Felix Razkin
Felix Razkin | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Arbizu, 1947 (76/77 urte) |
Herrialdea | Nafarroa Garaia, Euskal Herria |
Lehen hizkuntza | euskara |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | sindikalista, itzultzailea eta euskararen sustatzailea |
Felix Razkin Mendinueta (Arbizu, Nafarroa Garaia, 1947) Gasteizko langile mugimenduko eta euskalgintzako eragilea da, eta euskarazko itzultzailea.[1]
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Arbizun jaio zen, etxean bertan, eta han igaro zuen haurtzaroa.[2] Aita barberua, abeltzaina, nekazaria eta fabrikako langilea zuen. Etxean lau senide ziren: bi arreba, Felix baino zaharragoak; hirugarrena, Felix bera; eta anaia bat, Felix baino gazteagoa. Arbizun euskaraz baizik ez zuen egiten, apaiza ere euskaraz aritzen baitzen.[3]
Zortzi urterekin hasi zen herriko eskolan, eta bederatzi urterekin Oñatira bidali zuten ikastera, agustindarrengana fraidegai, osaba bat baitzuen han.[2] Lehen hizkuntza zuen euskara, beste hizkuntzarik ez baitzekien Oñatira joan zen arte; baina euskararen kontzientzia Oñatin hartu zuen.[1][4] Oñatin, gaztelaniaz ziren eskolak, errezoak eta denak. Baziren ikasleekin euskaraz hitz egiten zuten fraideak ere, baina gaztelaniaz bizi ziren ikasleak. Giro hartan, euskaltzaletasunak bultzatuta bildu ziren Razkin bera, Eusebio Osa, Patxi Lasa, Pablo Anduaga eta beste. Euskarazko bi aldizkari atera zituzten: Gure Txokoa eta Erein.[3]
Gero, 18 urte zituelarik, Gasteiza jo zuen, fraide izateko formakuntzarekin jarraituz teologia ikastera. Gasteizko hastapen hartan ere, Eusebio Osa izan zuen bide-erakusle. Teologia ikasketak bukatuta, soldadutzara joan zen Felix.[3] Gero, fraide bihurtzeko asmoa bertan behera utzita, Gasteizko langileen mundura egin zuen jauzi, eta Tximist, Michelin eta BH enpresetan aritu zen lanean.[1]
Langile mugimenduan
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gasteizko langile-mugimenduan inplikatu zen frankismoaren azken urteetako sindikatu bertikalaren kontra borrokan, klandestinitatean, langileek beren ordezkariak hautatzeko eskubidearen alde. Martxoaren 3ko sarraskiaren inguruko grebetan parte hartu zuen, langileen munduko beste hainbat ordezkarirekin batera batzarrak eginez. San Frantzisko elizan poliziak egindako erasoaren inguruko istiluetan egon zen.[5] Gertakari haien ondorioz Espainiako Gobernuak langileen sindikatuak ontzat hartzea erabaki zuenean, ordea, jarduera sindikaletik urrundu zen eta gero eta gehiago inplikatu zen Gasteizko euskalgintzaren munduan.[1]
Euskalgintzan
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Helduentzako euskara eskolen antolaketan parte hartu eta irakasle aritu zen, eta 1970eko hamarkadan Gasteizko AEKren sortzaileetako bat izan zen. Gasteizko ikastolen mugimendua martxan jartzen ere lagundu zuen, Bizkai eta Gipuzkoatik etorritako zenbait enpresabururen laguntzarekin, eta horrela sortu zen geroago Olabide ikastola izango zena; etxe txiki batean hasi ziren ematen lehen eskolak, Izaskun Arrue irakaslearekin.[1]
Arabako bi ikastetxetan irakasten zen euskaraz 1970eko hamarkadan: Durako Ikasbidea ikastolan eta Gasteizko Olabide ikastolan; baina, hasieran, legearen arabera guraso euskaldunen seme-alabek baino ezin zuten bertan ikasi. Beste hainbat euskaltzalerekin batera, Razkinek lan egin zuen guraso erdaldunen seme-alabek ere izan zezaten euskaraz ikasteko eskubidea, eta Arabako Foru Aldundiak irekitako Toki Eder ikastola publiko berria okupatu zuten. Aldundiak azkenik aukera hori ontzat eman eta irakasleak kontratatu zituen.[1]
1979an ezkondu zen, eta bi seme-alabaren aita da.[6]
1986-1991 bitartean Euskal Filologiako ikasketak egin zituen, Gasteizko Letren Fakultatean, egunero BHn zortzi orduko lanaldia egiten eta ikasten.[3][6] Gasteizko euskaltegietan irakasten aritu ondoren, Eusko Jaurlaritzaren itzultzaile beka bat lortu zuen, urtebeterako. Aldundiarentzat, udalarentzat eta enpresa batentzat itzulpenak egiten jardun zuen zenbait urtez. 2002. urtean Osakidetzan hasi zen lanean; sei hilabeterako egin zioten lehen kontratua, administrari lanetarako. Gero, ordea, jabetu ziren Razkinek Euskal Filologia eta laugarren hizkuntza-eskakizuna zituela, eta Euskara Zerbitzuan lanean jarri zuten.[4] Han jardun zuen, Osakidetzako Euskara Plana aurrera eramaten,[4] 65 urte zituela erretiratu zen arte.[1]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b c d e f g Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria: «Felix Razkin, langilea eta itzultzailea: “Dena gelditu zen Gasteizen Martxoaren 3an; egunak historia markatu zuen”», Berria, 2021-01-17.
- ↑ a b «Felix Razkin Mendinueta» Ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2021-11-12).
- ↑ a b c d Elustondo, Miel Anjel. «Felix Razkin: “Michelinen gorabeherak izan nituen, Tximisten ere bai, gehiegi konprometitzen nintzen”» Argia 2013-02-03 (Noiz kontsultatua: 2021-11-12).
- ↑ a b c ««Felix Razkin, Osakidetzako euskara teknikari eta itzultzaile ohia: “Euskaraz banekien, baina euskararen kontzientzia Oñatin hartu nuen”»» OsatuBerri 2021eko apirila (Noiz kontsultatua: 2021-11-12).
- ↑ «Felix Razkin: "beldurgarria izan zen. Balak ziztu bizian pasatzen ziren albotik"» EITB Euskal Irrati Telebista 2021-03-03 (Noiz kontsultatua: 2021-11-12).
- ↑ a b «Nortasun agiria: Felix Razkin» Argia (Noiz kontsultatua: 2021-11-12).
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Felix Razkini egindako ahots grabazioak, bere Arbizuko euskaran eta hika mintzatzen, 2019. urtean, Euskal Herriko Ahotsak ekimenerako.
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Elustondo, Miel A.. (2018). Izaskun Arrueren urratsen atzetik. ISBN 978-84-7821-904-9. PMC 1089234089. (Noiz kontsultatua: 2021-11-12).