Filipinetako Konpainia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Filipinetako Batzarra, Francisco Goya, 1815

Filipinetako Errege Konpainia (gaztelaniaz: Real Compañía de Filipinas) Ilustrazio garaian sortutako merkataritza konpainia izan zen, 1785eko martxoaren 10ean Karlos III.aren Errege Zedula bati esker eratua. Francisco Cabarrúsek sortua, Caracasko Gipuzkoar Konpainia ordezkatu zuen, eta kideak euskaldunak zituen[1].

Aurrekariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Filipinetako Konpainia sortzeko lehendabiziko saioa 1773an egin zen, Filipe V.a Espainiakoak hala nahita; ez zuen, ordea, aurrera egin. 1785ean, berriz, konpainia berriak Caracasko Gipuzkoar Konpainiaren azpiegitura eta antolamendua hartu zituen oinarri.

Sorrerako osaera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Frantzisko Cabarrús baionesa, Konpainiaren lehendabiziko zuzendaria

Zuzendaritza-batzordea eta akziodun asko berdinak zituen, hala nola, Gipuzkoako probintzia, Donostiako kontsulatua (merkatarien batzordea), Donostiako Udala, Oñatiko Unibertsitatea, baita inbertsiogile pribatuak ere: Zuaznabar, Lopeola, Arbaiza, Goikoa, etab. Tartean ziren, hala ere, Espainiako koroa eta Madrilgo bost gremio ere. Filipinetako Konpainiak Caracasko Konpainiaren Soraluzeko arma-fabrika eta Bizkaiko ontziolak ere bereganatu zituen. Konpainiak 2822 kide erabiltzen zituen eskifaietan. Hasierako kapitalak 8 milioi pesoko balioa zuen.[2]

Funtzionamendua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bere helburua Filipinak eta metropoliaren arteko merkataritza bultzatzea zen, mendebaldetik Itxaropen Onaren Lurmuturretik, eta ez Acapulco-Mexikotik; horretarako, ibilbide horren monopolioa eman zitzaion. Filipinetako Konpainiak bazituen pizgarri batzuk, adibidez, Manilan zein Cadizen ez zuen zergarik ordaindu beharko, baina aldi berean, bere irabazien % 4 Filipinen sustapen ekonomikoan inbertitu behar zuen. Gainera, Espainiako estatuak haren diru-kutxan eskua sar zezakeen bere beharrizanen arabera, Konpainiaren maileguen bitartez, eta premia horiek areagotu egin ziren Espainiako koroa gerra gehiagotan murgildu ahala.[3]

1787an Filipinetatik heldutako lehen bidalketan, Konpainiak 17.115.347 erreal maravedi atera zituen garbian, egundoko zenbatekoa garai hartan. Espainiako beste ezein konpainiak baino irabazi gehiago zituen, 1785-1790eko urteetarako bere kideek harro eta ozen aldarrikatzen zutenez. Aldi horretan, Konpainiak % 27ko irabazi garbia eskaini zien bere inbertsiogileei. Konpainia, ordea, ez zen merkataritzan Filipinekin bakarrik aritzen. Hasierako oparoaldian, Filipinetako Konpainiaren 42 espedizioetatik, 12 bakarrik izan ziren Filipinetara. Amerikarekin harreman komertzial handiak zituzten.[4]

Bilakaera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Filipinetako Konpainiaren akzio baten irudikapena

Manilan agenteak jarri zituzten eta, horien buru, euskaldun bat aritu zen: Juan Frantzisko Urroz. Inbertsioak egin zituzten abeltzaintza sustatzeko, tresnak banatuz, dirua ere aurreratuz, eta ehundegiak ere sortu zituzten. Filipinetako ekonomia kolonialean eragina handia izan zuen. Espainiako Errege Elkarte Ekonomikoarekin batera, soroen ekoizpen industriala landu zuten: tindua, azukrea, arroza, kotoia eta piperra. Aldiz, Manilako merkatariak biziki kontra zituen, batez ere (Acapulcoko) Galeoiarekin merkataritzan aritzea nahiago baitzuten. Bestalde, merkatua ez zuten behar eraginkortasunez kudeatu, eta ohiko prezioa baino gehiago ere ordaindu zuten batzuetan, adibidez, Asiako merkatuetan piperra peculeko 13,5 pesotan ordaintzera heldu ziren (pecul bat = 117 librako pisua), Sumatran 3 edo 4 pesoren truke erosteko modua izan zutenean. Gehiegizko konfiantza ere izan zuten, eta etorkizuneko estimazioak ez ziren bete.

Lehenengo bi hamarkadetan, bestalde, inbertsiogileak espainiar edo euskal herritar izan behar ziren Espainiako koroaren aginduz: kapital falta nabarmena zen, eta horrek Konpainiaren kontra jokatu zuen, esperientzia faltarekin batera. 1803rako, Karlos IV.ak Konpainiaren baimenaldia berritu zuen eta, era horretan, abantaila berriak ere eskuratu zituen: Espainiako erresumaz kanpoko inbertsiogileak onartzeko baimena eman zuen, baldin eta haien errege-erreginak Espainiako koroarekin gerran ez bazeuden; gainera, Asiako beste toki batzuetan fabrikak irekitzeko baimena eta Ameriketako zenbait porturekin (Buenos Aires, Lima, etab.) salerosketan aritzekoa, mugatuta bada ere. Asiako negozioen eta merkatuen ezagutza asko hobetu zuten, eta geografia eremu horretako merkatuak ireki zizkion Espainiako koroari. Une honetan, ehunak ugari inportatu ziren Indiatik batez ere eta, hartara, Espainiak gutxitu egin zuen Alemania eta Frantziako lurraldeekiko arlo horretan zuen menpekotasuna.

Nolanahi ere, nazioarteko egoera aldakorra eta etengabeko gerrak kaltegarriak izan zitzaizkion Konpainiari. 1803an Konpainiaren baimenaldia berritu eta gutxira, itsas armada aliatu espainiar eta frantsesek porrot historikoa izan zuten Trafalgarko guduan Britainia Handiaren kontra (1805eko urria). Espainiako itsas armada handiarenak egin zuen. 1809an, Juan Manuel Gandasegiren zuzendaritzapean, Konpainia Britainia Handiko ikurraren pean funtzionatu zuen Ameriketako portuekin, baina gutxi iraun zuen, Ameriketako independentzia erreboltak luze gabe piztu baitziren (Buenos Aires, 1810). Iberiar Penintsulako gerraren ostean, Espainiako koroaren finantzak lur jota zeuden, eta zorpean, gainera, Konpainiarekin. Fernando VII.aren Diruzaintzak, orduan, maileguak itzuli ez eta, Ameriketako independentzia gerrak direla medio, Konpainiaren diru-funtsetan eskua sartu zuen berriz. Konpainiak ezin zien aurre egin bere hartzekodunei.[5]

Amaiera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1815ean berriz ireki ziren Filipinak nazioarteko merkatuarentzat eta, aldi berean, Galeoiaren ibilbidea itxi egin zen. Horrek azken bultzada bat eman zion Filipinetako Konpainiari, baina ez luzerako.[6] 1820ko Hirurteko Liberalaren etorrerak bertan behera utzi zuen Filipinetako Konpainia gaizkitua eta, Fernando VII.a hil berritan eta Maria Kristina Borboikoaren erregeordetzan, Konpainia desegin egin zuten 1834ko urriaren 6an.[7] Konpainiaren historialari M. Lourdes Díaz-Trechuelo Spinolak XVIII. mendeko ideia ekonomikoen gainbeherarekin eta liberalismo ekonomikoaren igoerarekin uztartu du Konpainiaren azken patua.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]