Ferdinand Marcos

Wikipedia, Entziklopedia askea
Ferdinand Marcos.

Ferdinand Edralin Marcos (Sarrat, Filipinak, 1917ko irailaren 11 - Hawaii, Ameriketako Estatu Batuak, 1989ko irailaren 28a) politikaria eta diktadorea izan zen. Filipinetako Errepublikako lehendakari izan zen 1965etik 1986 arte.

Bizitza

Bigarren Mundu Gerran Japoniaren kontra gerra egin zuen, eta preso hartu zuten (1941-42). Askatu zutenean, bere eskualdeko gerrillako buruzagi egin zuten. Gerra ondoren, Ordezkarien Ganberako kide hautatu zuten, 1949ko hauteskundeetan, bai eta 1953koetan eta 1957koetan ere. 1965ean Errepublikako lehendakari aukeratu zuten, eta 1969an berriro irabazi zituen hauteskundeak.

1972an, ordea, diktadura ezarri zuen Filipinetan, Mindanaoko musulmanen matxinadaren kontra borrokatzeko aitzakia hartuta. 1975ean bizi guztirako lehendakari izendatu zuten. FLNM eta oposizioko beste erakunde politikoen kontra gogor jardun zuen, eta haren buru zen Benigno Aquino hil zutenean (1983), Marcosen erregimenaren kontrako jarrerak indarberritu egin ziren. Hala, Marcosen kontrako oposizioa, Benigno Aquinoren alargun Corazón Aquinoren inguruan bildu zen. 1986ko otsailean hauteskundeak egin zituen, barne-arazoen eta atzerriko presioen ondorioz. Hauteskundeak ez ziren garbiak izan; legebiltzarrak Marcos izendatu zuen garaile. Militarrak, ordea, matxinatu egin ziren eta Marcosek Filipinetatik ihes egin behar izan zuen. Corazón Aquinok hartu zuen haren lekua. Filipinak utzi ondoren, Hawaiira joan zen, eta han hil zen 1989an.

Erreferentziak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Ferdinand Marcos Aldatu lotura Wikidatan