Artikulu hau "Kalitatezko 1.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da

Foruzaletasun

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu

Foruzaletasuna edo foralismoa foru-sistema mantendu eta indartzearen aldeko joera ideologikoa izan zen, XIX. mendearen azken herenean garatu zutenean.

Foruzaletasuna liberalismoak Hego Euskal Herrian izan zuen aldaera izan zen.[1] Hasierako foruzaletasun liberal honen egunkari nabarmenena Bilboko Irurac bat izan zen.

Bigarren Karlistaldiaren ostean, foruak kendu zituztenean, agertu zen horien aldeko mugimendu politiko-kultural gisa foruzaletasuna, karlismotik eta berorren dinastia arazotik urrunduz. Foruak ezabatu zituzten urte berean sortu zuten Madrilen La Paz foruen defentsarako aldizkari politikoa.[2] Arturo Kanpionek, mugimenduaren eragile nagusietako bat izan zena, aldizkari horretan Iruñean Nafarroako Euskal Elkargoa elkartea sortzea proposatu zuen.[3] Elkartea apolitikoa eta euskaltzale bazen ere, kide nabarmenen joera foruzale erradikala izan zen. El Arga egunkariaren bidez aurrenik (1880-81) eta Lau-Buru egunkariaren bitartez ondoren (1882-86) ideologia berria bultzatu zuten. Nafarroako foruzaleak alderdi politiko gisa antolatu ziren, Alderdi Foruzalea (gaztelaniaz: Partido Fuerista) delakoan, eta udal-hauteskundeetan garaile izan ziren 1881ean eta 1884an.[4]

1885. inguruan, Nafarroako Euskal Elkargoa eta Alderdi Foruzale bera de facto deseginda zeuden. XIX. mendearen azken hamarkadan ideologia eta joera politiko ezberdinek sartu zuten foruzaletasuna beren programetan: integristek, karlistek.[2] Hain zuzen ere, karlismoa esparru politikora berragertu zenean, mugimendu politiko foruzalea desagertu egin zen[4] eta horren barruan zihardutenek karlismoan, errepublikanismoan edo eusko abertzaletasunean bilatu zuten beren leku politikoa.[5] Integrismo foruzaletik euskal nazionalismora ere aldatu ziren batzuk: El Fuerista Donostiako aldizkari integrista egunkari nazionalista bihurtu zen bigarren fasean (1898an). Eta aldizkariak hasieratik zuen goiburua ("Jaungoikoa eta Foruak") moldatu eta bere lema bihurtu zuen EAJ "jeltzaleak" (JEL = Jaun-goikua eta Lagi-zaŕa).[2] Eragin handia izan zuen, beraz, foruzaletasunak euskal nazionalismoaren jatorrian.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]