FARC eta Santosen gobernuaren arteko bake elkarrizketak

Wikipedia, Entziklopedia askea
2016ko irailaren 26an Cartagenan sinatutako Bake Ituna.

FARC eta Santosen gobernuaren arteko bake elkarrizketak Kolonbiako gatazka amaitzeko 2012an hasitako elkarrizketak dira, Oslon (Norvegia) eta La Habanan (Kuba) burututakoak.

Lau urteko ibilbidearen ostean, emaitza moduan 2016ko irailaren amaieran Cartagena de Indiasen Gobernuak eta FARCek Bake Ituna sinatu zuten. Hala ere, urriaren hasieran antolatutako erreferendumean tarte txikiz irabazi zuten prozesuaren aurkakoek.

Negoziazio agendako bost puntuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bake elkarrizketetan negoziatu zituzten bost puntuak hauexek izan ziren[1]:

  • Nekazaritzaren garapena. Gatazkaren oinarria zen, izan ere, nekazaritza ustiaketak eraginda, lurretatik lau milioi lagun bota zituzten. Ekonomia solidarioa bultzatzea eta gizarte garapenerako neurriak hartzea (osasuna, hezkuntza, etxebizitza, pobrezia etab.) espero zen[1].
  • Parte hartze politikoa. FARCeko gerrillariek politikan parte hartzeko helburua zuen atal honek. Orain arte, Atal hau denek ondo ikusten zuten Alvaro Uribe presidente ohiaren PCD alderdiak izan ezik. Hori gauzatzeko hainbat oztopo daude. Hala ere, «segurtasuna bermatzeko neurriak» aurreikusi ziren Habanan sinatutako itunean berau gauzatzeko[1].
  • Gatazka armatuaren amaiera. Batzuek FARCera mugatu aurren, hauxe azaltzen zen agirian: «Su-etena eta borrokaren gelditzea aldebikoa eta behin betikoa izango da». FARC-EPko kideek armak uztea eta bizitza zibilera itzultzeaz gain, Kolonbiako Gobernuak erakunde kriminalen aurka egingo zuen[1].
  • Drogen negozioa. Narkotrafikoarekin harremana izatea elkarri egotzi zioten FARCek eta gobernuak. Legez kanpoko plantazioak kentzeko eta kalteak izan zituzten eremuak berreskuratzeko eta drogen kontsumoa murrizteko programak abian jarriko zirela azaltzen zuen agiriak[1].
  • Biktimen auzia. Habanako bake prozesuaren gai zailena zen. Biktima ezberdin guztiak haintzat hartu nahi zituzten[1].

Bake elkarrizketak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2012[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Urriaren 17an, negoziazioak egin zirela adierazi ondoren, gobernuaren eta FARCen negoziatzaileek elkarrizketa mahaia nortzuk osatuko zuten erabaki zuten, Oslon[2].

Azaroaren 19an, negoziazioak hasi ziren Habanan. Eztabaidai lehen puntua izan zuten, hau da, lurren jabetzaren inguruko auzia. Zerbait lehenago, FARCek esan zuen hurrengo egunean su-eten bat jarriko zuela indarrean, urtarrilaren 20ra arte. Gobernuari berdina egiteko eskatu zion, baina ez zuen kasurik egin[2].

2013[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Urtarrilaren 20an, FARCen su-etena amaitu zuen[2].

Martxoaren 30ean, Santosek adierazi zuen bere nahia zela urte bukaerarako bake akordioa egotea[2].

Maiatzaren 26an, Gobernuak eta FARCek lehen puntuaren inguruko akordioa egin zuten[2].

Uztailaren 2an, Negoziazioen bigarren puntua, parte hartze politikoa, eztabaidatzen hasi ziren[2].

Uztailaren 6an, ELN Nazioa Askatzeko Armadak negoziazioekin bat egiteko gogoa adierazi zuen[2].

Abuztuaren 22an, bake akordio posible batean erreferendum batean bozkatzeko legea egiteko asmoa adierazi zuen Santosek. FARCek horren inguruan erabakitzeko geldialdi bat eskatu zuen[2].

Urriaren 20an, Santosek adierazi zuen hitzarmen orokorra ez zutela azarorako lortuko[2].

Azaroaren 6an, bigarren puntuaren inguruko hitzarmena egin zuten[2].

Azaroaren 28an, hirugarren puntua, drogen ingurukoa, eztabaidatzen hasi ziren[2].

Abenduaren 15ean, hilabete bateko su-etena agindu zuen FARCek[2].

2014[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Maiatzaren 16an, drogen auziaren inguruko akordioa egin zuten[2].

Ekainaren 7an, laugarren puntua, biktimena, aztertzen hasi ziren[2].

Ekainaren 10ean, Gobernuak eta ELNk esan zuten negoziazio bat hastea pentsatzen ari zirela[2].

Ekainaren 22an, Santosek hauteskundeak irabazi zituen ezkerreko alderdien laguntzarekin, hala ere, bake akordioen aurkako eskuin muturreko hautagaiari alde txikia atera zion[2].

Abuztuaren 6an, erabaki zen FARCeko gerrillariek kargu publikoak hartu ahalko zituztela, baina soilik gizateriaren aurkako krimenik egin ez zutenek. Besteek, deliturik egin ez zutenek edota soilik delitu politikoengatik eta gerra delituengatik zigortuak izan zirenak, horiek izango zuten politikagintzan aritzeko aukera. Horren aurretik, ordea, Kongresuak lege bat adostu behar zuen, gerrillari horiek bete beharreko kartzela zigorra zenbatekoa izango zen zehaztuko zuena. Orduan, gizateriaren aurkako krimenak egozten zitzaizkien FARCeko buruzagi gehienei, ondorioz, Konstituzionalaren erabakiak politikagintzako ateak betirako itxiko zizkien gerrillari buruei. Adituek ohartarazi zuen erabakia oztopo bilaka zitekeela bake elkarrizketetarako[3].

Abuztuaren 13an, FARCek eta Kolonbiako Gobernuak biktimen auziari heldu zioten Habanan. Hauteskundeen osteko lehen bake elkarrizketa saila izan zen. Biktima taldeak ere Habanara bildu ziren bi ordezkaritzekin hitz egiteko. Elkarrizketak oztopatzeko saialdiak salatu zituen FARCek. 50 urte baino gehiago irauten duen gatazkak 220.000 pertsona hil zituen, 25.000 desagerrarazi, eta 5,7 milioi iheslari eta 27.000 bahitu, Memoria Historikoaren Zentroaren datuen arabera[4].

Abuztuaren 22an, su-etena eta gatazka armatuaren amaiera negoziatzeko azpibatzorde bat izendatu zuen Kolonbiako Gobernuak. Armadako ordezkariek osatzen dute nagusiki, eta FARC Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileek izendatutako beste batzorde batekin negoziatu beharko du. Egun horietan, Habanan bilduta zeuden bi aldeak; Historiaren Batzorde bat ere sortu zuten[5].

Abuztuaren 24ean, Juan Manuel Santos Kolonbiako presidenteak Armada kolonbiarrak eta Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileak (FARC) La Habanan egiten ari ziren negoziazioak defendatu zituen, eta "edozein soldadurentzat eta poliziarentzat bakea garaipena" zela nabarmendu zuen[6].

Abuztuaren 26an, Kolonbiako armadako hiru soldadu hil eta beste lau zauritu zituen FARC gerrillak, Venezuelako mugaldean egindako eraso batean. Borroka Arauquita herrian izan zen, petrolioaren ustiapenetik bizi zen departamenduan[7].

Irailaren 25ean, Habanako negoziazioetan lortutako akordioen behin-behineko bertsioa argitaratu zuten Kolonbiako Gobernuak eta FARC Indar Armatu Iraultzaile Kolonbiarrek. Bi urteko elkarrizketa saio «luze eta zailen emaitza» zen; eta, hasieran jakinarazi zutenez, «ezer ez dago adostuta, guztia adostuta egon arte». Zurrumurruak uxatzearren, hiru gairi buruzko akordioen berri eman zuten Bogotak eta FARCek[8].

Urriaren 20an, ELNk zioen "elkarrizketa prozesuen bat egitea bilatzea" adostu zuela FARCekin. Nazioa Askatzeko Armadak jakinarazi zuenez, bi prozesuak batzeak helburu bakarra izango zukeen: bakea[9].

Urriaren 21ean, ELNk azaldu zuenez, gerrillek bilerak egin zituzten, «bi elkarrizketa prozesuen bat egitea lortzeko». Aitortu zuten zaila zela bi prozesuak batzea «garapen eta ikuspuntu desberdinak» zituztelako[10]. Bestalde, Kolonbiako Fiskaltzak ebatzi zuen UP Batasun Patriotikoa alderdiko kide, jarraitzaile eta buruzagien aurkako 34 hilketa gerra krimenak eta gizateriaren aurkako krimenak zirela. Jorge Fernando Perdomo Torres fiskal nagusiak azaldu zuenez, 1986 eta 1996 bitartean talde paramilitarrek, askotan estatuko eragileen laguntzarekin, herritarren aurkako bereizi gabeko erasoak egin zituzten. Fiskaltzak armadako hainbat kide lotu zituen krimenekin. Gizateriaren aurkako krimenak zirenez, 34 kasu horiek ez zuten preskribatuko[11].

Urriaren 22an, Kolonbiako Konstituzio Auzitegiak ontzat jo zuen gobernuaren eta FARC gerrillaren arteko balizko bake akordioak herritarrek erreferendum baten bidez berresteko legebiltzarrak onartu zuen legea. Auzitegiak ebatzi zuen herri galdeketa hori hauteskundeekin batera ere egin zitekeela[12].

Urriaren 25ean, Luis Adan Hidalgo Cartagena Eduardo FARCeko buruzagia eta haren bizkartzainetako bat hil zuen armadak, Poliziarekin batera eginiko operazio batean. Eduardok ELNrekin aliantzak egiteko ardura zuen[13].

Urriaren 30ean, zibilei kalte egin izana aitortu zuen FARCek. Zehaztu zuenez, zibilak sekula ez ziren izan "ez lehen ez bigarren mailako helburu", baina hala ere jardun armatuaren eragina pairatu zutela onartu zuen gerrillak[14].

Urriaren 31ean, FARC gerrillak proposatu zuen Kolonbiako gizarteak erreferendum batean erabakitzea gerrillarien amnistiaren inguruan, behin gobernuarekin bakea sinatzean. Ricardo Tellez Rodrigo Granda gerrillako negoziatzaileak eman zuen proposamenaren berri[15].

Azaroaren 17an, FARCen eta Kolonbiako Gobernuaren arteko bake negoziazioak bertan behera uzteko agindu zuen Santosek. Horren atzean, jeneral bat eta beste bi lagunen bahiketan zegoen. Azaroaren 19an, bi urte beteko ziren bi aldeek Habanako bake elkarrizketak hasi zituztenetik[16]. Egun berean, Ruben Dario Alzate jeneralak bere burua entregatu zuela adierazi zuen FARCek. Bere ustez, Habanan egiten ari ziren bake prozesuari boikota egin nahi zioten[17]. Sortuk bi aldeei eskatu zien tentsioa baretu eta elkarrizketekiko konpromisoari eusteko[18].

Azaroaren 18ko arratsaldean, FARCek elkarrizketen etenari buruzko iritzia eman zuen[19]. Bertan, Alzate jenerala gerrillaren esku zegoela onartu zuen FARCek[20]. FARCek su-etena eskatu zion Santosi. Zioen «bertan behera utzi beharrekoa gerra» zela, «ez negoziazioak». Bestalde, gerrillak Bogotari eskatu zion argitzeko zertan ari zen militarra[21].

Azaroaren 19an, bake elkarrizketek aurrera egiteko nahia adierazi zuen Santosek. Bestalde, 2012an hasitako negoziazioen balorazio "baikorra" egin zuen FARCek. Gerrillaren negoziatzaileek esan zuten Ruben Dario Alzate Kolonbiako armadako jenerala eta bere bi laguntzaileak aske uzteko eztabaida ez zegoela bake elkarrizketetan ari zirenen esku[22]. Kolonbiako presidenteak etenda zituen elkarrizketak, baina espero zuen Alzate jeneralaren kontuagatik sortutako «geldialdia» konpontzea[23].

Azaroaren 20an, jenerala askatzeko baldintzak hitzartu zituzten FARCek eta Kolonbiako Gobernuak. Bera eta bahitutako gainerako lagunak askatu eta gero negoziazioei berriro helduko zietela esan zuen gobernuak[24]. FARCek ez zuen trukean ezer jasoko armadako jenerala askatzeagati, izan ere, elkarrizketekin jarraitzeko «borondatearen adierazpena» zela adierazi zuen. Norvegia eta Kuba aritu ziren bitartekari lanetan[25].

Azaroaren 21ean jakin zenez, Kolonbiako bake prozesua babesteko nazioarteko topaketa bat egongo zen Donostian[26].

Azaroaren 22an jakin zenez, Santosen ustez, FARCek zetorren astean askatuko zuen Alzate jenerala, izan ere, bahituak aske uzteko tokiaren «koordenatuak» jaso zituzten. Berarekin batera bahitutako biak eta azaroaren 9an bahitutako bi soldadu utziko zituzten libre[27].

Azaroaren 25ean, FARCek bahitutako bi soldaduak askatzeko asmoa zuen[28]. Kuba eta Norvegia egon ziren bitartekari moduan, eta Gurutze Gorriak hartu zuen lan logistikoa[29]. Azkenik, bi soldadu askatu zituzten eta horrela, Jorge Rodriguez kaboa eta Gloria Urrego abokatua askatzea bakarrik falta zen[30].

Azaroaren 26an, Santosek esan zuen Alzate jenerala azaroaren 29an askatuko zuela FARCek. Gainera, Ozeano Bareko kostaldeko operazioak bertan behera uzteko ere eskatu zuen, izan ere, horrela FARCen koordenatuei jarraituz jeneralaren askatze prozesua erraztuko zen[31].

Azaroaren 27an jakin zenez, Donostian hiru adituk Kolonbiako gatazkaren egoera eta erronkak aztertuko zituzten. Horretarako Kolonbiako Bake Prozesua Babesteko Nazioarteko Topaketa egingo zuten[32]. Egun berean, FARCek su-etenik gabe 'presoak egiteko eskubidea' zuela adierazi zuen eta “atzerapenik gabe” Europan Kolonbiako bake prozesua babesteko “babes adierazgarriak” egotea espero zuela ere adierazi zuen[33].

Azaroaren 28an, nazioarteko hainbat pertsonek Kolonbiako prozesuari babesa adierazi zioten eta horretarako, 15 ordezkarik adierazpen bat sinatu zuten Donostian[34].

Azaroaren 29an, FARCek baieztatu egin zuen hurrengo egunean jenerala askatuko zuela[35].

Azaroaren 30ean, Juan Manuel Santosen arabera, FARCek aske utzi zuen bahitutako jenerala[36].

Abenduaren 1ean, Kolonbiak Habanara bere ordezkariak bidali zituen FARCekin negoziatzeko. Azken gertakarietaz hitz egingo zuten hasierako bi egunetan[37]. Bestalde, Alzate jenerala Bogotara iritsi zen[38].

Abenduaren 2an, Alzate jeneralak armada utzi zuen eta Kolonbiako Gobernua eta FARC Habanan bildu ziren bertan behera egotetik lehen aldiz[39]. Bake negoziazioetan «eztabaida utzi eta ekintzak egiten hasi» nahi zuen Bogotak[40]. Horrela bi aldeek bukatutzat eman zuten jeneralaren bahiketak piztutako krisia[41].

Abenduaren 10ean jakin zenez, Kolonbiak eta FARCek negoziatzen jarraituko zuten, krisia konpondu ostean[42].

Abenduaren 17an, FARCek alde bakarreko su-etena adierazi zuen[43]. Bake elkarrizketak hasi zirenetik lehen aldia zen su-etena mugagabea zela zehazten zuena eta gbernuak ontzat jo zuen[44]. “Aldebakarreko su-etena gure egiturak indar publikoen erasoen jomuga baldin badira bakarrik amaituko da”, esan zuen gerrillak agiri batean[45]. Hala ere, Santosen Gobernuak ez zuen onartu borroken etena egiaztatzeko FARCek egindako eskaintza[46]. Santosek FARCen su-eten mugagabea ere ez zuen onartu[47].

Abenduaren 19an, martxan hasi zen FARCek iragarritako alde bakarreko su-eten mugagabea. Santos presidenteari eskatu zioten Obamaren eta Kubaren arteko jarrerari jarraitzea kasu honetan eta Kolonbian ‘’armak isilaraztea’’. NBEk esan zuen ezin zuela su-etena egiaztatu[48].

Abenduaren 25ean jakin zenez, FARCek askatu egingo zuen Becerra soldadua, "bakeari beste keinu bat" egiteko eta horretarako martxan jarri zuen protokoloa[49].

Abenduaren 26an, FARCek bahitutako Kolonbiako soldadua askatu zuen[50].

2015[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Urtarrilaren 6an, FARCekin hasitako bake prozesua ondo zihoala esan zuen Kolonbiako Gobernuak, eta urrats gehiago egiteko asmoa zuela adierazi zuen. Urtarrilaren erdian hasiko ziren negoziaketak berriz Habanan[51].

Urtarrilaren 7an, armak uzteko prest agertu zen ELN, Kolonbiako prozesuari laguntzeko. Gerrillak parte hartu egingo zuen gobernuaren elkarrizketetan bere borondatea zein zen ikusteko. Bestalde, Habanako ituna erreferendum bidez onartzeko legea indarrean sartu zen[52].

Urtarrilaren 14an, su-eten mugagabea adosteko negoziazioei ekin zien FARCek eta Bogotak. Gerrillak ondo ikusi zuen gobernuaren jarrera, baina adierazi zuen su-etenak bi aldetakoa behar duela izan[53].

Urtarrilaren 15ean, bi aldetako su-etena hitzartzearen alde agertu zen Kolonbiako Gobernua eta FARCi ondo iruditu zitzaion erabakia. Horregatik, hitz egiteko prest azaldu zen[54].

2016[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2016ko irailaren 26an Santosen gobernuak eta FARCek Bakearen Ituna sinatu zuten Cartagena de Indias hirian, hainbat agintari atzerritarren aurrean.

Urriaren 2an erreferenduma antolatu zuten herritarrek ere gobernua eta gerrillaren arteko bake akordioak ontzat emateko, baina aurreikuspenen aurka ezezkoa garailea atera zen oso tarte txikiarekin, Uribe presidente ohiak bultzatutako jarrera alegia. %38a baino txikiagoa izan zen parte hartzearekin, 6.377.464 herritarrek baiezkoa eman zuten (%49.79a) eta 6.431.372k ezezkoa (%50.21a).

Urriaren 7an, hala ere, Santos presidenteak Bakearen Nobel Saria jaso zuen "bere herrialdeak pairatutako gerra zibilari 50 urte igaro eta gero amaiera ematen tinko ahalegintzeagatik".

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d e f «Negoziazio agendako bost puntuak», Berria, 2013-05-28
  2. a b c d e f g h i j k l m n o p «BI URTEKO PROZESUA», Berria, 2014-11-20
  3. «Gizateriaren aurkako krimenengatik zigortutako FARCeko gerrillariak ezingo dira politikan aritu», Berria, 2014-08-07
  4. Adrian Garcia, «FARCek eta Kolonbiako Gobernuak biktimen auziari heldu diote Habanan», Berria, 2014-08-13
  5. «Su-etenerako batzordea izendatu du Bogotak», Berria, 2014-08-23
  6. «'Edozein soldadu eta poliziarentzat bakea garaipena da', dio Santosek», EiTB, 2014-08-24
  7. «Kolonbiako hiru soldadu hil ditu FARCek Araucan», Berria, 2014-08-27
  8. Samara Velte, «Habanako zirriborroak, argitara», Berria, 2014-09-26
  9. «ELNk dio "elkarrizketa prozesuen bat egitea bilatzea" adostu duela FARCekin», Berria, 2014-10-21
  10. Adrian Garcia, «ELN eta FARC, bide beretik», Berria, 2014-10-22
  11. «UP alderdiko kideen hilketak, gerra krimenak», Berria, 2014-10-22
  12. «Bake akordioak erreferendumean berrestea, aukeran», Berria, 2014-10-23
  13. «FARCeko buruzagi bat hil du armadak Kolonbian», Berria, 2014-10-26
  14. «Zibilei kalte egin izana aitortu du FARCek», Berria, 2014-10-31
  15. «Amnistia, Kolonbiako gizartearen esku», Berria, 2014-11-01
  16. «FARCen eta Kolonbiako Gobernuaren arteko bake negoziazioak bertan behera uzteko agindu du Santosek», Berria, 2014-11-17
  17. «Alzate jeneralak bere burua entregatu zuela iradoki du FARCek»[Betiko hautsitako esteka], EiTB, 2014-11-17
  18. «Sortu: «Alderdien arteko konfiantza beharrezkoa da»», Berria, 2014-11-18
  19. «FARCek elkarrizketen etenari buruzko iritzia emango du arratsaldean»[Betiko hautsitako esteka], EiTB, 2014-11-18
  20. «Alzate jenerala gerrillaren esku dagoela baieztatu du FARCek», Berria, 2014-11-18
  21. Mikel Rodriguez, «FARCek baieztatu du Alzate jenerala «harrapatu» duela, eta menia eskatu dio Santosi», Berria, 2014-11-19
  22. «Bake elkarrizketekin aurrera jarraitzeko nahia azaldu du Santosek», Berria, 2014-11-19
  23. Mikel Rodriguez, «Santos eta FARC prozesuari eustearen alde agertu dira bigarren urteurrenean», Berria, 2014-11-20
  24. «Alzate jenerala aske uzteko baldintzak adostu dituzte FARCek eta Kolonbiako Gobernuak», Berria, 2014-11-20
  25. Samara Velte, «Alzate askatzeko akordioa lortuta, bidea libre du Habanako prozesuak», Berria, 2014-11-21
  26. «Kolonbiako bake prozesua babesteko nazioarteko topaketa egingo dute Donostian», Berria, 2014-11-21
  27. «Santosen arabera, FARCek datorren astean askatuko du Alzate jenerala», Berria, 2014-11-23
  28. «FARCek gaur askatuko ditu bi soldaduak», Berria, 2014-11-25
  29. «FARCek gaur askatuko ditu azaroaren 9an bahitutako soldaduak», Berria, 2014-11-25
  30. «FARCek bahitutako bi soldaduak aske utzi dituzte Kolonbian», EiTB, 2014-11-25
  31. Jon Ordoñez, «Santosek iragarri du Alzate jenerala larunbatean utziko duela aske FARCek», Berria, 2014-11-26
  32. Adrian Garcia, «Bakea edukiz josten», Berria, 2014-11-28
  33. «Su-etenik ezean 'presoak egiteko eskubidea' duela esan du FARCek», EiTB, 2014-11-27
  34. «Nazioarteko hainbat ordezkarik Kolonbiako prozesua babestu dute», EiTB, 2014-11-28
  35. «FARCek baieztatu du gaur askatuko duela Alzate», Berria, 2014-11-30
  36. «FARCek aske utzi du Alzate jenerala, Santosen arabera», Berria, 2014-11-30
  37. «Kolonbiak Habanara bidaliko ditu bere negoziatzaileak gaur FARCekin biltzeko», Berria, 2014-12-01
  38. «Harremanei heltzeko», Berria, 2014-12-02
  39. «Alzate jeneralak armada uztea erabaki du, FARCek askatu ondoren», Berria, 2014-12-02
  40. Xabin Makazaga, «Kolonbiako armada utzi egin du Alzate jeneralak, «ohore militarragatik»», Berria, 2014-12-03
  41. «Kolonbiako Gobernuak eta FARCek elkarrizketari helduko diote berriro», EiTB, 2014-12-03
  42. «Kolonbiak eta FARCek negoziatzen jarraituko dute, krisia gaindituta», EiTB, 2014-12-10
  43. «FARCek alde bakarreko menia iragarri du», Berria, 2014-12-18
  44. «FARCek alde bakarreko su-etena iragarri du», Berria, 2014-12-18
  45. «Aldebakarreko su-eten mugagabea deklaratu du FARCek Kolonbian», EiTB, 2014-12-17
  46. «Kolonbiako Gobernuak oso positiboki baloratu du FARCen erabakia», EiTB, 2014-12-18
  47. «Santosek ez du onartu FARCen tregoa mugagabea», Berria, 2014-12-19
  48. «Indarrean da FARCek iragarritako alde bakarreko su-eten mugagabea», EiTB, 2014-12-20
  49. «FARCek libre utziko du Becerra soldadua, "bakeari beste keinu bat" egiteko», Berria, 2014-12-26
  50. «FARCek iragan astean gatibu hartutako Kolonbiako soldadua askatu du», Berria, 2014-12-27
  51. Samara Velte, «2015erako asmoa: bake ituna», Berria, 2015-01-07
  52. Samara Velte, «Armak uzteko prest legoke ELN, Kolonbiako prozesuaren mesedetan», Berria, 2015-01-08
  53. «Su-eten mugagabea hitzartzeko negoziazioak hasiko dituzte FARCek eta Bogotak», Berria, 2015-01-15
  54. Araitz Muguruza, «Alde biko su-etena adosteko prest agertu da Kolonbiako Gobernua», Berria, 2015-01-16

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]