Edukira joan

Eztabaida:2025eko itzalaldia Europa hegoaldean

Orriaren edukia ez da onartzen beste hizkuntza batzuetan.
Wikipedia, Entziklopedia askea

Elektrizitate etenaldi handi bat

[aldatu iturburu kodea]

«2025eko apirilaren 28an, 12:30ean (CEST), elektrizitate etenaldi handi bat gertatu zen Europa hegoaldeko zenbait lekutan» esaldian nahitaez «etenaldi handi bat» ipini behar da, ez «etenaldi handia» @Treuiller. Kasu horretan, beste hainbatetan bezala, «bat» ez da zenbakia, baizik indeterminazioa, erreferente zehaztugabeko atribuzio bat, «gauza bat esan behar dizut» esaldian bezalaxe: ez da «gauza bat bakarra, ez bi», baizik «x gauza».

Mesedez, emaiozu begiratu bat Txokoan 2023ko apirilean egin genuen eztabaidari: Idazle bat / idazlea. Hor garatuago eta —espero dut— argiago ikusiko dituzu nire argudioak. Gotzon 15:39, 30 apirila 2025 (CEST)[Erantzun]

Kaixo, Gotzon, eta esker mila oharrarengatik. Erantsi didazun esteka hori berahalaxe irakurriko dut.
Hala ere, ene sen beti-beti-zalantzan-jartzeko-modukoaren-arabera, "elektrizitate etenaldi handi bat gertatu zen" eta "elektrizitate etenaldi handia gertatu zen" ez dira gauza bera.
Hain zuzen ere, bi esaldi horietan alde hau dago: ea biok bat gatozen horretan:
-"elektrizitate etenaldi handi bat gertatu zen" horrek zenbat elektrizitate etenaldi handi gertatu ziren adierazten du: bakarra,
-aldiz, "elektrizitate etenaldi handia gertatu zen" esanda, zer gertatu zen ematen da aditzera: elektrizitate etenaldi (handi)a gertatu zen; auto istripua gertatu zen; kalte ugari gertatu ziren; tiroketa (luzea) gertatu zen...
Bestetik, ohartzen bazara, artikuluko esaldian handi adjektiboa du, zer gertatu zen are argiago azaltzen duena (elektrizitate etenaldia gertatu zen, eta nolakoa zen —handia— ere bai). Nolanahi ere, adibide gisan paratu duzun gauza bat esan behar dizut horretan, ez. Ene senaren arabera (idatzi bezala, eztabaidagarria da: ez naiz Axular), Zerbait esan behar dizut baliokide du..Hori bai, Gauza xelebre bat esan dizut horretan, ia berdin geratzen naiz ni.
Ziur aski biok bat gatoz horretan, ezta?
Izan ongi!
-----
Treuiller Treuiller (eztabaida) 23:58, 30 apirila 2025 (CEST)[Erantzun]
Ez, @Treuiller, ez gatoz bat: «elektrizitate etenaldi handi bat» esaldiak ez du zenbat adierazten, baizik erreferentzia indeterminatuko x etenaldi bat. Artikuluaren hasiera-hasieran horrela esanda («etenaldi handi bat»), hortik aurrera «etenaldia», «itzalaldia» eta horrela arituko gara, erreferentzia determinatua baita horrez gero («aipatzen ari garen etenaldi hori»).
Berdin gertatzen da biografia artikuluetan «Urlia lapurtar idazle bat izan zen» esaten dugunean, erreferente zehaztugabeko atribuzio bat eginez; ez baita ber gauza «Urlia lapurtar idazlea izan zen», beste lapurtar idazle asko egon baitira eta egongo baitira. Halako esaldietan, izenaren (idazle, pilotari, sukaldari, tresna, elementu kimiko...) indibidualizazio hutserako erabiltzen da bat hori, eta ez kuantifikazio kardinalerako. Jakina, halakoak ez dira nahasi behar izenezko atribuzioekin («kazetari eta idazle izan zen berrogei urtez»), halakoek, besteak beste, ez baitute adjektiborik onartzen (ezin da *«idazle bikain izan zen»).
Eskatzen dizut goien aipatutako Idazle bat / idazlea elkarrizketan esandakoak irakurtzeko eta, oraindik jakin minik gelditzen bazaizu, argudioon iturrian den Juan Graziaren «Salba dezagun "Bat"» artikulua (Senez, EIZIE).Gotzon 15:59, 1 maiatza 2025 (CEST)[Erantzun]
Kaixo, Gotzon!
Esker mila erantzunarengatik, bai eta Juan Garziaren artikuluaren esteka gehitu izanagatik ere (atzo gomendatu zenidan idazle bat / idazlea elkarrizketa berehala irakurri nuen: beste horrenbeste eginen dut gero zure gomendio horrekin ere).Atzokoaz, erabat ados —nihil novo sub sole, bestela, kontuak ezagun-ezagunak bainituen—.
Bada, ez gatoz bat: horrexek egiten du mundua handi eta interesgarri. Eta, begira, bat ez etortze hori eskola eguna dut nik!
Atzo aitortu nizuna (barkatu errepikakorra izatea): ene senaren arabera,
-Astelehen goizean, elektrizitate etenaldi handia izan genuen hemen, eta
-Astelehen goizean, elektrizitate etenaldi handi bat izan genuen hemen parekatuz gero, lehena naturalagoa dut, baina ez nauzu Axular —ezta Karlos Iturgaitz ere, egiari zor—.
Bi esaldiek astelehen goizean zer gertatu zen aditzera ematen didate, baina ñabardurak hauexekin:
-Astelehen goizean, elektrizitate etenaldi handia izan genuen hemen (Zer gertatu zen?)
-Astelehen goizean, elektrizitate etenaldi handi bat izan genuen hemen, eta arratsaldean, sei (bi une horietako etenaldien kopuruak kontrajarririk).
Edo:
-Astelehen goizean, elektrizitate etenaldi handi bat izan genuen hemen, eta Baionan, sei / eta sei Baionan (leku bakoitzeko gorabeheren kopuruak kontrajarririk).
Aldiz:
-Astelehen goizean, elektrizitate etenaldi handia izan genuen hemen, eta gauean, aurora boreala / lurrikara (Zer gertatu zen egun hartako une horietan?).
Bestetik, beti ere ene uste apalez,
-Txillardegi donostiar euskaltzale handia izan zen (= Nor zen? / Zer zen? / Zein zen?) eta
-Txillardegi donostiar euskaltzale handi bat izan zen (= Nor zen? / Zer zen? Zein zen?) esaldiak gauza bertsua dira.
Hala ere, bigarrenak Txillardegiren moduko euskaltzale donostiar gehiago badirela ere aditzera ematen du (Sarasola, Saizarbitoria, Anabitarte, Altzaga...).
Aldiz, adjektiboak kenduta, ez ditzaket zaku berean sar:
-Txillardegi euskaltzalea izan zen (= Nor zen? / Zer zen? / Zein zen?: nolanahi ere, testuinguru arruntetan, oso bitxia deritzot) eta
-Txillardegi euskaltzale bat izan zen (= Nor zen? / Zer zen? / Zein zen?: naturalagoa dut nik, zer esanik ez, haren berri ematean, hiztegi bateko definizioan nahiz Txillardegi lehen aldiz entzun duen haur baten jakin-mina ase nahian).
Adjektiborik ez izateak egoera aldatzen du (dit)? Biak parekatzen segituz gero, lehena lehiaketa batean egoki iruditzen zait:
Galdera: Zer izan zen Txillardegi?
Proposatzen diren erantzunak: A) Futbolaria B) Aktorea C) Euskaltzalea D) Apaiza
Erantzuna: Txillardegi euskaltzalea izan zen.
Aldiz, Txillardegi euskaltzale bat izan zen esaldiari hobea deritzat, idatzi bezala, definizioa emateko testuinguruan (halaber, zorionez euskaltzale gehiago ditugulako).
Izan ongi!
---
Treuiller Treuiller (eztabaida) 18:46, 1 maiatza 2025 (CEST)[Erantzun]