Francesco D'Adamo

Wikipedia, Entziklopedia askea
Francesco D'Adamo
Bizitza
JaiotzaMilan1949ko otsailaren 2a (75 urte)
Herrialdea Italia
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jarduerakidazlea

Francesco D'Adamo (Milan, 1949) italiar idazle bat da, helduentzako eta gazteentzako literatura idazten duena. Entsegu batzuk ere idatziak ditu.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bigarren Mundu Gerran Istriatik Italiara ihes egin zuen familia batean jaio zen. Cremona hirian bizi ondoren, Milanera aldatu eta han bizi da gaur egun. Literatura Modernoa ikasi zuen Milango Unibertsitatean, eta geroztik literatura irakatsi du hainbat eskola eta institututan, profesionalki idazteari ekin aurretik. Bere literaturgintzaren hasieran, gai poliziakoak interesatzen zitzaizkion eta, hartara, 1990ean argitaratu zuen bere lehen liburua, helduentzako eleberri beltz bat, Overdose, drogazale talde baten istorioa kontatzen duena. Urte hartan bertan, Italiako literatura beltzari buruzko antologia bat idatzi zuen, Nero italiano. 27 racconti izenburuarekin. Geroago, 1996an, Nero di seppia izenburuko beste narrazio laburren bilduma bat eman zuen argitara, literatura beltza eta janaria lotzen dituena.

XX. mendeko azken urteetan, aldiz, gazteentzat hasi zen idazten, zeinak, haren hitzetan, "urte gutxiago dituzten helduak baitira"[1]. Gure munduan egiatan gertatzen diren istorio zailei buruz idazten du umeentzat, haren ustez beharrezkoa baita istorio horiek ezagutzea eta gogoratzea, tamalgarria baita ez ezagutzea edo ahaztea mundua hobetzearren borrokatzen diren pertsona ugariak; "istorio horiek ahazteak dena galtzea esan nahi du: nortasuna, demokrazia, askatasuna" dio D'Adamok.

Arrakasta handia lortu zuen 2001ean Storia di Iqbal liburuarekin, zeinak umeen esklabotzaren aurka borrokatu zen Iqbal Masih ume pakistandarraren historia kontatzen baitu; ondoko urtean, lan honekin Italian ume eta gazteen literaturarako Cento Saria eta, Estatu Batuetan, Cristopher Awards Saria irabazi zituen. 2006an, Johny il seminatore lanarekin "Comunità Montana Altocrotonese" Saria irabazi zuen.

Artikulu batzuk ere idatziak ditu bere irakasle-esperientziari buruz: Un circolo un po' speciale: Cronaca di un'esperienza di lettura in un istituto tecnico di Milano[2]eta Un libro per cuccare: Lo scaffale di narrativa di un istituto tecnico, tra classici e contemporanei.[3].


D'adamo euskaraz[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskaraz ere argitaratuta ditu zenbait liburu:

  • Iqbalen istoria, Lourdes Auzmendik itzulia [4]), eta Aizkorri argitaletxeak 2003an plazaratua; jatorrizkoa, Storia di Iqbal (2001).
  • Johnny ereilea. Gerra guztien aurkako eleberria, Lourdes Auzmendik itzulia [4], eta Aizkorri 2008an argitaletxeak plazaratua; jatorrizkoa, Johnny il seminatore (2005).
  • Ismaelen historia, edo itsasoa nola zeharkatu nuen, Koldo Bigurik itzulia[5], eta Aizkorri argitaletxeak 2010ean plazaratua; jatorrizkoa, Storia di Ismael che ha attraversato il mare (2009).

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]