Edukira joan

Fatima Hassouna

Wikipedia, Entziklopedia askea
Fatima Hassouna

Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakفاطمه رائد محمد حسونة
JaiotzaGaza, 2000ko martxoaren 2a
Herrialdea Palestina
HeriotzaGaza, 2025eko apirilaren 16a (25 urte)
Heriotza moduagiza hilketa: aire-erasoa
HiltzaileaIsraelgo Defentsa Indarren Aireko Armada
Hezkuntza
HeziketaUniversity College of Applied Sciences (en) Itzuli
Hizkuntzakarabiera
Jarduerak
Jarduerakfotokazetaria
Ezizena(k)فاطم
Ideologia eta sinesmenak
Erlijioaislama

IMDB: nm16604627 Allocine: 1000053925
Facebook: fatma.hassona.526 Instagram: fatma_hassona2 Edit the value on Wikidata

Fatima Hassouna (Gaza, Palestina, 1999 - 2025eko apirilaren 16a) argazkilaria izan zen, palestinarra. Haren lanak, Gazako genozidioaaren garaian, bizitza zibila dokumentatu zuen.[1]

Nazioartean aintzatespen handia lortu zuen, Israelek egindako bonbardaketen eta okupazioaren eragina bertatik dokumentatzeagatik. 2025eko Cannesko Zinemaldian proiektaturiko Put Your Soul on Your Hand and Walk dokumentalaren gai bihurtu zen.[2]

Dokumentalaren proiekzioa iragarri eta biharamunean hil zuten, bere familiako hamar kiderekin batera, 2025eko apirilaren 16an Gazako hirian zuten etxearen aurka Israelek egindako aire eraso batean.[3][4][5][6]

Hassouna Gaza hirian jaio zen, eta Gazako Zientzia Aplikatuen Unibertsitate Fakultatean graduatu zen multimedia titulu batekin. 2023ko urriaren 7an, Israelen kontra Hamasek zuzendutako erasoaren egunean[3] hasi zen Gazako zerrendako bizitza dokumentatzen, liskarrak areagotu ondoren.

Gerra dokumentatzeko gai zen tokiko kazetari bakarrenetakoa bihurtu zen, Israelek atzerritar kazetariei Gazan sartzea debekatu baitzien. Hassounak munduari erakutsi zizkion Israelgo militarrek behartutako zibilen ebakuazioak; Israelek aire erasoen bidez Gazako azpiegituretan egindako suntsiketa, zibil hil eta zaurituak, eta hileta erritualak; bai eta erresilientzia uneak ere, haurrak hondakinen artean jolasean aritzea barne.[3][7]

2024an, Israel and Gaza: Into the Abyss dokumentalaren ekoizpen taldeko kide izan zen.[8][9]

2025eko apirilaren 15ean argitaratu zuen Instagramen bere azken istorioa, Gazan ilunabar bat erakutsiz, testu honekin: «Nire lehen ilunabarra da denbora luzean».[3] Egun batzuk geroago ezkontzeko asmoa zuen.[10]

Jarri zure arima zure eskuan eta ibili

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sepideh Farsik zuzendutako Jarri zure arima zure eskuan eta ibili (Put Your Soul on Your Hand and Walk, 2025) dokumentala Association du Cinéma Indépendant pour sa Diffusion (ACID) elkarteak hautatu zuen, Cannes zinema jaialdi ofizialean Cannesen ikusgai dagoen zinema independentearen sail paralelorako.[11] Hassounaren eta zuzendariaren arteko bideokonferentziak aurkeztu ziren dokumentalean. Elkarrizketaren azken zatian, Hassounak esan zion: «Cannesa joango naiz, baina Gazara itzuli behar dut. Ez dut alde egin nahi».[4]

Hassouna eta hamar senide (haurdun zegoen ahizpa barne) 2025eko apirilaren 16an hil zituen Israelgo militarrek, haien misil batek familiak Gaza hiriko Al-Touffah auzoan zuen etxea jo zuenean.[12][13] Bere dokumentala Cannesko Zinemaldirako hautatu zutela iragarri eta biharamunean gertatu zen erasoa.[13] Aurretik idatzia zuen sare sozialetan: «Hiltzen banaiz, heriotza zaratatsua nahi dut.».[12]

Israelgo Defentsa Indarrek adierazi zuten «israeldar soldaduen aurkako erasoetan nahasitako Hamaseko kide bati» eraso ziotela, eta zehaztasunezko armak erabili zituztela.[3]Sepideh Farsi zuzendariak ukatu egin zuen justifikazio hori: «Familia osoa ezagutzen dut. Ergelkeria hutsa da». ACID erakundeak hilketaren aurrean izua adierazi zuen eta Hassouna «bere irmotasuna bezain irribarre magikoa» duen pertsona bezala deskribatu zuen.[14]

2025eko apirila arte Israelek Gazan hildako kazetari ugarietako bat izan zen Hassouna.[7] Kazetarien Nazioarteko Federazioak zenbatu zuenez, Israelek hedabideetako 157 langile hil zituen gatazka eremuan 2023ko urritik 2025eko apirila arte.[13][5] Kazetarien Babeserako Komiteak (CPJ) egindako zenbaketan, 2025eko apirilaren 24rako gutxienez 176 kazetari eta hedabideetako beste langile hil zituzten gerra hasi zenetik, Zisjordanian eta Libanon eraildako batzuk barne, eta baieztatzeke zeuden beste 130 lagunen hilketak. Hilketa horietatik gutxienez hamazazpi nahita egindako erailketatzat jo zituen CPJk. Gainera, dozenaka palestinar erreportari zauritu edo atxilotu zituzten Israelgo tropek. Bestalde, Israelek kazetariak beldurtu eta isilarazi ditu, mehatxuz, eraso fisikoz, zibererasoz, zentsuraz eta senideen hilketez.[15][16] Mugarik Gabeko Kazetariek Israelgo armadak Palestinako eta Libanoko kazetariei nahita egindako erasotzat salatu zuen Hassounaren hilketa.[17][18]

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Geurts, Lize. (2025-04-18). «Fatma Hassona, fotograaf van het dagelijks leven in Gaza, wilde een 'luidruchtige dood'» NRC (NRC Handelsblad).
  2. Zbeedat, Nagham. (2025-04-17). Gaza-based Photo Journalist, Subject of Anticipated Cannes Documentary, Killed in Israeli Strike. .
  3. 1 2 3 4 5 Gaza photojournalist Fatima Hassouna killed in a strike with 10 of her relatives. 2025-04-17.
  4. 1 2 Barraclough, Leo. (2025-04-17). Gaza Photojournalist In Cannes Doc Killed In Israeli Strike. .
  5. 1 2 «Guerre à Gaza : la photojournaliste Fatima Hassouna assassinée dans le bombardement de sa maison par Israël» L'Humanité 2025-04-16.
  6. Nabaa, Clara. (2025-04-17). Photographer Fatima Hassona killed ahead of Cannes documentary debut. .
  7. 1 2 Ritman, Alex. (2025-04-17). Palestinian Journalist and Protagonist in Cannes-Bound Documentary Killed in Gaza. .
  8. televisual.com. (2024-09-04). «ITV books Israel Gaza doc from Top Hat» Televisual.
  9. Israel and Gaza: Into the Abyss (Película de TV 2024) - Reparto y equipo al completo - IMDb. .
  10. Ellis-Petersen, Hannah. (2025-04-18). ‘If I die, I want a loud death’: Gaza photojournalist killed by Israeli airstrike. ISSN 0261-3077..
  11. «L'acid - Put Your Soul on Your Hand and Walk» Le site de l'ACID – Association du Cinéma Indépendant pour sa Diffusion.
  12. 1 2 Ellis-Petersen, Hannah. (2025-04-18). 'If I die, I want a loud death': Gaza photojournalist killed by Israeli airstrike. ISSN 0261-3077..
  13. 1 2 3 Palestinian photojournalist Fatima Hassouna killed in Israeli airstrike ahead of Cannes debut. 2025-04-17.
  14. Palestinian photojournalist Fatima Hassouna, protagonist of Cannes-selected doc, killed in Israeli airstrike. 2025-04-18.
  15. Jones, Kathy. (2024-01-25). «Journalist casualties in the Israel-Gaza war» Committee to Protect Journalists.
  16. «Belal Jadallah, the “godfather of Palestinian journalism,” has been killed in Gaza.» Literary Hub 2023-11-20.
  17. «RSF video investigation into the death of Reuters reporter Issam Abdallah in Lebanon: the journalists' vehicle was explicitly targeted» Reporteros Sin Fronteras 2023-10-29.
  18. Diaz, Jaclyn. (2023-10-25). At least 24 journalists have been killed in the war between Israel and Hamas in Gaza. .

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]