Frantziako Erresistentzian borrokatu zen Bigarren Mundu Gerran[1], eta Charles de Gaulleren gobernuan parte hartu zuen gerra amaitu ondoren (1944)[2]. IV. Errepublika finkaturik, 1953an UDSR alderdi sozialistaren lehendakari izendatu zuten[3]. Diputatu, senatari eta ministro izan zen behin baino gehiagotan. 1971. urtean Frantziako alderdi sozialistaren idazkari nagusi aukeratu zuten[4].
1981ean, Frantziako lehendakaritzara iritsi zen François Mitterrand, V. Errepublikako lehen lehendakari ezkertiarra bilakatuz. Besteak beste, Ipar Euskal Herrirako departamendu baten proposamena egin zuen publikoki kanpainan zehar[5], nahiz eta lehendakari izan zen 14 urteetan ez zuen halakorik gauzatu.
Minbiziak aspalditik jota, 1994an adierazi zuen ahalik eta luzaroan egongo zela lehendakaritzan. Bere agintaldiaren amaieran ezbehar larriak gertatu zitzaizkion: Alderdi Sozialistaren hondamena ikusi zuen; ustelkeriaz akusatuta, Pierre Bérégovoy bere Lehen Ministroak bere buruaz beste egin zuen[6], eta orobat bere lankide François de Grosouvrek; komunikabideak Mitterrandek nazien okupazioaren garaian izan zuen paper iluna ikertzen hasi ziren[7], eta argitara atera zuten ezkutuko alaba bat zuela. Minbiziak jota, 1995eko hauteskundeetara ez zen aurkeztu eta Jacques Chirac iritsi zen lehendakaritzara, Alderdi Sozialistaren hautagai zen Lionel Jospini gailenduz. Jacques Chiraci boterea utzi ondoren, Mitterrand bizitza publikotik aldendu zen.