Eusko Ikaskuntza

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Eusko Ikaskuntza
San Sebastian Palacio Miramar.JPG
Eusko Ikaskuntzaren egoitza nagusia Miramar jauregia da, 2012. urteraino
Goiburua: Asmoz eta Jakitez
Sortze data: 1916
Egoitza nagusia: Miramar jauregia
Donostia, Gipuzkoa
 Euskal Herria
Eusko Ikaskuntza hemen kokatua: Donostia erdigunea
Eusko Ikaskuntza
Eusko Ikaskuntza
Eusko Ikaskuntza (Donostia erdigunea)
Presidentea: Jose Maria Muñoa
Webgunea :  http://www.eusko-ikaskuntza.org/ 

Eusko Ikaskuntza (gaztelaniaz Sociedad de Estudios Vascos eta frantsesez Société d'Études Basques) (EI-SEV) erakunde zientifiko-kulturala da. 1918an Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroa Garaiko aldundiek sortu zuten, «euskal kultura garatzeko baliabide egonkor eta iraunkor gisa». Asmoz eta Jakitez goiburua du.

Iragana ulertzetik abiatuta, Eusko Ikaskuntzak lantzen dituen azterketetan eta ikerlanetan Euskal Gizartearen orainerako eta etorkizunerako formulazioak eta orientabideak sortzen dira.

Euskal Autonomia Erkidegoan, Nafarroako Foru Erkidegoan eta Ipar Euskal Herrian ofizialki hedatuta dagoen diziplinarteko zientzia-erakunde bakarra da.

Zientziarekin eta kulturarekin, berrikuntzarekin eta aurrerapen kolektiboarekin konpromiso aktiboa duten pertsonek osatzen dute erakundearen masa sozial zabala.

Argitalpen nagusitzat Eusko Ikaskuntzen Nazioarteko Aldizkaria (RIEV siglaz ezaguna) du, eta Manuel Lekuona Saria ematen du urtero.

Egoitza nagusia Donostian dago eta ordezkaritzak ditu Baionan, Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean.

Baloreak, helburuak eta Eginkizuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Baloreak:

  • Disziplinartekotasuna
  • Lurraldeen arteko zubilana
  • Hiritarrekin lotu
  • Belaunaldiak uztartu
  • Erakudeen arteko elkarlana
  • Euskararen erabilera bermatu
  • Genero ikuspegia
  • Independentzia ideologikoa
  • Nazioarteratzea

Helburuak:

  • Pentsamendu ireki, anitz eta independenteko guneak sortzen ditu euskal gizartearen testuinguruan eta baita globalean ere.
  • Ikuspuntu zientifiko, ireki eta diziplinartekoa abiapuntu duela, ikaskuntza, ikerkuntza eta ezagutza aplikatuaren sustapena bultzatzen du.
  • Gizarte-erronka estrategikoei buruzko azterketa eta hausnarketa bultzatzen ditu, eta erantzun berritzaileak eskaintzen dizkie gai horiei. Euskal Herriaren eraldaketa ahalbideratzen du, gizartetik abiatuta eta gizartearekin bat.
  • Gizarte-ehunaren artikulazioa katalizatzen du, kohesioa areagotze aldera.
  • Berdintasun-irizpideekin dihardu eta belaunaldien arteko lana sustatzen du.
  • Hainbat erakunderekin eta elkarterekin lankidetzan aritzen da ezagutza-sareak sortzeko.
  • Komunikaziorako eta hedapenerako askotariko euskarriak erabiltzen ditu, sortutako ezagutza gizarteratzea eta gizarte-itzulkina bermatzeko xedearekin.

Eginkizuna:

  • EI-SEVek, elkargune den erakunde zientifiko kultural gisa, Euskal Herriaren eta/edo bertatik jakintza aztertu, ikertu eta zabaltzen du, haren aurrerapena bultzatzeko eta gizarte kohesioa eta partekaturiko nortasunak sustatzeko.
  • EI-SEVen helburuak dira: euskal kulturaren balio tradizionalak finkatzea, kultura goratzea eta hedatzea, eta euskal kulturako eskualdeetan bizi diren pertsona guztien mesederako izango diren balio berriak sortzea.
  • EI-SEVen jarduketa bere Estatutuetatik datozen ezaugarri batzuek zehazturik ageri da:
  • Aurrea hartzea: Oinarrizko eskasiak eta gizarte erronkak aztertzeko.
  • Azterketak eta Berrikuntza: Erabakiak hartzen lagunduko duen eztabaida soziala sortzekoz
  • Integrazioa: Gizarte zibilarena
  • Zabaltzea: Bere gogoetak, azterlanak eta ikerketak gizarte osoari
  • Sustatzea: Zientzia eta kultura azpiegituretan diren gabeziak zuzentzeko

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1935. urtean ospatutako Eusko Ikaskuntzako biltzar iraunkorraren argazki baten erreprodukzioa. Zutik ezkerretik eskuinera, Anizeto Olano, Francisco Basterretxea, Joxe Migel Barandiaran, Claudio Armendaritz, Aita Donostia, Juan Allende Salazar, Angel Apraiz, Justo Garate, Manuel Irujo eta Pedro Garmendia. Eserita ezkerretik eskuinera, Julio Urkixo, Telesforo Aranzadi, Julian Elorza, Lerenboure doktorea, Juan Zaragueta eta Seber Altube.

Eusko Ikaskuntza 1918an Oñatin (Gipuzkoa) egindako biltzar batean sortu zen. Arturo Campión ohorezko lehendakaria izan zen hastapenetan. Miguel Primo de Riveraren diktadurapean, zailtasunak eduki zituen erakundeak, eta Espainiako Gerra Zibilean etenarazi zizkioten jarduerak Hego Euskal Herrian.

«Eusko Ikaskuntza sortarazi beharko zuen batzar nagusi baten ideia Angel Apraizena izan zen, Bilbon eman zuen hitzaldi batean azaldurikoa. Ideia zabaldu egin zen gero eta, euskal Aldundien laguntza zela bide eta erakunde zein partikular askoren atxikimendu beroari esker –Zuberoa eta Erronkaritik Karrantza eta Gobiaraneraino–, batzar handi hura egin ahal izan genuen».

Horrela azaltzen zuen Jose Migel Barandiaranek Eusko Ikaskuntzaren sorrera, 1918an Oñatin (Gipuzkoa) egindako Eusko Ikaskuntzaren I. Kongresuaren emaitza gisa, alegia.

Bere lehen urteetan Eusko Ikaskuntzak hiru Kongresu handi antolatu zituen (Eusko Ikaskuntzaren II. Kongresu, irakaskuntza eta arazo ekonomiko-sozialen ingurukoa, Iruñean, 1920an; Eusko Ikaskuntzaren III. Kongresua, Gernikan, 1922 urtean, hizkuntza eta irakaskuntzari buruzkoa; V. Kongresua, lanbiderako orientabide eta irakaskuntzari buruzkoa, Gasteizen, 1926an), bai eta beste bi Batzar ere, udal arazoez (1919) eta euskal arrantzaren egoeraz (1925) jardun zutenak.

Hasiera hartan, halaber, Eusko Ikaskuntzak Euskaltzaindia abiarazi zuen, geroko ikastolen oinarri teorikoak ezarri zituen eta euskarazko lehen eskola liburuak eginarazi zituen.

Era berean, metodologia eta goi kulturari buruzko ikastaroak antolatu, bekak eta pentsioak banatu eta laguntzak eman zituen arkeologia alorreko miaketa lanak egiteko, bai eta artxibologia eta dokumentazio alorreko lehen sistematizazioak bultzatu ere, eta Anuario de la Sociedad de Eusko Folklore zein Revista Internacional de los Estudios Vascos, RIEV aldizkarien argitalpena hartu zuen bere gain.

Primo de Riveraren diktaduraren garaian zailtasunak izan ondoren, hogeiko hamarkadaren amaieratik aurrera Eusko Ikaskuntzak gogo biziagoz ekin zion lanari, lehen Udako Ikastaroak (1927tik aurrera) antolatuz, elebitasuna irakaskuntzan aztertuz, Euskal Unibertsitatearen aldeko Batzorde bat eratuz, kongresu tradizioarekin lotuz, euskal arte herrikoiari eskainiriko V. Kongresuarekin (Bergara, 1930). Aldi berean, alderdien gaineko izaera zuen Autonomia Batzorde batek euskal historiaren lehen proiektu autonomikoa aurkeztu zuen 1931ko maiatzean, Lizarrako Estatutua izenez ezaguna dena.

Gerra Zibilaren ondoren Eusko Ikaskuntzaren jarduerak etenik gertatu ziren Hego Euskal Herrian, baina hala ere horrek ez zuen galarazi bi Kongresu egitea, Miarritzen (1948) eta Baionan (1954). Horiek, bost kontinenteetan barreiaturiko kultura jendea berriro biltzea bideratu zuten.

1978ko irailean, Oñatin bilduriko bazkideen Batzar Nagusiak Eusko Ikaskuntzaren jarduera berriro abiaraztea erabaki zuen, Jose Migel Barandiaran lehendakari izendatzen zuela, eta honek helburua finkatu zuen: «gure Elkartea euskal ikerkuntza eta ikaskuntza gunea izan dadin, hemengo eta mundu osoko euskalarien bilgune edo elkargunea».

Harrezkero, Eusko Ikaskuntza bere lan zientifiko eta kulturala garatzen ari da euskal kulturako lurralde guztietan.

Jose Migel Barandiaranen ondoren (1978-1991), hauek izan dira erakundeko buruak: Gregorio Monreal (1992-1996), Juan Jose Goiriena de Gandarias (1996-2002), Javier Retegi (2002-2008), José María Muñoa Ganuza (2008-2012) eta 2012ko uztailaren 20tik Iñaki Dorronsoro da Eusko Ikaskuntzaren Lehendakari berria.

Jose Migel Barandiaran (1976-1991), Gregorio Monreal (1992-1996), Juan Jose Goiriena de Gandarias (1996-2002), Javier Retegi (2002ko abendutik-2008ko abendura), Jose Maria Muñoa (2008ko abenduaren 26tik-2012ko uztailera) eta Iñaki Dorronsoro Plazaola (2012ko uztailetik aurrera) izan dira erakundearen presidenteak.

2010eko martxoaren 30ean, Eusko Ikaskuntzak bere bildumako 350.000 dokumentuak Interneten argitaratu zituen, Auñamendi Eusko Entziklopedian, Bernardo Estornes Lasaren Enciclopedia Auñamendi ospetsuko 150.000 artikuluekin batera. Internet bidez dohainik kontsulta daiteke entziklopedia hori.[1]

Lehen Batzarra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

{{esaera2|5. Bere Majestatearen gobernuari eskatzen zaio Unibertsitate Zentralean eta Estatuak Madrilen dituen antzeko zentruetan euskara eta euskal literatura lantzeko Sail bana sor dezan, eta Estatuak Euskal Herrian dituen Institutu, Irakasle Eskola, Merkataritza Eskola eta gainerako ikastetxeetan era berean joka dezan.

6.Sekzioak euskara ikertu eta jagoteko erakunde bat sortzea erabakitzan du eta honako bi sail berezi hauek izango ditu horrek:

a) Iker saila, euskarak hizkuntzalaritzaren adar guztietan dituen arazo guztien ikerketaz arduratzen dena.

b) Jagon saila. Haren helburua izango da euskara jagotea eta indartzea gizarte-eremu eta agerkari guztietan, euskara eta euskaraz irakasten duten ikastetxe guztiei laguntzea, itzulpen-zerbitzuak antolatzea, udalen aldeko aholkularitza zerbitzuak eskaintzea, eta abar.|Eusko Ikaskuntzen I. Batzarra, [[Bilbo, 1919}}

Eremu Tematikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Fundazioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Akademiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Jakiunde, Zientzia, Arte eta Letren Akademia, 2007. urtean sortua
  • Euskaltzaindia 1919. urtean sortu zen Eusko Ikaskuntzaren baitan, baina erakunde beregaina da gaur egunean.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Anakoz Amenabar: «Estornestarren uztaren jarraipena», Berria, 2010-03-31.

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Eusko Ikaskuntza Aldatu lotura Wikidatan