Eusko (Euskal Moneta)

Wikipedia, Entziklopedia askea
Eusko (Euskal Moneta)

Euskal Moneta irabazi asmorik gabeko elkarteak jaulkitako moneta osagarria da euskoa. Elkarteko lehendakaria Xebax Christy da.[1] Euskoa 2013ko urtarrilaren 31n[2] sortu zen. Ipar Euskal Herrian erabiltzen da.

Sarrera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ipar Euskal Herrian –Euskal Hirigune Elkargoaren 158 udalerrietan– dabilen tokiko moneta da euskoa.

Europako tokiko moneta osagarri handiena da[3]. Izan ere, 2023ko udaberrian, 4 milioi eusko zeuden zirkulazioan, 4.000 erabiltzaile partikularrek eta 1.300 profesionalek osatutako sarean.


Hala, 2013az geroztik, euskoak Ipar Euskal Herriko biztanleen kontsumoaren zati gero eta handiagoa birbideratzen du tokiko ekonomiarantz[4]: zirkuitu laburrak, hurbileko saltegiak, laborantza herrikoia, merkatuak, lurraldeko elkarteak, etab. Tresna kolektibo eta partekatua da, elkartasuna eta harremanak sortzen dituena lurraldeko eragileen artean.

Historikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sorrera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2011n hasi ziren euskoa sortzeko lanak, dozena bat militanteren ekimenez. Urtebete eta erdiko prestakuntza trinkoaren ondoren, euskoa, Ipar Euskal Herriko tokiko moneta, 2013ko urtarrilaren 31n sortu eta zabaldu zen. Hasieran, 800 erabiltzaile eta 192 zerbitzu hornitzaile zeuden sarean[5] (berehala handitu ziren kopuruak). Boluntarioen mobilizazio handiari eta prestakuntza trinkoko lanari esker, tokiko moneta laster garatu zen (moneta zirkulazioan jarri zen, saltzaileek, elkarteek eta enpresek azkarki parte hartu zuten eta elkarteak kide egin ziren)[6].

Euskoaren helburuak eta balioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Ekonomia birkokatzea: lurralde jakin batean bakarrik zirkulatuz, euskoak tokiko ekonomia eta bertako eragileak laguntzen ditu, eta, beraz, zirkuitu laburrak garatzen ditu. Tokiko monetak, beraz, tokiko enplegua eta hurbileko merkataritza bultzatzeko ahala ematen du.
  • Trantsizio ekologikoaren azeleratzea: zirkuitu laburrak garatuz, tokiko moneta funtsean ekologikoa da, eta garraioaren sektoreak eragindako berotegi-efektuko gasen emisioak murrizten ditu. Gainera, berme-funtsa trantsizio ekologiko eta sozialeko proiektuak finantzatzen dituzten banku etikoetan (Crédit Coopératif, La NEF) ezarrita dago. Azkenik, euskoaren araudiak baztertu egiten ditu gizartearekin edo ingurumenarekin arduragabeak diren jarduerak dituzten enpresak.
  • Euskararen aldeko konpromisoa[7]: euskara eremu publikoan ikusaraztea euskoaren printzipio sortzaileetako bat da. Hala, sarearekin bat egiten duten profesionalak animatzen dira, desafioen bidez, besteak beste afixaketa elebiduna ezartzera eta jendearekin euskaraz hitz egiteko formakuntza bat jasotzera.
  • Elkarte-inguruneari laguntzea eta gizarte-lotura indartzea: birbanaketa-mekanismo baten bidez (Euskoaren % 3-ko emaitza[8]), elkarteen ekimenak eta proiektuak babesten dira. Horrela, partikularrei tokiko monetaren erabilera areagotzeko eskatzen zaie, haiek babestutako elkarteak emaitza handiagoa jaso dezan. Horrek elkarte, saltzaile eta partikularren arteko parte-hartze aktiboa bultzatu eta harremanak sortzen ditu, eta, hala, lotura soziala eta elkartasuna indartzen ere.

Gertakari garrantzitsuak euskoa sortu zenetik[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • 2013ko urtarrilaren 31: euskoa abian jartzea, lehen ordainketa eta trukeekin (192 profesional eta 800 partikular)
  • 2014ko abuztuaren 28a[9]: lehen hitzarmena Euskararen Erakunde Publikoarekin
  • 2017ko martxoaren 19a[10]: eusko digitala abian jartzea (“eusko digitala + euskokarta” kontu-sistema)
  • Ipar Euskal Herriko monetaren urteurrena ospatzen duen urteroko festa herrikoia antolatzea: Eusko Eguna[11].
    2017ko uztailaren 19a[12]: Baionako Herriko Etxeak aho batez onartzen du ordainketak euskotan egin ahal izatea
  • 2018ko ekainaren 2a[13]: elkargoek tokiko moneta erabiltzeko sinatutako akordioa. Oztopo juridikoak gorabehera, Baionako hiriak lortzen du euskoa erabili ahal izatea gastuetarako, eta hori beste elkargo batzuetarako eredu bihurtuko da. Horrek aurrerapauso nabarmena ekarriko du Frantziako elkargoek tokiko monetak erabili ahal izateko.
  • 2018ko urriaren 7a[14]: 1 milioi eusko baino gehiago zirkulazioan.
  • 2020ko ekainaren 18a[10]: euskopay ordainketa-aplikazioa abian jartzea.
  • 2021eko azaroaren 14a[10]: 3 milioi eusko baino gehiago zirkulazioan.
  • 2023ko apirilaren 15a: Eusko Eguna - Euskoaren 10. urteurrena - 1.500 pertsona.

Euskoaren funtzionamendua eta erabilera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ipar Euskal Herriko tokiko moneta Europako tokiko monetarik handiena da. Lau milioi eusko baino gehiago daude zirkulazioan, eta euskoa 1.300 profesional eta 4.000 partikularren artean trukatzen da (2023ko apirila). Tokiko moneta osagarria da, eta horrek esan nahi du euroaren “parekoa” dela, hots, 1 eusko = 1 euro. Tokiko moneta erabili ahal izateko, beharrezkoa da Euskal Moneta elkartearen kide izatea, partikularra nahiz profesionala izan.

Ordaintzeko moduak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Billeteak. Euskoaren ordainketa-modu klasikoa. Billeteak balio desberdinetakoak dira: 1 (urdina), 2 (gorria), 5 (grisa), 10 (horia) eta 20 (morea)[15]
  • Kontu digitala eta euskokarta. 2017az geroztik, badago eusko kontu bat irekitzeko aukera (inolako gastu gehigarririk gabe), eta kontu horretatik tokiko moneta formatu digitalean erabil daiteke euskokartaren bidez (ordainketa-txartela). Gainera, erabiltzaile partikularrek eta profesionalek beren kontutik beste eusko kontu batera  euskoak transferi ditzakete. Azkenik, truke-bulegoetan beren eusko kontutik euskoak atera ditzakete: adibidez, erabiltzaile batek truke-bulego batean 50 eusko ateratzen baditu, bere eusko kontutik 50 eusko kenduko dira, eta truke-bulegoak 50 eusko emango dizkio dirutan.
  • Euskopay. 2020az geroztik, tokiko moneta erabil daiteke smartphonearen bidez, euskopay ordainketa-aplikazioari esker.

Erabilera-eremuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Partikularrak: edonor izan daiteke elkartearen kide, 24 €/eusko, 36 €/eusko edo 60 €/eusko (aukeran) ordainduta. Abantailazko prezioa aplikatzen zaie langabeei, gutxieneko laguntza sozialen onuradunei eta ikasleei. Elkarte kide izatean, partikularrak aukeratzen du babestu nahi duen eta sarearen parte den elkarte bat.

Helburu nagusiak: tokiko kontsumoa sustatzea, euskal kultura eta, bereziki, euskara biziaraztea.

  • Enpresak: egoitza soziala Ipar Euskal Herrian duen profesional bat elkartearen kide izan daiteke. Horrela, profesional horrek euskoaren erabiltzaileei erosketak euskotan ordaintzeko aukera eman diezaieke. Ondoren, enpresek euskoak berrerabiltzen dituzte beren hornitzaileak edo langileen edota nagusien soldaten zati bat ordaintzeko. Edo, bestela, beren euskoak berriro eurotan ematen dituzte (baina, orduan, % 5eko komisioa ordaindu behar dute).

Helburu nagusia: tokiko jarduera ekonomikoak sustatzea.

  • Elkarteak: elkarteak ere elkarte kide izan daitezke, eta diru-iturri gehigarri bat desblokeatzeko aukera izan dezakete (% 3-ko emaitza)

Helburu nagusia: tokiko elkarteen sarea lagundu eta ehuntzea.

  • Elkargoak[16]: udalerri bat Euskal Monetaren kide egin daiteke, baina beste modu batera. Lehenik, herriko kontseiluan Euskal Monetaren kide egitearen alde bozkatu behar du. Gero, kide izatearen ondorioz, urtesaria ordaindu behar du (ez dena dirulaguntza bat). Azkenik, Herriko Etxeak eta Euskal Monetak hitzarmena sinatu behar dute. Horrela, euskoa erabili ahal izango du ordainbide gisa bere herriko zerbitzu publikoetan (adibidez, igerilekuan) edota bere gastuak ordaintzeko (adibidez, hautetsien ordainsariak).

Helburu nagusia: diru publikoa lurraldean mantentzea

Berezitasunak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • % 3ko emaitza[8]. Tokiko monetaren elkarteko kide bakoitzak sareko elkarte bat babestea aukera dezake. Eta azken horrek 30 babesle dituenean, Euskoaren % 3-ko emaitzaren baliabidearen onuradun bihurtzen da, eta urtero bere babesle guztiek euskotan trukatu euroen % 3 jasotzen du. Emaitza hori ez da trukearen zenbatekotik kentzen, gehigarri gisa ematen da; adibidez, 100 euro trukatzen dituen erabiltzaileak 100 eusko jasoko ditu eta Euskal Monetak 3 eusko ordainduko dizkio babestutako elkarteari.
  • Oporrak euskotan[17]: Euskal Herrira oporretara datozen pertsonek oporretako eusko kontu bat ireki dezakete, tokiko moneta erabiltzeko. 2 €-ko kide saria ordainduko dute, eta kontua gehienez ere 2 hilabetez izango da baliagarri.
  • Euskotan trukatutako euro guztiak berme-funts batean gordetzen dira. Funts hori espekulazio asmorik gabeko bankuek gordetzen dute, hala nola La Nef eta Crédit Coopératif[18] bankuek. Berme-funts honen helburua da zirkulazioan dauden eusko guztien itzulketa bermatzea, behar izanez gero. Horrela, euskotan trukatutako euroak modu seguruan gordetzen dira eta diru horrek trantsizio ekologiko eta sozialeko proiektuak finantzatzen ditu.

Euskal Monetako langile taldea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Antolaketaren egitura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Langile talde iraunkor batek osatzen du elkartea. Zuzendari nagusi batek zuzentzen du eta berrogeita hamar bat boluntario inguruk laguntzen du. Boluntarioak dira elkartearen zuzendaritza-organoak animatzen dituztenak.

  • Biltzar Nagusia: urtean behin biltzen da batzordeak aukeratzeko, kontuak onartzeko eta norabide orokorrak finkatzeko.
  • Proiektuko alderdi interesdun guztiak ordezkatzen dituen Batzordeen multzoak, Gidaritza Batzordeak eta Onespen Batzordeak osatutako instantzia erabakitzaileak.

Eginkizunal eta erantzukizunak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal Monetak hainbat funtzio eta erantzukizun betetzen ditu, tokiko monetaren proiektuaren akuilatzaile gisa:

  • Tokiko monetaren zirkulazioa kudeatzea;
  • Tokiko ekonomia sustatzea (elkarte-bizitza, lurraldeko jarduera ekonomikoak);
  • Elkartasuna eta lankidetza sustatzea;
  • Tokiko ekonomiari eta bere xedeei buruz formatzea, hura laguntzea eta haren akuilatzailea izatea;
  • Euskoari buruz sentsibilizatzea eta euskoa sustatzea.

Euskal komunitatean eta tokiko ekonomian duen eragina[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Elkarteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • 2022an, 60.000 euro baino gehiago eman zitzaizkien elkarteei Euskoaren % 3-ko emaitzaren baliabideari esker (250.000 euro baino gehiago euskoa sortu zenetik)[19]
  • 58 elkartek jaso ahal izan dute diru-iturri gehigarria Euskal Monetari esker (2022an)

Partikularrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Banakako erabiltzaileen % 74k adierazi du dagoeneko enpresa bat aukeratu duela bereziki euskoa erabiltzeko aukera ematen duelako (Sol inkestatik ateratako datuak).
  • Ia 2 milioi eusko trukatu zituzten partikularrek 2022an[20]

Enpresak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Euskoaren sareko profesionalen % 56k tokiko hornitzaile berri bat hartu dute gutxienez beren euskoak berrerabiltzeko[21]
  • Euskoaren kide egin diren enpresen % 84k ez ditu inoiz euskoak eurotan berriz eman

Elkargoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • 36 udalerri Euskal Monetaren kide egin dira, eta baita Euskal Hirigune Elkargoa ere.[22]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. «Amankomunak: baliabide partekatuak. Zer nolako erronkak?» EKE (Noiz kontsultatua: 2023-08-11).
  2. (Frantsesez) «Le Pays basque lance sa propre monnaie» Le HuffPost 2013-01-31 (Noiz kontsultatua: 2023-08-07).
  3. (Frantsesez) Enbata. (2023-04-10). «« L’eusko est devenuela plus importantemonnaie locale d’Europe »» Enbata (Noiz kontsultatua: 2023-08-07).
  4. (Frantsesez) Harri. «POURQUOI ADHÉRER ?» Eusko (Noiz kontsultatua: 2023-08-07).
  5. (Frantsesez) «L'Eusko» Plone site (Noiz kontsultatua: 2023-08-07).
  6. (Frantsesez) Dante. «L’origine de l’Eusko» Eusko (Noiz kontsultatua: 2023-08-07).
  7. Txantiloi:Fr-CA Boulianne, Myriam. (2021-11-28). «L’eusko, une monnaie à la défense de la langue basque» La Presse (Noiz kontsultatua: 2023-08-07).
  8. a b (Frantsesez) Dante. «Le Don 3% Eusko» Eusko (Noiz kontsultatua: 2023-08-07).
  9. «Monnaie basque : l’Eusko fête 10 ans au service de son territoire» BasKulture (Noiz kontsultatua: 2023-08-07).
  10. a b c (Frantsesez) Ambre. (2021-11-16). «3 millions d’eusko en circulation !» Eusko (Noiz kontsultatua: 2023-08-07).
  11. (Frantsesez) Carricano, Iban. «Eusko Eguna - samedi 15 avril à Espelette» Eusko (Noiz kontsultatua: 2023-08-07).
  12. (Frantsesez) «Monnaie locale. Bayonne peut-elle payer en eusko ?» Le Télégramme 2018-01-12 (Noiz kontsultatua: 2023-08-07).
  13. (Frantsesez) Moneta, Euskal. «Paiements en eusko par les collectivités» Eusko (Noiz kontsultatua: 2023-08-07).
  14. (Frantsesez) Dante. (2018-11-07). «https://www.euskalmoneta.org/2018/11/07/le-billet-de-leusko-750-000-eusko-en-circulation-2/» Eusko (Noiz kontsultatua: 2023-08-07).
  15. (Frantsesez) Dante. «Quels sont les moyens de paiement disponibles ?» Eusko (Noiz kontsultatua: 2023-08-07).
  16. (Frantsesez) Harri. «COLLECTIVITES» Eusko (Noiz kontsultatua: 2023-08-07).
  17. (Frantsesez) Et si vous passiez vos vacances en Eusko ? – La monnaie locale du Pays Basque. (Noiz kontsultatua: 2023-08-07).
  18. (Frantsesez) Harri. «Un eusko compte double» Eusko (Noiz kontsultatua: 2023-08-07).
  19. (Frantsesez) Ambre. (2023-01-06). «L'Eusko vous souhaite une bonne année 2023 et fait le bilan de l'année écoulée !» Eusko (Noiz kontsultatua: 2023-08-07).
  20. (Frantsesez) Harri. «L'Eusko en chiffres» Eusko (Noiz kontsultatua: 2023-08-07).
  21. (Frantsesez) Carricano, Iban. (2022-01-19). «Nouvelle édition d'Eskuz Esku, l'annuaire des fournisseurs du réseau Eusko !» Eusko (Noiz kontsultatua: 2023-08-07).
  22. (Frantsesez) «L'Eusko, monnaie locale du Pays basque, souffle ses 10 bougies» presselib.com 2023-03-08 (Noiz kontsultatua: 2023-08-07).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]