Farley Mowat

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Farley Mowat
Farley Mowat.jpg
Bizitza
Jaiotza Belleville1921eko maiatzaren  12a
Herrialdea  Kanada
Heriotza Port Hope Itzuli2014ko maiatzaren  6a (92 urte)
Hobiratze lekua Port Hope Itzuli
Familia
Ezkontidea(k) Claire Mowat Itzuli
Hezkuntza
Heziketa Torontoko Unibertsitatea
Hizkuntzak ingelesa
Jarduerak
Jarduerak idazlea
Lan nabarmenak Never Cry Wolf Itzuli
People of the Deer Itzuli
Lost in the Barrens Itzuli
Curse of the Viking Grave Itzuli
Jasotako sariak
Gradua kapitain
IMDb nm0610246

Farley McGill Mowat (1921eko maiatzaren 12a - 2014ko maiatzaren 6a) idazle eta ekologista kanadarra izan zen. Haren lanak itzuli ziren 52 hizkuntza baino gehiagotara, 17 milioi liburu baino gehiago salduta. Ospea lortu zuen Kanadako iparraz idatzitako liburuekin, hala nola People of the Deer / Orein-jendea (1952) eta Never Cry Wolf / Otsoaz alarma faltsua (1963).[1] Azken horrek kontatzen du berak Artikoan otso artean bizi izandako esperientzia, eta 1983an film bat egiteko oinarria izan zen, izen berekoa. 1970ean Haur Literaturako Vicky Metcalf saria eman zioten.[2]

Ekologiaren alde egindako lanak laudorioak ekarri zizkion Mowati-i, baina aitortu zuenean, bere zenbait libururen alegazioak faltsutzat jo zirelarik, berak “sekula ez zuela uzten egitateak egia oztopatzea”, orduan kritika gogorrak jaso zituen.[3] Mowat Kanadako Partidu Berdearen jarraitzaile sutsua zen. Halaber, ohorezko zuzendaria izan zen Ipar Amerikako Jatorrizko Landareen Elkartekoa. Zenbaitek deskribatu zuten “bizi guztiko sozialista”tzat.[4]

Mowatek eta haren bigarren emaztea Clairek igaro zituzten azken urteak Port Hope herrian, Ontarion, eta udak Cape Breton uharteko etxalde batean. Hilean behin-edo eliza anglikano batera joaten ziren Port Hopen. Clairek zioenez, Mowat espiritualagoa zen jainkozalea baino; Mowatek, berriz, adierazi zuen beraren txakurrak bezainbat sinesten zuela berak Jainkoagan; zeremonia haiek, beste barik, balio zutela jendea elkarrekin lotzeko.

Mowat hil zen 2014ko maiatzaren 6an, 93 urte betetzeko astebete faltan. Bi urte lehenago, Douglas & McIntyre argitaletxeak iragarri zuen Farley Mowat Bilduma sortu zuela, eta berriro argitaratuko zituela idazlearen lanik ezagunenak.

Itsasontzi bat dago, Sea Shepherd Conservation Society / Itsasoko artzaina zaintza-elkartearena, “Farley Mowat” izena duena idazle eta ekologistaren omenez.

Lehen urteak eta heziketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mowat 1921eko maiatzaren 12an jaio zen Belleville herrian, Ontarion. Hazi, berriz, Richmond Hill-en egin zen, Ontarion. Haren osaba urrun bat, Sir Oliver Mowat, Ontarioko lehen ministroa izan zen. Aita, bestalde, Angus Mowat, liburuzaina zen, eta Lehen Mundu Gerran Vimy Ridge-n borrokatu zen, Frantzian. Ama, berriz, Helen Lilian Thomson izan zuen. Mowat hasi zen idazten “poesia batez ere”, beraren familia Windsor hirian bizi zela, 1930 eta 1933 artean.

1930eko hamarraldian Mowat familia Saskatoon hirira aldatu zen, Saskatchewan probintzian, eta bertan, nerabea zela, zutabe bat hasi zen idazten txorien inguruan Saskatoon Star-Phoenix egunkarian. Horrezaz gain, garai hartan Nature Lore / Naturaren ohiturak izeneko berripapera idatzi zuen.[5] Zoologia ikasketak hasi zituen Torontoko Unibertsitatean, baina ez zen graduatu. 1939ko udan espedizio bat antolatu zuen Saskatoon-en Frank Banfield ikaskidearekin batera, hau ugaztunen inguruko datuak jasotzeko, eta Mowat hegaztien ingurukoak. Sortutako bildumak Ontarioko Erret Museoari saldu zizkioten, espedizioa finantzatzeko. Mowatek argitaratu zituen landako oharrak Bigarren Mundu Gerratik bueltan.

Gerra garaia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bigarren Mundu Gerran Mowat Kanadako Armadarekin egin zuen borroka. 1943an aliatuekin hartu zuen parte Siziliako inbasioan. Gudu-estresa nozitu zuen, Eguberri egunez Ortona inguruetan, ikusita zelan lagun bat besoetan hil zitzaion, buruan tiro bat zuela. Ondoren inteligentziako ofizial gisa egin zuen lan batailoiko egoitzan, kapitain egin zuten arte.

1945aren hastapenetan Mowat Europako Ipar-mendebalera eraman zuten, eta bertan inteligentziako ofizial moduan egin zuen lan Herbeheretan, eta etsaien lerroak zeharkatu zituen, planeatzeko zelan eta non jaurti jakiak Manna operazioan, zeinak herbeheretar askoren bizitzak salbatu baitzituen.

Halaber, Mowatek parte hartu zuen Kanadako Armadaren Museo-bildumen lehen taldean, My Father’s Son (Nire aitaren semea) liburuan aitortu zuen legez, eta lagundu zuen Kanadara garraiatzen zenbait tona ekipamendu militar aleman, tartean zenbait V2 kohete eta ibilgailu blindatu, gaur egun Kanadaren Gerra Museoan ikus daitezkeenak, Ottawan.

Mowat 1945ean lizentziatu zen, Bigarren Mundu Gerra amaitutakoan, kapitain graduarekin. Ez zuen komandanterako promoziorik onartu, horrek luzatu egingo zuelako soldadutza. Sei bat izar jaso zituen gerran egindako zerbitzuengatik.

Literaturagilea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bigarren Mundu Gerra amaituta, Mowat hasi zen ikasten Torontoko Unibertsitatean. Haren lehen liburua, People of the Deer (Orein-jendea), oinarrituta zegoen Kanadako Artikora egindako bidaia batean. Mowat “eskandalizatuta” zegoen, ikusita Inuit jendeak zelako bizimodu eskasa nozitzen zuen. Liburuak bihurtu zuen Mowat popular eta eztabaidatu aldi berean.

Hurrengo liburua, The Regiment (Erregimentua), McClelland & Stewart argitaletxeak kaleratu zuen 1955ean. Jack McClelland oso inplikatuta zegoen idazle kanadarren promozioan, eta Mowaten lagun handia eta argitaratzailea egin zen. 1956an Lost in the Barrens (Ipar idorrean galduak) idatzi zuen, haur liburu bat, eta harekin Kanadako Gobernadoren Nagusiaren saria irabazi zuen.

1963an Never Cry Wolf (Otsoaz alarma faltsua) kaleratu zuen, Kanadako Artikoan bertako otsoen artean bizi izandako esperientziaren kontakizun seguruenik fikzionatua, zeinak, zenbaiten iritziz, aldatu baitzituen jendearen jarrerak animaliekiko.

1985ean Mowat saiatu zen AEBetan jira bat egiten, Sea of Slaughter (Sarraski-itsasoa) liburua promozionatzeko. Ez zuten sartzen utzi, lege bat aitzakia hartuz, Mowat “komunista zalea” zela argudiatuta. Erabaki horren atzean berak armen aldeko lobbya ikusi zuen. Legea 1990ean aldatu zen, eta Mowatek beraren esperientziaz idatzi zuen My Discovery of America liburuan (Nire Amerikaren deskubrimendua).

Mowat izugarri interesatu zen Dian Fossey estatubatuarraren lanaz, gorilak aztertu eta 1985ean Ruandan hilgo zuten etologoa. Bi urte geroago haren biografia argitaratu zuen Kanadan: Virunga: The Passion of Dian Fossey (Virunga: Dian Fossey-ren pasioa). AEBetan, ostera, beste izenburu batekin kaleratu zen: Woman in the Mists: The Story of Dian Fossey and the Mountain Gorillas of Africa (Emakumea laino artean: Dian Fosseyren eta Afrikako mendiko gorilen historia), aipamena eginez Fosseyren liburuari, Gorillas in the Mist (Gorilak laino artean), 1983an argitaratua.

Mowaten liburu asko autobiografikoak dira, hala nola Owls in the Family (Hontzak familian), 1962an idatzia, bere haurtzaroaz; The Boat Who Wouldn’t Float (Flotatuko ez zuen ontzia), 1969koa, non kontatzen duen bere bizitza Ternuan; eta And No Birds Sang (Eta txoriek kanturik ez), 1979koa, Bigarren Mundu Gerran Italian bizi izandakoaz.

1965ean argitaratu zuen Westviking (Mendebaleko bikingoak), eta 30 urte geroago The Farfarers (Urrutikoak), non iradokitzen baita Alban izeneko jendea aurreratu zitzaiela ipartarrei Labradorko eta Ternuako kostaldean.

Kritikak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Urteen joanean, Farley Mowatek kritika dezente jaso ditu, egiatzat jotzen zituen datu asko asmatuak direlakoan. L. David Mech otsoetan adituak adierazi zuen inolako zientzialarik ez duela aurkitu otso-talderik bizirik irauteko gai dena ehizaki txikiak harrapatuta, Mowatek bere liburuan esan bezala. Haren hitzetan, “…Mowat ez da zientzialaria, eta haren liburua, egiatzat aurkeztua izan arren, fikzioa da”.

The New York Times Book Review gehigarriak erdeinuzko kritika bat kaleratu zuen People of the Deer liburuaz. Hala ere, publikoak, oro har, oso ondo hartu zuen liburua.

Duncan Pryde-k bestalde, berau Hudson's Bay konpainiako merkataria eta aitzindaria Inuiten hizkuntzen ikasketan, zalantzan jarri zuen Mowaten esana, alegia, bi hilabetean ikasi zituela haien hizkuntzaren oinarrizko kontzeptuak, eta horri esker eztabaidatu zituela inuitekin xamanismoa bezalako kontzeptu konplexuak. Pryden iritziz, europarrok urtebete behar izaten dugu, gutxienez, oinarrizko baliabideak eskuratzeko. Haren esanetan, 1958an Mowat agertu zenean Baker lakuan, apenak zekizkien hitz batzuk inuiteraz.

Lanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • People of the Deer (1952)
  • The Regiment (1955)
  • Lost in the Barrens (1956)
  • The Dog Who Wouldn't Be (1957)
  • Coppermine Journey: An Account of a Great Adventure (1958)
  • Grey Seas Under: The Perilous Rescure Missions of a North Atlantic Salvage Tug (1959)
  • The Desperate People (1959)
  • Ordeal by Ice (1960)
  • Owls in the Family (1961)
  • The Serpent's Coil: An Incredible Story of Hurricane-Battered ships the Heroic Men Who Fought to Save Them (1961)
  • The Black Joke (1962)
  • Never Cry Wolf (1963)
  • West Viking (1965)
  • The Curse of the Viking Grave (1966)
  • Canada North (1967)
  • The Polar Passion (1967)
  • This Rock Within the Sea: A Heritage Lost (1968)
  • The Boat Who Wouldn't Float (1969)
  • Sibir: My Discovery of Siberia (1970)
  • World of Farley Mowat (1970)
  • A Whale for the Killing (1972)
  • Tundra: Selections from the Great Accounts of Arctic Land Voyages (1973)
  • Wake of the Great Sealers (1973)
  • The Snow Walker (1975)
  • Canada North Now: The Great Betrayal (1976)
  • And No Birds Sang (1979)
  • Sea of Slaughter (1984)
  • My Discovery of America (1985)
  • Virunga: The Passion of Dian Fossey (1987)
  • Woman in the Mists: The Story of Dian Fossey (1987)
  • The New Founde Land (1989)
  • My Father's Son (1993)
  • Born Naked (1994)
  • Aftermath: Travels in a Post-War World (1995)
  • Rescue the Earth!: Conversations with the Green Crusaders (1998)
  • The Alban Quest The Search for a Lost Tribe (1999)
  • The Farfarers: Before the Norse (2000)
  • Walking on the Land (2000)
  • High Latitudes: An Arctic Journey (2002)
  • No Man's River (2004)
  • Bay of Spirits (2006)
  • Otherwise (2008)
  • Eastern Passage (2010)

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Ingelesez)  «Farley Mowat | The Canadian Encyclopedia» www.thecanadianencyclopedia.ca . Noiz kontsultatua: 2018-11-28 .
  2.   «Vicky Metcalf Award for Literature for Young People» Vicky Metcalf Award for Literature for Young People | The Writers' Trust of Canada . Noiz kontsultatua: 2018-11-28 .
  3.   Salon Brilliant Careers | Northern exposure 2006-01-11 . Noiz kontsultatua: 2018-11-28 .
  4. (Ingelesez)  Hollander, Paul Anti-Americanism: Irrational and Rational Transaction Publishers ISBN 9781412817349 . Noiz kontsultatua: 2018-11-28 .
  5. (Ingelesez)  «Farley Mowat, acclaimed Canadian author, dead at 92 | The Star» thestar.com . Noiz kontsultatua: 2018-11-28 .

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]