989an Jon Lopategi bertsolariak irabazi zuen Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia.
- 1990eko abenduaren 6 - Euskaldunon Egunkariaren lehen zenbakia argitaratu zuten, herri-ekimen batek abiatuta. XX. mendeko euskarazko egunkaririk arrakastatsuena izan zen.
- 1991n hil zen Fidela Bernat, erronkarierazko azken hiztuna.
- 1993an Andoni Egaña bertsolariak irabazi zuen lehen aldiz Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia.
- 1996ko irailaren 9an "Oskorri" musika talde tradizional baina berritzaileak 25. urteurrena ospatzeko kontzertua egin zuen Getxon.
- 1997an Andoni Egaña bertsolariak irabazi zuen bigarren aldiz Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa.
- 1998ko abenduaren 26an Kontseiluak abiatutako "Bai Euskarari" kanpaina sustatzeko ekitaldia egin zuten aldi berean Agilera, Anoeta, Mendizorrotz, Sadar eta San Mames futbol zelaietan, 120.000 pertsona inguruk parte hartu zutela.
XXI. mendea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

- 2001eko urriaren 29an Sustatu bilakatu zen lehendabiziko euskarazko bloga. Urte hartan bertan, Unai Elorriagak "SPrako tranbia" kaleratu eta, urte hartan bertan, Espainiako Sari Nazionala eskuratu zuen. Halaber, Andoni Egaña bertsolariak irabazi zuen hirugarren aldiz Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia.
- 2003ko otsailaren 20an, Del Olmo epaileak eta orduko Espainiako Gobernuak agindu zuten "Euskaldunon Egunkaria" ixtea argitu gabeko akusazio batzuengatik. Otsailaren 22an Donostian manifestazio erraldoia burutu zuten Egunkariaren aurkako erasoa salatzeko, historiako handienetarikoa. Ekainaren 21ean "Berria" egunkariak lehen zenbakia kaleratu zuen, Egunkaria ordezkatuz.
- 2005eko irailaren 22an "Aupa Etxebeste" filma estreinatu zuten Donostiako Zinemaldian, aspaldiko partez zinemaratutako lehenengo euskarazko film luzea. Urriaren 13an "Kaukasiar kreazko borobila" antzerkian estreinatu zuten Izpuran, inoizko antzezlanik handiena Euskal Herrian, Itxaro Bordak euskaratutako Bertolt Brechten lana.
Urte hartan bertan, Andoni Egaña bertsolariak irabazi zuen laugarren aldiz Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa.
- 2006ko irailaren 28an "Kutsidazu bidea Ixabel" filma estreinatu zuten Donostiako Zinemaldian, Joxean Sagastizabal idazleak idatzitako izen bereko liburu arrakastatsua zinemaratuz.
- 2009an Kirmen Uribe Espainiako Sari Nazionala lortzen hirugarren euskal idazle bihurtu zen, "Bilbao-New York-Bilbao" liburuarekin.
- 2010eko apirilaren 12an "Euskaldunon Egunkaria"ren arduradunak absolbitu zituzten, akusazio guztiak faltsutzat hartuta.
- 2013an aurkeztu zuten "Euskara Jendea" dokumental sorta , hizkuntzaren eta hiztunen historia jasotzen duen material pedagogiko zabala.
Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
- ↑ «Mapa historikoak» Kondaira.eus . Noiz kontsultatua: 2017-11-21 .
- ↑ Kondaira .
Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]
- Euskararen jatorria
- Akitaniera
- Euskal Herriko historia
- Euskara hezkuntza sistemetan
- Euskararen debekua
- Euskarazko literatura idazlan nagusien zerrenda
- Euskoiberismo
Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]
- Euskaltzaindia, "El Libro Blanco del Euskara" Elkarlanean. 1977.
- Joakin Gorrotxategi, Iván Igartua, Joseba A. Lakarra (arg.). (2018). Euskararen historia. Vitoria-Gasteiz: Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia. (Liburuak euskarazko bertsioan 860 orrialde ditu: koloretako mapak eta grafikoak. Liburuaren gaztelaniazko bertsioa ere badago. (Bibliografia: 801-847 orrialdeetan). ISBN: 978-84-457-3433-9.
- Ivan Igartua. (2012). Euskara eta inguruko hizkuntzak historian zehar (pdf, 1.615 Kb) Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza.
- Ivan Igartua eta Xabier Zabaltza. (2012). Euskararen historia laburra (pdf, 4.10 Mb) Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza/ Etxepare Institutua.
- Joseba Intxausti. (1990). Euskara, euskaldunon hizkuntza. Donostia-San Sebastian. Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Idazkaritza Nagusia / ELKAR.
- Joseba Intxausti. (1992). Euskal Herria, el país de la lengua vasca. Hizkuntza Politikarako Idazkaritza Nagusia-Eusko Jaurlaritza.
- Joseba Intxausti. (1992). Euskal Herria, la langue des Basques. Hizkuntza Politikarako Idazkaritza Nagusia-Eusko Jaurlaritza.
- Koldo Izagirre. Euskararen Historia txikia Donostian. 1800-1998. Susa, 1998.
- J. M. Jimeno Jurio. "Navarra. Historia del Euskera". . Txalaparta, 1997.
- Euskara, atzo eta gaur (1995) Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza-Eusko Jaurlaritza.
- (Ingelesez) Euskara eta Euskal Herriaren gainean ingelesez (pdf, 570,11 kB) egindako ikerlanak.
- (Frantsesez) Euskara eta Euskal Herriaren gainean frantsesez (pdf, 499,77 kB) egindako ikerlanak.
- (Alemanez) Euskara eta Euskal Herriaren gainean alemaneraz (pdf, 233,40 kB) egindako ikerlanak.
- J.M.Torrealdai. El Libro Negro del Euskara. Ttarttalo, 1998.
- Txillardegi, Lingua Navarrorum. Egin biblioteka, 1996.
- Xamar. Euskara Jendea: Gure hizkuntzaren historia, gure historiaren hizkuntza. Pamiela, 2006.
- Xamar. Orhipean. Gure Herria Ezagutzen. Pamiela, 1992.
- Koldo Zuazo. Arabarrak Euskararen Herrian. Araba bilduma, 1999.
Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
![]() |
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena: Euskara |