Fouad Mebazaa
Fouad Mebazaa (Tunis, 1933ko ekainaren 15a – 2025eko apirilaren 23a) tunisiar politikari eta diplomazialaria izan zen. Tunisiako presidentea izan zen 2011ko urtarriletik abendura.
Gaztetan Neo-Destur alderdiko kide izan zen, eta 1956an Tunisiak independentzia lortu ondoren, diputatu hautatu zuten lehen aldiz 1964an. 1969tik 1973ra Tunisko alkate izan zen, eta, gainera, gazteriako, kiroletako, osasun publikoko, informazioko eta kulturako ministro izan zen 1970eko eta 1980ko hamarkadetan.
1980ko hamarkadan Tunisiako enbaxadore izan zen Genevan eta Marokon. 1988tik agintean zegoen Konstituzio Multzo Demokratikoa alderdiko batzorde zentraleko kide izan zen. 1995 eta 1998 artean Kartagoko alkate izan zen. 1997an Diputatuen Ganberako presidente hautatu zuten, eta 2004an berriro hautatu zuten.
2011n Tunisiako iraultza gertatu zen eta Zine El Abidine Ben Ali presidenteak herrialdetik ihes egin zuen urtarrilaren 14an. Konstituzio Auzitegiak, orduan, Mebazaa izendatu zuen behin-behineko presidente. Mebazaak alderdiko eta diputatuen ganberako kargua utzi zuen, dekretuen bidez gobernatzeko boterea jaso zuen eta batzar konstituziogile bat aukeratuko zuela iragarri zuen. 2011ko abenduan Moncef Marzoukiri eman zion presidente kargua.