Ezaugarririk gabeko gizona

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Ezaugarririk gabeko gizona
Datuak
Idazlea Robert Musil
Argitaratze-data 1930 eta 1932
Generoa Eleberria
Jatorrizko izenburua Der Mann ohne Eigenschaften
Hizkuntza Alemana
Argitaletxea Rowohlt Verlag Itzuli
Herrialdea Austria

Ezaugarririk gabeko gizona (alemanez: Der Mann ohne Eigenschaften) Robert Musil austriar idazlearen eleberri bukatugabea da. Lehenbiziko liburukia 1930ean argitaratu zen, bigarrenaren zati bat 1933an eta gainerakoa 1943an, Musil hil ondoren.

Eleberri horren ideia nagusia da itxurek errealitate ilunago bat -izugarriagoa edo zoragarriagoa, edo bi gauzak batera- ezkutatzen dutela, alegia, gauza guztiek bi zentzu edo gehiago dituztela. Itxuren zentzu edo tasun ustez bakarrari errealitate nahasi iheskorra kontra jartzea da idazlearen zeregina. Musilengan berarengan haurtzarotik gorpuztuta zegoen bitasunak indartu besterik ez zuen egiten itxuren eta gauzen zentzu eta izate anitzari buruzko uste hori. Izan ere, egilea gizon ekina zen, adimen zorrotzeko ingeniaria, ofizial diziplina handikoa eta, aldi berean, gogoetara eta bere barne sentipenez gozatzera emana zen. Musil alferrik ahalegindu bide zen bi joera kontrajarri horiek bateratzen, eta tirabira horretan du agian sorburua Ezaugarririk gabeko gizona liburuaren egiturak.

Liburu bukatugabe horrek bi mila bat orrialde ditu, eta XX. mendeak eman duen libururik anbizio handikoen eta funtsezkoenetako bat da. Egileak behin eta berriz aldatu zuen, hura idazten eman zituen urte luzeetan zehar, nobela horrentzat aldez aurretik egina zuen egitasmoa. Baina, aldaketak aldaketa eta hura hil geroztikako eranskinak eranskin, Musil bizi zela argitaratutako orrialdeak dira kontuan hartu beharrekoak haren asmoak zein ziren jakiteko.

Eleberria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eleberria bi zati zehatzetan banatua dago, sarrera batekin eta ondorio moduko batekin. Sarrerak eta lehenengo zatiak eta osatzen dute lehen liburukia, 1930ean argitaratua. Sarreran, nobelako pertsonaia nagusia aurkezten da, Ulrich, «ezaugarririk gabeko gizona». Egilearen ispilu gisako bat da, baina ez haren bizitzako gertaeren ispilu, haren gogoeta eta pentsamenduena baizik. Ulrich hori ezaugarririk gabeko gizona baino gehiago, gizonik gabeko ezaugarri multzo bat zen, Musilek berak esplikatu zuenez, muinik, zentzurik eta erabilgarritasunik gabeko ezaugarri multzo bat, alegia, eta sustrairik gabeko gizona beraz, irekia eta eskuragarria. Gaztetan, Ulrich horrek hiru saio egin zituen bere bizitzari zentzua emateko, bere bidea aurkitzeko: ikasketa militarrak, ingeniaritza, eta matematikaren ikerketa. Aukera horietako batek berak ere ez zion, ordea, gogoa bete eta, hala, bere bidea aurkitu nahia izan zen geroztik haren irrika nagusia.

Lehenengo zatia 1913ko abuztuan hasten da, Ulrich ikerlari gazteak, etsita, bere lanbidea aldi baterako utzi eta urtebeteko aisialdia hartzen duenean gogoeta egiteko. Eta une horretan sartu zuen Musilek «aldi bereko ekintza», eta hori baliatu zuen austriar-hungariar monarkiaren azken urteak eta gizarte oso baten gainbehera deskribatzeko. Musilek honela eratu eta irudikatu zuen «aldi bereko ekintza» hori: 1918an betetzekoak ziren Frantzisko Josef I.a enperadorearen erreinaldiaren 70 urteak eta, urteurren horren karietara, austriar abertzale talde batek batzorde bat eratu zuen urteurren hori Gilen II.a Alemaniako enperadorearen agintaldiko 30. urteurrenari gailen zekion. Ulrich batzorde horretan sartu zen eta, era horretara, handiki jende asko ezagutu zuen, denak Austriaren izate gorenaren alde lanean ari zirenak; baina, azkenean, ahalegin horiek guztiak zapuztuta geratu ziren, eta ospakizun aintzatsua izan behar zuena Lehen Mundu Gerra bilakatu zen. Lehenengo parte hori satira handi bat da.

Bigarren partea Ulrichen aitaren heriotzarekin hasten da eta, Musilen arabera, haren hasiera baizik ez zen argitaratu behar. Aitaren hiletetan Ulrichek bere arreba ezagutzen du eta, zirrarak beterik, izatez eta izaeraz bera bezalakoxea dela konturatzen da; orduan hasten da anaiaren eta arrebaren arteko harreman ezinaren mugetaraino eramana, elkar maite baitute, maitasun garbiaren ametsaz, eta elkarganatzen dira eta bereizi egiten dira, desira asegabearen indarraz, Musilek «beste egoera hori» deitzen dion horretaz.

Halako batean, Musil aurrera ezin jarraitu gelditu zen, gero eta urrunago baitzen liburu hari hasieratik ezarri zion egitasmotik, eta ez zen gauza sentitzen ordurako artifiziala irizten zion simetria bat bere obrari ezartzeko, ez baitzuen asmatzen nobela hark sakonean zuen bitasuna, nobelaren eta saiakeraren arteko tirabira, berak nahi zuen bezala adosten. Horrez gainera, Bigarren Mundu Gerraren etorrerak lan hura utzarazi zion.

Hortaz, Musil hil ondoren aurkitu ziren eskuizkribu, zirriborro eta ohar ugarietan eleberri hori bukatzeko edozein aukera egitea hipotesi hutsa besterik ez litzateke. Bere jeinuari zegokion bezala, nobela ireki bat utzi zuen, nobela saio bat, harentzat gizaki ororen izatea bera bizitza saio bat zen bezala. 1932an hara zer idatzi zuen: «Ez dira nahastu behar lan bat ez bukatu izana eta haren egilearen eszeptizismoa. Neure lana erakusten dut egiaren zati bat baizik ez dela jakinik, eta erakutsi egingo dut gezurrezkoa dela jakitun egon arren, zeren eta badira hutsegite batzuk egiaren bidean urratsak direnak. Zeregin ondo definitu baten baitan, ahal nuen guztia egin dut».

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]