Francisco Aedo Carrasco
Francisco Aedo Carrasco | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Chillán, 1910eko urriaren 23a |
Herrialdea | Txile |
Heriotza | La Florida, 1974 (63/64 urte) |
Hezkuntza | |
Heziketa | Txileko Unibertsitatea |
Hizkuntzak | gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | arkitektoa eta unibertsitateko irakaslea |
Enplegatzailea(k) | Txileko Unibertsitatea |
Sinesmenak eta ideologia | |
Alderdi politikoa | Revolutionary Left Movement (en) |
Francisco Eduardo Aedo Carrasco (Chillán, 1910eko urriaren 23a - 1974an desagerarazia)[1] Txileko arkitekto eta Txileko Unibertsitatearen irakaslea zen. Txileko Alderdi Sozialistaren eta MIR mugimenduaren militantea, DINAk (Dirección de Inteligencia Nacional) Augusto Pinocheten diktaduran atxilotu zuen, Colombo operazioaren barruan.
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Irakasle normalisten semea, Chillánen jaio zen 1910ean. Goi mailako ikasketak Txileko Unibertsitateko Arkitektura eta Hirigintza Fakultatean egin zituen, arkitekto titulua lortuz. Eskola honetako irakasle izatera iritsi zen Valparaisoko egoitzan hainbat hamarkadaz. 1957an berak sortutako Eraikuntza Esperimentaleko Institutuko zuzendaria izan zen. Maria Cristina Gonzalez Benedettirekin ezkondu zen, eta bi seme-alaba izan zituen. Salvador Allenderen gobernuan, Etxebizitza Ministerioko aholkulari teknikoa izan zen, Carlos Cortés Díaz ministroa zelarik. Kargu horretan Herriarentzako Etxebizitzak Eraikitzeko Estatu Enpresa sortu zuen.
1973an Txileko estatu kolpearen ondoren, Junta Militarraren lehen helburuetako bat Unitate Popularra osatzen zuten alderdiak desegitea izan zen. Horien artean, errepresio handiena jasan zutenak Alderdi Sozialista eta Alderdi Komunista izan ziren. Txileko Alderdi Sozialistako militantea, Francisco Aedo Carrasco Inteligentzia Nazionaleko Zuzendaritzako agenteek 1973ko irailaren 13an atxilotu zuten lehen aldiz, eta Txileko Estadiora eraman zuten, ondoren Estadio Nazionalera, eta, azkenik, Chacabuco Espetxe zelaira. Azkenean askatua izan zen. Bigarren atxiloketaren ondoren, 1974ko urriaren hasieran, José Domingo Cañasen esparrura eraman zuten, eta, azkenik, Cuatro Alamos espetxera, non tortura eta galdeketa lazgarriak jasan zituen. Handik, 1975eko martxoan, bere arrastoa galdu zen.[2]
Bere izena atzerrian hildako 119 txiletarren nomina batean agertzen da, ezker muturreko taldeen arteko ustezko borroketan edo Argentinako Indar Armatuekin izandako borroketan. Nomina horiek Argentinako Lea eta Brasilgo O'dia aldizkariek ezagutzera eman zituzten. Bi argitalpen horiek zenbaki bakar bat argitaratu zuten, gero desagertzeko. Argitaratzaileen izenak eta erreferentziak faltsuak ziren. Zerrenda horietako izenak Txileko segurtasun zerbitzuek atxilotutako 119 lagunenak dira.
Familiak Aedoren inguruko gertaerak argitzeko gestio ugari egin zituen. Dena dela, ez zuten ezer lortu eta oraindiki orain inork ez daki DINAk zer egin zuen berarekin. Bere izena Comisión Nacional de Verdad y Reconciliación erakundeak plazaratutako Retting txostenean jasota dago.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Gaztelaniaz):Oroimenaren eta Giza Eskubideen Museoa.
- (Gaztelaniaz):Francisco Aedo "Memoria Viva" webgunean.
- (Gaztelaniaz):1367 Fundazioaren webgunea.