Fibrolisi diakutaneo

Wikipedia, Entziklopedia askea
Fisioterapeuta bat fibrolisi diakutaneoa paziente bati aplikatzen.

Fibrolisi diakutaneoa min lokomotore mekanikoak tratatzeko fisioterapia metodoa da. Aponeurosi eta muskuloen artean sortutako atxikimendu eta narritadurak suntsitzean datza, larruazalean aplikatutako kakoen bidez.[1]

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Metodoa Kurt Ekman fisioterapeuta suediarrak garatu zuen, James Cyriaxekin batera Londresen lanean aritu zenean Bigarren Mundu Gerraren ondorengo urteetan, Cyriaxen zeharkako masaje sakonaren eboluzioa bezala. Ekmanen ikuspegian, hatzamarrarekin eginiko marruskadura hutsarekin ezin zen behar beste sakondu, eta beraz zenbait ehun ezin izaten ziren prezisioz tratatu. Hori ikusita, bere premietara egokitutako material berezia sortzeari ekin zion.[2]

Oinarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zuntzen eta ehunen artean dauden aponeurosien funtzio nagusietako bat egitura hauek elkarren artean irristatzeko planoak osatzea da. Irristatze hau librea izatea mugimenduak bere zabalera osoan eta min barik egiteko baldintzetako bat da. Zuntzak, ehunak edota aponeurosien artean atxikimendu anomaloak gerta daitezke. Atxikimendu anomalo hauek hainbat arrazoi izan ditzakete: lesioak edo kirol osteko luzaketen falta adibidez; honek odol zirkulazioa geldotzea edo artikulazioen inguruko kongestioa ekar dezake, kaltzio edo urea depositu txikiak sortuz; ondorioz, egitura hauen elkarren artean itsasteko joera erakutsiko dute, artikulazioen eta muskuluen funtzionamendu egokirako oztopo bihurtuz.[3]+

Materiala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Fibrolisi kako modelo desberdinak.

Ekmanek hezurrez, letoiz eta egurrez eginiko materialak sortu zituen. Gaur egunean mota desberdineko tresnak erabiltzen dira, baina altzairu herdoilgaitzez egindako kakoak dira erabilienak: kurbadura eta punta desberdineko kako sorta bezala saltzen dira, azalaren eta kakotu beharreko egituraren artean dauden erliebe anatomiko desberdinetara egokitze aldera.[3]

Teknika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Fibrolisi diakutaneoan hiru maniobra mota nagusi erabiltzen dira:

  • Kakotzea: muskuluen arteko banaketa-tabikean kakoa sartuz, ehun multzoa perpendikularki mugitzen da, terapeutaren norabidean.
  • Luzaketa: banaketa-tabikean berdin sartuz, baina kontrako norabidean.
  • Marruskadura: Cyriaxen teknika klasikoaren antzerakoa. Kakoarekin tratatu beharreko ehuna marruskatzen da, norabide desberdinetan, ehunaren barruko egitura mobilizatuz eta erantzun inflamatorio/sendagarri lokala iziotu nahian.

Terapiaren ezaugarri mekanikoengatik, azaletik hurbil dauden egiturak errazago trata daitezke; halere, muskulo sakonetara sartzeko aukera ere badago (masaje klasikoan baino sakonago gainera).[4]

Oro har, maniobra hauek gorputzaren erditik urrun dauden ataletatik hasten dira, mina dagoen lekura hurbilduz (eragin erreflexua erabiltzeko), eta ez dute min jasangaitzik ematen.[3]

Efektuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kakotzearen efektuak hiru multzotan sailka daitezke:

  • Mekanikoa: itsatsitako zuntzak askatzea, atxikimendu anomaloak hautsiz ("fibrolisi" = zuntzen haustura). Honek ehunek elkarren artean irristatzeko ahalmena handitzen du.
  • Erreflexua: puntu erreflexuak inhibituz (Knapp, Jones ...).

Halere, efektu hauei buruzko kontsentsua badago ere, horiek bermatzen duen ebidentzia gutxi dago, eta ikerketa gehiago beharrezkoa da.[5]

Erabilerak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Trauma edo interbentzio kirurgikoen osteko atxikipenen tratamendua.
  • Sistema muskuloskeletikoaren minak, hanturazkoak edo ez: miositis, tendinopatiak, gerriko mina, pubalgia, tortikolisa, okzipitalgia, epikondilitis,[6] Akilesen tendinopatia, oin-zolako fasciitisa, sorbaldeko mina[7]....
  • Nerbio periferikoen narritadura mekanikoaren ondoriozko neuralgiak: Arnolden okzipitalgia, ziatalgia, zerbikobrakialgia, sahietsen arteko neuralgia...
  • Hanken sindrome trofikoen tratamendua: algoneurodistrofia, karpoko kanalaren sindromea, konpartimentu sindromeak.

Eragozpenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kako metalikoak ezin dira erabili:[8]

  • Odol-hodi hauskorrak dituzten pertsonetan, edo odolaren antikoagulazio tratamendua dagoenean; ezta ehun edo azal hauskorra duten pertsonetan; eta, oro har, zirkulazio periferikoaren eta azalaren trofismo arazoak dituzten pertsonetan (barizeak...).
  • Traumatismo egin berrietan, bereziki odol-isuria dagoenean, edo zikatrizazioan dauden ehunetan.
  • Egin berriko kirurgian.
  • Nerbio bagoaren desoreketan.

Bilakaera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ekmanek metodoa Cyriax masajearen bilakaera mekaniko eta tokiko huts bezala hasi bazuen ere, bere ondorengoek kontzeptua zabaldu dute. Horretara, helburu terapeutikoaz gain, diagnostikorako ere erabiltzen dute, hainbat sistemarekin duten harremanak estudiatuz: aponeurosiak, muskulu agonista/antagonistak, giltzadurak eta propiozepzio sistema. Oinarri hauekin, gorputz atalen gainean kakotze-zirkuituak garatu dira pazientearen ebaluazioaren eta diagnostikoaren arabera. Beraz, tokiko mina gainditzen duen tratamendu kontzeptu zabalagoa da.

Fibrolisi diakutaneoaren bi eskola nagusiak Ekmanen bi ikaslek garatu zituzten, hark hil aurretik bere teknika munduan zabaltzeko misioa eman omen baitzien. Pertsona hauek Pierre Duby eta Jean Burnotte dira, Bruselako Unibertsitate Libreko fisioterapeutak. Hasierako prestakuntza berdina izan arren, biek ikuspegi desberdinak garatu dituzte: Burnottek globalagoa (kakotze faszio-mio-neurala) eta Dubyk analitikoagoa. Gaur egunean fibrolisi diakutaneoa ebidentzian oinarritutako medikuntzaren parametroetan sartzeko ikerketak egiten ari dira, fisioterapiako praktika klinikoko gidetan sartzeko.[9]

Bestalde, "fibrolisi diakutaneoa" izena eta kakoak[10] marka errejistratua izanik, izenaren erabilpena formakuntza ofiziala egin dutenentzat mugatua dago.[11] Teknika hori baino zabalduago dago, halere, eta izenaren aldaketa txikiekin aurki dezakegu, bertsio instrumentaletan[12] zein esku hutsez eginda.[4]

Gaitasun profesionala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Fibrolisi diakutaneoa fisioterapia metodoa den neurrian, berariaz prestatutako fisioterapeuta batek egin behar du tratamenduaren eraginkortasuna bermatzeko. Azal azpian dauden muskulu-eskeletu sistemaren ezagupen sakona behar da, kakotze egoki batek egitura hauen forma eta arabera kontuan hartu beharko baitu.[13]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Gaztelaniaz) Método y técnica – Asociación Española de Fibrolisis Diacutánea. (Noiz kontsultatua: 2019-08-22).
  2. «Fibrolisis Diacutánea» uif.unizar.es (Noiz kontsultatua: 2019-08-22).
  3. a b c (Gaztelaniaz) La fibrólisis diacutánea o ganchos… ¿Qué es y cuándo aplicarla? -. 2019-02-01 (Noiz kontsultatua: 2019-08-22).
  4. a b Gorosabel, Oier. «Fibrolisi diakutaneoa» http://abante.eus/ (Noiz kontsultatua: 2019ko irailaren 15a).
  5. «Diacutaneous fibrolysis versus passive stretching after articular immobilisation: muscle recovery and extracellular matrix remodelling.OA Medical Hypothesis» www.oapublishinglondon.com (Noiz kontsultatua: 2019-08-22).[Betiko hautsitako esteka]
  6. (Ingelesez) «Diacutaneous Fibrolysis on Lateral Epicondylitis - Full Text View - ClinicalTrials.gov» clinicaltrials.gov (Noiz kontsultatua: 2019-08-22).
  7. (Ingelesez) «Effectiveness of Diacutaneous Fibrolysis in Painful Shoulder - Full Text View - ClinicalTrials.gov» clinicaltrials.gov (Noiz kontsultatua: 2019-08-22).
  8. «GUIA DE ACTOS FISIOTERAPICOS» www.colfisio.org (Noiz kontsultatua: 2019-08-22).
  9. (Ingelesez) Barra, ME; López, C; Fernández, G; Murillo, E; Villar, E; Raya, L. (2011-04-01). «The immediate effects of diacutaneous fibrolysis on pain and mobility in patients suffering from painful shoulder: a randomized placebo-controlled pilot study» Clinical Rehabilitation 25 (4): 339–348.  doi:10.1177/0269215510385480. ISSN 0269-2155. (Noiz kontsultatua: 2019-08-22).
  10. Medina Arbonés, Alicia. «“Efectividad de la aplicación de un protocolo de fibrolisis instrumental miofascial sobre el aumento enla fuerza máximade la musculatura del antebrazo. Ensayo clínico controlado aleatorizado”» https://repositori.udl.cat/ (Noiz kontsultatua: 2019ko abuztuaren 31a).
  11. (Gaztelaniaz) Manual Docente – Asociación Española de Fibrolisis Diacutánea. (Noiz kontsultatua: 2019-08-22).
  12. «UN NUEVO ENFOQUE FISIOTERÁPICO PARA LA TÉCNICA DE GANCHOS EN TERAPIA MANUAL - Instema, Formación para fisioterapeutas» www.instema.net (Noiz kontsultatua: 2019-08-22).
  13. Barra López, Martín Eusebio; López de Celis, Carlos; Fernández Jentsch, Gabriela; Raya de Cárdenas, Laura; Lucha López, María Orosia; Tricás Moreno, José Miguel. (2013-10). «Effectiveness of Diacutaneous Fibrolysis for the treatment of subacromial impingement syndrome: a randomised controlled trial» Manual Therapy 18 (5): 418–424.  doi:10.1016/j.math.2013.02.006. ISSN 1532-2769. PMID 23523255. (Noiz kontsultatua: 2019-08-22).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]