Falkland uharteetako gudua
| Falkland uharteetako gudua | |
|---|---|
| Data | 1914ko abenduaren 8a |
| Koordenatuak | 52°29′58″S 56°09′59″W / 52.499444444444°S 56.166388888889°W |
Falkland uharteetako gudua Lehen Mundu Gerrako itsas ekintza bat izan zen, Britainia Handiko Royal Navy Armadaren eta Alemaniar Itsas Armada Inperialaren artekoa, 1914ko abenduaren 8an, Hego Atlantikoan gertatu zena. Britainiarrek, azaroaren 1eko Coronelgo guduan porrot egin ondoren, indar handi bat alemaniar gurutzaontzi-eskuadroia arakatu eta suntsitzera bidali zuten. Urtero, abenduaren 8an, gudua Falkland uharteetan jaiegun gisa ospatzen da.
Konde Maximilian von Spee almirantea eskuadroi alemaniarraren burua zen: bi gurutzaontzi blindatu zituen (SMS Scharnhorst eta Gneisenau), SMS Nürnberg, Dresden eta Leipzig gurutzaontzi arinak eta SS Baden, SS Santa Isabel eta SS Seydlitz ikatzontziak. Falkland uharteetako Stanleyko hornidura-base britainiarrari eraso egiten saiatu ziren. HMS Invincible eta HMS Inflexible gudu-gurutzaontziek, HMS Carnarvon, HMS Cornwall eta HMS Kent gurutzaontzi blindatuek, HMS Macedonia merkatari gurutzaontzi armatuak eta HMS Bristol eta HMS Glasgow gurutzaontzi arinek osatutako eskuadroi britainiarra bezperan portura iritsia zen.
Ikuspena gorenean zegoen, itsasoa bare-bare zegoen, itsas ertzeko haize leun batekin, eta eguna argitsua eta eguzkitsua zen. Alemaniako eskuadroiaren abangoardiako gurutzaontziak goiz antzeman zituzten. Goiz hartako bederatzietarako, britainiar batelariak eta gurutzontziak alemaniar itsasontzien atzetik zebiltzan. SMS Dresden eta SMS Seydlitz izan ezik, beste guztien bila ibili, aurkitu eta hondoratu egin zituzten.
Aurrekariak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Britainiar gudu-guruntzaontziek 305 mm-ko zortzi kanoi zeramatzaten, baina Speeren ontzirik onenak (SMS Scharnhorst eta SMS Gneisenau) 210 mm-ko zortzi piezaz hornituta zeuden. Gudu-guruntzontziek 25,5 korapilo egin zitzaketen (47,2 km/h); aldiz, Speerenek 22,5 korapilo (41,7 km/h). Beraz, britainiar gudu-guruntzaontziek aurkariak nabarmen gainditzeaz gain, bai su-indarrean, bai abiaduran. HMS Canopus korazatu zaharkitua Stanleyn lurreratuta geratu zen, zonalderako behin-behineko defentsa bateria gisa jarduteko.
Speeren eskuadroia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Guda hasi zenean, Speek zuzendutako Ekialdeko Asiako eskuadroi alemaniarra Royal Navyk eta Japoniar Itsas armada inperialak gainditzen zuten, bai itsasontzien mailan, bai armetan. Speek eta Goi aginteak ez zuten uste Alemaniar inperioko asiar ondasunak defenda zitezkeenik eta egoera hartan flotak iraun ote zezakeen ere zalantzan jartzen zuten. Speek ontziak Alemaniara eraman nahi zituen, eta Ozeano Barean zehar hego-ekialderantz joanez hasi zen, nahiz eta haien aukerez ezkorra izan.
Speeren flotak Coronelgo gudua irabazi zuen Coroneleko kostaldearen aurrean, Txilen, 1914ko azaroaren 1ean; han, haren ontziek HMS Good Hope (Christopher Cradock almirantearen bandera-ontzia) eta HMS Monmouth gurutzaontziak hondoratu zituzten. Guduaren ondoren, azaroaren 3an, SMS Scharnhorst, SMS Gneisenau eta SMS Nürnberg Valparaísoko portuan sartu ziren eta Alemaniako biztanleek heroi gisa hartu zituzten. Von Speek ez zuen ospakizunetan bat egin nahi izan: lore-sorta bat aurkeztu ziotenean, uko egin zion, "hauek nire hilobian alde goxo-goxo egingo dutela" komentatuz. Nazioarteko zuzenbidearen arabera, herrialde neutraletako ontzi beligeranteei eskatzen zitzaien bezala, ontziak 24 orduren buruan joan egin ziren, Txileko kostaldetik 350 nmi-ra (640 km-ra), Mas Afuerara. Han izan zuten SMS Emden gurutzaontziaren galeraren berri, aurretik eskuadratik aldendu eta Indiako Ozeanoan sarekada egiten aritu zena. Txinako Tsingtaoko alemaniar koloniaren erorketaren berri ere izan zuten, jatorrizko portu izan zutena. Azaroaren 15ean, eskuadroia Txileko kostaldeko Bahía San Quintínera joan zen: bertan, 300 Burdinazko Gurutze, bigarren mailakoak, eskifaiako kideei emateko zeremonia bat egin zen, eta lehen mailako Burdinazko Gurutze bat Spee almiranteari, guduaren berri Gilen II. kaiserrari Berlinera iritsi ondoren.
Speeren ofizialek Alemaniara itzultzea aholkatu zuten. Eskuadroiak bere munizioaren erdia erabilia zuen Coronelen, aurretik Papeeteko bonbardaketan batzuk jaurti ondoren: hornidura ezin zen berritu, eta ikatza lortzea ere zaila zen. Inteligentziako txostenek iradoki zuten HMS Defence, HMS Cornwall eta HMS Carnarvon ontzi britainiarrak River Plate itsasontzian zeudela, eta Stanleyn ez zela gerraontzi britainiarrik egon, berriki lurrunontzi batek bisitatu zuenean. Spee britainiar korazatu HMS Canopusen txostenek kezkatu zuten, baina haren kokapena ezezaguna zen. Azaroaren 26an, eskuadroia Hornos lurmuturrera abiatu zen, eta abenduaren 1ean iritsi ziren hara; gero, Picton uhartean ainguratu zuten, eta hiru egunez ibili ziren bertan, HMS Drummuir ikatzontzi britainiarrari atzitutako ikatza banatzen, eta ehizan. Abenduaren 6an, britainiar itsasontzia hondorarazi zuten eta haren eskifaia SMS Seydlitz laguntzailera eraman zuten. Egun berean, Speek Falkland Uharteei eraso egitea proposatu zuen, bertako haririk gabeko transmisore britainiarra suntsitzeko, Alemaniara abiatu aurretik. Erasoa ez zen beharrezkoa, flotak eraman zezakeen adina ikatz zeukalako une hartan. Speeren kapitain gehienak horren aurka agertu ziren baina, hala ere, aurrera egitea erabaki zuen.
Prestaketa britainiarrak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Urriaren 30ean, Flotako lord Fisher almirante erretiratua Lehen Itsasoko Jaun izendatu zuten berriro, printze Louis Battenbergekoa almirantearen ordez, britainiar itsas armada zuzentzen zuen alemaniar printze baten aurkako iritzi publikoa zela eta, dimisioa eman behar izan baitzuen, nahiz eta Louis britainiarra izan eta Errege Itsas Armadan ibili hamalau urte zituenetik. Azaroaren 3an, Fisherrek Spee Valparaísotik joan zela ikasi zuen, eta Cradock indartzeko lan egin zuen, Hego Amerikako ekialdeko kostaldera patruilatzera bidalitako HMS Defenseri bere eskuadroia indartzeko aginduz. Azaroaren 4an, Coronelgo porrotaren berri iritsi zen. Nabaria izan zen Britainia Handiko itsas prestigioaren kolpea, eta publiko britainiarra nahiko txundituta geratu zen. Horren ondorioz, HMS Invincible eta HMS Inflexible gudu-gurutzaontziek Flota handia utzi eta Plymouthera nabigatzeko agindua jaso zuten, ikusketa egin eta atzerriko zerbitzua prestatzeko. Fisherrek aukera baliatu zuen Almirantegoko Estatu Nagusiko buru Doveton Sturdee almirante ordea Hego Atlantikoko eta Ozeano Bareko komandante buru izendatzeko, HMS Invincible ontzitik eskuadroi berria agintzeko.
Azaroaren 11n, HMS Invinciblek eta HMS Inflexiblek Devonport Haren maiestatearen itsas basetik abiatu zen, nahiz eta HMS Invincible konpontzeko lanak amaitu gabe zeuden eta oraindik ontzian lanean zebiltzan langileekin nabigatu zuen. Egoera larria izanik ere eta 25 korapiloko abiadura azkarrena gorabehera (46 km/h), itsasontziek hamar korapiloko abiaduraz (19 km/h) itsasoratu behar izan zuten, ikatza aurrezteko, Atlantikoan zehar hegoalderantz egindako bidaia luzea egiteko. Bi ontziak hornigaiez ere oso kargatuta zeuden. Misioaren sekretua Spee ustekabean harrapatzeko oso munta handikotzat jo zen arren, HMS Glasgowko Hirst tenienteak bertako jendea entzun zuen azaroaren 17an Cabo Verden lehorreratzen ari ziren ontzien berehalako etorrerari buruz berriketan; hala ere, albistea ez zitzaion Speeri iritsi. Sturdee azaroaren 26an iritsi zen Abrolhos harkaitzetara: Peile Stoddart Archibald almirante ordea zain zuen bertan, eskuadroiaren gainerako ontziekin.
Sturdeek azaroaren 29an Falkland uharteetara abiatzeko asmoa iragarri zuen. Handik, HMS Glasgow eta HMS Bristol gurutzaontzi arin azkarrak Speeren bila patruilatzekoak ziren eta, aurkituz gero, errefortzuak eskatzekoak. John Luce HMS Glasgowko kapitainak —Coronelgo guduan ibilia zen— hainbeste itxaron beharrik ez zegoela adierazi zuen, eta Sturdee konbentzitu zuen egun bat lehenago abiatzeko. Eskuadroia hamabi orduz atzeratu zen bidaian zehar, praktikak egiteko kable bidezko atoi-jomuga bat HMS Invincibleko helizeetako baten inguruan trabatu zenean, baina ontziak abenduaren 7ko goizean iritsi ziren. Bi gurutzaontzi arinak Stanleyko portuko barnealdean amarratu zituzten, eta ontzi handienak, berriz, Port Williamsko kanpoko portu sakonenean geratu ziren. Urpekariek HMS Invincibleko kablearen eragozpena kentzeari ekin zioten; HMS Cornwalleko galdaretako suak itzali zituzten, konponketak egiteko, eta HMS Bristoli bere motorretako bat desmuntatu. SS Great Britain itsasontzi ospetsuak —ikaztegitzat erabilia— HMS Invincible eta HMS Inflexible ikatzez hornitzen zituen. HMS Macedonia gurutzaontzi merkatari armatuak portuan patruilatzeko agindua jaso zuen eta HMS Kentek bere galdaretan lurruna mantendu zuen, biharamunean, abenduaren 8an, HMS Macedonia ordezkatzeko prest; Speeren flota egun bereko goizean iritsi zen.
Alemaniar itsasontzien mugimenduari buruzko informazio iturri esperogabea Muriel Felton andrearena izan zen, Fitzroyko arditegi bateko arduradunaren emaztearena, eta Christina Goss eta Marian Macleod haren neskameena. Bakarrik zeuden Feltonek Port Stanleyren telefono dei bat jaso zuenean, alemaniar itsasontziak uharteetara hurbiltzen zirela jakinaraziz. Neskak txandaka inguruko muino baten tontorreraino joan ziren zaldi gainean, itsasontzien mugimenduei adi, eta Feltonek Port Stanleyra telefonoz deitu zuen. Haren berriei esker, HMS Bristolek eta HMS Macedoniak kokaleku onenak hartu zituzten aurre egiteko. Ondoren, Almirantegoak zilarrezko plakak eman zizkien emakumeei eta Feltonek Britainiar Inperioko Orden bat jaso zuen beren ekintzengatik.[1]
Gudua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Hasierako mugimenduak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Speeren gurutzontziak —SMS Gneisenau eta SMS Nürnberg— lehenik Stanleyra hurbildu ziren. Une hartan, Britainia Handiko flotako gehienak ikatza hartzen ari ziren, baina berehala abiatzeko prest. Batzuen ustez, Speek erasoa premiaz egin izan balu, Sturdeeren ontziak helburu errazak izango ziratekeen, nahiz eta hori aieruzko gaia izan, bi ontzi baporepean baitzeuden zelatan eta HMS Canopus korazatua ere bertan baitzegoen. Alemaniarrak harrituta harrapatu zituen ustekabeko puntu batetik iritsitako tiroek: HMS Canopusenak ziren, goardia-ontzi moduan jarrita baitzegoen, muino baten atzean. Hori nahikoa izan zen alemaniarren aurrerapena egiaztatzeko. Britainiar gudu-gurutzontzietako tripodeko masta bereizgarriak ikusteak alemaniarrei argi eta garbi utzi zien hobeto hornitutako etsai baten aurrean zeudela. HMS Kent portutik ateratzeko bidea egiten ari zen ordurako, eta Speeren ontziei jazartzeko agindua zuen.
Alemaniar ontziez jabeturik, Sturdeek gosaltzeko agindua emana zien eskifaiei, jakinik HMS Canopusek denbora lortu ziela lurruna altxatzen ari zen bitartean.
Speeri, eskifaia gudez nekaturik eta itsasontziak armetan garaiturik, emaitza saihestezina iruditu zitzaion. Arriskuaz beranduegi konturatuta, eta ainguratuta zeuden bitartean britainiar itsasontziei eraso egiteko edozein aukera galduta, Spee eta bere eskuadroia itsaso zabalera abiatu ziren. Britainiarrak 10:00ak aldera irten ziren portutik. Spee aurretik zihoan, 15 mi-ko tarteaz (13 nmi; 24 km), alemaniar itsasontziak elkarren ondoko lerroan hego-ekialderantz zihoazela, baina egun-argi ugari geratzen zitzaien gudu-gurutzontzi azkarragoei haiek harrapatzeko.
Kontaktua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
13:00etan, gudu-gurutzaontzi britainiarrek tiro egin zuten, baina ordu erdi behar izan zuten SMS Leipzigen irismena lortzeko. Ohartuki britainiar ontziak ezin zituela garaitu, Speek bere gurutzaontzi blindatuekin bakarrik jardutea erabaki zuen, gurutzontzi arinei ihes egiteko aukera emateko. Borrokara itzuli zen 13:20 pasatxo zirenean. Gurutzaontzi blindatu alemaniarrek ipar-mendebaldeko haize freskoaren abantaila zuten eta, horren ondorioz, ontzi britainiarren inbutu-keak beren helburua ilundu zuen ia ekintza osoan. SMS Gneisenauko bigarren agintari Hans Pochhammerrek adierazi zuen alemaniarrentzat arnasaldi luzea izan zela guduaren lehen uneetan, britainiarrak arrakastarik gabe saiatu baitziren Spee almirantea bere posizio abantailatsutik urruntzen.
Hasiera batean, SMS Scharnhorstek eta SMS Gneisenauk HMS Invincible jotzean arrakasta izan arren, britainiar ontzi nagusiek kalte gutxi jasan zituzten. Speek, orduan, ihesari eman zion, baina gudu-gurutzaontziak 40 minutu geroago iritsi ziren muturreko tiro eremura iritsi ziren.
HMS Invinciblek eta HMS Inflexiblek SMS Scharnhorsti eta SMS Gneisenauri eraso egin zieten; Sturdeek, berriz, bere gurutzaontziak askatu zituen SMS Leipzigi eta SMS Nürnbergi jazartzeko.
HMS Invincible eta HMS Inflexible su bandoetara jo zuten gurutzaontzi blindatuetan eta Speek tartea itxi nahian erantzun zuen. Haren SMS Scharnhorst bandera-ontziak kalte handiak hartu zituen, inbutu zapalduekin, suteekin eta. Arazoek okerrera egin zuten 16:04an, eta 16:17rako hondoratu zen, von Spee eta tripulazio osoa berarekin eramanez. Von Speeren azken seinalea SMS Gneisenau izan zen bere burua salbatzen saiatzeko. SMS Gneisenauk 17:15ak arte sutan eta ihesean segitu zuen, ordurako munizioa agortuta baitzeukan, eta 18:02an hondoratu zen. Bere azken-azken uneetan, Sturdee almiranteak SMS Gneisenauri eraso egiten segitu zuen bere bi gudu-gurutzaontziekin eta HMS Carnarvon gurutzaontziarekin, ihes egiten ari zen SMS Dresden ehizatzeko gudu-gurutzaontzietako bat uxatu beharrean. SMS Gneisenauko eskifaiako ehun eta laurogeita hamar pertsona uretatik erreskatatu zituzten. Bi britainiar gudu-gurutzaontziek 40 kolpe inguru jaso zituzten alemaniar itsasontzietatik: eskifaiako bat hil zen eta lau, zauritu.
Bitartean, SMS Nürnberg eta SMS Leipzig britainiar gurutzaontzietatik ihes eginda zeuden. SMS Nürnberg ziztu bizian zihoan, baina mantentze-lanak behar zituen; HMS Kent jazarpeneko tripulazioak, berriz, muturreraino eramaten zituen galdarak eta motorrak. SMS Nürnberg bataila bila abiatu zen azkenean, 17:30ean. HMS Kentek abantaila zuen jaurtigaien pisuan eta blindajean. SMS Nürnbergek bi leherketa izan zituen galdaran 18:30 inguruan: horrek HMS Kenti abantaila eman zion abiaduran eta mugimenduan. Alemaniar ontzia irauli egin zen orduan, eta 19:27an hondoratu, jazarpen luze baten ondoren. HMS Glasgow eta HMS Cornwall gurutzaontziek SMS Leipzigi jazarri zioten; HMS Glasgow itxi egin zen, SMS Leipzig bukatzeko —muniziorik gabe geratu zen, baina oraindik bere gudu-bandera hegan egiten ari zen—. 18:36an, tiro egiteari utzita, SMS Leipzigek bi bengala jaurti zituen. Arduradun Haun komandanteak itsasontzia abandonatzeko eta balbulak irekitzeko agindu zuen. Bizirik iraun zuten marinelak, orduan, hautsitako kubiertan lerrokatu ziren, 380 gizoneko tripulaziotik 150 eskas. HMS Glasgow eta HMS Cornwall hurbildu ziren, SMS Leipzigeko errendizio bandera ikusteko itxaropenaz, baina alemaniar bandera ikusirik, tiro egiten segitu eta brankako kubiertan lerrokatuta zeuden marinelak hil zituzten, itsasontzia hondoratzen segitzen zuen bitartean. 18:57an, alemaniar bandera jaitsi zuten: orduan, HMS Kentek bi kanoa itsasoratu eta hemezorti gizon bakarrik erreskatatu zituzten. 19:27an, SMS Leipzig hondoratzen hasi zen, bizirik iraun zuen azkena erreskatatutakoan, gainerako alemaniar itsasontzietatik 35 milia hego-ekialdera zegoela, Falklandetatik 70 nmi-ra (130 km) hego-ekialdera 21:23an.
Gudu nagusietan zehar, Sturdeek HMS Bristoleko kapitain Fanshawe bidali zuen, HMS Macedoniarekin batera, ikatzontziak suntsitzeko. SMS Badeni eta SMS Santa Isabeli jazarri, gelditu eta, eskifaiak irtenarazitakoan, hondoratu zituzten 19:00etan. SMS Seydlitzek beste bide bat hartuta ihes egin zuen.
Ondorioak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Biktimak eta kalteak izugarri neurrigabeak izan ziren; britainiarrek oso txikiak soilik jasan zituzten. Hildako alemaniarren artean, Spee almirantea eta haren bi semeak zeuden, SMS Nürnbergeko Otto von Spee eta SMS Gneisenauko Heinrich von Spee; domina bat eman zen Alemanian Speetarren heriotzak oroituz. SMS Scharnhorst marinel guztiekin galdu zen. Berrehun eta hamabost alemaniar preso bihurtu ziren britainiar ontzietan. Bizirik irten ziren gehienak SMS Gneisenaukoak izan ziren, bederatzi SMS Nürnbergekoak eta hemezortzi SMS Leipzigekoak. SMS Gneisenauko ofizialetako bat, bizirik zegoena, hiru kanoitan bizirik iraun zuen bakarra izan zen, jipoitutako gurutzontzian. Britainiar komandantearen (Stoddart) lehen lehengusua zela esanez atera zuten uretatik.
Alemaniak zortzi itsasontziz osatutako talde hartatik bik ihes egin zuten: SMS Seydlitz laguntzaileak eta SMS Dresden gurutzaontzi arinak. Horrek beste hiru hilabete eman zituen aske, britainiar eskuadroi batek (HMS Kent, HMS Glasgow eta HMS Orama) Juan Fernández uharteen aurrean inguratu aurretik, 1915eko martxoaren 14an. Borroka labur baten ondoren, SMS Dresdengo kapitainak eskifaia ontzia irtenarazi zuen eta itsasontzia hondoratu egin zuen, munizio biltegi nagusia leherraraziz.
Guduaren ondorioz, Ekialdeko Asiako eskuadroiak, Alemaniako itsasoz haraindiko formazio iraunkor bakarrak, betiko bukatu zen. Kaiserliche Marine armadako gerraontziek itsaso zabalean egiten zituzten merkataritzaren aurkako erasoak amaitu ziren. Hala ere, gerra amaitu arte, Alemaniak hainbat merkataritza-ontzi armatu zerbitzuan jarri zituen, merkataritzaren aurkako erasotzaile gisa (adibidez, ikus Felix von Luckner).
Britainiar inteligentzia zerbitzua guduan
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Guduaren ondoren, Alemaniako itsas adituak txundituta geratu ziren, Von Spee almiranteak baseari zergatik eraso egin zion eta bi eskuadroiak hainbeste mila miliako ur irekietan hain ustekabean nola elkartu ziren ikusita. Kaiser Gillen II.ak guduaren txosten ofizialari buruz eskuz idatzitako oharrak honela dio: "Misterioa da oraindik zerk behartu zuen Spee Falkland uharteei eraso egitera. Ikus 'Mahanen itsas estrategia'."
Orokorrean, uste zen alemaniar Almirantegoak Spee engainatu zuela Falkland uharteei eraso egin ziezaion, Royal Navyko erregaidun basea, Valparaísoko haririk gabeko alemaniar estaziotik informazioa jaso ondoren, portua Royal Navyko gerraontzirik gabe zegoela informatu zuena. Bere itsasontzietako hiru kapitainek aurka egin arren, Speek eraso egiteari ekin zion.
Hala ere, 1925ean, Franz von Rintelen-ek, Alemaniako itsas ofiziala eta Kriegsmarineko senior espioia, William Reginald Hall almirantea elkarrizketatu zuen, Admiralty's Naval Intelligence Division (NID, "Almirantegoaren Itsas inteligentzia saila") taldeko zuzendaria: hark jakinarazi zion Speeren eskuadroia britainiar gudu-gurutzontzietarantz bideratua izan zela, kriptografo britainiarrek hautsitako itsas kode alemaniar batean bidalitako seinale faltsu baten bidez, eta alemaniar itxurako telegrafo faltsu baten bidez bidalia. Era berean, 1915eko martxoaren 14an, SMS Dresden atzeman zuten britainiar ontziek Más a Tierrako guduan, NID kode-hausleek identifikatutako kokapen batean itsasoan ikatza hartzen ari zela
SMS Scharnhorsten hondakinak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]SMS Scharnhorsten hondakinak 2019ko abenduaren 4an aurkitu ziren, Stanleytik 98 itsas milia (181 km) hego-ekialdera, 1.610 metroko sakoneran.[2]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Oharrak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ United Empire. 14, 687 or..
- ↑ «German WWI wreck Scharnhorst discovered off Falklands» BBC News 5 December 2019.
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Bennet, Geoffrey (1962). Coronel and the Falklands. Londres: B. T. Batsford Ltd.
- Halpern, Paul (1994). A Naval History of World War I. Ameriketako Estatu Batuak: United States Naval Institute. ISBN 1-85728-295-7.
- Irving, John (1927). Coronel and the Falklands. Londres: A. M. Philpot, Ltd.
- Jaques, Tony (2007). Dictionary of Battles and Sieges: A Guide to 8,500 Battles from Antiquity through the Twenty-first Century. Greenwood Publishing Group. ISBN 9780313335389.
- Lago, José Ignacio Scharnhorst y Gneisenau. Los más eficaces y letales acorazados de la Kriegsmarine. Almena ediciones. Madril 2020. ISBN 978-84-122066-6-1
- Lascano, Diego M. Graf von Spee De China a Malvinas ["Graf von Spee Txinatik Falklandetaraino", gaztelaniaz]. Txile. Ediciones Pictoria Ltda (2002ko maiatza). ISBN 956-8184-00-7
- McNally, Michael (2012). Coronel and Falklands 1914; Duel in the South Atlantic. Osprey Campaign Series #248. Osprey Publishing. ISBN 9781849086745.
- Massie, Robert K. (2004). Castles of Steel: Britain, Germany, and the Winning of the Great War at Sea. Londres: Jonathan Cape. ISBN 0.224-04092-8
- Scott, R Neil (2012). Many Were Held by the Sea: The Tragic Sinking of HMS Otranto. Rowman & Littlefield. ISBN 9781442213425
- von Ritelen, Franz (1933). The Dark Invader. Londres: The Bodley Head/Penguin Books.
Ikus, halaber
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpoko loturak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Batailaren deskribapena JD Allen RN (HMS Kent) kapitainaren egunkaritik
- Falkland uharteetako gudua
- Coronel eta Falklandetako guduak – Begirada Piktorikoa
- Fairport belaontzia eta haren agerpena guduan zehar
- Falkland Islands, Battle of. Collier's New Encyclopedia. 1921.
- Lehen Mundu Gerrako alemaniar SMS Scharnhorst korazatuaren aurkikuntza Malvinetako uretan