Euskadi (terminoaren historia)

Wikipedia(e)tik
Euzkadi» orritik birbideratua)
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Beste esanahi batzuen berri izateko, ikus: «Euskadi (argipena)»
Euzkadi izena zazpi herrialdeak izendatzeko sortu zuen Aranak.

Euskadi Sabin Aranak euskal herritarren nazioaren izen politikotzat 1896ko irailean sortutako hitza da. Euzkadi grafiarekin asmatu zuen, Euskal Herriko zazpi herrialdeak izendatzeko: Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa Beherea, Nafarroa Garaia eta Zuberoa. Sabin Aranak uste izan zuen Bizkaiaren etimoa be-euzko-di-a zela, eta, horregatik, Euzkadi sortu zuen, Bizkaiaren z-rekin, alegia.[1] Euskal Herria izenak garai hartan kultura eta hizkuntza eremu bat izendatzen zuen bezala, Euskadi izenak politika eremu bat izendatuko zuen, eta bere baitan bilduko zituen bai euskal herritar euskaldunak, bai euskal herritar erdaldunak.

Euskadi hitzaren sortzaile Sabin Arana.

Sorrera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Askotan aipatu izan da Sabin Aranak, Euzkadi hitza asmatzeko, oinarritzat erabili zuela euzko hitza (euskara batuan, eusko) eta -di atzizkia, eta euzko hitza eguzki izenetik hartu zuela, antzinako euskal herritarrek eguzkia gurtzen zutelakoan. Alabaina, 1896 arte Sabin Aranak eusk- erroa duten hitz guztiak ese letrarekin idatzi izan zituen beti-beti: eusko, euskera, euskeldun, Euskeria. Zeta letra, lehenengo aldiz, Euzkadi hitzarekin agertuko zen, 1896ko irailean. Eta Euzkadi idazkera hartu zuen, hain zuzen, Bizkaiaren etimologiatzat be-euzko-di-a jo zuelako.[1]

Aipatu izan da Eusebio Maria Azkuek idatzitako eta argitaratu gabeko olerki batek Euzkadia duela izenburu, eta 1862ko martxoan idatzi zuela, Arana jaio baino hiru urte lehenago. Haatik, olerkia ez zen 1917 arte argitaratu (Sabin Arana hil eta hamalau urte geroago). Beraz, nekez jakingo zuen Sabinek horren berri.[1][2]

Erabilera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XX. mendearen hasieran[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sortu eta gutxira, terminoak nahikoa arrakasta izan zuen abertzaleen artean, kontuan hartuta termino berria zela Euzkadi euskal lurraldeak izendatzeko, lehenagotik erabiltzen ziren Euskal Herria historikoaren edota Euskaria berriagoaren aldean. Antza, Sabin Aranak gehien erabiltzen zen Euskal Herria (edo Euskalerria) terminoa ez erabiltzea erabaki zuen, bere ustez izen horrek euskararen lurraldea izendatzeko soilik balio zuelako (hau da, historiako une hartan euskara hedatzen zen lurraldea). Horrela, Euskal Herria termino kulturala zen bezala, Euzkadi termino politikoa zen.

Hala ere, izan zen Euskadi izen sortu berriari kontra egin zionik ere, hasieratik bertatik. Haien artetik Arturo Kanpion iruindar poligrafo eta historialaria nabarmendu zen. Gai horri buruz artikulu garratzak idatzi zituen, eta bereziki «Sobre el nuevo bautizo del País Basko» deritzana.[3]

1936an sortutako eusko gobernu autonomoak Euzkadi terminoa erabili zuen, teorian Bizkaia, Gipuzkoa eta Araba bilduko zituen lurralde autonomoa izendatzeko. Praktikan, Espainiako Gerra Zibila zela eta, Bizkaia eta Gipuzkoa baino ez zituen bildu.

Francoren diktaduraren garaian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Diktadura garai hartan, debekatuta eta gogor erreprimituta zegoen Euskadi hitza erabiltzea; Euskal Herria, berriz, eragozpenik gabe erabil zitekeen,[4] eta karlista frankozaleek beren ereserkian, Oriamendiko Martxan, gora España ta Euskalerria oihu egiten zuten.

Beraz, frankismoaren aurka ziharduten eusko abertzaleek (EAJ, Ekin, Euskadiko Mugimendu Sozialista...) eta ezkertiarrek (PSOE, EPK, errepublikanoak...) Euskadi terminoa erabiltzen jarraitu zuten. Hasieran, Euzkadi zetadun idazkerarekin (adibidez, 1959an sortutako ETA erakundearen hasierako izena Euzkadi ta Azkatasuna izan zen[5]). Gero, 1968an, Euskaltzaindiak Batasunerako hiztegia argitaratu zuen, euskara batuaren hastapena, eta hor eusk- erroa eserekin idatzita ageri zen; horren eraginez, Euskadi idazkera nagusituz joan zen.

Gaur egungo erabilera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Horrenbestez, 1970eko eta, batez ere, 1980ko hamarkadatik aurrera, Euzkadi idazkera geroz eta gutxiago erabiltzen hasi zen, eta euskara batuko Euskadi zabaldu zen. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan hedatutako administrazio autonomikoak, adibidez, euskara batuko Euskadi idazkera hobetsi zuen. Hamarkada horren bukaeran, gainera, Ezker Abertzaleak Euskal Herria erabiltzeari ekin zion, Euskadi izenak bere ustez zekarren hiru lurraldeen irudikapenetik aldendu nahian. Dena dela, ezker abertzaleak ere ez dio uko egin helburu duten Estatu independentearen izentzat Euskadi erabiltzeari.[6]

Gaur egun, Euzko Alderdi Jeltzaleak erabiltzen du, batik bat, Euzkadi sabindar idazkera, bere dokumentu batzuetan; diskurtso publikoan, hala ere, euskara batuko Euskadi hobesten du.

Eusko abertzaletasuneko abestietan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eusko abertzaletasuneko hainbat abestitan nabarmen ageri da Euskadi izena: Eusko gudariak, Gora ta gora, Gazteri berria, Ikastoletako ereserkia, Kanta aberria, Aupa gizona, Kalera, kalera...

Abertzalea ez den abestiren batean ere ageri da, hala nola Euskadin, Castillan bezala abestian.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c Xabier Zabaltza: «El significado oculto de la palabra Euzkadi», Fontes linguae vasconum: Studia et documenta. ISSN: 0046-435X. 29. urtea, 74. zenbakia, 1997, 77-84. orrialdeak.
  2. Bonifacio Etxegarai Korta: «Los supuestos precedentes de los vocablos "Euzkadi" y "Euskaria"», Euskonews, 150. zenbakia, 2002.
  3. Euskaltzaindiaren 137. araua («Euskal Herria izena»).
  4. Joan Mari Torrealdai (1999): La Censura de Franco y el tema vasco, Kutxa Fundazioa, 1999. ISBN 84-7173-349-8.
  5. Euskal Herriari ETAk dei, ETAk kaleratutako lehen agiria, 1964-01-01.
  6. «Euskadi, abertzaleontzat, Euskal Herriari datxekion Euskal Estatua da. Euskadi Ta Askatasuna ez da inoiz izan Provincias Vascongadas y Libertad
    Txillardegi: «Zientzia eta mapak», Berria, 2010-10-03.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]