Edukira joan

Fanny Beznos

Wikipedia, Entziklopedia askea
Fanny Beznos

Bizitza
JaiotzaVadul-Rașcov (en) Itzuli eta Bessarabia Governorate (en) Itzuli1907ko urtarrilaren 10a
Herrialdea Belgika
HeriotzaAuschwitz1942ko urriaren 24a (35 urte)
Familia
Ezkontidea(k)Fernand Jacquemotte
Jarduerak
Jarduerakpoeta eta idazlea

Fanny Beznos (1907ko urtarrilaren 10ean - Auschwitz, 1942ko urriaren 24ean) poeta moldaviarra, ekintzaile komunista eta Erresistentziako borrokalaria izan zen. Auschwitzeko kontzentrazio-esparruan hil zen.[1]

Haurtzaroa eta lehen gaztaroa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Beznos Besarabiako familia judu batean jaio zen 1907ko urtarrilaren 10ean. Lau anai-arrebetatik bigarrena zen. Hersch Beznos eta Sarah Grenitz gurasoek Errusiatik ihes egitea erabaki zuten 1912an, gero eta antisemitismo handiagoa zutela ikusita. El Havre bidez Estatu Batuetara iristen saiatu ziren, baina azkenean Frantzian geratzea erabaki zuten, han familia baitzuten. 1913an, Parisera joan ziren. Bizimodua ateratzeko, Hersch Beznos bigarren eskuko altzariak saltzen aritu zen. 1914an laugarren alaba jaio zen Parisen, Blanche. 1921ean, Fannyk ikasketak utzi eta mekanografo gisa hasi zen lanean. Beteranoen Elkarte Errepublikarrean aktiboki parte hartu zuen eta Guardia Antifaxista Gazteen baitan borrokatu zen. 1927an, Frantziako Alderdi Komunistarekin bat egin zuen eta Suffragettesen lerroetan kanpaina ere egin zuen. Urte hartan bertan, André Breton ezagutu zuen kasualitatez Saint-Ouen-sur-Seine-ko azoka txikian.[2][3] Berehala konektatu zuten eta surrealismoaren munduan sartzen hasi zen. Haren bi poema Révolution surréaliste aldizkarian argitaratu zituzten.[3] Bretonek Nadja eleberrian eta Simone Khani idatzitako bi gutunetan aipatu zuen.[2][4]

Alderdi Komunistarekin bat egin eta Guardia Gaztearen idazkari bihurtu zenean, edozein jarduera profesional alternatibori uko egin zion eta bere lan poetiko surrealistaren eskuizkribu guztiak suntsitu eta bere liburuak sakabanatu zituen, oso zelatatua baitzegoen.[2] Manifestazio feminista baten ostean, atxilotu egin zuten. Frantziako polizia batek galdekaturik, honek esan zion feminismoak ez zuela inoiz arrakasta izango baieztapen lizunaz lagunduz, zeinak zaplaztekoa eman baitzion. Ondorioz, atxilotu egin zuten, 1928ko abuztuaren 4an, eta Belgikara kanporatu. Gero Luxenburgora alde egin eta Zénon Bernard Luxenburgoko Alderdi Komunistaren sortzaileak hartu zuen. Bost hilabeteko haurdun zegoela, Luxenburgotik alde egitea erabaki zuen. Charles eta Emma Jacquemotteren etxean babestu zen eta jaio eta egun gutxitara hil zen seme batez erditu zen. 1929ko irailaren 30ean, harrera-familia horretako Fernand Jacquemott semearekin ezkondu zen. Berau Belgikako Alderdi Komunistaren sortzaile Joseph Jacquemotteren iloba zen. Le Drapeau rouge-ren editore izan zen Fanny orduan eta ezkontzari esker lortu zuen Belgikako nazionalitatea eskuratzea.[1]

Bigarren Mundu Gerra

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1940ko martxoaren 22an, Belgikan bosgarren zutabe bat agertuko ote zen beldurrez eta inteligentzia-zerbitzuek beren lurraldea inbadituko ote zuten hipotesia babestearren, Belgikako Gobernuak nazio-erakundeen defentsari buruzko lege bat aldarrikatu zuen.[5] Estatuaren segurtasunaren kontra egin zezaketen militanteak administrazio-atxiloketarako prozedura ezarri zen. 1940ko martxoaren amaieran etsaiari laguntzeko susmagarrien zerrendak egin ziren. Setio egoera deklaratu bezain pronto eman zuen ministroak atxilotze agindua. Zerrendak heterogeneoak ziren, Flandriako Batasun Nazionaleko aktibistak, komunistak, neutralak eta benetako agente alemaniarrak baitzeuden.

Fanny eta Fernand buruzagi komunistekin atxilotu zituzten 1940ko maiatzaren 10ean eta Foresteko espetxean sartu zituzten. Hilabete bereko 15ean, Etterbeek geltokira eraman zituzten, konboi bati ekiteko. Fanny Beznos Pirinioetara deportatu zuten gero, Gurs-eko emakumeen zelaira, Oloron-Sainte-Marie ingurura. Bernard, gainerako gizonekin batera, Vernet eta Saint-Cyprien-go zelaietara zuzendua izan zen. Maiatzaren 22aren bueltan iritsi ziren hara. Ekintza arriskutsu bati esker, lortu zuten Fanny eta Fernand berriro aske uztea, Gurutze Gorriari ezkontzarako ibiltzeko baimenak eskatu baizizkioten biontzat eta baita beste bost presorentzat. Fanny bere kabuz itzuli zen Parisera eta handik Fonteynek eta Depelsenairek jaso zuten 1940ko uztailaren 20an, Bruselara itzuliz.[1]

1940ko urriaren 28an, juduei buruzko alemaniar agindu batek eskatzen zuen juduek izena eman zezatela udalerriek eramaten zituzten juduen erregistroetan, beranduenez 1940ko azaroaren 15ean. Fannyk azkenean amore eman eta 1940ko abenduaren 21ean bete zuen agindua. 1941eko ekainaren 22an erori zen germaniar-sobietar ituna. Berehalako efektua judu-boltxebismoaren aurkako errepresio olatu itzela izan zen. Fernand atxilotu egin zuten eta Fanny klandestinitatera pasa zen, nahiz eta 1941eko urriaren 10ean Schaerbeeken atxilotu zuten. Saint Gilles-eko espetxean egon zen preso, eta bertan Kalfak-en papera hartu zuen, hau da, eguneko hiru otorduak banatzeaz arduratzen zen eta atxilotutako bere kideei laugarren bisita bat egiten zien Kübel-ak (komuneko kuboak) jasotzeko. Horri esker mezuak bidali ahal izan zituen. Torturatua ere izan zen.[1]

1942ko uztailaren 10ean Akisgraneko espetxera eraman zuten. Abuztuaren 1ean josketa-tailerrari esleitu zioten, eta han saboteatu zuen ekoizpena. Harrapatu eta zigortu egin zuten. Data ezezagunean Auschwitzera eraman zuten eta bertan hil zen 1942ko urriaren 24an. Erregistroen arabera, gripeak eragin zuen heriotza.[1]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b c d e «Harmathèque - service de prêt numérique - ebook, audio, vidéo» www.harmatheque.com (kontsulta data: 2025-08-31).
  2. a b c (Gaztelaniaz) Vargas, Rafael. «Tres cartas de André Breton» cultura.nexos.com.mx (kontsulta data: 2025-08-31).
  3. a b «Mujeres y surrealismo: los casos de Claude Cahun y Gisèle Prassinos» El Golem, revista literaria 2020-03-22.
  4. https://proletarios.org/books/Corrales-Caleidoscopio_surrealista.pdf
  5. (Ingelesez) «Dictionnaire de la Seconde Guerre mondiale en Belgique | WorldCat.org» search.worldcat.org (kontsulta data: 2025-08-31).