Ferruccio Lamborghini

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu
Ferruccio Lamborghini
Ferruccio Lamborghini.jpg
Bizitza
Jaiotza Cento1916ko apirilaren 28a
Herrialdea  Italia
Bizilekua Emilia-Romagna
Heriotza Perugia1993ko otsailaren 20a (76 urte)
Heriotza modua miokardio infartu akutua (nothinga)
Lanbidea
Lanbidea ekintzailea, Ingeniaria, mekanikaria eta automobil-pilotua

Ferruccio Elio Arturo Lamborghini (Cento, Emilia-Romagna, 1916ko apirilaren 28aPerugia, Umbria, 1993ko otsailaren 20a) italiar industria gizona izan zen.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mahastizain familia batean jaioa, Lamborghini laborarien lana errazteko nekazaritzaren mekanizazioaz kezkatzen hasi zen gaztetatik. Zeuzkan mekanika ezagutzak baliatuz, hutsetik hasi eta punta-puntako makineria eta traktore enpresa eratu zuen denbora laburrean. Baina lanaz kanpo, traktoreak baino azkarragoak ziren ibilgailuak zituen gustuko[1].

Horregatik, 1958ko lehen bisita haren ondoren, Lamborghini gehiagotan joan zen Maranellora. Batetik, Ferrari gehiago erosi zituelako. Bestetik, auto horiek arazo mekanikoak zituztelako, nagusiki enbrageekin, eta konpontzera fabrikara bertara eraman behar zirelako. Ez zen hura Ferrucciok Ferrariekiko zeukan kexu bakarra. Auto onak iruditzen zitzaizkion, baina zaratatsuegiak eta zakarregiak errepidean gustura ibiltzeko. Ibilgailuen barnealdeari zurrunegia zeritzon, eta saldu osteko zerbitzuak ere ez zuen asetzen traktore fabrikatzailea.[1]

Antza, eragozpen horiek guztiak Enzo Ferrariri berari aurrez aurre jakinaraztea erabaki zuen Lamborghinik. Eta Enzo Ferrarik ez zuen kritika ondo hartu. Eztabaida horren askotariko bertsioak daude. “Traktore fabrikatzaile batek ez dit erakutsiko kirol autoak egiten” esan omen zion Ferrarik Lamborghiniri, edo “ezin duzu Ferrari baten konplexutasuna ulertu”.[1]

Lamborghiniren erantzuna kirol autoak fabrikatzen hastea izan zen. Lamborghini Trattori enpresa sortu eta hamalau urtera, 1963an, Lamborghini Automobili sortu zuen. Egoitza nagusia Sant'Agata Bolognesen jarri zuen, Ferrariren egoitzatik 30 bat kilometrora.[1]

Urte bereko Turingo Automobil Erakusketan aurkeztu zuen Lamborghini 350 GTV, markaren lehen kirol autoa. Modelo berria Ferraria baino hobea zen Ferrucciok kritikatutako alderdi guztietan. Bi marken arteko lehia hasi zen auto azkarren merkatuan; zirkuituetan, ordea, ez zen lehiarik izango, sortzailea bizi artean Lamborghini markako autoek ez zuten sekula lasterketetan parte hartu. Ferrariak errepidera egokitutako lehiaketa autoak ziren; Ferrucciorenak, aldiz, berariaz errepiderako eta gidatzeaz gozatzeko luxuzko auto erosoak ziren, oso azkarrak izateaz gain.[1]

1966an hirugarren modeloa merkaturatu zuen, Miura izenekoa –Lamborghini zezenketen zale amorratua zen eta, horregatik, urrezko zezena aukeratu zuen markaren ikur–. Traktoreei bezala, motorra atzeko ardatzean ipintzea bururatu zitzaion eta, hala, superdeportiboen genero berri bat abiarazi zuen.[1]

1970eko hamarkadaren hasieran, traktoreen negozioa gainbehera hasi zenean, Lamborghinik enpresa guztiak saldu zituen eta nekazaritzara itzuli zen, urte batzuk lehenago Umbrian erositako mahastietara.[1]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]