Femme fatale

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Mata Hari femme fatale izeneko emakumearen eredutzat hartu izan da.

Femme fatale frantsesezko lokuzioa, euskaraz zorigaiztoko emakumea, bere sexu erakarmena baliatuz bereziki gizonak manipulatu, bere esanetara jarri, gizonaren zorigaitza ekarri eta gizartean onartzen ez den jokabidea duen emakumea da. Zorigaitza dakarren emakumea antzinatik existitzen den emakume eredua da (Pandora, Eva eta beste zenbait mito)[1] eta gaurdaino luzatzen da, zinema eta literaturan maiz agertzen den emakumea denez gero. Misoginia ekarri eta sustatu egin duen figuratzat ere hartu izan da. Askotan figura hau kanpotarra den emakume baten bidez irudikatzen da. Era berean, nolabaiteko banpiro[2] sexual baten moduan agertzen dira emakume hauek ere askotan, izaki mitologiko hauekin nolabaiteko alegoria bat eginaz. Izaki hauek beraien biktimen odola xurgatzen duten bezala, femme fatale emakumeek beraien maitalearen gizontasun eta askatasuna xurgatzen dute, honi hasieran zuen erabakitzeko ahalmen oro kentzea lortuaz. Gizonak bere askatasun hau eskuratu eta emakumearen eraginetik askatu ahal izateko emakumearengandik ihes egin beharko du.

Jatorria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Termino honi erreferentzia egiten dioten irudiak historia guztian zehar agertu dira kultura ezberdinetan zehar[3], baina mendebaldeko historian honen inguruan dagoen lehenengo aztarna Sumeriako Ixtar jainkosarena da. Honetaz gain, Antzinaroan ditugun beste erreferentzia batzuk Dalila edota Medearenak dira. Hala ere, terminoak XIX. mendean hartu zuen berriro ere garrantzia, lehenik Erresuma Batuan, ematen ari ziren gizarte aldaketen ondorioz.

Berragerpen honen atzean egon ziren faktoreak gehien bat hiru izan ziren. Alde batetik emakumearen emantzipaziorako mugimendua hartzen ari zen indarra egongo litzateke. Emakumeek gizonen eskubide berdinak izan behar zituztela aldarrikatzen zuten, eta honek garaiko gizonen pentsamoldearekin zuzeneko talka bat suposatzen zuen. Bigarren faktoreak zuzeneko lotura zuen lehenengoarekin, eta hau gizonezkoek mugimendu honen aurrean zuten beldurra zen. Emakumea botere eta protagonismo gehiago eskatzen ari zen bizitza publiko zein pribatuan, eta honek gizonek ordura arte izan zuten boterearen gutxitze nabarmen bat suposatzen zuen. Gizonen beldur honek indartu egin zuen femme fatalearen irudia. Azken faktore bezela bizi zen krisi ekonomikoa eta prostituzioaren gorakada aipatu behar da. Britainia Handiak zuen prostituzio maila oso altua zen, eta honekin batera Sexu-transmisioko gaixotasunen goraka oso handi bat eman zen, kutsatutako gizonezkoen maila oso altua zelarik. Gaixotasun hauen eta krisi ekonomikoaren erantzuleak emakumeak zirela defendatzen zuten gizonezko askok, emakumeek gizonei min egin nahi zietela esanaz.

Emakumearen irudi hau berehala sartu zen gizarte osoaren iruditegi kolektiboan, eta garaiko idazle zein margolariek ideia hauek indartu zituzten beraien lanen bitartez. Ideia hauek gehien bat Hermandade Prerrafaelismoko ordezkariek bultzatu zituzten[4]. Geroago artean zein poemetan edo eleberrietan agertutako emakume honen irudiak zinemara egin zuen salto.

1930eko hamarkadan bestalde mota honetako emakumea garai hartan agertzen ari zen dominatrixen[5] irudiarekin lotzen hasi zen, kutsu oraindik eta negatibo bat ematen ziolarik emakumeei. Praktika sexual hau perbersioarekin lotzen zen, emakumeak gizona praktika ez puruak egitera behartzen zuela esanez. Praktika hauen bitartez gizonezkoak ematen zuen irudia inongo askatasunik ez zuenarena zen, eta ezinezkoa zitzaiola emakume baten kontrolpetik ateratzea.

Emakumearen irudi honekin lotzen dira ere Kunoichiak ere, zeinak gaztetik entrenamendu oso gogorrak jasotzen dituzten edozein helburu lortu ahal izateko. Entrenamendu hauen bitartez beraien sentsualitatea borroka teknikak bezainbeste lantzen zituzten. Era berean, emakumeek bakarrik garatzeko aukera zuten abileziak erakusten zizkieten, gizonen aurrean eduki zezaketen eraginkortasuna oraindik eta handiagoa izan zedin.

Artea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lady Lilith. 1866-1868

Margolanek iruditegi honen eraikuntzan eragin handia izan zuten, eta hau Ingalaterrako hiru margolariren eskutik eman zen gehien bat: Dante Gabriel Rossetti, William Holman Hunt eta John William Waterhouseren eskutik. Lehenengoari dagokionez, arlo honen inguruan egin zuen lanik esanguratsuenetakoa Lady Lilith da[6], zeinetan Adamen lehenengo emaztearen irudikapen bat egin zuen. Gai honen inguruan egindako beste lan esanguratsu bat Pandora da, Pandora pertsonaia mitologikoaren irudikapena delarik. Hunti dagokionez, gai honen inguruan kokatu behar diren bere bi lanik garrantzitsuenak The Hilering Shepherd eta Isabella and the Pot of Basil dira. Azken lan honek Erdi Aroko Erromantze batean du oinarria, eta bere kutsu tragikoarengatik behin baino gehiagotan izan da erabilia oinarri bezala mugimenduko kideengatik[7]. Hirugarren egilea nahiz eta jaiotzen Erromakoa izan gaztetan Erresuma Batura joan zen bizitzera, eta hermandadeko kide bilakatu zen. Honen lanik esanguratsuenak Ofelia eta Ulysses and the Sirens dira, azken honek Odisea liburuko pasarteari egiten diolarik erreferentzia.

Literatura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Korronte honek literaturan izan zuen eragina apalagoa izan zen, eta hermandadeko kideen artean, idazleak gutxi ziren. Hala ere, hauen pentsamolde eta idazte moduak eragina izan zuen beste hainbat idazleren gainean. Era berean, garai honetan poesia zein eleberrietan geroz eta gehiago hasi ziren agertzen mota honetako emakumeak, Madame Bovary edota Anna Karenina izan zirelarik argitaratu ziren obrarik garrantzitsuenak. Literaturako emakume hauek normalean beraien abilezia eta edertasuna baliatzen dute ahulak diren gizonak manipulatu eta beraiek nahi dituzten helburuak lortzeko.

Zinema[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Maltese Falcon filmeko irudi bat, Mary Astor Brigid O’Shaugnessyren paperean.

XX. mendean eman zen zinemaren agerpenarekin figura honek berebiziko indarra hartu zuen, eta agertu zen lehenengotariko pertsonaia Theda Bararena izan zen A Fool There Was pelikula estatubatuarrean. Pertsonaia honen ondorioz aktorea irudi honen arketipo[8] bilakatu zen zinemaren munduan, eta ondoren eratu ziren hainbat pertsonaia aipatutako honetan oinarritu ziren.

Irudi hau Zinema Beltza generoaren barruan izan zen landua gehien bat, eta jadanik alde batera utzi ziren antzinaroko mitoen irudiak. Filma hauetan agertzen ziren emakumezkoak normalean Estatu Batuetako hiri handietan kokatzen zituzten, egunero krimen ezberdinez inguraturik eta gaueko bizitza bat egiten[9]. Normalean taberna eta klub ilunetan agertzen ziren, garaiko gansterrez inguraturik. Beraien helburua normalean boterea eta aberastasuna eskuratzea izaten zen, eta ez zuten arazorik izaten helburu hau lortzea ekiditen zieten pertsona ororen gainetik igarotzeko. Pertsonaia honek gizonezkoa seduzitzea lortzen zuen (izan aipatutako gansterretako bat edota izan polizia inspektore bat), eta zuen boterea kentzen zion, berak hartzen zuelarik rol dominante eta botereduna.

Zinema Beltzaren testuinguran garatu zen mota honetako lehenengo pertsonaia Brigid O’Shaughnessy izan zen, The Maltese Falcon filmeko pertsonaia. Honek historian pisu handia du, eta ordura arte beste inork lortu ez duena lortzen du: Sam Spaderen (Humphrey Bogart) gainean eragin eta honek zuen kodigo morala kolokan jartzea. Biktimaren paperetik bere helburuak lortzen joaten da, nolabaiteko joko bikoitz batera jolastuaz. Film honetatik joan zen garatzen hurrengo urteetan zorigaiztoko emakumearen irudia, eta hurrengo pelikuletan pertsona bakarra engainatu beharrean beraien inguruko pertsona guztiak engainatzera iristen dira. Zorigaiztoko emakumearen irudia plazaratzen duten garai honetako beste hainbat filme The Lady from Shanghai, Double Indemnity, Scarlet Street edota Laura dira.

Urte batzuetan alde batera egon ondoren, 1980ko hamarkadan berriro agertu zen pertsonaia honen irudia, Kathleen Turnerrek Body Heat pelikulan izan zuen paperaren bitartez. Ildo hau jarraitu zuten ere The Grifters, Basic Instinct, The Last Seduction edota Derailed bezalako pelikulek. 80 eta 90eko hamarkadan garatu ziren film hauek Neo-noir estilo zimenatografiko barruan kokatzen dira, hamarkada batzuk lehenago garatu zen pelikula estiloen jarraipen bat baitziren. Estilo hau gaur egun arte iritsi zaigu, eta nahiz eta lantzen dituzten gaiak egungoak izan, emakume prototipoak berdina izaten jarraitzen du. Askotan estilo honetako pelikulak beste estilokoekin uztartzen dituzte zuzendariek, eta gauzak horrela, akziozko hainbat pelikuletako protagonistak zorigaiztoko emakumeak izaten dira. Hauek askotan espioitzaren edota lapurreten gaiekin loturik egoten diren pelikulak izan ohi dira, hala nola Mr. & Mrs. Smith edo Brian de Palmaren Femme Fatale pelikula.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1.   Díaz Mateos, A.; Díaz Mateos, V.; Mojarro Zambrano, M. (1998), «Besame tonto. La mujer fatal en el cine», Cien años de cine. La fabrica y los sueños (Sevilla) Universidad de Sevilla, ISSN 84-600-9486-3 ISBN: 84-600-9486-3, https://idus.us.es/xmlui/bitstream/handle/11441/74521/10.pdf?sequence=1. Noiz kontsultatua: 2018/06/02 an .
  2.   Sánchez-Verdejo, Pérez, Francisco Javier (2010), [[DOC] ¿ El vampiro femenino de Poe: metáfora maldita de la femme fatale y ejemplificación edificante de la mujer sin sombra? «Edgar Allan Poe (1809-2009). Doscientos años después»], Ediciones de la Universidad de Castilla-La Mancha (Cuenca), ISSN 978-84-8427-764-4 ISBN 978-84-8427-764-4, [DOC] ¿ El vampiro femenino de Poe: metáfora maldita de la femme fatale y ejemplificación edificante de la mujer sin sombra?. Noiz kontsultatua: 2018/06/02 an .
  3. (Ingelesez)  Praz, Mario (1933–1951–1970), The Romantic Agony, ch. IV, p. 199: La Belle Dame sans Merci (The Beautiful Lady without Mercy), London/New York, Oxford University Press .
  4.   Fontbona de Vallescar, Francesc (2004), «Prerrafaelitas. Una hermandad en busca de la pureza», Descubrir el arte (Espainia) (68), ISSN 1578-9047 ISSN 1578-9047 .
  5.   Master, Whip (2012), «De la mujer fatal a la dómina. Antecedentes y orígenes de un icono BDSM», Cuadernos de BDSM (19), https://web.archive.org/web/20131126150317/http://cuadernosbdsm.sadomania.net/cuadernos/CBDSM19.pdf. Noiz kontsultatua: 2018/06/02an .
  6.   Eetessam Párraga, Golrokh (2009), «Lilith en el arte decimonónico: estudio del mito de la "femme fatale"», Revista de la Asoción Española de Semiótica (Espainia) (18), ISSN 1133-3634 ISSN 1133-3634 .
  7.   Isabella y la maceta de albahaca, http://catalogo.artium.org/dossieres/exposiciones/el-arte-en-la-literatura-y-la-literatura-en-el-arte/isabella-y-la-maceta-de. Noiz kontsultatua: 2018/06/01 ean .
  8. Piero Brunetta, Gian. Historia mundial del cine I: Estados Unidos I. Volumen 1. Editorial Ediciones AKAL, 2011. ISBN 8446027526, 9788446027522
  9.   Rodriguez, Jose Carlos (2010), «La representacion de la mujer fatal en el cine negro», Creación y Producción en Diseño y Comunicación (Buenos Aires) (35), http://fido.palermo.edu/servicios_dyc/publicacionesdc/vista/detalle_articulo.php?id_articulo=6817&id_libro=275. Noiz kontsultatua: 2018/06/02an .