Ezer ez dakit, ezer ez dakidala baizik

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Bideo honek Ikusgela proiektuko bideo bat barneratzen du
Wikipedia, Entziklopedia askea

Sokratesen esaldi ezagun honi buruzko bideoa.

«Ezer ez dakit, ezer ez dakidala baizik» (antzinako grezieraz: ἓν οἶδα ὅτι οὐδὲν οἶδα, hèn oîda hóti oudèn oîda[1]; latinez: scio me nihil scire[2] edo scio me nescire) Sokrates filosofoaren esaldia da. Sokrates Grezia klasiko garaiko filosofoa izan zen (k. a.V mendea), gaur egun mendebaldeko filosofiaren  ordezkari nagusietakoa. Esaldi honek Sokratesen metodoaren lehen pausua izan behar zuena  irudikatzen du: ironia sokratikoa. Egiara heltzeko, gure ezjakintasuna  onartzea izan behar da egin beharreko lehenengo gauza.

Sokratesen filosofia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Sokrates»

Sokratesek Egia eta Ongiaz eta beraien arteko harremanaz hitz egin zuen batez ere.

Bere ustez, Ongia existitzen da, objektiboa eta denok ezagutu dezakegu. Horretarako egin behar duguna ariketa arrazionala da: Egia bilatu behar dugu. Egia pertsona bakoitzaren barruan aurkitzen da, beraz, galdera-erantzun arrazionalen bidez, Egiara iritsi gaitezke. Ongia Egiaren bidez ezagutzen delako ideiari "intelektualismo morala" deritzo.

Bere ustetan, Ongia denok egin nahi dugu, hori baita zoriontasuna lortzeko bidea. Inork ez du zerbait gaizki egiten, gaizki dagoela baldin badaki. Arazoa Ongia zer den ezagutzean datza, hau da, zer dagoen ondo eta zer ez ziur jakitea. Hori jakin ezkero, Ongia egingo genuke, seguru. Beraz, Egia ezagutu behar dugu Ongia egin ahal izateko.

Sokratesen metodoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Sokratesen metodo»

Sokratesek talde eztabaiden bidez irakasten zien bere ikasleei. Hau da, taldean bildu eta solasean aritzen ziren, galderak egin eta erantzuten.

Sokratesen lehen premisa hori zen: ezer ez dakit, ezer ez dakidala baizik. Honen bidez, norbere aurreiritziak eta uste zalantzagarriak ezabatu eta ezagutzarako bidea zabaltzen da. Hau lortzeko, solaskideen baieztapenei galderak egiten zizkien, eta solaskideen erantzunak zalantzan jarri. Horrela, solaskideak erantzunik gabe utzi arte, beraien ezjakintasuna onartuz. Honi deritzo "ironia sokratikoa".

Ondoren, galderak egiten jarraitzen zuen, solaskideek barruan zeukaten jakintza pixkanaka ateratzeko. Honi "maieutika" deritzo. "Maieutika" grezierako emagin hitzetik dator, eta haurrak sabeletik ateratzeko lana islatzen du. Sokratesen ama emagina izanik, beragandik jaso zuen ideia, bere metodo filosofikoan ezartzeko. Horrela, maieutikak norberak barruan daukan Egia ateratzeko laguntza esan nahi du: hain zuzen ere, galdera logikoak egitea, lehenengo iritziak eta usteak ezabatzeko, ondoren erantzunen bidez Egiara iristeko. Egiara iritsi ondoren, Ongiaz jokatuko genuke beti, Ongia ezagutzen baitugu.

Sokratesen prozesu judiziala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sokrates Atenasko Justiziak epaitu zuen. "Atzerriko jainkoen sinesmena bultzatzea" eta "gazteria galbidera eramatea" izan ziren leporatutako karguak. Heriotza-zigorrera kondenatu zuten k.a. 399 urtean.

Bere ikasleak ziren familia aberats askok laguntza eskaini zioten hiritik alde egiteko, baina berak epaia onartu zuen. Berak defendatzen zuen Justizia objektiboa eta zuzena izan behar dela, nahiz eta bere kontra jarri. Beraz, bere filosofiarekin koherente izateko, bere burua hil zuen, astaperrexilez egindako edabea edanda.

Esaten da bere epaiketarako arrazoiak beste batzuk izan zirela: demokrazia atenastarrarekin kritiko izatea, eta urte batzuk lehenagoko "odoltsuen gobernuan" (gobernu tiranoa) parte hartu zuten batzuen irakasle izatea.

Sokratesen ondorengotza filosofikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bideo hau Ikusgela proiektuaren parte da.
Bideo hau Ikusgela proiektuaren parte da. Bideoak dituzten artikulu guztiak ikus ditzakezu hemen klik eginez gero.
Aristoteles ulertzeko gakoak.

Sokrates irakaslea zen, baina ez profesionala; hau da, ez zuen diru-truk irakasten, nahi zuelako baizik. Beraz dakiguna, Platon eta Aristotelesen idatziei esker dakigu, berak ez baitzuen ezer idatzi.

Laburki, esan dezakegu Sokratesek gure garaian oraindik ere erreferentziazko filosofoa izaten jarraitzen duela. Bere garaian ere, Platon eta Aristoteles bezalako filosofo handien irakasle eta erreferente izan zen; azken horiek ere gaurko filosofian ezinbestekoak dira oraindik. Beraz, bere ideia berritzaileak bezain oinarrizkoak zirela eta, ezinbesteko gaien inguruko auzi garrantzitsuak ezarri zituen, oraindik ere eztabaidagai direnak.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]