Ferenc Nagy
Ferenc Nagy (Bisse, 1903ko urriaren 8a – Herndon, Virginia, 1979ko ekainaren 12a) hungariar politikaria izan zen. Hungariako lehen ministroa izan zen 1946tik 1947ra.
Egunkarietan artikuluak idazten hasi zen politikan. Nekazarien Batasunaren sortzaileetako bat izan zen eta 1930ean Jabekide Txikien Alderdi Independentearen sorreran parte hartu zuen. 1939an parlamentuan sartu zen eta Bigarren Mundu Gerran nazien aurkako erresistentzian parte hartu zuen. Gestapok 1944ko martxoan atxilotu zuen, baina Géza Lakatosen gobernuak askatzea lortu zuen.
1945ean behin-behineko gobernuan eta batzarrean parte hartu zuen. Parlamentuko presidente eta Goi Kontseilu Nazionaleko kide izendatu zuten, eta 1946an Hungarian errepublika aldarrikatu ondoren, sozialdemokratekin eta komunistekin koalizio-gobernu bateko lehen ministro bihurtu zen.
Demokrazia parlamentarioa mantentzen saiatu zen eta komunistek boterea kontrolatzea saihestu zuen. Herrialdea berreraikitzen hasi eta 1947ko Parisko Ituna sinatu zuen, Hungariak Bigarren Mundu Gerran izan zuen inplikazioari amaiera formala eman ziona.
1947ko maiatzean hungariar komunistek herrialdearen kontrola hartu zuten Sobietar Batasunaren laguntzarekin eta Nagy dimititzera behartu zuten. Nagy Ameriketako Estatu Batuetan erbesteratu zen. Hungariar erbesteratuen komunitateko buruetako bat izan zen. 1956ko Hungariako Iraultzan bere herrialdera itzultzen saiatu zen, baina ez zuen lortu eta Estatu Batuetan hil zen. 1977an, San Ezteberen koroa Hungariara itzultzearen alde agertu zen.