Foru

Wikipedia, Entziklopedia askea
1575eko Bizkaiko jaurerriaren foruak.

Forua lege bilduma da, pertsona, erakunde, udalerri edo eskualde jakin batean aplikatzekoa dena. Tokiko usadio eta ohituretan oinarritua izan daiteke (adibidez, Hego Euskal Herriko foruak edo Zuberoako Kostüma), edota goi-agintariek hiri edo leku bati emandako exentzio edo pribilegioen multzoa (esaterako, hiribildu foruak).[1][2]

Etimologia eta esanahia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nafarroako foruen monumentua.

Foru hitzaren jatorria latinezko "forum" hitzetik dator, hiriko plaza nagusia izendatzen zuena[3]. Plaza horretan biltzen ziren hiritarrak, beste gauza batzuen artean, salerosketak egin, epaiketak burutu eta politikaz eztabaidatzeko[4]. Latin arruntean "forus" bihurtu zen. Gerora, lurralde bati zegozkion arau multzoa adierazteko erabiliko zen, eta azkenik, arau horiek erregulatzen zituen itun gisa, lurraldearen eta goi-boterearen artekoa.

Hala bada, "foru" hitzak bi esanahi hartzen ditu: batetik, kolektibo baten ohitura eta arau multzoa adierazten du, eta bestetik, kolektiboari dagokion lege-izaera zehazten du zuzenbide orokorraren barnean.

Edukia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Foruak, funtsean, eskualde bateko biztanleen eta erregearen arteko ituna ziren, biztanleen eskubide eta betebeharrak zehazten zituena, baina baita erregearen konpromezuak ere. Kolektibo eta agintariaren arteko akordioa zen, baina kolektiboa gizabanakoek osatzen dutenez, foruen edukia bi ataletan bana daiteke[4]:

  • Foru pribatua, edo foru zibila: norbanakoen jabetzaz arduratzen dena.
  • Foru publikoa, edo foru politikoa: gizarte bizitza antolatzen duen erakundeez ari dena.

Hasierako foruek araudi publikoa zehazten zuten batez ere, baina denbora aurrera joan ahala eskubide zibilak edo pribatuak barnean hartzen hasi ziren.

Foru motak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Foruak ez ziren beti mota berekoak izan, tokiaren, testuinguruaren, helburuaren eta garaiaren arabera ezaugarri ezberdinak zituzten. Batzuk epe laburrerako ezarri ziren, beste batzuk epe luzerako. Zenbaitzuk nekazaritza soilik erregulatzen zuten, beste batzuk merkataritza ere bai, eta baziren politika eta arlo militarra zehazten zutenak ere. Batzuk foru nagusiak ziren, beste batzuk foru nagusien menpeko zehaztapenak. Batzuetan foruak bertako biztanleen eskubide edo arau sorta aitortzeko eginak ziren, besteetan gune batera biztanleak erakartzeko babes edo pizgarriak.

Foru-eskumenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Foruek mota askotako legeak biltzen zituzten beren baitan, baina funtsean honako eskumenak aitortzen zizkion lurralde bati[3]:

  • Jurisdikzio eskumena: botere legegile eta judiziala dela esan daiteke. Magistratuak izendatu, arauak egin eta haien arabera epaitzeko eskumena zen.
  • Merkataritza askatasuna: aduanen kudeaketari buruzkoa zen, batez ere.
  • Zamen kudeaketa: Zergak nola eta noiz bildu eta erregeei zenbat eman eztabaidatu eta adosteko eskumena zen. Beste gai batzuk ere barne hartzen zituen, hala nola eman beharreko laguntza militarrari zegozkionak (tribututzat jotzen baitzen).
  • Jabetzen jaraunsletza: zuzenbide pribatuari zegokion ezaugarri nabarmenena zen, eta hondasunak leinutik kanpora geratzea ekiditea zen helburua.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehen foruak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jakue I.a Aragoikoak Oskako apezpiku Vidal de Canyellesengandik jaso zuen Aragoiko foruen (Furs d'Aragó) lehen konpilazioa, 1247an. 1283an berretsi zituen Petri III.ak eta lege bihurtu.

Foruen definizio zabalean, komunitateek aspalditik ukan dituzte beren foruak. Hala ere, zentzu administratibo hertsian, foruak aitortzen dituzten lehen dokumentuak XI. mendekoak dira. Leongo forua da lehenengoetariko bat, 1017an. Nafarroan, 1076koa da lehena: Jakako forua. Sobrarbeko forua aipatzen da lehenagokotzat, baina elezahar kutxua du.

Foruak batez ere Iperiar penintsulako zuzenbidean ageri baziren ere, Pirinioez bestalde ere baziren foruak: Bearnoko foruak 1080an idatzi ziren lehenengoz.

Foru orokorrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Foru ezberdinen multzoak biltzeko foru orokorrak sortu ziren. Orduan agertu ziren Nafarroako foru orokorra (1237), Gaztelako eta Leongo foruak (XIII. mendeko testu ezberdinak), Valentziako foruak (1261) eta Aragoiko forua (1283). Antzeko dokumentuak ere baziren, "foru" deitu ez bazitzaien ere, Kataluniako lurraldeetan (1283ko Kataluniako konstituzioak).

Foruen bilakaera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Espainiaren banaketa 1850ean, tokiko legeen arabera. Aragoi eta Katalunia "asimilatu" izedatzen dira, eta Euskal Herrian foru erregimena indarrean ageri da.

Erdi arotik landa, foruen bilakaera estatu zentralistek baldintzatu zuten. Monarkia autoritarioen eta tokiko botereen arteko lehiak gatazkak sortu zituen.

1520ko Gaztelako komunitateen gerraren pizgarrietako bat zen bertako foruen defentsa. Monarkiak matxinada zapaltzean foruak desagertu egin ziren.

Aragoien, Teruelgo (1572) Ribagorzako (1581) eta Zaragozako (1592) gatazkek bertako legeak ezereztea edo murriztea ekarri zuen, botere zentralaren mesedetan. XVIII. mendean ia guztiz desagertu ziren Aragoiko eta Kataluniako foruak Oin Berriko Dekretuak indarrean ezarri zirenean, Espainiako Ondorengotza Gerraren ondorioz (1700-1715). Aragoiko eskubide zibil foralak soilik mantendu ziren.

Bearnoko foruek iraupen luzeagoa izan zuten, indarrean mantendu ziren 1789an frantziako iraultzaren ondoren baliogabetuak izan ziren arte.

Foruen bilakaera Euskal Herrian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Foruen amaiera Hego Euskal Herrian»
Sakontzeko, irakurri: «Foruen amaiera Ipar Euskal Herrian»

Gaztelak Nafarroa konkistatzean foruak mantentzea zin egin zuen monarkiak.

XVIII. mendean, euskal lurraldeek Ondorengotza Gerran Filipe V.aren alde egin zutenez foruak errespetatu zitzaizkien. Ipar Euskal Herrian, ordea, frantziako iraultzan desagertu ziren foruak, 1789an.

1812ko Espainiako konstituzioa onartu zuten Espainiako gorteek. Bertan Nafarroak balizko erreinu izaera galdu zuen, baina euskal lurraldeetako foruak berretsi ziren. Ordea, 1814an baliogabetu zen konstituzio hori. Hala, Hego Euskal Herrian foruek indarra atxiki zuten karlistaldiak hasi arte.

Lehen karlistaldiaren amaierako Bergarako Hitzarmenean (1839) hegoaldeko lau lurraldeen foruak mantentzea adostu zen. Ondorioz Foruak Berresteko Legea (1839) onartu zen. Bertan foruak esleitzen ziren, baina Espainiako kontzesio gisa ageri ziren, nafarrek legearen gaineko zituzten eskumenak murriztuz[3]. Handik urte gutxira, Foruak Eraldatzeko Legeak Nafarroako burujabetza politikoa desegin zuen, berezitasun fiskal batzuk kenduta Espainiar Erreinuko beste edozein probintziarekin berdinduz (1841). 1844an berrezarri ziren, baina argi zen foru eskubideak jada ez zirela nafarren eskumena, espainiarrena baizik[3].

Bigarren karlistaldia bukatu zenean, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foruen eduki gehiena ezereztu zuen Espainiako Alfontso XII.ak 1876an, Foruen Abolizio Legeaz. Fiskalitatea eta zergen auzian soilik mantendu ziren berezitasunak[3].

Gaur egun[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaur egun Hego Euskal Herriko lurraldeetan soilik aurki daiteke foru-erregimenik. Aitzinako eskumenak aitortuz, Nafarroa Garaiak eta Euskal Autonomia Erkidegoak beren eskumen bereziak dituzte. Nafarroa foru-komunitate moduan antolatua da, eta EAEko hiru probintzietako bakoitzak bere foru aldundiak ditu.

Foruak eta hizkuntza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Foruak garaiko latinaz edo hizkuntza erromantzeren batean idazten ziren. Gerora berriz kopiatu, aldatu edo itzultzen ziren, garaiko eta tokiko hizkuntza eta hizkeren arabera. Hori dela eta, foru dokumentuak hizkuntzaren aldaketen lekuko dira, eta hizkuntzalariek interesez aztertzen dituzte.

Adibidez, Avilesko (1085) eta Oviedoko foruak (XII-XIII. mendeak) astur-leones hizkuntzan idatziriko testu zaharrenetarikoak dira[5][6], eta Castro Caldelasko forua (1228) galizieraz idatziriko agiririk zaharrena da[7][8].

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. «Foru», Lur Hiztegi Entziklopedikoa.
  2. «Foru», Harluxet Hiztegi Entziklopedikoa.
  3. a b c d e Soria Sesé, María Lourdes. «Foruak» Auñamendi Entziklopedia (Noiz kontsultatua: 2019-11-14).
  4. a b «Nafar foruaren historia eta egungo baliotasuna» (PDF) AFARROAKO GOBERNUA. Hezkuntza eta Kultura Departamentua (Noiz kontsultatua: 2019-11-14).
  5. (Gaztelaniaz) Lapesa, Rafael. «Asturiano y provenzal en el Fuero de Aviles» cervantes.es (Noiz kontsultatua: 2019-11-18).
  6. (Gaztelaniaz) «Recuperado ‘El fuero de Avilés’ el primer documento escrito en asturleonés» asturies.es (Noiz kontsultatua: 2019-11-18).
  7. (Gaztelaniaz) «el castilo de Castro Caldelas» castrocaldelas.es (Noiz kontsultatua: 2019-11-18).
  8. (Gaztelaniaz) «Presentan el documento en gallego más antiguo» celtiberia.net (la voz de galicia) (Noiz kontsultatua: 2019-11-18).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]